Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Gorputzaren kultuak, batetik, eta osasunarekin zerikusia duen guztiak sortzen duen interesak, bestetik, erakarrita, kirola praktikatzea moda efimero huts baino zerbait baliotsuago bilakatu da
Tarifen arteko lehendabiziko aldea aukeratu dugun zentro-motak ezarriko du. Gimnasio pribatuak, adibidez, udal kiroldegiak baino garestiagoak izan ohi dira, aurrekoek instalazio hobeak eta erabiltzaile gutxiago dituztelako, teorian bederen. Prezio handiagoa (matrikula, bereziki) ordaintzeak zerbitzu osagarriak jasotzeko aukera eman dezake: solarium, sauna, jacuzzi, osasun-azterketa, kirola praktikatzeko hornikuntza egokia (elastikoa, galtza, galtzerdiak, mailak, etab) edo toaila (egunero garbia). Kiroldegietan aplikatzen diren tarifak aldatu egiten dira, erabiltzailea bazkide den ala ez.. Horrez gainera, udal kirol instalazio batzuek deskonturik egiten diete ikasle, jubilatu, adin txikiko, langabetu eta familia ugarietako senideei. Bildu ezazu informazioa, bada ez bada.
- Matrikula: 0 - 20.000 pezeta urtean. - Hilekoa: 3.500 -12.000 pezeta. Baliteke kuota horretan gimnasioko instalazio guztien erabilera sartzea edo jarduera jakin bat praktikatzeko beharrezkoak diren aparailuak bakarrik. Galdetu eta konparatu. - Bestelako zerbitzuak: Solariuma: 5.000-12.000 pezeta, 10 saioko. Masajea: 2.500-3.000 pezeta ordu erdiko. Takilaren alokairua: 0 - 6.000 pezeta urteko
Kuotak hilero, hiru hilean behin, lau hilean behin edo urtean behin ordain daitezke, kiroldegiaren arabera. Jarduera gehientsuen tarifak berdintsuak dira: 2.400 pezetatik 4.200 pezeta bitartekoak, hileko eta bazkideentzako; kopuru hori, urteko kuotari (8.200 eta 14.000 pezeta bitartekoa) gehitu behar zaio. Bazkide ez direnen hileroko kuota handiagoa da eta, gainera, ez zaie onartzen jarduera edo ikastaro guztietan parte hartzerik. Kiroldegi batzuetan, beste aldetik, udalerrian erroldatuta ez dagoen bazkiderik ez dute onartzen eta beste batzuetan, berriz, onartu bai, baina urteko tarifa handiagoak ezartzen zaizkie kanpotarrei. Horrenbestez, informazioa jaso eta jarduerak eta prezioak konparatzea merezi du beti. Udal instalazioek bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte: sauna edo bainu turkoak, masajeak edo kirol-medikuntza.
Titulartasun desberdinetako kirol establezimenduetan, jarduera fisiko eta kirol sektorean lanean dabiltzan hiru pertsonatik batek inongo titulurik ez omen du. Valentziako Hezkuntza Fisikoko Lizentziatuen Kolegioko presidentearen iritziz, "badira gimnasio pribatu eta udal kiroldegietan irakasle aritzea bideratzen duten hainbat titulu: Hezkuntza Fisikoko lizentziatura, Magisteritza Diplomako kirol-atalekoa, eta Estatu espainiarreko Hezkuntza eta Kulturako Ministerioak aintzat aitortzen dituen beste kirol-titulazioak, goi-teknikarien mailakoak; hauetako bat daukatenak gai dira hainbat espezialitatetako irakasle izateko: gimnasia, eskubaloia, kirol-animazioa, etc. Baina jarduera hori xedatuko lukeen arauteriarik oraingoz ez dagoenez, gimnasioek maiz ez dute ariketaren praktika zuzena bermatu beharko lukeen lizentziatua.
Horrela ibiltzea arriskutsua da, behar ez bezala egiten den jarduera fisikoa lesioen eragile gerta litekeelako. Are eta arazo larriagoa: lesio horiek ez dira beti berehala sumatzen." "Jarduera fisikoa kontsumo-ondasuntzat tratatzen delarik, kontsumitzaileak bermeak eskatu behar dituen bezala, Administrazioak legea bete dadin bermatu behar du" José María Montesinos-en iritziz. "Gaur egun Kirolaren Legea dago indarrean baina behar bezalako arau-garapenik izan ez duenez, une hauetan edonor da gai gimnasio bat ireki eta bertara joaten diren bezeroen praktika zuzendu eta orientatzeko." "Arazoak sortuta, monitorea kolegiaturik ez dagoenean, kontsumitzaileak ez du inolako babesik, lanbidezko ardurarik ez baitago, legez. Bestela, ordea, monitoreak lizentziatu kolegiatuak baldin badira, kolegio horixe izango da nolanahi arduraduna. Lanbide-kolegioa baldin badute, bai kontsumitzaileak, baita profesionalak ere, denek dituzte berme handiagoak", esan du Montesinosek.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa