Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Etiketatua eta bermea, arazo nagusiak: 3 urtetik gorako haurrentzako jostailuak

Jolasa haurren bizitzako funtsezko elementua da, beren ingurunea ulertu eta asimilatzeko eta, era berean, beren nortasuna garatu eta sendotzeko bide baita.

Horrenbestez, kontu behinena da haientzat jostailuak erostean (bai Eguberrietarako, bai egun hauetaz kanpo) bete-betean asmatzea, jostailuaren ezaugarri orokorrak eta, aldi berean, erabili behar duen haurraren adina eta izakera kontuan harturik.

  Oinarrizkoa da, era berean, jostailua seguru izatea eta erabiltzaileari arazo edo istripurik ez sortaraztea. Jostailuen segurtasuna, bere ezaugarri fisiko, mekaniko eta kimikoak ez ezik, agertu behar duten informazioa eta markatua xedatzen dituen arauak bermatua dago.

Halaz ere, legeriak adierazten duen moduan, "segurtasuna dela eta, arauzko galdakizunek ez dituzte gurasoak salbuesten jolasten ari den haurra zaintzeko arduratik". Halaber, jostailuarekin ibili behar ez duten haurrek erabiltzean eta aurreikusia zegoen erabileraz bestela baliatzean istripu asko jazotzen direla hauteman da. Gogoan hartzekoa da, hortaz, jostailu batzuk berez direla arriskutsuak: horrela gertatzen da patinete edo jostotzara batekin, esate baterako. Hiru urtez gorako haurrentzako hogei jostailu aztertu dira oraingoan (adin horretatik beherako umeentzako jostailuei galdatzen zaizkien ezaugarriak bestelakoak dira eta), horien prezioak 1.495 pezetatik 5.975 pezetaraino doazela.

Horietako bakoitzak eskaintzen duen informazioa (markatuari dagokion europar CE araua betetzeaz, fabrikatzaileari edo inportatzaileari buruzko datuak, elektrizitate-kontuak, erabiltzeko argibideak eta balizko arriskuak, bermea, ordezko piezak, zerbitzu teknikoak, etiketan adierazitakoa eta segurtasuneko markatuari buruzko arauak betetzen diren, alegia), segurtasun mekaniko eta elektrikoa eta berariazko eginkizun edo betekizunerako egokitasuna aztertu da (taxuera eta bukaeraren kalitatea, energi kontsumoa -pilekin dabiltzan jostailuen kasuan-, eta egiten duten hotsa).

Azkenean, ludoteketako adituek eta jolasaren psikopedagogiako jardunek, jostailuaren ezaugarri ludikoak xehekapenez agertu eta jostailuak igortzen dituen balioak (elkartasuna, komunikazioa, partaidetza, ingurumenarekiko errespetua, etab.) eta kontrabalioak (sexismoa, arrazakeria, bortxakeriarako nahiz kontsumismorako joerak, etab.) aplikatu dizkiote jostailu bakoitzari; era berean, haren alderdi onuragarriak (ontzia, umeentzat erakargarri izatea, etab.) eta kaltegarriak edo hobetzeko modukoak ere jaso dituzte, jostailu bakoitza erabiltzeko adin egokia zein den adierazteaz gainera. Beste aldetik, hogei laginak jolas-motaren (imitazioa, ariketa, eraikuntza eta arauak) arabera sailkatu dira, eta bakoitzak hainbat maila edo alorretan (motorean, kognitiboan, sozialean eta afektiboan) nolako ekarpena egiten duen aztertu dute. Azken puntuazioak, jostailu bakoitzak agertzen duen alderdi onuragarri eta kaltegarrien arteko erlazioa edo konpromisoa islatzen du, ikuspegi pedagogiko eta ludikotik.

Okerrena, informazioa

Jostailu horietako alderdirik pattalena, ematen duten informazioa da. Hamar jostagarri elektrikoetatik, bakarrak (Pokémon Squirtle) ematen du arauaren araberako berme osoa. Pilaz ez dabiltzanetatik, era berean, bakarrak (Barbie "Actriz") betetzen du alderdi hori. Ikus ditzagun jarraian hautemaniko irregulartasunak: osagaiei eta aginteei buruzko informazioa edo bestelako argibideak ingelesez bakarrik ematen dituzte askok.

Beste hainbatetan erabiltzeko jarraibideak, piletako tentsio-adierazleak eta pilen erabilerari buruzko prebentziozko neurriak bezalako informaziorik ez dago. Bi laginetan, aldiz, jostailua erabili behar duen haurraren adina inkoherentziaz aholkatzen da. Izan ere, bost jostailutan ("Distingo con el Tacto", "La Peque Granja", "Conector-Juego y Relaciono con la Voz", "La Foquita Divertida" eta "Sesame Street" izenekoetan, hain zuzen) bakarrik adierazten da era egokian erabiltzaileak izan behar duen adina. Maiz antzean, adierazpen hori (3 urtetik aurrera) segurtasun-irizpideei jarraiki egiten da, arrazoi pedagogikoak eta jostailu horrek haurrarengan susper dezakeen interesaren aurrean ez ikusiarena eginez.

Eskuarki, adinari ez zaizkio eragozpenak ezartzen (goiko mugen aldetik) eta ez da okerreko argibide edo adierazpenik ematen. Baina komeniko litzateke adin-muga finkoak ezartzea ("3 eta 5 urte bitartekoentzat", adibidez), helduak jostagarria hautatzean zeri eutsi behar zaion ongi jakinik, zazpi urteko haurrarentzat pelutxezko Pokémon edo antzekorik (jostailu horrek "3 - 5 urte" adierazi beharko luke, espainieraz bakarrik erakusten duen "3 urtetik gora" horren ordez) eros ez dezan: adin horretako umeentzat soilegia da, hau da, 5 urtetik gorako haurrari jolas sinbolikoa kitzikagarri eta erakargarri gerta dakion, pelutxe horrek iradokitzen duena baino konplexuagoa izan behar baitu. Aurrera goaz: jostailu batzuk, Barbie "Actriz" kasu, 5 urte baino gehiago duten erabiltzaileei hobeki egokitzen zaie: hiruzpalau urterekin, gertuko munduko egintzak imitatzea baitute umeek jolasa, hau da, panpina horrek proposatzen duen moda- eta zinema-mundutik aski urrun.

Segurtasunaz ari garela, desadostasunak elektrizitate-alorrari dagozkio, gehienbat (gehientsuak, goian aipatu ditugunak). Kasu bakar batean aurkitu zen erresistentzia mekaniko edo eraikuntza-alorreko akatsik: "Dino Hunt" izeneko mahai-jolas motordunaren kasua da, hain zuzen, horren kartoizko oinarriak ez baitzuen inpaktu-proba behar bezala gainditu, zati mugikor arriskutsuak eskura utzi zituelako. Segurtasun mekanikoko probei (ezaugarri fisikoak, suharberatasuna eta hainbat osagairen migrazioa) goazkiela, arauaren araberakoak gertatu ziren jostailu guztiak.

Jolasteko balio dute

Jostailu elektrikoetatik, bati ez zaio eman balorazio ona, eginkizunerako egokitzapenari dagokionez. "Dino Hunt" da jostailu horren izena eta arrazoia, berriz, goian aipatu berri dugun horixe: kartoizko oinarriaren hauskortasuna, hain zuzen. Pilen iraupenean eta ordezkapen-erritmoan zuzeneko eragina izango duen energi kontsumoari dagokionez, ohikoa agertu zuten denek, bik izan ezik: Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono izenekoek kontsumo altua dute. City Force anbulantzia, Telefono funtzionala eta Pokémon Squirtle izan ziren zaratatsuenak (110 dezibelio), baina burrunda hori onartzeko modukotzat kalifikatu zen.

Eginkizun edo betekizunerako egokitzapenari dagokion atal honetako balorazioa ona izan zen, oro har, salbuespen batekin: Teletubbies Lite-ups jostailuaren nota "erdipurdikoa" baizik ez zen izan, diseinuaren soilegia medio. Elektriko ez direnetan, berriz, Pokémon pelutxeak bakarrik eraman zuen gaitzespena, burualdeko zerrenda testil itsaskorrak errazegi askatzen zirelako.

Jostailuetan aditu direnen azterketa

Jostailuen ezaugarri psikopedagogiko eta ludikoei zegozkien probetako emaitzak erdipurdikoak izanik, jostagarrien %30ek suspentsoa eraman zuten. Balioztapen hoberena erdietsi zutenak izan ziren La Peque Granja (9,5 puntu), Mi Pequeño Pony eta La Fábrica Loca (8,5 puntu) eta Foquita Divertida, Juego y Relaciono eta Distingo con el Tacto (8na puntu). Zerrendaz beste muturrean, hona suspentsoa etxeratu zutenak: Alien Blaster (jokamolde agresiboak agerrarazten dituen suntsigailu estralurtarra), Action Man (akats berbera daukan gizakiloa), Teletubbies Lite-Ups (ludikoa baino areago, apaingarriagoa), Fun Time Telephone (eskasa, neskatxentzat bakarrik), Pokémon Squirtle (ludikoa baino areago, apaingarriago) eta Pokémon pelutxea (agresibitatezko sentimenduak piztu ditzake haurrengan, telebistan eskainitako serieko irudiekiko asoziazioagatik). Aurreneko bostek 0 puntuko kalifikazioa lortzeko motiboak agertu zituzten, Pokémon pelutxeak 4 puntu irabazi zituen bitartean.

Jostailuak hainbat motatan sailka ditzakegu: batzuk imitaziozkoak dira (City Force anbulantzia, Alien Blaster suntsigailua, Action Man, Barbie, La Hora de Comer/Kooshie Babies, Pokémon pelutxea eta Mi Pequeño Pony izenekoak, esate baterako), bizi izaniko edo ikusitako gertakariak birgertatzeko aukera emango dizkien rol jakin batzuez janztea bideratzen baitie haurrei, gaiari dagozkion sentsazioak, sentimenduak eta hunkipenak agerraraziz. Maila kognitiboan, jolas horiek mintzamena landu ez ezik, jostailuak proposatzen duen gaiari buruzko hitz mordoa eskuratzen ere laguntza ematen diete. Motrizitate alorrean, salbuespenak salbuespen, alderdi hori eta koordinazioa hobetzen laguntzen dute. Ez dira, ordea, denak maila berean gomendatzeko modukoak.

Alien Blaster eta Action Man izenekoek jokamolde oldarkor edo erasotzaileetarako jokaera pizten omen dute eta, hortaz, kontrabalioak ere sor ditzakete haurrarengan, hala nola suntsizaletasuna edota belizismoa. Aditu batzuen iritziz, dena den, arma bat edukitzeak haurrari nitasunaren berrespena eta botere-sentsazio onuragarria komunikatzen dio. Pokémon jostailuan, berriz, telebistako izen bereko serie horretako pertsonajeaz oroitzeak izaera bortitz eta erasotzaileko sentimenduak edo egintzak praktikan jartzera eraman dezake haurra. Barbie panpinaren norabide bakarreko izaera, azkenik, alderdi kaltegarritzat hartu zuten adituek.

Ideia-asoziazioetan eta arauetan oinarritutako jolasek osatzen dute beste multzo handi bat. Horien bitartez, era jostagarrian ezagutzaz janzten dira haurrak. Teletubbies Imágenes Opuestas izenekoarekin "beste alderako, aurkako" kontzeptuaz jabetzen dira. Distingo con el Tacto jostailuari esker, irudiak ukimenaren bitartez ezagutu eta, bide batez, irudiak eta kontzeptuak asoziatzen dituzte. Peque Granja-rekin, soinuak eta irudiak asoziatu eta aurrenekoak bereizten ikasten dute. La Foquita Divertida jostagarriaren eskutik errepikapena eta arau soilak ikastea bideratzen da. Beste aldetik, Tente Imagine, La Fábrica Loca eta Sésame Street eraikuntza-jolasak dira eta, hortaz, motrizitate-mailan koordinazioa, trebezia eta zehaztasuna garatzen laguntzen dute.

Formak eta koloreak bereizten, espazioa antolatzen, eraikuntzaren bidez irudimena garatzen irakasten dute eta, gainera, ahozko adierazpena eta hiztegiaren eskurapenaren mesedetan dihardute, konposaketa oso bat burutzean oin harturik, nahiz horretan jolas sinboliko gisa ere funtziona dezakeen. Mr. Potato Head, Fun Time Telephone eta Tele Tubbies Lite-Ups ariketa-jolasak diren arren, sinbolikoak edo maneiatzekoak ere badira. Motrizitate aldetik, begia-eskua koordinazioa eta trebezia garatzen laguntzen dute. Era berean, ahozko adierazpenak edota formak, koloreak eta soinuak bereizten lagungarri gerta daitezke. Bizipenen bidez, haurrek jaso dituzten sentimenduak eta sentsazioak agerrarazteko balio dezakete jostailu hauek guztiek: sekulako garrantzia izango du horrek gerora, umeen garapen afektiboan.

Jostailu baten funtsezko beste elementu bat alderdi soziala da: batzuek jolas indibiduala proposatzen duten (Action Man, Peluche Pokémon, Fun Time Telephone) bitartean, beste jostailu batzuk haur bakar batek zein taldeak erabil ditzake. Dino Hunt kolektiboa izanik, umeen arteko lehiakortasuna areagotzen laguntzen du, denetan azkarren eta zehatzen diharduenak irabaziko baitu.

Beste hainbatetan (Teletubbies Imágenes Opuestas, Distingo con el Tacto, Peque Granja, edota Juego y Relaciono con la Voz) helduaren rolak du garrantzi handia, jolasean esku hartu eta zuzendaritza eramateko unean; beraz, horri esker, belaunaldi arteko harremanak hobetu egin daitezke. Hogei jostailu hauetako bakar batek ez ditu argi eta garbi balio sozial onuragarriak transmititzen, baina horietako batzuek (Alien Blaster, Action Man eta Pokémon) bortizkeria edota agresibitatea bezalako kontrabalioen igorle izan daitezke.

Okerrena, etiketa

Hauxe da jostailu hauen alderdirik ahulena. Pilekin dabiltzan guztietatik bakar batek (Pokémon Squirtle) agertzen du bermea arauaren arabera: enbalajean, jostagarriak hiru hilabeteko bermea duela adierazten du. Elektriko ez direnetan, berriz, Barbie panpinak soilik du etiketa ongi.

Beste batzuetan, aginteak, piezak edo enbalajeko argibideak ingelesez bakarrik agertzen dira (Foquita Divertida, Alien Blaster, Peque Granja, Fun Time Telephone, Dino Hunt eta Pokémon Squirtle), edo ez daude espainolez datu elektrikoei dagozkien adierazpenak (Fun Time Telephone), edo pilen erabilera egokierari buruzko argibideak (Fun Time Telephone eta Pokémon Squirtle), adibidez. Hainbat jostailutan garrantzi handiko informaziorik ere ez da ematen: Alien Blaster, City Force anbulantzia, Sésame Street eta Tente Imagine izenekoetan argibideak falta dira eta, hori ez ezik, Alien Blaster jostagarriko piletan tentsio-adierazpenik ez dator. Dino Hunt-en ez da agertzen jostailuaren modeloa edo erreferentzia, horretarako nahikoa toki badagoen arren. Enbalajean baizik adierazten ez direnez, ohartarazpen bat ("ez bota" edo antzeko zerbait) jarri beharko luke.

Beste anomalia batzuk, gomendatzen den edo egokiena den adinari dagozkio: Conector Juego y Relaciono con la Voz izenekoaren argibideetan 4-8 urte bitartekoentzat agertzen den bitartean, enbalajekoak 3-6 urte bitartekoentzat erakusten du. Fábrica Loca jostailuko plastilina-poteetan ipintzen da 2 urtez gorako haurrentzakoa dela, jolasa 3 urte baino gehiago dutenentzat egokia izan arren. Dino Hunt eta City Force anbulantziak, azkenik, itotzeko arriskuaz inongo ohartarazpenik agertzen ez duen plastikozko poltsa bat dakarte. Poltsa-tamaina hauetan horrelako oharrak egitea nahitaezkoa ez den arren (360 mm-tik gorako diametrodunetan bete behar da derrigorrez baldintza hori, hauek 280 mm baino gutxiago dutela), horrelakoak azaltzea ez litzateke alferrikako xahukeria. Irregulartasunik larrienak, jostailua zuzen erabiltzeko argibideei, datu elektrikoei eta pilen erabilerarekin zerikusia duten prebentziozko neurriei dagozkienak dira. Kasu hauek, jakina, segurtasun elektrikoaren arauarekiko desadostasunak izango lirateke.

Segurtasuna: markatze-arazoak

Kasurik gehienetan atzemaniko hutsune eta akatsak, segurtasun elektrikoarekin zerikusia duten gaiekin loturiko markatzeari dagozkie. Alien Blaster jostailuak, esate baterako, pilen tentsio nominalik ez du adierazten. Hainbat jostailutan ez dira aipatzen pilen erabilera zuzenari dagozkion prebentziozko neurriak (Alien Blaster, City Force anbulantzia) edo enbalajean bakarrik agertzen dira (Dino Hunt), edo ingelesez bakarrik (Fun time Telephone). Beste alde batetik, hiru jostagarri elektrikotan (Conector juego y Relaciono, City Force anbulantzia eta Fun Time Telephone), enbalajean agertzen da jostailuentzako transformagailuaren ikurra, nahiz jostailua pilekin dabilen.

Dino Hunt mahai gaineko jolas motordunean hauteman zen arazoak ez zuen zerikusirik markatze edo informazioarekin, erresistentzia mekaniko edo eraikuntzarekin baizik: jostailuaren oinarria kartoizkoa da eta ez zuen gainditu inpaktu-proba, zati mugikor arriskutsuak aske utzi baitzituen. Segurtasun mekanikoko probei (ezaugarri fisikoak, suharberatasuna eta hainbat osagairen migrazioa) dagokiela, arauteriaren araberakoak dira azterturiko jostailu guztiak.

Jostailuetako pilen iraupena haurraren gurasoentzat buruhauste galant askoa da, segurtasun-alorrean kontuan hartu beharrekoez gainera, horrelako bateriek irauten dutenagatik ere. Jostailu hauetako gehienen kontsumoa ohikoa da, arrunta, La Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono izenekoak salbuespen badira ere, energia dezente gastatzen baitute. Hots- edo soinu-mailaz ari garela, City Force anbulantzia, Teléfono Funcional eta Pokémon Squirtle dira zaratatsuenak (110 dezibelio), baina balio hauek onargarriak dira.

Jostagarri elektrikoen kanpoko itxuragatik, behintzat, bakarrari (Dino Hunt) eman zaio balorazio txarra, oinarria kartoizkoa du eta, haustean, zati mugikor arriskutsuak aske uzten baititu. Teletubbies Lite-up izenekoari emaniko balorazioa "erdipurdikoa" baino ez zen izan, eta gainerakoek nota ona jaso zuten. Elektriko ez direnetan, Pokémon pelutxeak bakarrik zituen gaitzesteko moduko alderdirik: burualdeko zerrenda testil itsaskorrak errazegi askatzen ziren.

Prezioak: 2.000 baino gutxiagotik hasita, ia-ia 6.000 pezetaraino

Jostailu horietan batez besteko kostua 3.000 pezeta ingurukoa den arren, batzuen prezioa 1.495 pezeta (Distingo con el Tacto) da eta beste batzuek (Foquita Divertida, Conector Juego y Relaciono) 5.975 pezeta balio dute; elektrikoak garestiago dira (3.373 pezeta batenaz beste, pilarik ez duten jostailuen batez besteko 2.814 pezetaren aurrean). Pilekin ez dabiltzanetatik merkeena Distingo con el Tacto (1.495 pezeta) izan zen eta garestiena Barbie Actriz (4.600 pezeta). Elektrikoetan, berriz, merkeenak Peque Granja eta Dino Hunt (1.695 pezeta) diren bitartean, 5.975 pezeta kostatzen dira Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena adieraztea ez da kontu erraza, erabili behar duen haurraren nortasun eta izaerari egokitu behar zaiolako jostailua eta, horrenbestez, umeak ere esku har dezake jostagarria hautatzeko unean. Baina kontsumitzailea informatzeari, segurtasunari buruzko arauteria betetzeari buruzko irizpideak eta balorazio pedagogikoa konparatzen baldin badira jostailuaren prezioarekin, pilekin ez dabiltzan jostailuetan prezio-kalitate erlaziorik hoberena Distingo con el Tacto eta Mi Pequeño Pony dira. Elektrikoetan, ostera, La Pequeña Granja nabarmentzen da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto