Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Duela bizpahiru urte bakarrik, posta elektronikoa izatea ez zen luxua, ia-ia aparteko bitxikeria baizik.
Denborak aurrera egin du eta gaur egun e-mail helbidea lanpostu askotan ohiko lanabes eta hagitz tresna baliagarri bilakatu da gure etxeko ordenagailutik eratzen dugun pertsonarteko komunikazioan.
Bistan da aurki zeinahi herritarrek lasai asko jardungo duela Internet bidezko postan, telefono mugikorren bitartez jende-oldeak dagoeneko egiten duen bezala. Baina telefono-zenbakia nahi dugunari bakarrik ematen diogun datua den neurri berean, eta telefono bidezko arrotz eta saltzaileen interferentzia higuingarri samarra gertatzen zaigun heinean, helbide elektronikoa toki pribatua da: horrenbestez, bertarako irispideak murriztua behar du izan, hau da, ezinezkoa izan behar du nornahik guri mezuak igortzea. Jasotzea espero eta, hortaz, nahi ez ditugun spam edo posta-mezu nahigabeko horiek gure ordenagailuan eta gure bizitzan tartekatu eta internauta nazkatu ez ezik, arazo larrien iturri izan daitezke.
Adituen arabera, munduan 263 milioi posta elektroniko-helbide daude eta erabiltzaile bakoitzak egunean 30 mezu jasotzen ditu, batenaz beste. Iazkoan, mezu horien %70 spam izan omen ziren. Etorkizunean (Internet-era loturiko telebistek ere buzoi elektronikotzat funtzionatuko dute) egoerak okerrera egitea espero da. Horrek zibernauten kexua zeharo ulergarri bihurtzen du, buzoi elektronikoa ez baitute beren interesez kanpoko mezuekin edo publizitatearekin itorik ikusi nahi: kontuan izan denbora (eta dirua, tarifa laua ez baduzu) ere kostako zaizula Sarean horrelako eragozpenak topatzea. Gartner Group firmak posta elektronikoaren erabiltzaileen artean arestian eginiko azterketa baten arabera, hamar zaletatik bederatzi dira spam-en biktima, astean behin, gutxienez.
Kezka horixe dute adituek buruan. Erabiltzaile batzuek ez omen dakite deus, beste zenbaiten ustez helbideak cooky-en bitartez banatzen dira (hau da, erabiltzailea Interneten sartzen denean automatikoki sortzen diren kode-lerro txikiak: hauek erabiltzailearen nortasuna "zurgatu" eta horrelakoen bildumak egiten -ondorioz, horrelako informazioa ordaintzen- dituztenei igortzen dizkiete). Beste askoren iritziz, helbidea spam-ak bidaltzen dituztenek erdiesten dute, erabiltzailea web-gune batean edo sarbide-hornitzaileen gunean (hauek, interesa duten enpresei, beren bezeroen posta-helbideak saltzen baitizkiete) borondate onez sartzean harpidedun egiten denean. Hainbatek uste dute Interneten antolatzen diren hitzaldi, emanaldi eta zerbitzuetan ere sor daitezkeela, lehiaketan edo bestelakoetan parte har dezan, bezeroari harpidedun izan dadin eskatzen baitzaio bertan.
Erabiltzaile gehientsuek, nahigabeko publizitate-mezuok suntsituz denbora asko galdu ondoren, lehenago edo geroago, kexua aurkezten dute norbaiten aurrean. Batzuek spam hori bidali dienari biraoka eta madarikazioka erantzuten diote; beste batzuek Interneterako irispidearen hornitzaileari aurkezten diote kexua; bakarren batek nahigabeko mezuaren onuradun gertatzen den konpainiara idazten dute eta, azkenik, baten batek adiskide eta lagunekin aipatzen du kontua. Animatuenek, ordea, Administraziora jotzen dute, balizko iruzur horren berri eman asmoz. Eskatu gabeko posta komertzialaren bonbardaketa elektroniko horri irtenbide edo konponbideak ere eskaintzen dituzte enpresa batzuek. Posta elektronikoko hainbat softwarek (programa informatikoak), adibidez, spamlariek gehien darabiltzaten esaldiak bahetzeko eta bahitzeko tresnak dauzkate; hauek aski ez izatekotan, erabiltzaileak Internetetik beste batzuk ere ekarri ahal izango ditu. Spam Attack Pro izenekoa www.sofwiz.com/html/spam_attack_pro.htm. helbidean lor daiteke eta spam-zerrenda luzea duen arren, beste izen asko ere sar daitezke bertan. Nahigabeko mezu horien peskizan Spam Exterminator (www.unisyn.com/spamex) deritzonak posta-karpeta automatikoki aztertzen du, berak daukan 17.000 helbidek osaturiko datu-basearen arabera. Spamkiller (www.spamkiller.com), azkenean, osoenetako bat da eta hainbat filtrorekin jardun dezake lanean, hainbat faktoreren (igortzailea, funtsezko hitzak, titulua edo erabiltzaileak zehazten dion adierazpenen) arabera, mezuak atzitu arte. Mahaiaz beste muturrean, horrelako mezuak diseinatu, landu eta igortzen dituzten (eta e-mail helbideekin osaturiko datu-baseak dauzkaten) enpresak daude. Horrelako konpainientzat, helburu komertzialekin posta-zerrendan agertzen diren pertsonak bazkide, bezero dira, inola ere ez biktima. Horiek diotenez, funtsezkoa mezu-kopuruaz ez abusatzea eta bertan -informazio komertzialaz gainera- beste zerbait eskaintzea da, horrelako zerrendetan agertzearen truk bezeroak zerbait jaso dezan. Bezeroak nahi duenean kanpora erraz irteteko aukera izan behar duela diote.
Naturaz gozatzeko paregabeko sasoia da udazkena. Asteburua, jaizubia edo, areago, jai egun bakarra, gure Herriak eskaintzen dituen ehunka toki interesgarrietan pausatzeko aukerak dira. Internet lagungarri izan dezakegu gure inguruneak ez ezik kanpokoak ere bilatzeko.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa