Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Maxi tamaina eta unisex motako haur-oihalak: Zurgatzeko ahalmenean eta hezetasunaren kontrako babesean, alde galantak

Bederatzi eta hamabost kilo bitarteko mutiko zein neskentzako maxi tamainako sei haur-oihal aztertu dira oraingoan. Alearen prezioa 40 pezeta inguru dabil, batetik bestera alde nabarmenak hautematen badira ere: Dodot Excel lagina 51 pezeta kostatzen den bitartean Nivex markakoak 36 pezeta balio du.

  Oihal hauen kalitatea konparatzeko, beren ezaugarri eta prestazioak hainbat parametroren arabera aztertu dira, hiru ataletan bildurik: erosotasuna (pisua, lodiera eta neurriak), erabiltzeko eraginkortasun praktikoa (itsasteko sistema) eta, funtsezkoa, zurgatzeko gaitasuna eta hezetasunaren kontrako babesa. Berriro ere, laborategian aztertu eta era estandarrean konpara daitezkeen kalitate-adierazleak erkatu dira, beste zenbait alderdi, hala nola haurraren larruazalaren zainketari dagozkionak, objektiboki eta era homologatuan neurtzea ez baita kontu erraza. Oihal hauek bai mutikoentzat bai neskatxentzat prestazio egokiak eskaintzeko diseinatuta dauden arren, bi sexuetako berezitasun fisiologikoak hartu dira kontuan laborategiko probak egitean. Esate baterako, erabiltzailea mutikoa izan edo neskatxa izan, hezetasun handiena oihaleko gune batean edo bestean biltzen da.

Azterketako emaitzei goazkiela, haietako lau (Dodotis, Dodot Ultraseco, Moltex Suprème eta Dodot Excel) oro har asetzeko modukotzat jo dira; bat (Monbebé), zuzen baino ez eta bestea (Nivex), eskas agertu da. Zehazkiago eta zurgatzeko gaitasunaz ari garela, bi lagin ez ziren iritsi maxi tamainako oihal bati galda dakiokeen zurgaketa-mailaraino. Nivex markakoaren zurgaketa eskasa izan zen, bai eguneko bai gaueko erabilerakoan, bi sexuentzako laginetan; neskatxarentzako gaueko erabilerako Monbebé lagina ere eskas agertu zen. Gainerako oihalen zurgaketa asetzeko modukoa izan zen. Dodotis nabarmendu zen gaueko erabileran: 400 mililitrotik gora, hala mutiko nola neskatxentzakoan; Nivex markakoak 149 eta 244 mililitro baizik ez zuen zurgatu.

Zurgaturiko hezetasunaren aurreko babesa da haurraren larruazala behar bezala zaintzeko prestazio behinenetako bat; laborategian egiaztatu zenez, adiera honetan asetzeko modukoak izan ziren Dodotis, Moltex eta Nivex laginak eta zuzen Dodot Excel markakoa; Monbebé eta Dodot Ultraseco laginek maila eskasa erakutsi zuten mutikoarentzako eguneko erabileran. Nolanahi ere, datu hau erlatiboa da: portzentajeak oihalaren azaleran dagoen lehortasun-maila adierazten badu ere (%100a agertuko luke erabili gabeko oihal lehorrak) hezetasunaren aurreko babesaren neurketa isuria gertatuz gero egin zen.

Goian esan dugunez, lagin batzuek besteek baino askozaz ere hezetasun gehiago zurgatu zuten. Horrenbestez, haur-oihal baten kalitate ona zurgatzeko ahalmen handiak eta hezetasunaren aurreko babes-portzentajea zuzenak, biek batera, agertuko lukete. Haurtxoari oihala arrunt sarri aldatu behar izaten zaionez, familia askorentzat garrantzi handia du asetzeko moduko kalitatearekin batera prezio egokia duen lagina topatzeak. Aztertu direnen artean, merkeenak Moltex Suprème eta Nivex dira (36 pezeta aleko) eta garestienak, aldiz, Dodot Excel (51 pezeta kostatzen da alea). Gainontzekoen prezioak 38 eta 42 pezeta bitartean dabiltza. Nivex da merkeenetako bat baina, era berean, superzurgatzaile gutxien daukana eta, hortaz, gutxien zurgatzen duena. Dodot Excel, berriz, garestiena bera izanik, ez da gehien zurgatzen duena, ez eta hezetasunaren aurka babes onena eskaintzen duena ere, funtsezko eginkizun hauek beste oihal batzuek hobeki betetzen dituztelako.

Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik onena Dodotis markakoak eskaintzen du, eginkizun funtsezkoena (hezetasunaren aurrean babesa eta zurgaketa egokiak) ederki betetzen duelako, bi sexuentzako eguneko zein gaueko erabileretan, oso moduan gainera: 38 pezeta baizik ez da kostatzen ale bakoitza. Moltex Suprème ere aukera polita da: aurrekoak bezainbeste zurgatzen ez duen arren, maila ona erakusten du atal honetan eta hezetasunaren aurrean ematen duen babesa ere onargarria da; hortik kanpo, lagin hau da asetzeko moduko kalitate globaleko lau laginetatik merkeena (36 pezeta aleko).

Zurgaketa: bi laginek, suspentso

Haur-oihal batek duen alderdi behinena zurgatzeko gaitasuna du. Horrelako oihal on batek asko zurgatzea -gauean bereziki- ez du aski: horretaz gainera, haurraren larruazal fina babestu behar du. Bi kontu dira, beraz. Ez du balio handirik izango asko zurgatzen duen oihalak, haurraren gorputza bustita mantentzen badu, larruazalaren kaltetan. Hortaz, hezetasunaren aurkako babesa mutur-muturreko baldintzetan neurtu da, hots, gehieneko zurgaketara iritsita.

Oihal hauek mutiko zein neskatxek erabiltzeko diseinatuta dauden arren, bi sexuetako haurrak, bereiz, kontuan harturik egin dira probak. Hezetasunik handiena biltzen den gunean aldeak agertzeaz gainera, gaueko errotazio zikloa ere desberdina da: mutikoen ziklo estandarra auspez-alboz-atinik den bitartean, neskatxena atinik-alboz-auspez tankerakoa dugu.

Isuria gertatu bitartean oihalak zurgatu zuen likidoaren bolumena eta, une horretantxe, ukimeneko hezetasuna ere neurtu zen; isuria gertatu eta handik 10 eta 20 minutura ere neurtu zen. Maxi tamainako oihalaren zurgatzeko gaitasuna asetzeko modukotzat jotzen da, baldin eta eguneko erabileran 250 mililitro edo gehiago zurgatzen badu; gaueko erabileran, berriz, 280 mililitro zurgatu behar ditu gutxienez.

Salbuespenak salbuespen, datuak asetzeko modukoak izan ziren: Nivex laginak ez zuen agertu behar bezainbeste zurgatzeko gaitasunik, isuria gertatu aurretik ez baitzuen lau kasuetan ere (gaueko, eguneko, mutiko, neskatxa) 250 mililitro baino gehiago jaso. Nivex laginak bakarrik agertu zuen zurgaketa eskasa eguneko erabilerako proban, bai mutiko bai neskatxentzakoan. Gainerako markakoen eguneko erabilerako zurgaketa asetzeko modukoa izan zen. Gaitasunik handiena Dodot Ultraseco laginak erakutsi zuen, mutikoentzakoan (375 mililitro) eta Monbebé laginak neskatxentzakoan (317 mililitro). Gaueko erabilerari dagokionez, Dodotis laginaren zurgaketa da nabarmentzekoa (400 mililitrotik gora, mutiko zein neskatxentzako erabileran), eta neskatxentzako erabileran Monbebé eskas agertu zen : 239 mililitro, Nivex laginarekin paretsu.

Hezetasunaren aurkako babesa, hau da, ipurditxo lehorra

Sei haur-oihalek dituzte barne-itxiturak, haurra hezetasunetik hobeki babestu eta isolatzeko. Bidezkoa da hori, zurgatzea bezain garrantzitsua baita zurgaturiko hezetasunetik babestea, honek haurtxoaren larruazalean narritadurak sor ditzakeelako. Asetzeko moduko babestzat jo zen lau erabileretan ere (egunekoa mutikoa, egunekoa neskatxak, gauekoa mutikoak eta gauekoa neskatxak) %80ra iritsi zelako. Zurgaketa handienean (lau kasuetan ere, %85-%90 inguru) hezetasunaren kontrako babes hoberena eskaini zuen oihala Dodotik izan zen.

Moltex eta Nivex laginek ere asetzeko moduko maila erakutsi zuten arren, Moltex markakoak babes hobea ematen du gaueko erabileran (%82 mutikoetan eta %94 neskatxetan). Monbebé laginaren babesa ona da, oro har, baina mutikoentzako eguneko erabileran (%57) eskas gertatu zen. Dodot Excel ez zen iritsi inondik ere %80ko babesera, urruti ibili ez bazen ere (%68% eta %78 artean). Babes ahulena, neskatxentzako eguneko erabileran agertu zuen. Dodot Ultraseco izan zen hezetasunaren aurreko babesik txikienekoa (mutikoentzako eguneko erabileran, adibidez, %53). Gaueko erabileretan, portzentajeak igo egin ziren (%71 mutikoentzakoan eta %77 neskatxentzakoan), asetzera iritsi gabe, dena den. Babesari buruzko datu hori, ez ahantzi, oihalak ahal izan duen hezetasun guztia zurgatuz geroko lehortasunari dagokio.

Sei haur-oihalak zurgaketa eta hezetasunaren aurkako babesaren arabera definitu behar baditugu, laginek daukaten gai superzurgatzailearen kopuruaren araberakoa dela ikusiko dugu: Dodotis, Dodot Ultraseco eta Dodot Excel -Moltex laginarekin batera- hiru onenak izanik, gai horretatik (11,5 eta 12,1 gramo bitarte) dezente gehiago daukate Nivex (5,5 gramo) eta Monbebé (8,4 gramo) markakoek baino. Horrenbestez, azken bi oihal hauek daukaten gai superzurgatzailea behar bezainbestekoa ez dela esan dezakegu. Moltex Supréme laginak eginiko zurgaketa asetzeko modukoa bada ere, beste hiru hoberenek baino gai gutxiago dauka (10,6 gramo).

Pisua eta lodiera, erosotasunaren seinale

Denbora joan ahala haurrentzako produktu hauei aplikatu zaizkien aurrerakuntzei esker, gaur egun kontsumitzaileak erosten dituen oihalak duela urte gutxikoak baino dezente bilakatu eta erosoagoak dira. Horrelaxe ziurtatu du gure azterketak, erosotasunaren aldetik bederen sei oihalak asebetetzeko modukoak gertatu baitziren.

Dodotis eta Dodot Ultraseco hobexeak izan ziren pisu gutxi (46 gramo baino gutxiago, aleko), lodiera txikia (9 milimetro) eta neurri egokiak zituztelako. Monbebé eta Nivex beheraxeagotik bazebiltzan ere, asetzeko modukotzat hartu ziren: lodiera handiagoa eta kuxina txikiagoa zelako, Nivex laginean, eta lodiagoa zelako Monbebé markakoa. Moltex laginaren lodiera eta hankarteko neurriak ere gehiegizkotzat jo zituzten, baina akats horren ordainetan kuxina oso-oso zurgatzailea zen eta kanpoko neurriak, berriz, hagitz egokiak. Dodot Excel eta Monbebé markakoek bakarrik daukate gerriko malgua. Kanpoko ehunari dagokiola, Dodotis eta Nivex laginen kanpoko ehuna "ehungintzaz bestelakoa da" eta beste lauena kotoizko ukitukoa da.

Kontuz, askatu gabe!

Erabiltzeko eraginkortasun praktikoak, haurraren gorputzean oihala lotzen duen itsasteko sistemarekin zerikusi hertsia du. Nivex laginak izan ezik, gainerakoek velcro pleguko itxidura dute, zerrenda itsasgarriaren muturrean. Nolanahi ere, etengabe gertatzen ari diren aldakuntzak direla medio, azterketa hau argitara eman ordurako hemen agertuko diren oihaletako batzuk eraldaturik egongo dira. Dodot Excel lagina dugu horren adibidea, hemen azaldutako modeloaz bestelako itxitura-sistema daukalako orain. Baliteke, beraz, beste bakarren batek ere ezaugarririk aldatuta egokitzea.

Emaitzetara gatozela, itsasteko sistema oso lorpen polita da Nivex, Monbebé eta Moltex Suprème laginetan. Gainerako hiruren kalifikazioa "ongi" baizik ez zen gertatu. Hona balorazio horien zergatien azalpena: Nivex laginean, itsasgarria askatzeko behar den indar handiarengatik (bi eratako ahaleginetan) eta oihalaren atzealdea itsatsi behar den alderdiko neurri zehatzengatik; Monbebé laginean, berriz, itsasgarritasun onagatik. Dodot Ultraseco, Dodot Excel eta Dodotis laginetan itsasgarria askatu egiten denez, oihala erraz erortzen da, zerrenda itsasgarriaz kontrako norabidean indarrik egiten bada.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto