Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Udaberri-udako beroek elikagai edo produktu fresko eta hotzak kontsumitzera garamatzate, egarria baretu eta, aldez edo moldez, freskatuko garelakoan
Alternatiba polita -askok uste baino hobea- izozki bat hartzea dugu: elikagai gutiziatsu, freskagarri eta liseriketa errazekoa. Gaur egun, izozkigintzak garatutako teknikei eta izozkiaren nutrizio-osaketari esker, produktu hauek zeinahi gustutara egokitzeko modukoak dira (hamaika zapore, kolore, ukitu, osagai...), are pertsona zenbaiten premia bereziak asebetetzekoak ere (diabetikoentzako izozki azukre gabeak, pisua jaitsi behar dutenentzako kaloria gutxikoak, etab.). Nutrizio-osakera kontuan izaki, lau multzotan sailka ditzakegu gozoki hotzak: krema edo esnegain, esne oso edo deskrematu eta esnez bestelako animalia-gantz edo landare-koipeetan oin hartutakoak, izotzezkoak (poloak, sorbeteak, kazkabarrak...), postre izoztuak (tarta, pastel, izozkiak) eta izozki bereziak: kaloriarik ez duten edulkoratzaileekin (aspartamo, sakarina, e.a.) edota fruktosarekin (diabetikoentzako bereziak) osatutako izozkiak eta kaloria gutxi eta gantzik gabeko "light" motakoak sartuko ditugu azken multzoan.
Izozkiaren osagaiak andela batean sartuta, bertan nahasi eta pasteurizatzen dira. Nahastea higienizatzeko premiazkoa den pasteurizazio hori produktua tenperatura garaian (80º C-tik gertu) une batez ipintzea da eta, horri esker, balizko germen kaltegarriak desagertu egiten dira. Ondoren, nahasketa homogeneizatuko da gantz-bikorrak desegiteko, ukitua uniforme bilaka dadin; etapa bukatzeko, nahaskia hoztu egingo da. Hurrengo pausoa, produktu hori, hodietan barrena, beste tanga batera eraman eta bertan irabiatzea: horrela nahaskian airea sartu eta elikagaia ukitu xuabekoa gertatuko zaigu ahorakoan. Azken fasean produktuari intxaur, almendra, fruta edo bestelako osagaiak erantsiko zaizkio, izozki-izaeraren arabera. Horrela prestaturiko produktua izozturik irteten da baina, gogortu bitartean, izoztegietan metatzen diren ontzietan gordeko da.
Izozkiak, maiz, baimenduriko aditiboak edukitzen ditu, kalitatea mantendu edo ezaugarri organoleptikoak (usaina, zaporea, ukitua, itxura) hobetzeko. Aditibo batzuk ohikoak dira: karamelua (E-150) eta karotenoak (E-160) bezalako koloratzaileak, osagaien nahaskia homogeneo mantentzen duten emultsionatzaileak (E-471 gantz-azidoen mono eta diglizeridoak, lezitina) eta hazi eta algetatik erdietsitako lodikariak, produktuaren biskositatea areagotzeko (E-407 karragenatoa, E-412 guar, E-400 sodio-alginatoa, etab). Izozkiak, horrenbestez, izozketa bidez egoera oretsu, erdi-solido edo solido bilakarazitako elikagaiak dira; horien jatorriko kalitateari eusteko, hotz-katea eten gabe mantendu behar dute, kontsumitzaileari saldu bitartean. Izozkailuan kontserbatzeko xedez izozki-barra edo postre izoztuak erosteko asmoa baldin badugu, hobe dugu azken unean egitea, etxeratu aurre-aurretik, izoztutako elikagaiak gordetzeko berariazko zorro isotermikoan, ahal dela: hotz-katea etenez gero, atzera berriz jelatzen badira, ezaugarri batzuk hondatuko dituzten izotz-kristalak sortuko direlako.
Eskuarki kalitate handiko elikagaien (esnea, jogurra, frutak, fruitu lehorrak, etab) nahaskia izatearren freskagarri, ahogozoko, elikagarri eta liserigarri gertatzen da izozkia. "Lehen kalitateko" izozkia gantz gehien daukana da: horrek ahogozotasun eta krematsutasun aparta ematen dio (10 gramo gantz 100 gramo izozkiko; esnezkoak, berriz, %6 inguruan dabiltza). Izozki arruntak baino aire gutxiago dauka nahaskian eta, gainera, fruta naturala eta antzeko zapore-emaile on-onak izaten ditu. Izozkiaren nutrizio-balioa aldatu egiten da, osagai-kopuruen arabera: ura (%85-%90 polo eta sorbeteetan, %50-%60 esne edo kremazkoetan), esnea (osoa, gaingabetua, hautsetakoa), gurina, esnegaina, landare-gantzak (koko- edo palmondo-gantz hidrogenatuak, batez ere), azukre arrunt edo sakarosa, glukosa-siropea (uretan azukrea urtzearen ondoriozko likido lirdingatsua), fruitu lehorrak, zukuak, frutak (freskoak, siropeak, etab) pralineak, arrautza-gorringoa, txokolatea, turroia, gaileta, bizkotxoa, etc. Beraz, udako litxarreria edo freskagarri huts bezala hartu ordez, dieta orekatu batean egoki sar daitekeen postre zoragarri eta elikagarritzat jo dezakegu izozkia, komenigarria bai haurtzaroan, bai helduaroan ere. Izozki-bolarekin batera fruta freskoa, merienda edo postre bat har dezakegu, gure otordua alaituko duen bitamina eta mineralen iturria aberastuko baitugu horrela.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa