Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Arte erromanikoa eta gotikoa: Erromaniko eta gotikoaren ibilbidea, udako kultur alternatiba

Eguzkia, mendia eta hondartza bestelako bisita turistiko batzuekin bateratzen du pertsona askok oporretan eta beste garai batzuetako bizitza miresteko, monumentu artistikoak bisitatzen ditu

Horregatik, Erdi Aroan garatu ziren edertasun handiko bi estilori buruzko hainbat zertzelada bildu ditugu CONSUMEReko lerro hauetan: erromanikoa eta gotikoa dira.

Eraikin erromanikoak sendotasuna bilatzen du

Arkitektura da arte erromanikoaren oinarria eta hartara egokitzen dira eskultura eta pintura ere. Eraikin mota horren helburua eraikin merkeak eta oso iraunkorrak egitea zen. Horretarako, material sendoak erabiltzen ziren, harlandua batez ere, eraikin eskergak lortu ahal izateko. Horren ondorioz zaila izaten zen baoak irekitzea eta eraikinari altuera handiagoa ematea. Leiho gutxi izatearen ondorioz, eraikinak ilun samarrak izaten ziren, fededunak beren baitan bil zitezen. Eraikin bat erromanikoa dela esateko ezaugarri nagusia ate eta leihoetako puntu erdiko arkuak dira, arkiboltaz (arkuaren kanpoko aldeko apaingarriz) errematatuak. Espazio handietarako kanoi-gangak erabiltzen ziren, kontrahorma edo zutabeetan eutsitako arkuen gainean.

Eraikinen oinik ohikoena hiru edo bost nabekoa izaten zen, erromatar eraginekoa eta lauki luzearen itxurakoa, eta gurutze latino itxurako oina, bi nabe zituena: erdikoa eta zeharkakoa. Erdiko nabea abside batean amaitzen da (zirkulu erdiaren itxurakoa, buru aldean), eta kapera erdi-zirkularrak jartzen dira han (absidioloak). Gurutzadurak kupula ere sarri izaten du. Erromanikoaren beste elementu batzuk: gurutze itxurako pilareak, kapitelak (pilare eta zutabeen erremateak) elementu bejetal, geometriko eta figuratiboz apainduak; portiko txaranbeldunak eta erliebeekin dekoratuak, maineldun leihoburuak (leihoburuaren pisuari eusteko zutabea erdian dutenak), tinpano apainduak, Pantokratorra (Kristo, Epaile Goren gisa irudikatua) eta Tetramorfoak (Pantokratoren alboetan eta simetrikoki lau ebanjelariak agertzen dira: Mateo, aingerua; Markos, lehoia; Lukas, zezena eta Joan, arranoa)

Erromanikoko eraikin adierazgarriak

  • Frantzia: Cluny Monasterioa, Sainte Madeleine Vézelay eta Nôtre Dame Poitiers-en.
  • Italia: Italiako erromanikoa oso originala da, estilo klasiko, bizantziar eta klunitarraren nahasketaren ondorioz. Milanoko San Anbrosio (kanpandegi oso garaia), Modenako katedrala, Pisako katedralak eta Letrango San Joanen Klaustroa eraikin adierazgarriak dira.
  • Espainia: Kataluniako erromanikoa nabarmendu behar da, dorre ederreko eraikin txikiekin, San Pedro de Roda Monasterioa (Girona) eta Santa María de Ripoll, adibidez. Aipagarri dira Santiago Bideko erromaniko purua; Jakako Katedralekoa (Huesca), eragin mozarabekoa; Leongo San Isidro kolegio-eliza, Fromistako San Martin (Palentzia) eta Compostelako Santiagoko Katedrala (geroago estilo gotikoa eta barrokoa erantsi zitzaizkion). XII. mendean nabarmendu ziren artean, Gaztelako eskola Segoviako San Esteban eliza, Ávilako Harresiak (erromanikoko harresien eredu) eta Soriako Santo Domingo horren lekuko; Galiziako eskola Tuy-ko katedralarekin, Pontevedran, adibide garbi gisa; Nafarroako eskola, erromanikoa Nafarroatik sartu baitzen penintsulan, Eunateko Santa Maria eliza bitxi eta biribilarekin eta Kataluniako eskola, Gironako Katedraleko klaustro aipagarriekin.

Arte gotikoa, burgesek bultzatua

Gotikoa XII. mendean hasi zen eta XIII. mendean lortu zuen maila gorena. Arte gotikoaren garapena merkataritzan oinarritutako loraldi ekonomikoarekin batera gertatu zen. Erromanikoan zehar jauregiak edo abadiak ziren erdigune eta feudalismoaren euskarri. Baina pertsona kualifikatuek lortu zuten jauntxoen lurrak edo monasterioak uztea eta beste leku batzuetan finkatu ziren. Horrela, hiriak (burguak) sortu ziren berriro eta jabetza pribatua garatu zen. Hiri horietako bizilagunek, burgesek (artisau, nekazaritzako produktuen saltzaile, gremio abarrek) estilo gotikoa bultzatu zuten. Estilo horretako eraikin behinena katedrala da, hirietako burgesaren botere ekonomikoaren enblema gisa eraikia.

Arkitektura gotikoaren bertikaltasuna

  Erromanikoan linea horizontalak nagusi baziren, gotikoak bertikaltasuna bilatzen du, barruan (pilareak estilizatu eta altuagoak dira eta sabaiak arintasun sentsazioa ematen dio eraikinari) eta kanpoan (pinakuluak, dorreak eta geziak zerura begira, pisugabezia areagotuz). Obra gotikoa kanpora begira pentsatua da eta horregatik, argiari sartzen uzten dioten beiratez jantzi zen. Arkitektura gotiko erlijiosoan katedrala da nagusi eta hiritar guztien partehartzearekin eraikitzen da; bistakoa da hirien arteko lehia, zeinek handiagoa eraiki. Arkitektura zibilak ere garrantzi handia hartu zuen: udaletxeak, gazteluak... Katedralek 3 edo 5 nabeko oina dute, gurutzadura eta girola edo absidea inguratzen duen nabe bakun edo bikoitzarekin; horietan kapera poligonalak irekitzen ziren (ezin baitzen beirate zirkularrik egin).

Hiru ate dituzte: bat oinetan (mendebaldean) eta beste bi gurutzaduraren alde banatara (iparralde eta hegoaldean) eta gehienetan bi dorre barrenean. Obrak ez dira dagoeneko anonimoak, maisuek egiten baitituzte. Gotikoaren elementu adierazgarri gisa pilareak aipatu behar (hasieran lodiak eta geroago zilindro erakoak), arbotanteak (pinakuluez burutuak) eta kontrahormak, gargolak (barruko hodi baten bidez euri-ura husteko munstruo-irudiak, hormetako hezetasuna ekiditen dutenak), ojiba-arkuak, lantza itxurako bihurtzen direnak, gurutze-gangak (nerbio finen bidez lotuak), burdina eta berunez eutsitako beirateak (Erromanikoko horma-pinturen ordez), arrosetoiak (barreneko atarian eta batzuetan baita guretzeko ateetan ere) eta droseleteak (eskultura baten gainean jarritako sabai oso apainduak).

Monumentu gotiko adierazgarriak

  • Frantzia: Saint-Denis Abadia eta Nôtre Dame katedrala Parisen, Chartres, Reims eta Amiens-ko katedralak.
  • Ingalaterra: Salisbury katedrala, Gloucester katedraleko klaustroa Wells-eko katedralaren gurutzadura.
  • Italia: Siena, Fiorentza eta Milanoko katedralak eta Sienako Jauregi Publikoa.
  • Espainia: Aintzaren Atariko Kripta (Santiago), Tuterako kolegio-eliza, Zamora, Cuenca, Burgos, Toledo, Leon, Bartzelona eta Mallorcako Palmako katedralak.
  • Alemania: Kolonia eta Ulm-eko katedralak.
  • Portugal: Batalha-ko monasterioa eta Belém-eko dorrea (Lisboa).

Kristautasuna hedatu eta arte erromanikoa sortu

Erromanikoa Europako Mendebaldean sortu zen XI. mendeko lehen urteetan eta XII. mendearen amaiera aldera arte iraun zuen. Garai hartan egoera politikoa egonkortzen hasia zen Europan eta herri barbaroek -ordurako erreinuak finkatuta zituzten- antolatzen zuten kultura eta ekonomia arloetako bizitza. Kristautasuna gehiago hedatu zen eta horren eragina nabaria izan zen erromesaldietan, eraikuntzan eta musulmanen aurkako borrokan.

Garai horretan lau erromes-bide nagusi izan ziren, erlikia eta hilobiak gurtzen baitziren: Jerusalem eta Leku Sainduak, gurutzaden jatorria; Sant Michel mendia, Normandian; Erroma (hortik dator erromaniko hitza) eta Konpostela, bertako katedrala estilo erromaniko garbienaren adierazle baita askoren ustez. Ibilbide horietan zehar merkataritza eta arkitektura mota guztiak sortu ziren, erlijiosoak (elizak, katedralak, abadiak edo monasterioak) zein zibilak (ostatuak, zubiak edo gazteluak). Erromanikoa handikeriaren artea da, boterea erakutsi nahi zuena, baina aldi berean xumetasuna eta funtzionaltasuna bilatzen zuena. Estilo erromatar eta barbaroaren arteko sintesia da. Adierazpen artistiko erlijiosoa da batez ere, Elizaren zerbitzura dagoena, garai hartako erlijiotasunaren eta monasterioen loraldiaren emaitza.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto