Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Luis de Sebastian, ESADEko Ekonomia katedraduna: "Globalizazioa teknologia berrietan eta liberalizazio ekonomiko eta politikoan oinarritzen da"

 Merkataritzaren eta orokorrean ekonomiaren globalizazio edo mundu mailako bihurtzearen inguruko eztabaidak (klase apalen alde eta herrialde pobreen askapenaren mesederako ote da, ala aitzitik, areagotu baino ez ditu egiten dauden desberdintasun handiak?) gero eta leku gehiago hartzen du hedabideetan eta gaiaren konplexutasuna dela eta, herritar bat baino gehiago noraezean gera liteke.

Eztabaida sozial honetara hurbildu da CONSUMER eta elkarrizketa egin dio Luis de Sebastiáni, Bartzelonako Ramón Llull Unibertsitateko ESADEko Ekonomia katedradun eta, aurrez, Ignacio Ellacuría zenaren garaian, El Salvadorreko Universidad Centroamericanako errektore orde izanari. Banco Interamericano de Desarrollo erakundeko funtzionario ere izana da gainera. Luis de Sebastianen ustez, merkatuak bere funtzioa bete dezake "ingurune zibilizatzaile, etiko eta legezko batean, gizartearentzat baliagarri izateko". Hainbat liburu ere badu argitaraturik: besteak beste, azkena "De la esclavitud a los derechos humanos" (Ariel), "Mundo Rico, Mundo Pobre" (Salterrae) eta "El rey desnudo, cuatro verdades sobre el mercado" (Trotta).

Zer da benetan globalizazioa?

Ordenagailu bidez zabaltzen diren birusen adibidea jarriko dugu. Filipinetan asmatu zen programa informatiko suntsitzaile batek (I'love you) ordu gutxiren buruan milaka milioi dolarretako galerak eragin zizkien mundu guztiko enpresa eta erakunde boteretsuei, USAko Pentagonoa barne. Lehen ez zen horrelakorik gertatzen. Gaur egun mundu guztian zehar konektaturiko sare orokor bat dago eta guztiok elkarri konektaturik gaude gure bizitzako eremu askotan, ekonomikoa barne dela. Beste adibide bat: 1997an Tailandiako monetaren (bar-aren) debaluazioa gertatu zen eta horren ondorioz ekonomia krisia sortu zen Asiako herrialdeetan; handik Latinoamerikara pasa zen eta azkenik Europara eta mendebaldeko gainerako herrialdeetara. Leku jakin bateko krisi ekonomikoa mundu mailako bihurtu zen egun gutxiren buruan. Eurokopako futbol partidetako iragarkiak mundu guztian ezagutzen diren produktuekin herrialderik gehienetan dauden konpainien iragarkiak izatea ere mundualizazioa da. Labur esanda, globalizazioa nazioartekotze fenomeno bat da, hiru hanka dituena: hanka teknologikoa (adibidez, Internet), ekonomikoa (liberalizazioei esker, dirua mundu guztian zehar mugi daiteke) eta, azkenik, politikoa: herrialdeek desagerrarazi egin dituzte ia babes guztiak, muga-zergak eta globalizazio horren alde dauden gobernuak aukeratzen dira. Lehen ez zen hori gertatzen, teknologia hori ez zegoelako eta gobernuek beren ekonomiengan kontrol handiagoa ezartzen zutelako.

Globalizazioaren aurkako protesta mugimenduak (Seattle, Washington, Davos...) zergatik sortu dira hain eremu anitzetatik, hau da, ekologista, sindikatu, Hirugarren Munduko herrialdeekiko solidario, antikapitalista eta abarretatik?

Gizartea ez dago konforme eta erakunde askok Internetek eskaintzen dituen aukerak erabili dituzte beren desadostasuna agertzeko. Sareko hainbat web site-etan kontsignak aldarrikatu eta hainbat herrialdetatik, talde bakoitzaren protestak antolatu eta hainbat gauza partekatu dira. Egia da, bai, agerpen horietan mila modutako interesak daudela ordezkatuta. Seattle-en ipar ameriketako sindikatuek egin zuten protesta, beren merkatuarentzat babes handiagoa nahi zutelako eta beste hainbat taldek, berriz, hain zuzen merkatu horren babes txikiagoa eskatzen zuelako, herrialde pobreek beren produktuak hobeto saldu ahal izan zitzaten. Edozein modutan ere, mobilizazio horien alderdirik garrantzitsuena da herritarrak argi uzten ari direla gobernuei eskuetatik ihes egin diela ekonomiaren kontrolak. Gauza jakin batengatik protesta egitera joan gaitezke Udaletxera, estatuko gobernura, erkidegokora... baina beste gauza garrantzitsu askoren erantzukizuna multinazional handi batean, Bruselan, New Yorkeko Burtsan edo Tokiokoan izango da. Orduan, non eta noren aurrean kexa daiteke jendea? Badira zenbait herrialde eta erakunde oso boteretsu (Nazioarteko Moneta Fondoa, Merkataritzaren Mundu Erakundea...) saltsa hori mugitzen dutenak eta jendeak horien aurrean egiten du protesta Seattle, Washington, Davos edo Pragakoak bezalako bilera garrantzitsuetan. Berdin dio interesak desberdinak izan arren; jendea konturatzen da bere bizitza iristen ez den altuera batzuetatik zuzendurik dagoela eta horregatik irteten du kalera protesta egitera. Kaleko jendearen mugimendu demokratikoa da, besterik gabe erakunde mota horiei kontuak eskatzeko (zer gertatzen da nire lanarekin, ingurugiroarekin, herrialde pobreekin... etorkizunarekin?).

Zertan eragin diezaioke globalizazioak herritar xumeari?

Globalizazioa ez da antikristoa eta izan du gauza bat oso ona ere: produktuak merkeen dauden lekutik inportatzeko aukera ematen digu. Azken urteotan asko jaitsi da autoen prezioa, eta gainera, kalitate hobekoak dira. Uste dut herrialde aberatsetako biztanleoi mesede egin digula globalizazioak. Baina guztiek ez dute onura bera jaso, are gutxiago herrialde pobreek, eta horixe da arazoa.

Itzalean diharduten gobernu paraleloak al dira multinazionalak?

Ez dut uste multinazionalek estatuen eta administrazio publikoen funtzio politikoak bereganatu nahi izango dituztenik. Ez dute gaitasunik eta ez dut uste hori nahi dutenik ere. Botere publikoekin harreman onak izatea eta Administrazioa euren alde izatea nahi dute, diru laguntzak jaso, lursailak merke eskuratu eta ingurugiro gaiekin inork ez ditzala gogaitu. Baina ez dut uste multinazionalek Administrazioen funtzioak bereganatzerik - adibidez, Gizarte Segurantzaren gestioaz arduratzerik - nahi izango dutenik. Enpresa handiei primeran datorkie sortzen dituzten kostuez, adibidez langabeziaz, kargu egingo den estatu bat izatea. Estatuak diru publikoa komunikazio bide hobeak (autobideak, aireportuak, telekomunikazioak...) sortzen inbertitzea ere komeni zaie, ekonomistek "kanpokotasunak" deitzen dutena sor dezatela, beren produktibitatea eta irabaziak gehitzen lagunduko dietena.

Globalizazioan zer funtzio betetzen dute Nazioarteko Moneta Fondoak, Merkataritzako Mundu Erakundeak eta Munduko Bankuak?

Helburu desberdinak dituzten erakundeak dira. Munduko Bankuak garapen bidean diren herrialdeak ditu helburu; adibidez, Espainiari ez dio mailegurik ematen, eta Espainiak urtero egiten dio ekarpena. Nazioarteko Moneta Fondoa herrialde guztientzat dago, garapen kontuetan espezializatuz doan arren eta ez dakit hori den bere egitekoa. Merkataritzako Mundu Erakundeak ere guztiei zerbitzen die, baina batez ere herrialde aberatsei, horiek baitira merkataritzan gehien aritzen direnak. Lehenik eta behin jakin behar dugu erakunde horiek ez direla finantzatzen dituzten herrialdeengandik independenteak. Adibidez, Nazioarteko Moneta Fondoan (NMF) Estatu Batuek, Japoniak eta Europako Batasunak agintzen dute. Batzuetan, erakunde horiek independenteak direla uste izaten da eta herrialde aberatsen aurka egin dezaketela, baina ez da hala izaten. NMFan eta Munduko Bankuan gehien agintzen duen gizona USAko Altxorraren Idazkaria (Ekonomia Ministroa) da, argi eta garbi. Hitz bitan, erakunde horiek ezartzen dituzten politikak, diruz babesten dituzten herrialdeen aldekoak izaten dira. Beste herrialde batzuen garapenean lagundu dutela ere aitortu beharra dago, hala ere. NMFak eta Munduko Bankuak Espainiaren garapen ekonomikoan lagundu zuten 1959an, atzerapenetik eta pobreziatik irteten ari ginenean. Laguntzen hartzaile izan dira Turkia, Israel, Singapur, Korea eta abar ere, gaur egungo garapen ekonomikorako behar zuten bultzada eman baitzitzaien.

Herrialde pobre eta aberatsen arteko tartea ixten ala, alderantziz, handitzen ari da zure ustez?

Gero eta gehiago handituz doa. Aberastasunaren banaketa oso desorekatua ekartzen du globalizazioak. Hainbat jende oso aberats egiten ari da; munduan 200 milioi pezetatik gorako aberastasuna duen 5 milioi pertsona daudela kalkulatzen da. Handiki multzo izugarri horrekin batera, pobrezian bizi den milaka milioi lagun dago. Ebakia irekiz doa eta ez herrialde aberats eta herrialde pobreen artean bakarrik, baita herrialde beraren barruan ere. Caritas erakundearen arabera, Espainian zortzi milioi pertsona (biztanleriaren bostena) bizi da pobrezian. Horrenbestez, erabakirik hartzen ez bada, kopuruak gora egingo du. Ezin dugu merkatuko zoriaren menpe, globalizazioaren esku utzi (jende askori emango dizkio aukerak eta aberats asko sortuko du), jende askok oso gaizki pasako baitu. Merkatuak ez du pobre eta baztertuengan pentsatuko, beste helburu batzuk ditu eta. Bestalde, herrialde behartsuen artean ere kategoriak daude. Globalizazioak merkataritzako eta finantza inbertsioetako zirkuituetan daudenei egin die mesede. Txina, duela 25 urte, herrialde tristea eta oso behartsua zen eta arazo larriak zituen (okerreko nutrizioa, haurren hilkortasuna, erregimen politiko oso gogorra), baina azken urteotan jauzi handia eman du. Atzerriko kapitalak inbertsio izugarriak egin ditu han eta herrialde nabarmena loratu da globalizazioari esker. Indian ere antzeko zerbait gertatu da, baina Pakistan edo Bangladesh inbertsio isuri horretatik kanpo geratu dira eta ezin izan dira garatu. Afrikara begiratzen badugu, hango jendea gero eta itoago dago miserian, bizitza ekonomiko, sozial eta politikoaren degradazioan. Han ez du inork inbertitzen eta Mendebaldeko gizarteari armen negoziorako eta zor dizkigutenak ordaintzeko baino ez dio balio Afrikak. Globalizazioaren onuretatik kanpo geratu dira herrialde horiek.

Egoera honetan, basamortuko hondar alea ote da Bidezko Merkataritza?

Nazioarteko merkataritzaren zati txiki bat da, baina balio handia du. Bidezko Merkataritzaren defendatzaile sutsua naiz; keinu eta salaketa egokia da, Ipar eta Hegoaren arteko merkataritza harremanen bidegabekeriaz jendea ohartarazteko. Ez dut uste arazoa konponduko duenik, baina askoz okerrago da etsipena eta ezer ez egitea. Mugimendu horiek, askorik konpontzen ez duten arren, baliteke kooperatiba edo herri jakin bateko bizitza hobetzea. Horrekin ez dira Hirugarren Munduko arazoak konponduko, baina balio handia dute gizartea kontzientziatzeko. Era horretako ekimen asko babesten dut, besteak beste kanpo zorra barkatzea, inmigranteak hartzea... izan ere, pertsona humanista, aurrerakoi eta kristauek parte hartu behar luke hainbat gauzatan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto