Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hogeita bi zoologiko eta aquarium bisitatu eta azterturik: Animalien kontserbazioaz, gaizki; ingurugiro-heziketaz, eskas

Esparru babestu eta basa faunan espezialista diren biologo batzuek, CONSUMER aldizkariko teknikarien laguntzarekin, aurtengo otsail eta martxoan era eta tamaina askotako hogeita bi zoologiko eta aquarium bisitatu dituzte Estatu espainiarrean zehar

Prezioak eta jende kopurua

  Zentroak bisitatzen duen jende-kopuruaren azterketak (ia 400.000 lagun urteko, batez beste, batetik bestera sekulako aldeak hautematen badira ere) erakutsi du kontsumitzaileak oro har badakiela bereizten: beta harturik, denbora eta dirua uztea merezi duten zoologikoei buruzko informazioa biltzen baitu aurretiaz. Lau hoberenetako hiru dira jende gehien erakartzen dutenak, horra: Bartzelonako Zoologikoa (900.000 bisitari urtean), Cabárcenokoa (600.000) eta Donostiako Aquarium (575.000). Nolanahi ere, hogeita bietan bikain dagoen bakarrak, Jerez de la Fronterakoak alegia, urtean 206.000 lagun baizik ez du hartzen. Hori bezain harrigarria da zentro txarrenetako batek, Vigoko zoologikoak alegia, 140.000 bisitari hartzea. Ulergarriagoa da, hein berean, Arabako Los Molinos Parke Ornitologikoak 7.000 bisita besterik ez izatea: txiki-txikia izateaz gain, Biasterin (Araba) dago eta bertarainoko irispideak oso eskasak dira. Jende olde handiena hartzen duten biak, Madril (Zoologiko Aquarium, milioi bat bisitari urteko) eta Bartzelonan daude (L´Aquarium, milioi eta erdi lagun).

Espainiar Estatuko zoologikoak ez dira merkeak, inondik inora: helduen sarrera, batez beste 1.130 pezeta kostatzen da eta haurrena, berriz, 713. Gure azterketan erdipurdiko emaitzak lortu dituela, Bartzelonako Marineland da denetan garestiena: pertsona helduak 2.200 pezeta ordaindu behar ditu, txikiak 1.300 pezeta. Denetan bi bakarrik dira doanekoak: Guadalajarakoa, erdipurdikoa oro har, eta Vigoko zoologikoa, okerrenen artekoa. Kobratzen dutenetan, merkeena bera da txarrena, Kordobakoa, hain zuzen: 300 pezeta helduek eta 150 haurrek. Jerez de la Fronterakoak, aztertutako zentroetan hoberena izaki, prezioa ere ona du: 600 pezeta helduak eta 400 haurrak. Ereduzko izatetik biziki urruti dauden bi (Safari Madrid eta Alacanteko Safari Park Vergel) arrunt garestiak dira, pertsona helduak 1.600 pezeta ordaindu behar baititu bertara sartzeko.

Bisitari, ez bezero

Instalazioen erakarmen ludikoari eta animalien arriskuarekiko jendearen segurtasunari dagokionez, bisitariari egiten zaion arreta eta eskura ipintzen zaizkion zerbitzuak direla eta, zoologikoen %31 ez da aprobatura iristen. Suspentso nabarmenenak Kordobakoak, Madrilgo Aquarium Terrarium izenekoak, Vigoko zoologikoak eta Los Molinos Parke Ornitologikoak eraman dituzte. Txanponaren beste alderdian agertzen dira Bartzelonako Zoologikoa, A Coruñako Finisterre Aquariuma, Donostiako Aquariuma eta Cabárcenoko Parkea. Erakustaldiak eta ekitaldi bereziak dira jarduera guztietan urrienak (zentroen erdiek ez dute horrelakorik eskaintzen). Ikuskizuna maizen ematen dutenak Madrilgo Zoologiko Aquarium eta Bartzelonako Marineland dira.

Zoologiko edo aquariumetako instalazioetan zehar egin behar duen ibilbideari emaitza didaktikorik atera diezaion, bisitariari eskaintzen zaion informazioa ez da behar bezainbestekoa, inondik ere. Informazio-gune interaktiborik ez dago zoologikoen %81ean, ingurugiro-interpretazioari eskainitako egiturarik ez dute 22 zentroetatik 16k, eta azterturiko zentroen erdiek ez dute inongo argitalpenik ematen.

Animaliak bizi diren inguruneek, bisitariaren ikuspegitik, suspentso biribila besterik ez dute merezi. Bost zoologiko egoera tamalgarrian daude (Safari Madrid, Madrilgo Zoologiko Aquarium eta Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa eta Kordobako Parke Zoologikoa) eta %45etan baldintzak hobetu beharrekoak dira. Egun ez da onartzeko modukoa zoologikoetan zikinkeria hondarrak, presondegi-giroa oroitarazten diguten barroteak, begitarako baldintza desatseginak edo animaliarentzat zeharo desegokiak (hormigoia, adibidez) diren egiturak erakustea.

  Beste aldetik, animalien balizko erasoak direla eta, jendeari eskaini beharreko segurantzia ere hobetu beharra dago: bi zentrok (Kordobako zoologikoa eta Safari Madrid) ez dute horrelakorik bermatzen, hamabostek alderdi hori behar bezain ongi betetzen badute ere. Gainerako bostek (Vigoko zoologikoak, Alacanteko Safari Aitanak, Santillana del Mareko Zoologikoak, Mallorcaco Marineland-ek eta Jerez de la Fronterako zoologikoak) alor horretan dezenteko hobekuntza egin behar dute. Segurantziaz ari garela, hainbat parametro baloratu ziren: animalia handiengandik aparte mantentzeko segurtasun-zangak, itxiturak, esparruetara sartzeko ate bikoa, zentroaren egituraketa (animaliek ihes egitea galaraziko duena) eta animaliak eta jendea elkarrengandik behar bezain ongi isolaturik edukitzeko distantziak, besteak beste.

Erabiltzailearen segurtasunaz ari garela beti ere, bisitariei eskaintzen zaien osasun-arreta urri-urria da: hamar zentrok ez dute inolako osasun-zerbitzurik eta %40ak ez du larrialdietarako planik ere. Zoologikoek, bere aldetik, ez dute behar besteko ahaleginik egiten fisikoki ezindurik dauden erabiltzaileen premietara instalazioak egokitzeko. Aprobatu hutsean geratu dira, batez bestekoan. Bostek bakarrik (Madrilgo Zoologiko Aquarium, Mallorcako Natura Park, Aquarium Finisterre, Mallorcako Marineland eta Río Safari Elche-k) dauzkate ezinduek erabili ahal izateko moduko sarbide, komun, ibilbide eta abar. Bi zentrok (Madrilgo Aquarium Terrarium eta Los Molinos Parke Ornitologikoak), aldiz, ez dute inongo egokitzapenik egin, alderdi honetan.

Ingurugiro-heziketaz ere, dezente hobetu beharra Denetan okerrenak Madrilgo Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa, Kordobakoa eta Alacanteko Safari Aitana dira. Zerrendaren beste muturrean azalduko dira, kalifikazio bikainarekin, Jerez de la Fronterakoa eta Donostiako Aquariuma. Heziketarako erakusketa eta ekitaldiak (animaliak parte hartzean berezko jokamolde eta biologia agerian uzten duten horietan, alegia, ekitaldi artifiziotsu edo ludiko hutsetan aritzeko entrenamenduren beharrik gabe) ez da egiten zentro gehientsuetan. Eskaintzen den heziketa-materiala ere urria da, oso. Zoologiko eta aquarium gehienetan kartelen batean besterik ez da agertzen horrelakorik. Bukatzeko, ingurugiro-heziketarako programa dokumentatua daukatela zentroen erdiek bakarrik frogatu ahal izan zuten.

Animalien kontserbazioan, hirutik bat eskas Animalien ongizatea sustatu eta babesteko lan, programa eta plangintzen bitartez espezieak kontserbatzeari dagokionez, instalazioen %36ak suspentsoa eraman du. Alderdi horretan txarrenak Kordobako Zoologikoa, Madrilgo Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa eta Río Safari Elche gertatu dira. Bartzenolako Zoologikoak kalifikazio hobezina eraman zuen. Bikaina, horrekin batera, Jerez de la Fronterakoa eta Cabárcenoko Parkeak ere. Ez dira bidezkoak, adibidez, Safari Madrid zoologikoko hartzen habiak, hormigoizko hodi eskergak izanik.

Narrastien ongizatea ia zentro guztiek gutxietsi egiten dutelarik, Cabárcenoko (Kantabria) zoologikoa biziki arduratzen da animalia horiei duintasunezko bizimodua emateaz. Zentroen hutsune orokorrena, dena den, desagertzeko mehatxupean dauden espezieak gatibu hazteko eta espezieak naturan berriro integratzeko programarik ez izatea da. Era berean, kontzientzia urrieneko bisitariek agertzen dituzten gehiegikeriazko jokaeren aurrean animaliak babesteko arretarik ere ez da bideratzen. Alderdi onuragarriena, animalien ikusi baterako itxura fisikoa da, inondik ere, onargarri baino hobetzat jo baitzuten zientzialariek.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto