Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ur mineral natural ontziratuak: Gustu, premia eta prezioen kontua

Oraingoan ur mineral naturala aztertzeko 1,5 litroko zortzi lagin aukeratu dira, hauen batez besteko prezioak 35 pezetatik (Betelu) eta 56 pezeta bitartekoak (Lanjarón eta Font Vella) izanik

 Ur mineral naturala, berez naturan dauden edo gizakiak sortaraziak diren ubegiei darien izaera mineraleko ura da, kimiko zein mikrobiologikoki aratz edo hutsa, jatorriz. Ur horren guztirako eduki mineralaren arabera, oso mineralizazio apaleko uretatik (litroko, 50 miligramoko hondakin lehorrekoak) mineralizazio handiko uretaraino (1.500 mg litroko) bereizten ditugu. Beste alde batetik, osagai batzuen edukiari begira, hainbat izenduratako urak ditugu: bikarbonatotsuak, sulfatatuak, etab. Gaur aurkezten ditugunak mineralizazio apal-apalekoak (Bezoya) edo apalekoak (Font Vella, Lanjarón, Alzola, Corconte eta Solares) dira. Betelu eta Insalus mineralizazio ertainekoak dira, nahiz indarrean dagoen legeriak xedatu gabe duen litroko 500 eta 1.500 mg bitarteko hondakin lehorra duten urak izendatzeko kategoriarik. Beste alde batetik, konduktibitateak (disolbaturik agertzen diren ioi edo gatzen berri gaztigatzen duena), batetik bestera, dezenteko gorabeherak azaldu zituen: handia zen Betelu, Insalus, Solares eta Corconte laginetan, Bezoya markakoaren aldean, batik bat.

Era berean, pH faktorearen batez bestekoak (7,21) ur mineral hauen izaera alkalino samarra agertzen du, Bezoya, Lanjarón eta Corconte pittin bat azidoagoak badira ere, 6,05 eta 6,42 bitarteko pH-koak, hain zuzen. Azterketarekin jarraiki, Font Vella, Lanjarón eta, biok baino lehenago, Bezoya, mineral-eduki txikia dute bereizgarria: bikarbonato, kloruro, sodio, kaltzio eta magnesio gutxi dute, batez ere. Alzola markakoak, aurrekoek baino mineral gehiago dauka, sodio, kaltzio eta kloruro-kopuruak handixeagoak (apala, dena den) baititu. Corconte nabarmentzen da, kloruro, sodio eta potasio-edukinengatik. Solares laginaren bikarbonato-ekarpena handia (253 mg/l) izanik, magnesio eta kloruroetan ere goitik agertzen da. Betelu eta Insalus laginek, eduki mineral garrantzitsua dutela, kaltzio eta magnesioen edukia dute azpimarratzekoa, Betelu markakoak dituen sodio eta kloruroez, eta Insalus laginaren sulfatoez gainera. Beste alderdi batera goazela, egoera mikrobiologikoa lagin guztietan zuzen zegoenez, zortziak ziren kontsumitzeko modukoak.

Era berean, etiketa egokia dute denek Corconte laginak izan ezik: honek, marka horretako urak hainbat gaitzetan duen eragin mesedegarriari buruzko aipamena egiten du, nahiz horrelakoak legeriak zorrozki debekatzen dituen. Dastaketaren araberako sailkapena egiteko unean uren kalitatea adierazten duten irizpidetzat, zapore garbia, freskoa, akats gabea izatea proposatu zen. Ordenua eta mineralizazio-kopurua, batetik, eta kaltzio eta sulfatoen kopurua, bestetik, bat etorri ziren: zenbat eta mineralizazio apalagoa, orduan eta puntuazio hobea. Font Vella, Bezoya eta Lanjarón laginek bereganatu zituzten goiko postuak eta Solares, Betelu eta Insalus (hondakin lehorrik gehien dutenak, hain zuzen ere) azkenekoak gertatu ziren. Kontsumitzaile jakin baten ikuspegitik, ordea, norberak harturiko azturen edo zaletasunen arabera, bezeroak batera edo bestera jotzen du, gainerako irizpideak ahantzita. Dastaketan, gainera, nork bere zaletasunak eta bere iritziak ditu. Kalitate/prezio erlazio egokiena adieraztea ez da kontu erraza baina, halaz ere, Bezoya (litro eta erdiko botila 49 pezeta kostatzen da) izan liteke mineralizazio apal edo apal-apaleko uretan hoberena eta Betelu (zortzietan merkeena, 35 pezeta baino ez da kostatzen), berriz, mineralizazio handixeagoa nahiago dutenen ikuspuntutik.

Ura, mintzagai

Gure organismoko funtzioetan duen berealdiko eraginagatik, ura ezinbestekoa dugu, biziko bagara: bera da, elikagaietako nutrigarrien ohiko absortzioa, garraioa eta erabilera gauzatu ahal izateko nahitaezko bitarteko edo baliabidea eta berari esker irauten du normaltasunean gorputzeko tenperatuak. Izaki bizidunetan ura ubikuota eta ugaria da. Zelularen pisuaren %80 ura da eta pertsona heldu baten edukiaren %65a ere, ura.

Ur hori, organismoko hainbat ataletan banaturik agertzen da. Bai ura hartzea, bai eliminatzea ere, zehazki erregulatutako funtzioak izango dira, ur-kopurua muga egokien barnean manten dezagun. Egunean, gure ur-premia pare bat litrokoa da: ur hori hartzen dugu edarien (ura, esnea, infusioak, freskagarriak) bidez, elikagai guztietan datzanaren (letxu baten %95, txahal-txuleta baten %65 ura da; azukreak, aitzitik %0,5 baizik ez du ura) bidez eta elikagai horien gainontzeko makronutrigarrien eta gure ehunen metabolismoaren erantzunez liberatzen den uraren bitartez. Guk errazen erregula dezakeguna ekarpen exogenoa dugu, egarria baita ur bila mugiarazten gaituena eta egarria kontrolatzen duena ur-galera edo -kanporaketa da, hurrengoek eragina, besteak beste: gernuak, gorozkiek, transpirazioak, arnasketak eta nekezago koantifika daitezkeen bestelako galera xumeek.

Ikerlan honetan aztergai dugun ur minerala, hainbat sakonera-mailatan eginiko zulaketei esker lur-azalera iristen diren ubegietatik erdiesten da. Honelako urak eta edaten diren gainerakoak bereizten dituena jatorrizko araztasuna da, lur azpitik datorrenez, kimika- nahiz bakterio-bitarteko kutsaduretatik aske baitago lats edo ubidea. Ur mineral natural honela definitzen da: "bakteriologikoki osasuntsuak dira urak, lurrazpiko hobietatik erauziak eta naturan berez dauden edo zulatuak izan diren hainbat gunetan ubegiei darie".

Bestelakoak dira ubegikoak: lur azpian jatorria dutela, ur edangarri hauek berez igotzen dira lur-azalera edo, bestela, horretarako eginiko lanei esker erauzten dira; hauek, kontsumitu aurretik, gutxieneko prozesu fisikoak nozitu behar dituzte, kontsumitu nahi ez diren materialak bereizteko. Ur mineral naturalari bi eragiketa bakarrik egin dakizkioke, berezko osakera funtsez aldatu gabe, haren kalitatea hobetzeko, hots: burdina, sufrea eta antzeko konposatu natural egongaitzak ezabatzea eta gas karbonikoaren edukia aldatzea. Urak nahi ez bezalako kolore, zapore edo usaina izan ez dezan kentzen zaio burdina eta sufrea, partzialki edo osoki.

Uretan disolbaturik agertzen diren gaien mota eta kopurua, berriz, iturria azaleratzen den eskualdearen tipologia geologikoaren araberakoak izaten dira. Esate baterako, sakoneko geruzetatik mineral ugari duen ura ateratzen da, biziki karbonatatua. Bidean gora doala kare harria topatzen badu, ur gogorra suertatuko da, hau da, kaltzio- eta magnesio-gatz asko dituena; hondar konpaktua baldin badu eragozpena, ur erdi-gogorra izango da eta, bestela, granito edo basaltoa baldin badu bidean, ur samurra. Substantzia solugarri horiek ura zaporeaz hornitzen dute: sodio eta kloruro ugari duten uren gustua gazi samarra da; kaltzio- eta magnesio-gatzak dituztenek gustu zurrun, lurkara dute; sulfatoek, azkenik, tejo mikatza ematen diote urari. Mineralen guztirako edukiaren arabera, hainbat ur mineral naturalen mota ditugu:

Osakera kimikoa, xehetasunez

Azterketa kimikoak alde nabarmenak erakutsi ditu ur hauen eduki mineralen artean. Hondakin lehorrean, litroko, 35 eta 816 miligramoko aldea hauteman zen, batez bestekoa 400 mg inguruan zebilela. Hondakin lehorrak, jakina denez, urak, denera, zenbat mineral daukan adierazten du eta, adibidez, Bezoya laginaren kasuan, oso mineralizazio apalekoa (35 mg/l) dela erakutsi zuen; Font Vella, Lanjarón eta Alzola, aldiz, mineralizazio apaleko urak lirateke. Corconte eta Solares, litroko, 500 mg inguru daude, kopuru hori gainditzeke: beraz, azterketan erdietsitako datuen arabera, mineralizazio apalekoak dira. Betelu (656 mg/l) eta Insalus (816), bereziki, 500 miligramotik gora dabiltza (baina, dena den, mineralizazio handikotzat jotzeko nahitaezkoa den 1500 mg-ko muga gainditu gabe). Beste ikuspegi batetik, konduktibitatea ur horrek disolbaturik dauzkan gatzen (edo, zehazkiago esateko, ioi-mota eta kopuruaren) berri-emaile dugu. Lagin-multzo batek disolbaturiko ioi edo gatz gutxi zeuzkala atzeman zen (Bezoya, Font Vella, Lanjarón eta Alzola) bitartean, beste batekoak (Corconte, Solares, Insalus eta Betelu) gatz asko zuten disolbaturik. Uraren izaera azido edo alkalinoaz informatzen gaituena pH faktorea da eta urak disolbaturik dauzkan CO2, karbonato eta bikarbonatoen eragina adieraz dezake. Batez besteko pH-ak (7,21) ur hauek alkalino samarrak direla dioskunez, Font Vella, Alzola, Solares, Betelu eta Insalus ur alkalinoak dira eta Bezoya, Lanjarón eta Corconte laginek, berriz, azidoxeak, izaeraz. Balio hau eta bikarbonatoen edukia erkatzen baditugu, handia da proportzioa Solares (253,2 mg/l) eta Betelu (247 mg/l) markakoetan, eta apala, aldiz, Bezoya (10,2 mg/l) eta Corconte (61 mg/l) laginetan. Metal alkalinoen artetik, sodioaren agerpena nabarmentzen da besteen gainetik, are potasioaren edukitik ere.

Gauzak horrela, uren sodio-kopurua 54 mg/l izan zen, batenaz beste, zifra zenbait azpimarratzekoak baziren ere: 132 mg/l (Conconte) eta 127 mg/l (Betelu). Beste muturrean, Font Vella, Bezoya, Lanjarón eta Insalus laginen sodio-edukia ozta-ozta iritsi zen 20 miligramotara. Horrenbestez, arauari jarraiki, sodio gutxiko dietetetan kontsumitzeko egokiak dira. Potasioaren edukia, batenaz beste, 1,5 mg.koa zen, litroko, inoiz 3,1 mg.tara (Corconte) iritsi bazen ere. Kaltzio eta magnesioa -metal lur-alkalinoak izaki- ere badituzte honelako urek. Nutrizio-alorrean izan dezaketen garrantziaz kanpo, mineral-gatz hauen edukiak uraren gogortasunean du eragina: zenbat eta kopuru handiagoa, orduan eta ur gogorragoa dugu. Insalus (166 mg/l kaltzio eta 15,4 mg/l magnesio) eta Betelu (108 mg/l kaltzio eta 15,4 mg/l magnesio) ditugu, adiera honetan, nabarmentzeko modukoak. Ur hauen mineral-edukia batenaz bestekoaren gainetik dago. Bezoya laginaren edukia, ostera, arrunt apala da: 2,1 mg/l kaltzio eta 0,4 mg/l magnesio. Kloruroak oso ohiko ioiak dira ur mineraletan. Gure lanean aztertu diren uren batez bestekoa 82 mg da, litroko, Corconte (211 mg/l), Betelu (197 mg/l) eta Solares (142 mg/l) nabarmentzen direlarik. Eduki hori, ordea, oso apala du Bezoya laginak: 0,7 mg/l baino ez. Sulfatoez ari garela, Insalus markaren 368 mg/l kopurua dugu azpimarratzekoa, batenaz bestekotik (74 mg/l) dezente gora. Font Vella eta Bezoya dira sulfato gutxien dituztenak, litroko ez baitira iristen 15 miligramoetara ere. Urak nitratorik ez badu, hobe; edo, bestela esateko, muga batetik behera behar du. Aztertutako laginetan, nitratoen edukia 2,8 mg/l inguru hautematen da, hau da, oso kopuru apal eta zuzena.

Kontsumitzeko egokiak eta aratzak

Ur minerala bereizten duen ezaugarrietako bat araztasuna da, garbitasun edo gardentasuna, lur azpian zegoeneko sakonerak adierazten duena, hein handi batean. Baliteke lur-azalean kimika eta mikroorganismo-kutsadurarik egotea, baina zenbat eta sakonago orduan eta arriskua ahulagoa izaten da. Irtengunean, ordea, ur mineralak bertako edo berezko flora agertzen duenez, jatorrian zuen kalitate bakteriologikoa bermatzeko moduko baldintzetan bildu behar da ura. Bestetik, behar bezala kontserbatuko dela egietsiko duten baldintzetan gorde behar da, eguzki-argitatik eta usain agresiboetatik kanpo, toki fresko eta lehorrean, alegia. Azterketa honetan hautatu diren ur mineralek ederki asko gainditu zituzten azterketa mikrobiologikoak: beraz, kontsumitzeko egokiak ziren.

Etiketa: lagin batek araua urratzen du

Zeinahi elikagaik nahitaez eman behar duen informazioaz gainera, ur mineral naturalek bestelako baldintzak ere bete behar dituzte. Izena, esate baterako, "ur mineral naturala" izango da eta, dagokionean, "ur minero-medizinala", tamaina txikiagoko letretan erantsia. Ubegiaren edo ustiapena egiten den tokiaren izenaz gainera, Estatu espainiarreko urek zein udalerri eta zein probintziatakoak diren ere agertu behar dute. Era berean, azterketako emaitzen oniritzi ofizialari buruzko aipua ere izango du etiketak: azterketa zein datatan egin zen edo uraren osakera analitikoa adierazita. Irtengunean ura zein tenperaturatan ohi dagoen, ubegia edo ustiapen-gunea mineral natural edo erabilgarritasun publikokoa zela noiz ofizial egin zen, eta uraren ezaugarrien berri (sodio gutxiko dietetan egokia dela, adibidez) adieraz daiteke, gainera, legerian agindutakoaren arabera. Gaitzak aurreikusi, tratatu edo sendatzeari buruzko aipamenak eranstea ere berariaz debekaturik dago. Azterturiko zortzi ur hauetako zazpik zehazki betetzen dute dena, baina Corconte laginaren etiketak adierazten du giltzurrun zein gernu-bideetako gaitzen eta gaixotasun metabolikoen kontra eragiten duela marka horretako urak: beraz, arauak xedatutakoa urratu egiten du, horrelakorik adieraztea galarazia duelako. Denek dute minero-medizinaltzat bere burua. Egungo araua indarrean sartu aurretik adierazpen hori zutenek horrela jarraitzea onartzen den arren, horrek ez du esan nahi kalitate hobekoak direnik edo gaitzak sendatzeko balio dutenik. Beste aldetik, legeriak xedaturiko baldintzak zehazki betetzen dituzte etiketek, oro har: Bezoya markakoak bere burua mineralizazio apal-apalekotzat jotzen duen bitartean, Font Vella, Lanjarón, Alzola eta Solares laginak mineralizazio apaleko bezala agertzen dira. Font Vella, Bezoya, Lanjarón eta Insalus urek, bestetik, sodio gutxiko dietetan egokiak direla diote; aurreneko hirurak, era bertsuan, haurrentzako elikagaiak prestatzeko egokiak omen dira, etiketen arabera. Alzola markakoa bakarrik agertzen da adierazpen berezi batekin: "diuretikoa izan daiteke", alegia.

Legez baimenduak daudela, esan dezagun, azken bi esaldi hauek direla eta, betetzeko muga edo irizpiderik ez dagoela. Beste adierazpen garrantzizko bat, botilak nola gorde behar diren: toki garbi, fresko, lehorrean, usain agresiboetatik eta eguzki-argitatik kanpo. Hor hauteman den irregulartasun bakarra Insalus laginarena da, eguzki-argitasunetik babesteko aipamenik ez baitu etiketan egiten. Insalus eta Alzola markako laginek, berriz, ura zein sakoneratan sortzen den adierazten duten bitartean, Alzolak uraren tenperatura ere jakinaraziko digu. Baina, ontziaren ezaugarriei dagokienez, gehientsuek urratzen dute araua, zeinek osakera (PET), zeinek izaera birziklagarri, zeinek bolumen murriztagarri, zeinek hurrengoetan botilak ez erabiltzeko aipamenik egiten ez duela.

Ur honen usain eta zaporea

Urak, berez, ez zaporerik ez usainik ez izatea aski erlatiboa da, ur mineralez ari garela. Dastaketako emaitzek, zortzi ur-laginen arteko alde nabarmenak gaztigatzen dituzte, bai itxurari (kolore eta gardentasuna), bai ezaugarri organoleptikoei dagokienez (usain, gorputz, zapore, atze-gustua). Font Vella, Bezoya eta Lanjarón laginek, zapore arin, garbi eta freskoa, akats gabea, agertzen dutelarik, gainerakoek baino kalifikazio hobeak jaso dituzte.

Alzola, laugarren onena izaki, ez zen erabat ona, atze-gustu lakar, latza erakutsi baitzuen, plastiko-tejoarena edo. Corconte laginaren zapore gazia izan zen nabarmena, agian besteek baino kloruro eta sodio gehiago daukalako. Solares eta Betelu laginetan ere, dastatzaileek ezaugarri horixe adierazi zuten, eta mikaztasun-, plastiko- edo kimika-tejoa gogorarazten duten lorratzen agerpena ere. Insalus laginak, azkenik, atze-gustu mikatza omen zuen, garratz eta iraunkorra, sulfato-eduki handiagoarekin zerikusia izan lezakeena, apika. Dastaketako kalifikazioek mineralizazio apaleneko urak saritu dituen bitartean, mineralizazio-mailari dagokionez, urak bi multzotan sailkatu ditu: Font Vella, Bezoya eta Lanjarón batetik, eta Corconte, Solares, Betelu eta Insalus, bestetik. Alzola (dastaketan hobekien baloratutako hiru urek bezain mineralizazio apala ez badu ere) erdibidean suertatu da. Kontsumitzaileak, ordea, gustu gazi edo gezagoak, samur edo gogorragoak, zaporetsu edo gexalagoak nahiago izango ditu, norberaren ohitura edo zaletasunen arabera.

Según el contenido global en minerales, o de algunos de ellos, se distinguen varios tipos de agua mineral natural

  • Mineralizazio apal-apaleko urak: 50 mg-rainoko hondakin lehorra dute, litroko.
  • Mineralizazio apaleko urak: 500 mg-rainoko hondakin lehorra dute, litroko.
  • Mineralizazio handiko urak: 1.509 mg baino hondakin lehor gehiago dute, litroko.
  • Bikarbonatotsuak: 600 mg baino bikarbonato gehiago dute, litroko.
  • Sulfatatuak: 200 mg baino sulfato gehiago dute, litroko.
  • Klorurotsuak:200 mg baino kloruro gehiago dute, litroko.
  • Kaltzikoak: 150 mg baino kaltzio gehiago dute, litroko.
  • Magnesikoak: 50 mg baino magnesio gehiago dute, litroko.
  • Fluoratuak edo fluoruroak dituztenak, 1 mg baino fluoruro gehiago dute, litroko.
  • Burdinatsu edo ferruginosoak, 1 mg baino burdina dibalente gehiago dute, litroko.
  • Azidulatuak: 250 mg baino CO2 libre gehiago dute, litroko.
  • Sodikoak: 200 mg baino sodio gehiago dute, litroko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto