Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

"Betiko" baloreak berreskuratu: Eredu emanez heztea, eraginkorrena

Soziologoek eta giza-harremanen arloko beste ikertzaile batzuek alarma piztu dute: gurasoak seme-alabengandik eta hezitzaileak ikasleengandik aldentzea eragiten duen giza-elkarbizitzaren hondamenak

  Indarkeria matxista geldiezina, guraso eta seme-alaben arteko desadostasunak eta ikasle-irakasle artekoak, gazteriako sektore jakin batzuek indarkeriarekiko duten lilura, asteburuetan droga eta alkoholez beterik kontrolik gabe ibiltzen diren nerabeen fenomeno berria, eskola porrot gero eta handiagoa eta horren ondorioz neska-mutilek motibazioa galtzea, enpresa batzuetako lehia bortitza... arrazoi asko eta konplexuak ezkutatzen dituen problematika baten adierazpenak dira; horietako bat balore unibertsal zenbaitekiko mespretxua da, zaharkin usaina dutelako edo modernotasunetik urritikoak direlako: gurasoekiko errespetua, guztionak diren gauzekiko arreta, edo esfortzuaren kultura, aurrerapen material eta pertsonalerako bitarteko gisa. Psikologo eta psikopedagogo bat baino gehiago hasi da horiek aldarrikatzen, atzerakoi izatearen edo modaz kanpo eta boladan dauden baloreen kontra dagoenaren irudi negatiboa bereganatzeko arriskua izan arren; balore moderno horien artean daude indibidualismoa, edozein desio berehala asetzea edo gauza guztien gainetik, ongi pasatzea. Badirudi gure gizartearen zati handi bat eskatzen ari zaigula erantzukizuna dugunok, guraso, hezitzaile eta hedabideok, "betiko" balore horiek berreskuratzea. Balore horiek gizarte-bizitza bultzatu eta gure bizitzari zentzu humanoa, zibikoa (zein hitz zaharkitua itxura batean, eta zein adierazgarria gaur ere!) eta solidarioa ematen baitiote gure bizitzari.

Eredu emanez erakutsi

Azken hamarkadetan jarrera pedagogiko bigun eta irekiagoak nagusitu dira, agian aurrez izan diren beste planteamendu behartzaileagoen eta elkarrizketaren aldeko ez zirenen aurkako erreakzio gisa. Gaur egungo joerak egiten uztea du oinarri, pertsonaren bat-batekotasuna ez zapuzteko printzipioan oinarritua. Guraso eta seme-alaben arteko harremanetan eta ikasle eta irakasleen artekoetan antzeman da batez ere hori. Bilakaera hori azaltzen duen arrazoi sozial, politiko eta ekonomiko asko dago (emakumea lan munduan sartu da eta gurasoek ez dute ia astirik seme-alabak ikusteko eta are gutxiago hezteko); baina ez gara hor geratuko. Guraso eta hezitzaile askok uste du irekitzearen aldeko esperientzia hori ez dela erabat positiboa izan. Nerabeei kosta egiten zaie guraso eta hezitzaileen autoritate morala aitortzea eta familia askotan azaltzen dira elkarbizitzako arazoak. Eta gazte gehiegik jokatzen du (nagusiek ere bai, jakina) besteenganako elkartasun eta errespetuzko printzipiorik oinarrizkoenak ahaztuta. Azalpenak emateko eta haurrari edo gazteari entzuteko joera gutxi duen autoritarismo lehor eta hotzetik, "dena libre" delakoaren permitibitatera pasa gara (balio beza gehiegikeriak). Eta adituen ustez, belaunaldi oso bat behar izango dugu elkarrizketa bidezko autoritatea berreskuratzeko; askatasun pertsonala eta elkarbizitza soziala ikasteko beharrezko diren muga zentzuzko, bidezko eta negoziagarriak finkatu eta ezartzen dituen autoritatea berreskuratzen. Zalantzarik ez zaila dela baloreetan heztea, jokaera kontrolatzaile eta errepresiboa daukagunean; baina egunean baino egunean argiago geratzen ari da ez dela errazagoa hori lortzea gaur egun etxe askotan nagusitu den tolerantzia ia mugagabearekin. Guraso, hezitzaile eta orokorrean pertsona heldu askok beldurra dute gazteei kontra egiteko, arrazoia izan arren. Hala ere, kontua ez da errua geure buruari botatzea, edo orain gaude lekura nola eta zergatik iritsi garen jakiteko errudunak bilatzea, bakoitzak, parte inplikatu garen aldetik, balore horietan oinarritutako heziketan dagokigun erantzukizun zatia geureganatzea baizik. Eta besteei helarazi nahi dizkiegun baloreak geuk biziz bakarrik lortuko dugu hori. Izan ere, heztea eredua emanez komunikatzea da funtsean, jokaerak eta portaerak transmititzea. Testimonialtasuna modaz pasa zen, zorionez. Ez dezagun sekula ahaztu eredu garela hezi nahi ditugunen aurrean.

  1. Pertsona nagusiak errespetatu: ia inposaketa gisa bizi izan dugu "aita edo ama, aitona edo amona delako"; esanekotasun itsu horren lekuan, neke handiko bizitzaren bidez gure gizarte aberats hau eman digutenekiko zinezko errespetua jarri behar dugu.
  2. Hezitzaileei prestigioa eman: lanbide horri berriro merezi duen duintasuna eman eta autoritatea onartu. Eta haur, gazte eta helduei hala ulertarazi. Ezinbestekoa da.
  3. Inguruan ditugun ahulekiko elkartasuna (eta ez bazterturikoekikoa bakarrik).
  4. Ondasun eta zerbitzu publikoekiko errespetua: "hau guztiona da eta egoera onean egon dadin zaindu behar dugu" maximarekin eta denon ondarea geurea balitz bezala zaintzeko ardurarekin hezi.
  5. Ez gaitzala kontsumismoak eraman. Ongizate materiala ez da txarra, baina saia gaitezen kontsumitzaile zentzudun eta informatuak izaten eta eroste hutsagatik erostera eramaten gaituen antsietatea kontrolatzen. Frustrazioa, hondamen ekologikoa eta beste atsekabe prosaikoago batzuk besterik ez dizkigu eragingo.
  6. Entzuten ikasi: baldintzarik gabe (epairik eta aurreiritzirik gabe), era aktiboan eta enpatiaz, solaskidearekin egiazko komunikazioa lortuz eta bere lekuan jartzeko ahalegina eginez.
  7. Itxoiten, norbere txandaren zain egoten ikasi. Lehena izateko eta gauza guztiak lehen kolpean eta azkar lortzeko antsietatea gainditu. Besteak ere zain daude.
  8. Galtzen eta huts egiten ikasi eta porrota garapen pertsonalean ikasteko oinarrizko prozesu gisa onartzen ikasi. Ezezkoa dramarik gabe onartzen jakin behar da. Asko entzun beharko ditugu bizitzan zehar.
  9. Erantzukizunaren zentzua garatu, esfortzuaren kultura indartu. Antolakuntza, puntualtasuna, gauzak ongi egiteko gogoa... oso planteamendu positiboak dira.
  10. Autoestima indartu, geure burua zaindu. Nork bere buruarekiko onarpena, estimazioa eta arreta zaindu.

Baloreek gizatiar eta libreago egiten gaituzte

Argi izan behar dugu pertsona bakoitzaren balore eskalak eta sinesmenek erabakitzen dutela bere pentsaera eta portaera. Balore sistema finkatua eta gizartearen gehiengoak onartua ez izateak definizio eta defentsarik gabe uzten du gizakia, heldutasun gutxien duena batez ere, eta hutsune esistentzialean murgiltzen da, besteen mende eta jokaera-irizpide eta modarik xelebreenen esku uzten du. Aitzitik, baloreak kultura gisa onartuta, inguruko pertsonekin eta gizarte osoarekin elkarrekin banatzen dugun aberastasun gisa hartuta, nor garen jakiten laguntzen digute, nora goazen, zer nahi dugun eta zein bitarteko edo tresnak eramango gaituzten gure bizitzako lorpen nagusira: ongizate emozionala, bizitza kalitatea deitzen dugun horren funtsezko elementuetako bat lortzera.

Balore horiek ez daude denboraren eta koiunturaren baitan, ez baitute zerikusirik indarrean den sistema ekonomiko edo politikoarekin edo uneko gorabehera konkretu edo modekin. Denboraz kanpokoak dira, hain humano eta gizartekotasuna eta pertsonen arteko harremana bultzatzen dutenak izanik. Egoeraren gainetik daude, giza-duintasunarekin duten lotura sendoagatik. Eta besteen iritzi eta beharrizanekiko errespetua aldarrikatzen dutelako. Norbere baitako baloreak dira, garatu ezin direnak, pertsona askatasunean eta printzipio batzuekin era koherentean bizi ez bada. Printzipio horiek lotura handia dute guztiok gizakiak garela ulertzeko dugun erantzukizunarekin, eta bakoitzak bere duintasuna, beharrizanak, zaletasunak eta geure emotibitatea ditugula ulertzearekin. Desberdintasunean ere, oso berdinak garela, azken batean. Giza Eskubideen Aitormen Unibertsalak dio betiereko baloreen eramaile dela gizakia eta balore horiek beti errespetatu behar direla. Guztiok aitorturiko balore horiek elkarrizketa unibertsalerako oinarriak jartzen dituzte eta gidari gisa balio diezagukete: norbanakoari, bere garapenerako; eta gizadiari bakean eta harmonian bizi izateko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto