Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Oso litekeena da gure irakurleak ere Estatu espainiarrean telefonia mugikorraren bezero diren multzo izugarri (18 milioiraino!) horretako kide izatea
Egungo poltsikoko telefono baliagarriak diren arren, prestazio gutxi eskaintzen dituzte: hitz egiteko eta mezu laburrak (SMS) bidaltzeko bakarrik balio dute. UMTS (komunikazio mugikorren sistema unibertsala) den mugikorren hirugarren teknologiakoak izango dira aparailuak, hau da, gure bizimodua funtsez aldatzeko modukoak. Oraino merkaturaturik ez dauden arren (Estatu espainiarrean 2001 urteko abuztuan sartzea espero du Administrazioak), telekomunikazioetako iraultza aski kontzeptu zabaldua da: aparailu horiek izango dituzten prestazio ugarien artean, etxeko tresna guztiak konektatzea, planetako zeinahi gunetatik era guztietako informazioa jaso eta igortzea, ahotsa, datuak eta irudiak kalitatez hartu eta bidaltzea ahalbideratuko dute, orain baino 40 aldiz azkarrago. Dena den, sistema berri horren ekarpen behinena -bideokonferentziez kanpo- merkataritza elektroniko mugikorrean aritzea izango da. Areago, kreditu-txartela bera ere ordezkatuko duela iragarri dute dagoeneko. Tarifei dagokienez, hauen kontzeptua ere zeharo bestelakoa izango da. Komunikazioa minutuka ordaindu partez, bidalitako informazio-kopuruaren edo banda-zabaltasunaren arabera pagatuko du erabiltzaileak. Teknologia estandarra izango da, gainera: mundu zabaleko UMTS sistema guztiek arau jakin batzuk bete beharko dituzte, denak elkargarri izan daitezen.
Mikrouhinezko labeekin gertatu zen bezala, telefono mugikorren eta antena errepikatzaileen alor magnetikoaren balizko arriskuak ere albiste dira egun. Hamaika ikerketa egin den arren, osasunarentzat arriskutsuak direnik baieztatzeko behar bezalako oinarririk ez dago, oraingoz. Ez eta kontrakoa berresteko ere, ordea. X izpiek (1.000.000 Mhz) bezalako frekuentzia altu-altuko alor elektromagnetikoek, zelulen gai genetikoa kaltetu eta ionizazio-eragina sortarazteko behar bezainbesteko energia dute: eragin hori minbiziaren sortzaile izan daiteke, zientzialarien ustez. Telefono mugikorrek (900 Mhz -1.900 Mhz) ionizazioa sortarazten ez duten arren, oso litekeena da burukomin, kontzentrazio-arazo edo memoria-galeren sorburu izatea. Antena errepikatzaileei dagokienez, Estatu espainiarreko erkidego autonomo batzuek (Madrilekoak, adibidez), horrelako instalazioak eta etxebizitzen bitarteko distantziak arautzea aurreikusi dute, antenen potentziaren arabera. Hortaz, segurtasun osoz egiaztatu ez diren eraginak aurreikustea da kontua. Behin betiko datuak ez izatearen ondorioz, 14 estatu elkartu egin dira, aparailu horien igorpenak zuzenen nozitzen dituzten organo eta ataletan (garuna, istu-guruinak eta nerbio akustikoa) minbizia sortzeko arriskua noraino iristen den arreta handiz aztertzeko.
Telefonia mugikorreko operadoreek terminalen instalazioa diruz laguntzeko politika gauzatu dute, bezeroak irabazteko taktikatzat: adibidez, alta ematearen truk, aparailua doan entregatzea. Inbertsio hori bermatu eta errentagarri bihurtzeko, SIM Lock izeneko blokeo-kodea sartzen dute: kode horrek, konpainia lehiakideei telefono horien erabilera galarazi egiten die. Blokeoaren aitzindariak Atril eta Telefonica Móvil izan ziren. Amena firmak, hasiera batean telefono askeak komertzializatzeko politika sartu zuen baina, geroago, bere terminaletan blokeoa eta hauxe askatzeko klausula sartu zituen. SIM Lock kodearen desaktibazioa eskatzeko bezeroak lau faktura ordaindu behar ditu eta, aurretiaz ordaindutako txartelaren erabiltzailea baldin bada, muga hori gainditzeko gutxienez 10.000 pezetako kontsumoa egin beharko zuen. Airtel eta Telefonica konpainiek ezarritako baldintzak antz-antzekoak dira. Lehendabizikoa, bere zerbitzuarekin bezeroak urtebetez gutxienez operatu izana; bigarrena, faktura guztiak ordaindurik izatea. Lotualdia amaitu gabe terminala desblokeatzeko erabakia hartzen badu bezeroak, 25.000 pezeta ordaindu beharko ditu SIM Lock desaktibatu ahal izateko. Terminala desblokeatzeak, aparailua mantendu baina numeroa galdurik, konpainiaz aldatzea ondorioztatzen zuen, orain artekoan. Nolanahi ere, uztailaren 1etik aurrera, numeroaren jabe izango da titularra, nahi badu: konpainia aldatuta ere, geure numeroa mantendu ahal izango dugu.
GSM telefonia mugikor digitalaren erakarpen bizienetako bat itinerantzia edo roaming izenekoa da, hots, atzerrian deiak egin eta jasotzeko aukera. Zerbitzu hori baliatzeko bi baldintza bete behar dira: aurretiaz kontratatzea (alta ematea doanekoa da) eta mugikorra erabili nahi dugun estatuan, roaming zerbitzua hitzartu izana. Funtzionamendua soil-soila du: atzerriko herrialde batera iristean, bertako operadoreetako baten sarean erregistratzen da telefonoa bera (badago, dena den, eragiketa hori eskuz egitea, gehien interesatzen den konpainia aukeratzeko). Operadore baten sarea hautatuz gero, ahotsezko deiak, faxak eta datuak inongo arazorik gabe bidali eta jaso daitezke. Erosotasuna ordaindu egiten da, garesti ordaindu ere. Eskuko telefonoaren erabiltzaileak ez ditu atzerritik egiten dituen deiak bakarrik ordainduko: Espainiatik dei bat hartzen badu, deiaren mugarainoko ibilbidea ere finantzatu beharko du. Itinerantziak duen arazo larrietako bat muga aldeak dira, horietan nahiaz kontrako roaming izenekoa gertatzen delako. Marokko edo Portugalekiko mugatik gertuko herrietan, espainiar sarearen ordez, aipatutako estatu horietako beste bat dago indarrean eta honen seinalea biziago hartzen du telefonoak. Bertan dei bat egiten baldin badu, atzerrian balego bezain garesti ordainduko du erabiltzaileak. Telefonoak hots eginik, hartzen baldin badu, konferentziaren nazioarteko tartea pagatu beharko du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa