Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Argazkilariek uda garaia aprobetxatzen dute natura argazkietan harrapatzeko
Paisaia, txorikume, lore, egunsenti eta abarri ateratako argazkiak izaten dira edozein argazkilariren ametsa. Horietakoa bazara, gogoan izan arrotza zarela miresten duzun eta irudietan jaso nahi duzun mundu horretan. Errespetatu egin beharko dituzu, beraz, izaki bizidunak eta beren ekosistema eta argazkilaritzaren alderdi teknikoak ezagutu eta ulertzea eta naturari ahalik eta eraginik txikiena egiteko eran erabiltzea esan nahi du horrek.
Ingurune horietan zehar autoz ibiltzean sekula baino gehiago errespetatu behar dira zirkulazio arauak. Ibilgailu bat geldik dagoela eta bertatik argazkiak ateratzen ari direla ikusten baduzu, gelditu behar adinako distantziara. Beste autokoari argazkia hondatuko ez diozula dakizunean, abiatu berriro. Ez hurbildu animalia arriskutsuengana autoz, eta bidaiariak badaramatzazu, errespeta ditzatela ingurunearekiko segurtasun eta kortesia arauak. Itzali irrati, walkman, disc-man eta antzekoak. Edozein animalia aztoratuko balitz, alde egin handik, animalia alde egitera behartu beharrean, arriskutsua baita bere habitata utzi araztea.
Edozein argazkilarik maite du kumeei jaten ematen ari direnean hegaztiei argazkia ateratzea. Horretarako, lehenik eta behin jaten emate hori nola egiten den jakin beharko duzu eta kumeak hazten ari direnean txoriek zein portaera izaten duen jakin. Irakurri egoera hori deskribatzen duten liburuak eta kontsultatu natura ikertzen duten taldeei argazki mota hori atera aurretik. Horretarako, berariaz saltzen diren babestoki (hide) horietako batean gordetzea izango da egokiena, animaliei trabarik ez egiteko.
Baina ez jarri gordelekua edozeinek ikusteko moduko lekuan, jendea erakarri eta animalia aztora ez dadin. Ez zaitzatela ikusi (ezta zure tresneria ere) babeslekuan edo handik kanpora eta ez hurbildu larregi animaliaren habiara. Animaliak beren kumeak elikatzera luzaroan agertu ez badira, jaso kanpalekua eta alde egin, batez ere hotz edo bero dagoen egunetan. Hegaztiak edo animaliak kumeak egin aurretik jarri beharko duzu gordelekua, ezer arrarorik sumatu eta habia zapuztu ez dezaten.
Animalia horiei naturan argazkiak ateratzea izango da egokiena, beren bizitza den bezala jasoko bailitzateke; baina ahal bezain azkar berezko habitatera itzuli beharko dira animaliak. Aurrez, behar den baimena eskatu beharko diezu ingurumen arduradunei. Baina argazkilariak sekula ez du arriskuan jarri behar inongo espezieren bizia. Argazkiak goizean goiz, arratsaldeko azken orduan edo eguraldi freskoa dagoenean eta sugeak motelen dauden unean ateratzea izaten da onena.
Itsasoan bizi eta hazten diren animaliek, harkaitzen gainean zein azpian eta mareen mende bizi direnek, eginkizun jakin bat izaten dute ekosisteman eta akabatu egingo lirateke argazkiak atera ondoren aurkitu ditugun moduan utziko ez bagenitu. Haitzei dagokienez, ez da sekula ezer bota behar argazki ikusgarri edo koloretsuagoa lortzeko. Kobazuloetako formazio eta kristalak ere ez dira erauzi, apurtu edo dauden lekutik atera behar, ez bailirateke sekula bere onera etorriko. Lore eta landareei argazkiak ateratzerakoan, ez zapaldu ingurua, ekosistemako espezie guztiei egiten baitzaie kalte. Sekula ez jaso basoko lore edo lore endemikorik estudioan argazkiak ateratzeko: atera argazkia landarearen berezko ingurunean, emaitza argi aldetik hain ona izan ez arren.
Spook Skelton argazkilariaren arauak, argazkilaritzaren, obserbazioaren eta erakusketaren bidez naturaren kontserbazioa eta ezagutza bultzatzeko:
Ia edozein ekipok balioko du argazkigintzako espezialitate honetarako. Prestazio teknikoak erreprodukzioetan lortu nahi den kalitatearen eta argazkietan jaso nahi denaren araberakoak izango dira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa