Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Interneten esparru bat erregistratzea, edonoren eskura: www.eneizena.com

Interneten erregistratzea eta esparru bat lortzea kontu soil-soila da: esparruak erostea ahalbideratzen duen web gune batean sartu eta eman beharreko urrats errazak ematea besterik ez da

  Zailagoa da zuk nahi duzun izena izango duen esparrua eskuratzea, gehientsuenak okupaturik baitaude honez gero. Ondorioz, esparru-ehiza geroz eta ekintza hedatuagoa da, profesional zein zaletuen artean. Interneten azkartasuna berebizikoa da, Sareari eman behar zaion garrantzia aitortu ez zioten (eta, luze gabe, beren esparruak okupaturik ikusi zituzten) enpresa eta elkarte batzuek ederki dakiten bezala. Horrenbestez, Sarearen nortasun agiria eskuratu beharra dago. CONSUMERek azalduko dizu nola jardun, hurrengo lerrootan.

Domeinu edo esparru-izenak

Esparru-izenak, erraz gogoratuko diren hitzak dira, web orrialdera azkar iristea ahalbideratzen dutenak. Esate baterako, yahoo.com edo consumer-revista.com. Nabigatzailean "consumer-revista.com" idazten den bakoitzean, Internet-eko protokoloek izen hori helbide bihurtzen dute, operatzaileak tokia bilatu eta pantailan erakuts dezan.

Domeinuak: .COM, .NET eta .ORG

.COM (komertziala), .NET (sareak), .ORG (bestelako organizazioak), .EDU (hezkuntza), .MIL (militar) eta .GOV (gobernu-erakundea) esparruek osatzen dute eginkizunen araberako sailkapena. Horietako aurreko hirurak bakarrik erregistra ditzakete enpresek edo partikularrek, une berean eta aurretiazko baldintzarik bete gabe. Arestian, lehen mailako beste zazpi esparru proposatu dira: .FIRM, .SHOP, .WEB, .ARTS, .REC, .INFO eta .NOM, alegia. Oraingoz esparru horiek bat-batean eskuratu ezin direnez, erreserba egitea egin daiteke orain bertan.

Non erregistratu .COM, .NET edo .ORG esparru bat

ICANN erakunde supraestatala da Interneteko .COM, .NET eta .ORG esparruetako izenen administrazioaren arduraduna. Web gunean InterNICeko esparru horien erregistroari buruzko informazioa aurki dezakegu eta, horrekin batera, esparrua erregistratzea ahalbideratzen duten (eta ICANN erakundeak aintzat hartuta dauden) web guneen zerrenda zabala. ICANN-ek baimenduriko erregistratzaile guztietatik Network Solutions da, inongo duda-izpirik gabe, erregistro gehien dituena: hamar milioi esparru, denera. Halaz ere, espainiera hizkuntza duten herrialdeei Nominalia-ren edo Interdomain-en (www.interdomain.org) orria baliatzea komeni zaie, Network Solutions-en maila berean dihardutelako eta, gainera, .COM, .NET eta .ORG esparruen erregistroa ahalbideratzen dutelako.

Erregistroa egiteko eman beharreko urratsak

Aurreneko urratsa, erregistratu nahi dugun lehendabiziko esparrua oraindik okupatzeke dagoela egiaztatzea izaten da. Horretarako, zeinahi enpresa erregistratzaileren orri nagusian izena ("eneizena", esate baterako) idatzi eta OK sakatu behar dugu. Ondoren, eneizena.com, eneizena.net edo eneizena.org esparruetako bat eskuragarri dagoen adierazi eta erregistratu nahi ote dugun galdetuko digu. Bat ere libre ez badago, beste izen batzuekin ere probatu ahal izango da, erabili gabe dagoen bat aurkitu arte. Hurrengo pausua, gure datu pertsonalak eta posta-helbidea (erregistroaren berrespena bertara bidaliko digute eta) agertuko dituen agiri bat betetzea izango da. Azkenean, esparruen kostua kargatzeko kreditu-txartelaren zenbakia eman behar dugu. Esparru bakoitzaren kostua, urtean, 35 dolar da (6.400 pezeta edo 256 libera). Esparrua erregistraturik, gure posta-kontuan luze gabe argibideak emango dizkigute: onartutakoan, Network Solutions firmak, esparru berrien jabetza aitortzen diguten agiriak posta bidez bidaliko ditu.

Lehen mailako esparruak

Zona geografikoen araberako sailkapenak bi letraz ezagutzen diren lehen mailako esparruak ditu bere baitan. Adibidez, .AR Argentina da, .ES izango da España eta .MX, Mexiko. Estatu horietako bakoitzak bertako esparruak administratzen ditu eta erregistratzeko nolako tramiteak bete behar diren xedatzen du. Horien kudeaketa .COM, .ORG edo .NET esparru generalena baino konplexuagoa da nolanahi ere eta hainbat egun iraun dezake. Estatu espainiarraren kasuan (.ES), esparru hori legez sorturiko enpresa edo pertsona juridikoek bakarrik eros dezakete, Sustapen Ministerioak martxoaren 21ean emaniko aginduan adierazten den bezala. Erregistroak Estatu espainiarrean egitea biziki konplexua izateak ederki adierazten du Estatu horren bi halako Txekiar Errepublikak izatea eta Italiak bost aldiz gehiago, esate baterako.

Bestelako esparruen erregistroa

Goian azaldu dugun bezala, esparru geografikoak (.ES) estatuek kudeatzen dituzte, .COM, .NET eta .ORG esparruak ez bezala, hauek unibertsalak baitira. Bada, halaz ere, hirugarren aukera: hirugarren mailako esparru-izenak erregistratzea (.es.org, adibidez). Internet-ek iRedi-ren bidez (www.iredi.com), ES.ORG amaiera duten esparru-izenen doako zerbitzua eskaintzen du.

Zeinahi izenek ez du balio

.COM esparruen kasuan ez dago arazorik baina .ES eskatzeko unean bai, izen hori duen pertsona fisiko nahiz juridikorik ez badago, lehen mailako esparrua lortzea ez da arrunt erraza izango. Horrez gainera, beste zerbait ere jakin behar da: ES-NIC (Espainiako Estatuan .ES esparruak eskaintzen dituena) erakundearen arauek, legearen, moralaren edo ordenu publikoaren kontrako termino edo adierazpenak debekaturik baitituzte.

Nahi adina nabigatzeko

Oraingoan pantailara gerturatu garenean, ikasle, irakasle zein gurasoentzat baliagarriak izan daitezkeen atari handiak eta hezkuntza-guneak aurkitzeko helburuarekin etorri gara. Edukiei exijitu behar zaien didaktikaren kalitatearekin batera, nabigazioa erakargarri eta erraza gerta dadin lortu nahi dute, euskailu hau laguntza ez ezik, ikasleentzako heziketazko denbora pasa bihur dadin ahaleginduz.

Educared. Nahitaezko bisita dugu, Sarean bilatzen dena hezkuntzari dagokionean. Interneten hezkuntza-erabilera eskolan errazteko baliabidetzat aurkezten du orrialde honek bere burua. Internautari -ikasle dela, guraso dela, hezitzaile dela-hainbat edukien ateak zabaltzen dizkio, informatibo hutsetatik datu eta lotura interesgarrienetara. Onuragarriena, nabigatzeko abiadura eta kontzeptuen argitasuna: batzuek eta besteek txango baliagarri eta interesgarria ahalbideratzen dute.

Educanet. Haurrentzat taxutuak omen diren ikono atseginek gerturatuko gaituzte eskola birtual honetako kioskora, atsedenaldira, liburutegira eta zentroetara. Ikuspegi pedagogiko, informatibo eta kontsultibotik premiazkoa den guztia ezagutzeko deus ez da falta bertako ormetan. Azkar eta erosoa gertatzen da txangoa. Aurkezpen soil horren atzetik hamaika aukera eskaintzen dituen mundua dugu.

Rincón del Vago. Edo alferraren txokoa: ikasleek derrigor bisitatu beharreko web gunea. Atsegina, burutsua, baliagarria izaki, apunte eta azterketak lortzeko, iragarkiak ezartzeko, kafetegian sartzeko... aukerak ematen ditu.

Hitz-kutxa magikoa. Printzipioz jasotzailea haurra badu, seguru aski helduak ere ederki pasako du bertan eskaintzen diren jokoetan murgildurik. Irudimena garatzeko xedez, internautak bere buruari ezartzen dizkion erronkak dira hauek. Hoberena, sartzeko erraztasuna eta diseinuaren praktikotasuna. Hezitzailea eta atsegina, biak batera.

E Pals. Orrialde honek mundu zabaleko ehunka ikaslea elkarrekin harremanetan ezartzen ditu. Bere burua, Interneteko on-line ikasgela-multzorik handientzat jotzen du, 1,9 milioi ikasle-irakasle baititu, 27.764 ikastetxetan. Informatikako irakasleari bidea zabaltzen dio, komunitate birtual horretako kide izan nahi badu.

Piscolabis.net.Txikienek ere badute bere burua prestatzeko, trebatzeko eta, zergatik ez?, ongi pasatzeko berariazko esparrua. Oraingo honetan, goresteko moduko edukiak aurkezteaz gainera, haurraren begientzako aurkezpen erakargarria da nabarmena. Eta, denetan hoberena: piscolabis horrek garai aldrebesa duten haurrak izan ditu gogoan, 8 urteak atzean utzirik, oraino 14ra iritsi ez diren txiki horiek, alegia. Bertako ipuinak bikainak dira, besterik gabe.

Donostiako Ingeniarien Eskolako Aztertzailea. Azterketa egin aurretik galderak ezagutzea nori ez litzaioke gustatuko? Hemen bermatzen dena horixe ez den arren, ezagutza aplikatzeko arrunt baliagarri suertatzen da. Norberaren posta elektronikoa entregatu ondoren, azterketak egiteko aukera ematen dute: Ingeniari Eskolako aurreko kurtsoetako sarrerako probetakoetatik hasita, Fisikako ariketak (DBH-4, Batxilerreko 1. Eta 2.ekoak) eta Matematika arte (DBH-3 eta 4., Batxillerreko 1 eta 2.ekoak). Soluzioak aurkitzeko bada gehieneko denbora mugatua eta, proba egin ondoren, ariketak igorri egiten dira.


Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto