Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Andropausia: Ezkutuan, baina hortxe dago eta aurre egin dakioke

Oraindik orain hasi gara gizonezkoengan 55 urtetik aurrera geratzen diren aldaketa fisiologikoei garrantzia ematen eta ikerketa sakonak egiten hasi dira andropausiari buruz.

  Urte askoan menopausiaz eta bere arriskuez baino ez da hitz egin, urteen buruan gertatzen den hormona-beherakada emakumeen kontua bakarrik balitz bezala eta gizonezkoek horrekin zerikusirik ez balute bezala. Emakumeei gero eta sarriago aplikatzen zaie terapia ordezkatzailea, nolabaiteko zuhurtasunez bada ere; baina oraindik oso urruti gaude gizonezkoek beren gainbehera eta eurentzat egokitutako antzeko terapia komeni dela onartzetik. Izan ere, gizonezko asko joaten da medikuaren kontsultara, depresioak eta bestelako disfuntzioak diagonostikatzen zaizkie eta horien atzean andropausiaren hasieran egon daiteke, tratamendu ordezkatzaile egoki batekin arindu behintzat egingo litekeena.

Andropausiaren sintomak

Gizonezkoaren funtzio fisiologiko guztien pixkanakako gainbehera da andropausia, gaitasun kognitiboetatik hasi eta fisikoetara. Adin batetik aurrera, kontzentrazio gaitasuna eta memoria gutxitu egin zaizkiela sentitzen hasten dira gizonezkoak eta muskuluetan indarra galtzen dutela. Eta, emakumeei gertatzen zaien moduan, koipea gehitu eta gorputzean zehar banatzeko era aldatu egiten dela.

Hezur-masa gutxitu egiten da eta osteoporosia ager liteke; sexu-gogoa (libidoa) eta sexu-indarra moteldu egiten dira, loa aldatu egiten da, izaera ere bai, larritasun desberdineko depresioak sortzen dira. Gauzengatiko interesa galdu egiten da eta ustekabean emozioek eta aldarteak aldaketak izaten dituzte.

Gizonezkoen hormonek ere jasaten dute denboraren joana

Emakumeei buruz estrogeno-eskasia aipatzen bada, gizonezkoek kasuan androgeno-eskasia aipa dezakegu, hormona androgenikoen urritzea baita andropausiaren funtsa. Testosterona gizonezkoen hormonaren produkzioa gutxitu egiten da eta hori odolean antzeman daiteke. 60 urtetik aurrera goizeko lehen orduetan testosterona mailaren beherakada nabarmenak antzematen dira odolean. Beste hormona androgeniko batzuen urritzea ere jaso da, baina badirudi adierazlerik onena dela. Adamen sindrome ere deitu izan da Andropausia, baina ez da Bibliako aipamena, Androgen Deficiency Aging Male ingelesaren siglak baizik, Gizonezkoen Zahartzaroko Androgeno Eskasia edo antzeko zerbait izango litzatekeena.

Prebentziorik badu?

Garaiz diagonostikatuz gero, egoera itzuli edo bilakaera moteltzeko tratamendua ezartzea izaten da logikoena. Baina oraindik ez dago emaitza fidagarririk hormona-terapia ordezkatzailearen epe luzerako eraginaz. Andropausiaren tratamenduaren helburua sintomak desagerrarazi edo arintzea da, baina batez ere sexu funtzioak berrezartzera dago bideraturik, lotura argia baitago testosterona plasmatikoaren maila eta zakilaren erekzioen kalitate eta maiztasunaren artean.

Ezin da ahaztu, gainera, kasu askotan testosterona urritasunarekin batera adinak eragindako arteriosklerosia ere izaten dela. Horren eraginez gutxitu egiten da zakileko gorputz leizetsuetan odol-fluxua eta ondorioz arazoak izaten dira sexu-bizitzan. Baina bizi izateko gogoa, indar fisikoa eta gaitasun intelektuala areagotzea ere bilatzen da tratamenduarekin. Hormona bidezko gizonezkoentzako terapia ez dago oso zabalduta, emakumeen artean ez bezala, emakumeek gero eta gehiago jotzen baitute terapia mota honetara.

Testosterona bidezko tratamendua

Gaur egun, testosteronaz egiten da gizonezkoen tratamendua. Espainian, astiro zurgatzen den muskulubarneko injekzio gisa merkaturatzen da produktua eta 2-3 astetik behin jartzen da injekzioa. Beste herrialde batzuetan larruazaleko partxeak daude, egunean 5 miligramo inguru ematen dutenak. Kopuru hori eguneroko dosi fisiologikoaren antzekoa da eta gorputzak era progresiboan bereganatzen du. Larruazalpeko inplante edo pellet direlakoez ere ikerketa egiten ari da. Hiru edo lau hilabete bitarte iraun dezakete horiek. Testosterona sexu-hormona da, eragin androgeno eta anabolizatzailea duena eta mediku espezialistak agintzen duenean baino ez da erabili behar.

Epilepsia, diabetea, prostataren hazkunde onbera (prostatako adenoma), hipertentsioa, eta gibeleko, giltzurruneko edo bihotzeko ezintasuna duten pertsonek kontu handia izan behar dute hormona bidezko terapia honekin, erabat kaltegarria baita prostatako minbizia edo gibeleko minbizia duten gaixoentzat. Testosterona bidezko tratamendua egiten den bitartean aldian behin prostatako azterketak egitea komeni da, eta andropausian zehar urologi arazoek garrantzi handia izaten dutenez, gaixoak urologoarengana joan beharko du tratamendurik egokiena eta egin beharreko kontrolak zehazteko.

Ez da ezkutatu behar

Emakumearengan menopausia eta klimaterioa bezain fisiologikoa da gizonezkoarengan andropausia. 55 edo 60 urtetik gorako gizonezko batean beheraldia, zakila zutitzearen disfuntzioa, sexuagatiko interesa galtzea, tristura eta antzeko sintomak agertzeak andropausiaren aurrean gaudela pentsarazten digu. Baina ez dago arazoa ezkutatzeko arrazoirik; aitzitik, medikuarengana jotzea komeni da egoera hori gainditzen lagun diezagun, ez baita gaixotasuna edo estigma; prozesu fisiologiko hutsa da eta kasu askotan tratamendua eta laguntza emozionala ere behar izaten dira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto