Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Ozono geruza eta negutegi efektua: Oraindik, ziurtasun gutxi eta zalantza gehiegi

Zientzialariek diotenez gure planetak klima aldaketa garrantzitsuak izan ditu milurtekoetan zehar eta baita denbora laburragoan ere, eta azken hamarkada hauetako aldaketak oso deigarriak direla diote, biziki azkarrak izan baitira

 Baina zientzialarien artean ere iritzi kontrajarriak daude 1980 eta 1995 bitarteko urteak azken mende honetako tenperatura altuenekoak zergatik izan diren esaterakoan. Kontuak kontu, guztiak bat datoz negutegi efektuarekin eta hori eragiten duten prozesuekin lotuta dagoela esatean.

Negutegi efektua beharrezkoa da Lurrarentzat

Beti era negatiboan aipatzen delako besterik badirudi ere, negutegi efektua fenomeno natural eta beharrezkoa da, atmosferako gasek, batez ere ur-lurrunak eta gas karbonikoak (CO2) eragina. Gas horiek eta beste batzuek atxiki egiten dute eguzkitik datorren energia kalorikoa eta bizia gara dadin behar diren mugen barruan eusten diote tenperaturari. Kontzentrazio hori gabe, lurreko tenperatura ilargikoaren antzekoa izango litzateke, 18 gradu zeropetik. Horrenbestez, negutegi efektua ez da, berez, Lurreko biziarentzat mehatxu. Baina giza jarduerak, batez ere azken hamarkada hauetan eta Ipar hemisferioan, altxarazi egin du CO2 kontzentrazioa eta aldi berean arriskuan jartzen ditu ozonoa (O3) eta beste gas batzuk. Ondorioz, eguzki-energia kopuru handiagoa geratzen da atmosferan harrapaturik, batezbesteko tenperaturak gora egiten du eta izpi kaltegarriak errazago erortzen dira Lurrera. Hala ere, oraindik ez da frogatu tenperatura igoera horren zergatia eta zenbait adituk nahiago dute erlazio hori konfirmatu aurretik zuhur jokatu.

Ozonoa ezkutu babeslea da, ez geruza

Negutegi efektuarekin gertatzen den moduan, gai hauetan ezer ez dakien herritarrak gai negatibo eta arriskutsutzat hartzen du ozonoa eta, kasurik onenean ere, estratosferan lurrazaletik 30 kilometro ingurura dagoen geruza batean kokatzen du. Zenbait iturriren arabera, hori ez da guztiz zuzena. Ez omen dago geruzarik, atmosferako kontzentrazioa desberdina baita neurtzen den lekuaren latitude eta longitudearen arabera. Ozonoaren neurketari buruzko datuak oso berriak dira eta, beraz, ez dago emaitza erabakigarririk. Hala ere, ozonoak funtsezko eginkizuna du atmosferan: ezkutu babeslearena egiten du eta eragotzi egiten du eguzkiaren izpi kaltegarriak (gamma espektroko erradiazioak) Lurrera iristea. Eta biziarentzat onuragarri direnei utzi egiten die aurrera egiten.

Atmosferaren osasuna zaindu

Teoria batzuek atmosferaren osasun kaskarrari leporatzen diote larruazaleko gaixotasun larrien edo begietako arazoen errua, oraindik bien arteko erlazioa frogatzerik izan ez den arren. Hala ere, bada nahikoa arrazoi prebentzio neurriak hartzen eta atmosferaren osasuna zaintzen hasteko. Klima aldaketari buruzko iragarpenik txarrenek aurreratzen dutenez, gaur egungo joerek jarraitzen badute, nahiko ziurra da itsasoaren mailak gora egitea, euriteen patroiak eta nekazaritzako zikloak aldatzea, koralezko arrezifetan aberatsak diren uren infekzioa eta larruazaleko eta begietako gaixotasunak ugaritzea. Hala ere, egunero lortzen diren aurrerapen teknologikoek eta ezagupen berriek lagungarri izan behar dute kalteei aurre egiteko.

Kontsumo-ohiturak aldatzea

Bistan da herritar xumeari urruti geratzen zaizkiola gobernuek ingurugiro gaietan hartzen dituzten erabaki handiak, baina guztion esku dago kontsumo-ohiturak aldatu eta gure ingurua zaintzen laguntzea. Alabaina, negutegi efektua eragiten duten gasen produkzioa gutxitu eta atmosferari kalte gutxiago eragiteko modurik onena, mundu mailako kontsumoa gutxitzea eta industria zein etxeetako jarduera kutsatzaileen ordez hain kaltegarri ez direnak ezartzea litzateke. Baina planeta honetan bizi garen gizakion beharrak albora utzi gabe, bereziki herrialde pobreenak, horiexek izan behar baitute hazkunde ekonomikorako eta "kutsatzeko eskubiderik" gehien. Gaur egun oraindik utopia hutsa da hori, izan ere, konta ezin ahala oztopo politiko, kultural eta komertzial eta beste herrialdeen interes ekonomikoak gainditu beharko lituzkete. Hala ere, egoera hobetu beharra dago, izan ere: - Materialak birziklatzen ez da oraindik behar adina aurrerapen lortu. - Produktuak kontsumitu ondoren botatzeko ohitura dugu oraindik, produktu birziklagarriak (papera eta kartoia, beira, pilak, plastikoak eta brikak...) edukinontzietara bota beharrean. - Energia alternatiboak ez dira oraindik aski eta garestiak dira. - Eguzki energiaren %1 baino ez da aprobetxatzen, iturri ia agortezina den arren. - Ibilgailu elektrikoak edo erregai "ekologikoz" mugitzen direnak bitxikeria dira oraindik, ingurugiro eragina gutxitzeko konpromisoari dagokionez lasaikeriaz jokatzen duen merkatu honetan.

Kontsumitzaileak bere erantzukizun zatia har dezake eta naturaren gainean dugun jokaera abusuzkoa utzi eta garapen iraunkorra delakoan parte hartu. Ondorengo ohiturek eragin positiboa dute ingurumenean:

  • Erabili gutxiago ibilgailua eta autoaren motorrari egin azterketa, behar den baino gehiago kutsa ez dezan. Arau hori baliozkoa da belarra ebakitzeko makina, konpresore eta abarrentzat ere.
  • Erabili gutxiago berogailua eta aire egokitua.
  • Ahal dela, bizi izateko aukeratu eskolatik edo lantokitik hurbil dagoen leku bat eta eguneroko erosketak auzoan bertan egin.
  • Lanerako ezinbestean autoa behar baduzu, optimizatu ibilbideak.
  • Herri barruan ibiltzeko, erabili garraio publikoa, bizikleta edo mugitu oinez.
  • Etxerako tresnak -hozkailuak, ontzi-garbigailuak, bonbilak eta antzekoak- erostean aukera itzazu funtzio bera egiteko energia gutxien kontsumitzen dutenak. Argindarraren fakturan gutxiago ordaintzeaz gain, domino efektua bultzatuko duzu eta fabrikatzaileek energia aldetik tresna eraginkorragoak eta, beraz, gutxiago kutsatzen dutenak egitera behartuko ditugu.
  • Eska diezaiogun Administrazioari energia aurrezpena bultzatzea. 2007. urtean Espainiako estatuan aukera izango da konpainia elektrikoa aukeratzeko eta, beraz, energia berriztagarriak erabiltzen dituena aukeratzearen abantailak kontuan izatea komeni da.

Zerk eragiten du ozonoa gutxitzea?

1977an Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek Antarktikan gasetan gorabeherak antzeman zituztenean eta handik zortzi urtera beste neurketa batek %40 gutxitu zela erakutsi zuenean, alarma piztu zen. Ozonorik eza arriskutsua da, horren menpe baitago izpi kaltegarriak geldiaraztea. Orduantxe asmatu zen "ozono geruzako zuloa" izena, zientifikoki zuzena ez den arren, egoera ilustratzeko balio duena. Klorofluorokarburoak (CFC) eta horiekin erlazionaturiko beste konposatu sintetiko batzuek arriskuan jartzen dute, nonbait, altueretako ozonoa. Lortzen oso errazak baina suntsitzen oso zailak diren elementu kimikoak dira, aerosoletan eta pieza elektronikoak garbitzeko aparretan propelente edo gas eragile gisa erabiltzen direnak eta atmosferako gas kopuru egokian eragin negatiboa izan lezaketenak. Ozonoa babesteko neurri orokor gisa, Montrealeko Protokoloa sinatu zen 1987an eta geroztik 175 herrialdek egin dute bat itunarekin: bertan, 2000. urtea jarri zen munduan klorofluorokarbonoen produkzio guztia bertan behera uzteko epe gisa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto