Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Bonsaiak: Zuhaitz berezi bat zaintzea

Milurteko artea edo artisautza bizia, bonsaien hazkuntzak gero eta zale gehiago ditu. Zuhaitz txiki-txiki hauen zale kopuru handienetakoa du Espainiako estatuak

  Arrakasta horren giltzetako bat hemengo eguraldi paregabea da, zuhaitzak hazteko baldintza egokiak eskaintzen dituena. Hala ere, sarritan gertatzen da oinarrizko arau batzuk ez ezagutzea, arte honetaz ez dakitenei batez ere: gehiengoak uste duenaz bestaldera, bonsai gehienak kanpoko espezieak izaten dira eta itxuraz hauskorrak diruditen arren, beren anaia nagusi betiko zuhaitzak bezain gogorrak dira gutxieneko zainketa batzuk eskainiz gero. Prezioan desberdintasun handiak izaten dira: 5.000 pezetatik hasita aurkituko dugu gutxieneko garantiak eskaintzen dituen bonsai bat, baina ez da arraroa 600.000 eta 800.000 pezeta ere balio izatea, eta baita milioitik gora joatea ere, zuhaitz mota arraro eta adin batetik gorakoen kasuan. Baina funtsezko mezua: bitxikeriak bitxikeria.

Ekialdeko milurteko kultura

Bonsaiei buruzko aipamenik zaharrenak Txinak agertzen dira, Tang dinastiaren garaiko (618-906 urteetako) margo batzuetan. Itxura denez, monje budista txinatarrek sartu zuten bonsaia Japonian X. eta XI. mendeetan, beren filosofia, Zen budismoa ezagutaraztera joan zirenean eta mende batzuk geroago Japoniarrek mendebaldera ekarri zuten zuhaitz nano hauen hazteko ohitura. Horregatik dago hain errotuta mendebaldean bonsaiak jatorriz Japoniakoak diren ustea. Mendeetan zehar jauntxo eta handikiak bakarrik izaten ziren zuhaitz txiki horien jabe eta duela hamarkada batzuk hedatu zen herritar xumeen artera ere landare hauen zainketa. Ez dakigu zehatz miniaturako zuhaitzaren zainketarako zaletasuna Europara noiz iritsi zen, baina greziarrek dagoeneko miniaturazko zuhaiskak landatzen omen zituzten lorontzietan; ez ziren bonsaiak izaten, urrutira bila joan eta urtaro jakinen zain egon beharrik ez izateko botiketarako erabiltzen ziren sendabelarrak baizik.

Kanpoan, gainerako zuhaitzak bezala

Arte japoniar honen teknikak menperatzea oso zaila den arren, zaletasun horri ekitea interes kontu hutsa da; ohitura jakin batzuk hartzea eta, batez ere, gogoan izatea zuhaitz batek, oihuka adierazi ez arren, sufritu egiten duela eta zainketak behar dituela. Kontuan izan beharreko lehena zuhaitz nano hauen artean ez dagoela barruko espezierik bat ere; ohiko akatsa izaten da uste hori, denda barruan salgai ikusteak eragiten duena. Bonsaiak zuhaitzak dira eta bere espezieko guztiak bezala, handi nahiz txikiak bezala, kanpoan bizi dira. Neguan hotza pasa behar dute eta udan beroa; udaberrian loratu egiten dira eta udazkenean hostoa galtzen dute. Baliteke familia tropikaletako zenbait landarek, bere habitat naturaletik kanpo daudelako, negua etxe barruan edo arrotz zaien klimatik babestuta eman behar izatea; baina hobe izaten da bertako espezieekin hastea.

Espezierik egokiena aukeratu

  Ez da ezinbestekoa landare hauentzat leku handi bat izatea; aski da balkoian edo leihoan txoko bat izatea. Girora gehien egokitzen den espeziea aukeratzea komeni da eta horretarako bertako florari eta hurbileko parke edo basoetako zuhaitzei begiratzea izaten da onena. Horrela, leku lehor eta eguraldi berokoetan, haizeak maiz jotzen duen eta leku eguterak baino ez dituzten eskualdeetan, pinua izan liteke zuhaitzik egokiena. Klima heze eta hotzetarako eta eguzkiak goizez bakarrik jotzen dituen balkoietarako, pagoa izango da aukerarik onena.

Bonsaiaren fitxa

Zuhaitz bat erosten dugunean dagokion fitxa ere eskatzea komeni izango da. Fitxa horretan izen botanikoa eta arrunta agertuko dira, zuhaitzaren adina -gehienetan 3 eta 5 urte artekoa-, espezie tropikala ala bertakoa den eta zuhaitzaren adaburuak izan behar duen profila, bere horretan zaindu ahal izateko. Hortik aurrera, izaki bizidun baten arduradun izango da jabea eta ase egin beharko ditu ur, ongarri, lur aldaketa eta inausketa aldetik zuhaitzak dituen beharrak.

Bonsaien zainketa

Ez da erraza eginkizun orokor batzuk aipatzea, espeziearen arabera mota bateko edo besteko zainketak behar izango ditu eta. Hala ere, badira hainbat aholku bonsai guztientzat baliagarriak. Adibidez, udan eguzkiak berotu egiten ditu lorontziak eta oso komenigarri izaten da lurra goroldioz babestea, sustraien tenperatura asko igo ez dadin. Neguan, oso leku hotzetan ontziak lurpean sartu edo lastoz estaltzen dira, bonsaiaren lurra izoztu ez dadin. Gainera, etxeko animaliekin egin ohi den moduan, arazoren bat antzemandakoan aditu batengana jotzea komeni izaten da. Hala ere gogoan izan behar da besteak bezalako zuhaitzak direla, txikiagoak, baina ez ahulagoak.

Ura: Behar denean ureztatu egin beharko da bonsaia, goitik behera zipriztinak bota, euria balitz bezala, sustraiak ere ura hartu arte. Bero handia egin badu ontzia uretan sar daiteke, baina ez da hori sarriegi egin behar. Ongarria: Lurra ongarritzeak bonsaiari bizi izateko elikagaia ematea esan nahi du eta, beraz, aztertu egin behar da zein substratu komeni zaion eta espeziearen eta garapeneko momentuaren arabera aukeratu. Lurrak fisikoki eutsi egin behar dio zuhaitzari eta elikatu eta ura erraz drenatzea komeni da; halaber, lurrak heze egon behar du, ur larregi barik, zuhaitzari ongarri bidez ematen zaizkion nutrigarriei eutsi eta azidotasun eta pH alkalinotasun mailari eusteko gai izan. Zaletu bakoitzak bere nahasketak egiten dituen arren, lurrean beti izan behar dira buztina, turba eta harea. Horregatik, kontu izan beharko dugu birlandatzeko erabiltzen den lurrarekin. Hiru osagai horiek ez baditu, aste gutxitan zuhaitza hiltzeko arriskua dago. Inausketa: Adaburuaren formari eustea da helburua. Bakoitzak nahi duen moduan egingo du, baina argiari sustraietaraino iristen utzi behar zaiola kontuan izanda.

Edozein izaki bizidunek bezala, bonsaiak ere ez du bizirik irauten urik gabe. Ureztatzeko maiztasuna faktore askoren menpe izaten da eta batez ere espeziearen baita, landarea nola hazi den eta klimaren arabera. Neguan, kanpoan bizi diren bonsai guztiek (hemen, espezie tropikalak ez diren guztiak) ur gutxi behar izango dute, euri eran jasotzen dutenaz gain. Barruko zuhaitzek (espezie tropikalek) nolabaiteko kontrola behar izaten dute, lurraren hezetasuna lurrindu egiten baita, bonsaia ia bat ere hazi ez arren. Udaberria garai arriskutsua da. Hostoak eta kimuak hazten daudenean bonsaiak ur gehiago behar izaten du. Neguan zehar barruan eduki behar izan ditugun espezieak berriro kanpora ateratzeko garaia ere izaten da. Bonsaiak ureztatu egin behar dira ontzian duten ur gehiena -ez guztia- agortu dutenean. Uda iristean eguraldi beroagoa izaten da; agian haize leuna eta eguzki indartsua ere bai. Baldintza horietan egunean behin erruz ureztatzea eskatzen dute bonsaiek, ahal dela goizean goiz edo arratsaldearen amaieran eta, salbuespen gisa, bietan. Udazkenean hostoa galtzea eta sortasuna eragiten duten aldaketa kimikoak jasaten hasten dira zuhaitzak. Ur premia gutxitu egiten da eta kontu izan behar da ur larregi ez egiteko, tenperatura jaistean, batez ere gauez, sustraiak usteltzeko arriskua izaten da eta.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto