Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Energia berriztagarriak: Ezarpen eskasa eta gorabehera handikoa, alde batetik bestera

Energia berriztagarrietan oin harturik, Nafarroan instalaturiko potentzia elektrikoa Murtziakoaren 20 halakoa da, Valentziakoaren 10 halakoa, EAE eta Errioxakoaren 7 halakoa eta Madrilgoaren 5 halakoa.

  Gasolinen eta petrolio-eratorrien bat-bateko garestitze itzelak agerian utzi du, egundo baino nabarmenago oraino, erregai fosil horrekiko herrialde gehienek nozitzen duten menpekotasuna. Begi guztiak energia berriztagarrietara bihurtu dira orain, hauek -petrolioa, ikatza, gas naturala eta uranioa ez bezala- agortezinak baitira, eguzkia, haizea edo giza jarduerak sortarazten hondakinak dituztelako iturri. Estatu espainiarrean, energia berriztagarriak guztirako kontsumoaren %6,3ra bakarrik iristen dira; ezarpen hori Europar Batasuneko batez bestekoaren (%5,8) berdintsua bada ere, duela hiru urte Kioton egin zen Klimaren Gailurrean 2010 urterako helburutzat hartu zen %12 hartatik arrunt urruti dago. Estatuari dagokionez, energia berriztagarrietarako azpiegituren (eguzki-plakak, haize-errotak, hondakinen errauskailuak, etab.) ezarpenaren erritmo mantsoa, adituen iritziz behintzat, gaiari buruz dagoen informazio praktiko urriaren ondorio da, batik bat, eta ingurumenari kalte handiegirik egiten ez dioten energia agortezin hauek ekoizten dituzten instalazioek bete behar dituzten baldintzei buruz legezko arauteria zehatzik ez izateagatik. Berriztagarriak etorkizuneko energiak dira: batetik, ez dute poluziorik sortzen (edo konbentzionalek baino askoz ere gutxiago sortzen dute) eta, bestetik, horrenbesteko defizit komertziala sortzen duen morrontza ekonomiko horretatik -hein batean, gutxienez- askatasunerako ateak zabalduko lizkieke petrolioa eta gas naturala inportatzen dituzten herrialdeei. Energia hauek pairatzen duten oztopo nagusia, energia berriztagarrien auzitan jarritako errentagarritasuna eta, honekin batera, kostuetan, tradizionalekin kostu-lehian aritzeko balizko ezintasuna.

Energia Iturriak Dibertsifikatu eta Ugaltzeko Institutuak (IDEA) eta autonomietako hainbat administraziok emaniko informazioa aztertu ondoren, energia berriztagarriak bultzatzeari dagokionez, bederatzi autonomia erkidegok (Madril, Katalunia, Nafarroa, Euskadi, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Murtzia) eginiko ahaleginak erkatu ditu CONSUMERek. Energia berriztagarrien alde eginiko apustua balioesteko unean, bi baremo baliatu dira: lehendabizi, honelako energiekin 1999 urtean autonomia erkidego urtean gehienez ere sortu ahal izan zuen elektrizitate- edo bero-kantitatea, betekizun horretarako berariaz sortu dituen azpiegiturekin (honi "potentzia instalatua" deritzo); bigarrenik, horrelako energietara bideratzen den finantzaketa pribatua eta publikoa. Bestela esatearren, ekoizteko ahalmena, alde batetik, eta inbertsioa, bestetik. Elektrizitatea sortzen duten energia berriztagarriei (eguzki-energia, eolikoa, hondakinen errausketa, zentral minihidraulikoak, biomasa -basozaintza eta nekazaritzako berezko hondakinak-) dagokienez, Nafarroa agertzen da lehen postuan, 1999an 473 megawatteko potentzia instalatua zuelako, eolikoa eta minihidraulikoa iturri behinenak izaki. Datu hau Nafarroako Foru Erkidegoaren azalera eta biztanleria kontuan izanik erlatibizatzen badugu, aitzindaritza are eta nabarmenago gertatzen da. Ondoren datozkio Andaluzia (375 mW: aski ratio kaskarrak dira, biztanleria eta azaleraren aldean), Gaztela eta Leon (364 mW: hoberenen artean, biztanleria kontuan izaki, baina dezente beherago, azalerarekiko) eta Katalunia (319 mW; hiri-hondakin solidoak eta energia hidraulikoa baliatzean, nabarmen). Energia berriztagarrien ezarpena azaltzen duen zerrendaren beste muturrean, Valentzia (46 mW instalatu) eta Murtzia (24 mW) doaz: hauek dira datu absolutu zein erlatiboetan atzerapen nabarmena nozitzen duten biak. Euskadi ere (70 mW), elektrizitatea sortzeko biomasareen kontsumoan eta minihidraulikoan bakarrik iristen delako ozta-ozta, amaiera aldean agertzen da, azalera eta biztanleriarekin erkatu ondoren, erkidego honen posizioa hobexea bada ere. Madrilek (89 mW) erdi pareko tokietan agertzen da, datu pattalekin, dena den: ekoizpen hori azaleraren arabera ona den arren, biztanleriaren eskerga gogoan izaki arrunt eskasa da. Errioxa (68 mW baizik ez) absolutuki legokiokeen baino toki hobean agertzen da, biztanleria (Nafarroaren gibelean, bigarren hoberena baita: 0,25 kW biztanle bakoitzeko) eta azalera (honetan ere, bigarren onena: 13,5 kW kilometro karratuko) kontuan baditugu.

Hona hemen Estatu espainoleko energia berriztagarri nagusiak: minihidraulikoa (azterturiko bederatzi erkidegoetan elektrizitatea sortzen duen potentzia instalatuaren %53raino iristen da) eta eolikoa (%36a hartzen duena). Eguzki-energiaren ezarpen eskas-eskasa dugu benetako datu kezkagarria, energia berriztagarriek sortzen duten potentzia osoaren %0,3an geratu delako. Hiri-hondakin solidoen agerpena %4koa da eta biomasaren kontsumoarena, azkenik, %7koa. Beroa sortzen duten energia berriztagarriez ari garela, azpimarratzekoa dugu Andaluzia (ia 800.000 petrolio-tonen baliokidea edo "ptb") lehenik, ondoren Gaztela eta Leon (421.000 ptb) eta Katalunia (302.000 ptb) biomasa-kontsumoan datozkiola; eguzki-kolektoretan ere Andaluzia (ia 100.000 metro karratu kolektore) agertzen da lehena, ondotik Madril (ia 39.000 metro karratu) eta Valentzia (ia 36.000) doazela. Beroa sortzen duten energia berriztagarri horietan atzeneko tokietan, termino absolutuetan (biztanleriaren eta azaleraren araberako datuak "Beroa sortzen duten energia berriztagarriak" taulan ikus daitezke) Errioxa (bai biomasa-kontsumoan, bai eguzki-kolektoretan) eta Euskadi (eguzki-kolektoretan): 1.000 metro karratu baino gutxiago.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto