Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Iraila: badatoz faszikuluak: Zaletasun eta poltsiko guztietarako

Publizitate kanpainek udaberria aurrez iragartzen duten bezala, udazkenaren hurbiltasuna ere antzematen da hedabideetan, argitaletxeek bildumazaleak harrapatzeko lehiari ekiten baitiote, gairik anitzenak erabiliz

  Iraila, gehienontzat etxeko eta laneko normaltasunera itzultzeko hila, aukeratzen dute estrategikoki bildumekin hasteko. Faszikulu formatuan aurkeztu ziren lehen aldiz Charles Dickens handiaren hainbat obra hilezkor eta hala ezagutu genituen Sherlock Holmes detektibe ospetsuaren gorabeherak ere. 50 urte beterik dituztenek gogoan izango dute igandetako bildumei esker gozatzen zutela Capitán Trueno eta Asterix eta Obelix-en abenturez eta zenbaitek faszikuluekin jarri zituen etorkizuneko bere liburutegiaren zimenduak.

Entrega kopurua eta azken prezioa

Bilduma oso batek, batez beste, 75 atal inguru izaten ditu eta guztira 60.000 pezeta inguruko kostua; baina badira 150 ataletik gorakoak eta 100.000 pezeta erruz gainditzen dutenak ere. Maiztasuna anitza izaten da: badira asteroko faszikuluak, hamabostean eta hilean behin ateratzen direnak, eta baita bi hilabetean behingoak ere, aldizkari, liburu, bideo, disko konpaktu edo formatu konbinatukoak. Gehienetan astero erosten du bezeroak faszikulu berria. Atal bakoitzaren prezioa, berriz, 495 pezeta aldizkarietan eta CD baten 2.495 pezeta artekoa izan daiteke, eta prezioak ez du aldaketarik izaten, atalak gehienez ere hiru urtera arteko epean bidaltzen jarraitu arren; baina gehienetan 18 hilabeteko tartea izaten da ohikoena lehen faszikulutik azkenera.

Merkaturatzeko eskaintza bereziak, publizitate kanpaina handiekin indartuak, lehen atala erostera bultzatzen du kontsumitzaile asko eta bigarrena opari jasotzen da gehienetan. Hasierako erosleetatik, gutxik jarraitzen dute hirugarren ataletik aurrera. Merkatuko joera honen berri badutenez, argitaletxeek ale kopuru izugarria banatzen dute lehen ataletik (baita bigarrenetik ere). Bigarren atalean erdira jaisten da hasierako kopurua eta hortik aurrera liburu edo egunkari saltzaileak eskatzen duen ale kopurua bidaltzen da, bildumaren hurrengo atalaren bezero kopurua kalkulatu ondoren egiten baita eskaera.

Bildumazaleak: gutxi baina leialak

Erosketa mota honen ezaugarri nagusia leialtasuna ez den arren (oso kontsumitzaile gutxik erosten dituzte bilduma bateko atal guztiak), erosten jarraitzen dutenei bilduma bukatu ahal izango dutela ziurtatzen die argitaletxeak. Edozein modutan ere, argitaletxeak bilduma bertan behera uztea erabakiko balu, asmo horren berri emango litzaieke erosleei kaleratzen diren bi azken zenbakietan. Beste muturrean leudeke, arrakasta tarteko, irailean berriro itzultzen diren bildumak eta batzuetan, bigarren bilduma (aurrekoaren berdin-berdina zenbaitetan) amaitu gabe dagoen aurrekoarekin batera saltzen da. Espainiako Editore Gremioen Federazioaren azken datuen arabera, sektoreko salmenten %10,5 osatzen dute faszikuluek eta 1998an 41.245 milioi pezetako fakturazioa eragin zuten. Argitalpen mota guzti horietarako salmenta-gune ohikoenak liburu dendak, azalera handiko dendak eta kioskoak izaten dira. Urruti geratzen dira banaketarako beste bideak, telefono, posta edo Internet bidezko salmenta esaterako.

Aprobetxatu hasierako eskaintzak produktua nolakoa den ezagutzeko. Liburuak, bideoak edo disko konpaktuak badira, edizioaren eta euskarriaren kalitatean izango dira desberdintasunik handienak. Gainera, prezio merkean lehen zenbakia ikusi ahal izateak aukera ematen du argitalpenaren benetako interesa neurtzeko. CD eta audio kaseteen kasuan grabazioaren kalitateari begiratzea komeni izaten da. Gorde izenburuen zerrenda. Zein faszikulu interesatzen zaigun jakin eta eskatu ahal izateko (gainerakoak ez erosi arren) gomendagarria izaten da, batez ere bilduma garestietan, lehen zenbakiarekin batera etortzen den zerrenda ez botatzea, sorta osoa osatzen duten izenburuen berri ematen baitu. Idatzizko, bideoko edo grabaturiko obra bat dagoeneko eduki arren, baliteke beste bilduma batetik datorren bertsio desberdina erosteko interesa izatea. Kalkulatu amaierako prezioa. Oso gomendagarria izaten da bilduma osoa azkenean zenbat kostako zaigun jakitea. Eta bukatzeko zenbat denbora beharko dugun jakitea ere bai. Badakigu aurrez atal bakoitzaren prezioa eta zenbat ale diren; beraz, biderketa hutsa da. Argitaletxeak Interneten. Faszikuluen mundua ere sartu da Interneten. www.megalibro.com/Editoria.htm helbidean argitaletxeen Interneteko helbideak ageri dira, oraindik bildumei buruzko informazioa eta on-line merkataritza guztiek eskaintzen ez duten arren. Kostu osoa eta zenbakiak argitaratzeko maiztasunaren berri ere ez dute ematen.

Informatika eta hizkuntzak, faszikuluetako errege

Azken hamarkadak errespetatu egin du betikoa eta itxuraz gaindiezina zen paperezko euskarria, baina beste formatu batzuk ere indartu dira, bideo-zintak edo disko trinkoak edo ordenagailurako CD-Romak esaterako. Estatu espainiarrean, argitaletxeek 200 bilduma inguru eskaintzen dute urtean. Informatika eta hizkuntzak dira, zalantzarik gabe, nagusi. Maila eta aldaera ezberdinetarako hainbat eskaintzaren bidez, ia merkatuaren %50 osatzen dute. Horien atzetik aisialdirako alternatibak, zaletasunak eta espezialitateak ageri dira: ehiza eta arrantza, musika klasikoa, pop musika eta zartzuela, zinea eta filmografiak ahaztu gabe, eskulanak, brikolajea, sukaldaritza, lore, landare eta lorategia, pintura, filatelia, berunezko soldadutxoak, papiroflexia, numismatika, dekorazioa... Banaketa-enpresen arabera, zerbaitegatik aukeratzen da iraila bilduma berriak merkaturatzeko, eskolara eta normaltasunera itzultzeko hila baita. Errutinara bueltatzeko hilabetetzat hartzen dugu gehienok eta une paregabea da faszikuluen bilduma bezalako kontu domestiko bati ekiteko interesa pizteko.


Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto