Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

10.000 eta 13.000 pezeta bitarteko trekkingeko botak: Kalitate onekoak bai, baina gehienak euritarako ez dira egokiak

Kirolerako oinetakoetan merkatuan eskaintzen den aukera zabal horretan aurki ditzakegu txango arruntekoak, zeharkaldi edo trekkingekoak eta goi-mendikoak

 Aurreneko kasuan erabiltzaileak mendiko bide arruntetan ibiltzeko oinetakoak nahi ditu; trekkingerako eta goi-mendirako botekin, berriz, dezente lur zail eta gorabeheratsuagoak bisitatu ahal izango ditu: labar, lokatz, malkar eta antzekoak. Honelako oinetakoak hautatzeko unean bidea ez ezik bestelako hainbat faktore ere hartu behar dira kontuan: nolako ibilbidea izango den, zeharkatu beharreko eskualdeetako eguraldia, ohiko ibilaldien iraupena, lurraldearen ezaugarriak, etab. Horien arabera egingo dugu aukeraketa egokiagoa, nolako bota komeni zaigun erostea.

Mendian, erosotasun eta segurtasuna hein handi batean kirol-hornikuntza edo ekipamenduaren -batez ere, daramatzagun oinetakoen- kalitatearen araberakoak izaten dira. Trekkingeko oinetakoen ezaugarri bereizgarriak, sendotasun eta erresistentziaz gainera, erabiltzeko erosotasuna eta kirolariaren muskulu eta junturei eskaintzen dieten segurtasuna dira. Hil honetako azterketan ezaugarri horiek zazpi oinetako-modelotan ikertu dira: Tuckland Pocker, Nike Brush Kicker Mid, Salomon Exit Mid, Hi-Tec Sierra Trilogy, Trezeta Springer, Asolo Elk High eta Boreal Midi markakoetan, alegia. Denak ziren gizonezkoentzakoak, 41 edo gertuko zenbakikoak eta haien prezioak 10.000 eta 13.000 pezeta bitartean zebiltzan. Nike lagina izan zen merkeena eta Salomon eta Asolo markakoenak, aldiz, garestienak. Tuckland, Hi Tec, Boreal eta Trezeta marketako botak 12.000 pezeta inguru kostatu ziren.

Laborategiko probetatik ateratako emaitzen artetik ondorio bat nabarmendu behar dugu: euritan edo lur hezean ibiltzeko, zazpi laginetatik hiru bakarrik dira egokiak: Tuckland, Hi-Tec eta Trezeta, hirurak ere Gore-Tex edo Sympatex motako mintz iragazkaitzaz hornituak. Beste lauen barnean ura sartu, oinetakoa busti eta erabiltzailearen oina blaitu egiten da. Azpimarratzeko beste ondorioetako bat: aztertutakoen artean, Asolo eta Boreal laginen erresistentzia ez da behar bezalakoa: orkatila babesten duen alderdiak punteratik bereizteko joera agertzen du. Akats hori, boten estetika eta iragazkaiztasunaren kaltetakoa izan daiteke, ez oinetakoen sendotasunarena. Hirugarren egiaztapena: oinaren izerdiak botaren barnealdean sortzen duen hezetasuna behar bezain ongi Salomon laginak bakarrik zurgatzen du. Aipa dezagun, azkenik, Hi-Tec, Trezeta eta Boreal markakoek ez zutela azterketa gainditu orpo aldeko kolpeak moteltzeari zegokionez; horrek ez du esan nahi bide gorabeheratsuetan ematen duten konforta asetzeko modukoa ez denik.

Trekkingeko bota horien akats nagusietako batzuk azaldu ondoren, argi dezagun zazpi laginen osoko kalitatea, oro har, asebetetzeko modukoa izan zela eta haietako bakoitza berariazko erabilera batean egokiena (lur lauan, lehorrean, harkaitzetan, etab.) gertatu zela, Tuckland markakoa salbuetsita, bota horrek era guztietako ibilbideetan emaitza onak agertu zituelako. Kalitate-prezioetan, erlaziorik egokiena Tuckland Pocker laginak eskaini zuen: erresistentzia handiko bota sendo eta erosoa, lur-mota desberdinetan ibiltzeko aproposa eta uraren aurrean iragazkaitza baita. Emaitza bikain horien lausotzen duen akats bakarra: barne-zolaren hezetasuna zurgatzeko gaitasun apala. Txangoa egin edo bide lehor eta lau samarretan ibiltzeko, Nike da egokiena. Ibiltzeko erosotasunaren aldetik, berriz, hoberena Salomon da.

Iragazkaitzak eta erresistentzia handikoak

Urraketaren aurreko erresistentziak baldintzatzen du botaren iraupena eta ibiltzeko gaitasuna. Lagin guztiek erresistentzia on-ona erakutsi zuten laborategiko proban (botari ehun-pusketa bat kenduta, tentsio gaitzak noziarazi zitzaizkion, urratu arte), denen artetik, berebiziko erresistentziagatik Asolo lagina nabarmendu bazen ere.

Modelo gehienetan, botaren gainontzekoari itsatsita dago zola. Baliteke osagaietako batzuk josirik ere agertzea: honek, printzipioz behintzat, sendotasun handiagoa bermatzen omen du. Laborategiko probak, erabileran barrena botaren osagaiek agertzen duten jokaera erakusten duenez, horietako zein eta noiz aska litekeen ere ikus daiteke. Asolo eta Boreal laginek ez zuten behar bezainbesteko erresistentzia erakutsi, osagaien loturei dagokienez: bietan ere, orkatila babesten duen alderdiak eta punterak elkarrengandik bereizteko joera agertzen dute: akats horrek ez du botaren sendotasuna urratzen, bai ordea iragazkaitza eta estetika. Salomon markakoaren orkatila alde eta punteraren arteko loturaren erresistentzia onartzeko modukoa bazen ere, ez zituen gainerako laurek bezain emaitza onak erakutsi. Bota hauen kalitatearen beste alderdi bati goazkiola, marka horietako etiketa batzuek diote GoreTex edo Sympatex motako mintz iragazkaitza daukatela, hala nola Tuckland, Hi-Tec eta Trezeta laginek. Horren egiazkotasuna frogatzeko, bota belar bustiaren gainean ibiltzearen itxurak egiten dituen test bat gaindiarazi zitzaion oinetakoari, hezetasunak botaren barnera sartzeko zenbat denbora behar duen eta zenbat ur zurgatzen duen neurtzeko. Trezeta, Tuckland eta Hi-Tec iragazkaitz direla esan daiteke, botaren barruan sartzeko ordubete baino gehiago behar baitu hezetasunak. Gainontzeko lau laginek bost minutu baizik ez zuten eman ura oinaren barnealdera sartzeke; areago, Nike eta Salomon markako oinetakoetan ur dezente sartua zela hauteman zen. Lau bota horietako bakar batek ez du esaten etiketan iragazkaitza denik. Lur lehor edo ez oso hezeetan ibiltzeko, beraz, egokiak izan daitezke.

Nolako erabilera, halako malgutasuna

Bota baten malgutasunak zehaztuko du oinaren berezko mugimenduarekin batera moldatzeko duen gaitasuna. Erabiltzaile askok, honelako oinetakoa erosi aurretik, oinaren flexio-ardatzarekiko 45º tolestu ohi dute, mugimendu hori bota oinean loturik dagoela egin beharko litzatekeen arren: jarrita, bota ez da alderdi horretan tolestuko, aurreraxeago baizik. Laborategian, 45 gradutara behar den alderdian tolesteko indarra neurtu zen. Bota malgua tolesteko erraztasuna oso mesedegarria izango da, non erabiliko den kontuan izanik: bide lau samarretan, gorabehera gutxiko lurretan, hobe bota malgua, dudarik gabe. Harritza eta harkaitzetan barrena ibili behar bada, ordea, funtsezko egonkortasuna lehenetsita, zola gogorragoko bota da egokiagoa. Nike, Hi-Tec eta Tuckland laginak dira malguenak, Trezeta zurrunena. Horrenbestez, lur gorabeheratsu eta zailetan Trezeta eta Boreal erabiltzea gomendatu beharko litzateke eta, hein txikiago batean, Asolo. "Lur orotako" kalifikazioa (are heze-hezeetarako ere) Tuckland laginari bakarrik eman dakioke. Aparteko eskakizunik ez duen ibilalditxo bat egiteko, azkenik, Hi-Tec eta Nike dira bota egokiak.

Botaren bernalde altuak orkatila hobeto babesten duen bitartean, bernalde ertain edo txikiek mugitzeko askatasun handiagoa ematen dute. Bernalde altukoak dira (beraz, bide gorabeheratsuetan ibiltzeko egokiak) Trezeta eta Tuckland; bernalde ertain edo apalekoak (ibilbide lauetan erosoagoak), ostera, gainontzekoak. Erosotasunarekin jarraitzeko, plantilla edo barne-zolak abrasioaren aurrean duen erresistentzia ere aztertu zen oinetako guztietan. Abrasio edo oinarekiko igurtzi horren ondorioz, konforta murriztu edo, areago, larruazalean baba edo zauri txikien sortzaile izan daitezkeen partikula txikiak sor ditzake barne-zolak. Emaitzak onak izan ziren, oro har, Trezeta laginak agertutakoak apalak ziren arren.

Oinaren izerdia

Kirol-jarduerak dirauen bitartean, horrelako bota batean doan oinak orduko 15 gramo izerdi ekoizten ditu, batenaz beste; 15 horietatik bi herenak oinzolari darizkio eta, ondorioz, barne-zolak edo plantillak zurgatu behar dizkio oinazpiari. Prestazio honekin hertsiki loturik daude erosotasuna eta higienea. Laborategiko testak agertu zuen bezala, Salomon markako botak bakarrik zurgatzen du barne hezetasun edo izerdi hori tamaina onargarri batean. Gainontzekoek, alde horretatik gaitasun apala (Nike eta Asolo) edo oso apala (Tuckland, Trezeta, Hi-Tec eta Boreal) erakutsi zuten.

Botaren beste alderdi garrantzitsuetako bat pisua da. Bezeroak eskuarki bota arina nahiago ohi duen arren -ibiltzean ahalegin txikiagoa eskatzen baitu- bada loturarik botaren pisua eta ezaugarri teknikoen (zurruntasuna edo sostengarritasuna, adibidez) artean. Pisu egokia, esate baterako, aldatu egingo da, bota nola erabiliko den arabera. Azterketako zazpi laginen pisua, batenaz beste, 1,1 kilokoa zen, pare bakoitzeko. Nabarmentzekoak ditugu Nike markakoaren 830 gramoak eta Trezetaren 1.340 gramoak. Asolo ere "astuna" da (1,23 kilo), bigarren arinena Boreal (1,1 kilo) izanik.

Erosotasuna, ezaugarri preziatua

Ibilian ibili eta jauzi egitean, oinak lurra ukitzen du abiadura jakin batean eta seko gelditzen da urratsero-urratsero. Bota onak urratsaren talka hori motelduta, erabiltzailearen oineko muskulu eta junturak era horretan babestuko ditu. Orpo aldeko talkak moteltzeko gaitasuna neurtzeko hainbat test egin ondoren, Nike, Tuckland eta Asolo laginak bikainak direla egiaztatu da, talka horren ia %40raino moteltzen dutelako.

Salomon ere ona da (%22ko moteltzea), baina Hi-Tec, Boreal eta Trezeta marketakoek alderdi horretan ezintasuna utzi zuten agerian. Esandakoez gain, orpo aldean energia oinari bueltatzeko, itzultzeko koefiziente altua agertzen du bota onak. Saiakera horrek oinetakoaren zola osatzen duten gaien zaharkitzea ere gaztigatzen du. Trezeta da, alderdi honetan, aztertu ditugun lagin guztietan txarrena, energiaren itzulera-koefizientea %51ra baizik iristen ez delako. Hi-Tec laginarena ere apala da (%53). Salomon (%59) eta, bereziki, Tuckland (%72) markakoek, orpo aldeko energia itzultzeari dagokionez, oso emaitza onak eskaini zituzten.

Zigortuena, zola

Botaren aurrealdearen flexioa, oinetako horren bizitzan zehar hamaika aldiz eragingo denez, funtsezkoa da zolak denboran luze irautea, urradura edo bestelako kalterik izateke. Tolesturaren aurreko erresistentzia-proba estandarizatua hauxe da: aparailuak bota 100.000 aldiz tolestu eta zuzendu ondoren, pitzaduren mota eta kopurua, eta noiz gertatu diren hartzen da kontuan. Proba osoa lagin guztiek inolako kalterik nozitzeke jasan zutenez, emaitza bikaina da, denentzat ere. Proba hori ez da egiten zola zurruna denean, Trezeta markakoarekin adibidez: bota hori ez da oso aproposa bide lauetan, ordekan, ibiltzeko -horrelakoetan, oinetako zurrunak orpo aldea nekarazi egin lezake eta-; bai, ordea, ibilbide gorabeheratsuetan, oina hobeki babestua daramalako.

Kanpoko zolak ere erresistentzia handia agertu behar du luzaro igurtzi edo abrasioaren aurrean: bestela, oinetakoak azkar asko zaharkitu eta bere ezaugarriak galdu egingo lituzke (lurrari hertsiki itsastea, besteak beste). Modelo guztiek emaitza politak jaso zituzten arren, Salomon eta Tuckland nabarmendu ziren atal honetan. Erresistentzia ona erakutsi bazuten ere, Trezeta eta Boreal laginak ahulago azaldu ziren.

Lokarriak: lotu ez ezik, osorik iraun

Lokarri-zulo eta lotuneen kontra igurtzika ibiliko da lokarria bizitza osoan: beraz, horren kontra erresistentzia handia agertzea komeni da. Urratzeko zenbateko indarra behar den neurtzeko, proba teknikoa gainditu behar izan zuten lokarriek. Asolo eta Nike laginek gainontzekoek baino erresistentzia handiagoa erakutsi zuten tentsioaren aurrean, baina lokarri guztiek emaitza on-onak erdietsi zituzten. Bestetik, lokarri-zulo edo lotune batzuek lokarrian ebakera-efektua eragiten dute eta horrek, denbora pasa ahala, hondatu egiten ditu. Efektu hori laborategian neurtzeko, lokarriak atze-aurreraka mugitzen dira lokarri-zuloan barrena etengabeko tentsioan; lokarria hausteko zenbat igurtzialdi egin behar izan diren kalkulatuko da, azkenik.

Nike, Salomon, Tuckland eta Asolo laginek lortutako emaitzak oso egokiak izan ziren (hauen lokarriak 5.000 ziklo edo igurtzialdi baino gehiago eraginik hautsi baitziren). Boreal eta Hi-Tec marketakoak eskas agertu ziren. Bi modelo hauek bestelako lokarri-zulo edo lotuneak dauzkate. Boreal laginaren arazoa metalez jantziriko zuloak eragiten du (1.100 ziklo baizik ez zuen pairatu lokarriak); Hi-Tec markakoaren lokarrian, azkenik, aise hautsi ziren korapilo-motako lotunean (800 igurtzialdi besterik ez zuten nozitu).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto