Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Zurgagailu konpaktuak: Denak baleko, aldeak alde

Merkatuan dauden zurgagailu edo aspiradore mota ugarien artetik, modelo konpaktuek tamaina txikia eta pisu arina dute bereizgarri

 Lau bat kiloko pisua duten zortzi zurgagailu aztertu dira oraingoan: horien prezioak 10.295 (Taurus) eta 16.900 pezeta (Bosch) bitartean dabiltza.Aparailu eroso hauek, garbitzeko hainbat osagarriz horniturik datoz: horien artean, mangera eta hodi luzagailuaz gainera, tobera eta errazkoak agertzen dira, tapizatu, arteka eta lurzoru gorabeheratsuetara egokitzekoak. Zurgaturiko zikinkeria biltzen duen zorroak (paperezkoa, denetan ere) 1,8 litrotik (Taurus eta Panasonic) 3 litro (Bosch) bitarteko edukiera du. Aparailu guztiek dauzkate filtroak motorean eta aire-emariaren erregulatzailea. Denak onak badira ere, prestazioetan aldeak hauteman dira, makina batetik bestera: tresna erabili, mantendu eta garbitzeko erraztasuna, potentzia, hots edo zarata, zurgatzeko gaitasun eta eraginkortasuna, ekintza-eremua eta energi kontsumoa kontuan izanda.

Zorroa: erabili eta botatzeko paperezkoa

Lagin guztiek dute behin erabili eta botatzeko paperezko zorroa. Honen edukiera aldatu egiten da 1,8 litrotik (Taurus eta Panasonic) 3 litro bitartean (Bosch). Zorroa beterik dagoela adierazteko elementua Samsung, Moulinex, Bosch eta Ufesa markakoek bakarrik daukate: poltsa hori ahalik eta hobekien baliatuko bada, oso interesgarria da hori. Samsung, Solac, Bosch eta Panasonic markakoek daukaten blokeo-sistemari esker, aparailua ez da martxan jartzen zorroa bere tokian jarrita ez baldin badago. Zurgaturiko zikinkeriatik motorea babesteko filtroa denek daukate. Panasonic laginean, azpimarratzekoa, motoreko filtroa ezin da aldatu zurgagailua desmuntatu ezean.

Zurgagailuen funtzionaltasuna, hein batez, garbitzeko osagarrien motak eta kopuruak baldintzatzen dute. Horien artean, denek daukate mangera bat, hodi luzatzaile bakar edo pare batez hornituta, eta hodi hauentzako lokarria. Lurzoruentzako errazko bat eta tapizatuentzako beste bat ere ekartzen dute. Gehientsuek, horiez gain, arteka edo lurzoru gorabeheratsuentzako tobera bat dakarte. Osagarrien kopuruari dagokionez, Bosch da aparailu osatuena. Rowenta, beste muturrean, urriena: arteka eta lurzoru irregularretan aritzeko toberarik ez agertzea nabarmentzen da, honetan. Sartzen den aire-emaria erregulatzeko elementua denek dute eta, horrekin batera, gurpil birakariak eta garraiatzeko heldulekua ere agertzen dituzte batzuek. Rowenta markakoa izan ezik, haria automatikoki jasotzen duen aparailua dute denek. Bestetik, Samsung, Taurus, Moulinex eta Ufesa markakoek oinez eragiteko moduko aginteak dituztenez, etxetresna elektriko horiek errazkiago erabil daitezke. Taurus eta Ufesa dira, bukatzeko, zurgailuaren sarreran ukondo birakaria daukaten bakarrak: erosotasuna areagotu egiten du horrek.

Erosotasuna, funtsezkoa

Ergonomiaz ari garela, Samsung, Taurus eta Ufesa nabarmentzen dira, bai beren tamainagatik, bai erabilera errazten duten bestelako bereizgarriengatik ere: motorearen potentzia hodiaren kirtenetik erregulatzen da eta, makurtu behar izateke, aginteak oinarekin eragiteko aukera ematen dute. Mantenu eta garbitasunari dagokionez, Moulinex eta Ufesa agertzen dira goreneko postuetan, eta atal honetan Panasonic balorazio onik gabe geratu da, zurgagailua desmuntatu gabe motoreko filtroa aldatzerik ez dagoelako. Bukaera, garraiaketa eta egonkortasuna balekoak dira lagin guztietan. Erabileran, Samsung, Bosch eta Ufesa dira onenak; Rowenta laginak haria automatikoki jasotzeko aparailurik ez izatea du eragozpen nabarmena, are eta nabarmenago hariak ia zazpi metroko luzera duelako. Beste alde batetik, ezkina edo altzarien kontra kolpatzeko arriskua dagoen alderdietan babesgailurik ez dute aztertutako laginek. Halaz ere, lurrak ez markatzeko, Ufesa markakoak gurpilak kautxuaz estaliak ditu.

Zurgagailu baten erabilera asegarria izan dadin laguntzen duten beste zenbait alderdi, aparailuaren ekintza-eremua eta hodiaren sarrerako ukondo birakaria dira. Batez beste, zurgagailuok 7,6 metroko erradiodun eremua dute erabilgarri, sareko hari, mangera eta hodi luzatzailea barne. Samsung eta Rowenta dira erradio luzeenekoak (8,5 - 8,6 m.). Taurus eta Solac (6,9 eta 7,5 metro) markakoek dute urriena. Taurus eta Ufesa laginek daukate ukondo birakaria.

Gauza jakina da zurgagailu hauek burrunba handia sortzen dutela: azterketak frogatu duenez, zaratatsuak denak diren arren, "isilenak" Bosch eta Ufesa (81 dB) dira eta kutsadura akustiko handiena sortzen dutenak Taurus eta Solac (90 bat dezibelio) dira. Laburbilduz, betetzen duten eginkizunera hobekien egokiturik daudenak Samsung eta Ufesa dira, baina gainerakoek ere lana ongi betetzen dute.

Segurtasuna: gabezia txikiren bat

Segurtasunari buruzko arauteriak, etxekotresna elektriko hauek gainditu behar dituzten hainbat proba ditu xedatuak: talka elektrikoen kontrako babesa, bero eta suaren aurkako erresistentzia eta gehienez ere har dezakeen tenperatura, esate baterako. Egikerari dagozkion baldintza batzuk ere bete behar dituzte: erresistentzia mekanikoa, sarerako eta harirako konexioa, kanpoko harien borneak, barneko hariak, etab. Zortzi laginen jokaera frogatzeko saiakerak egin dira eta, emaitza gehientsuak arauaren araberakoak badira ere, hainbat salbuespen nabarmendu dira: ohiko erabilerako berotze-proba Solac laginak ez zuen gainditu, arauak onartzen duen beroketa baino handiagoa nozitu baitzuten sareko hariak eta motoreko bobinatuak. Panasonic laginaren elika-haria gehienekora hurbildu zen. Hariak, gogoan izan dezagun, aparailua martxan dagoela luzaturik egon behar du; osorik edo zatika bilduta baldin badago, haria aiseago bero daiteke eta.

Aparailuaren egikerari dagokionez, Bosch laginaren sareko hariak ez zituen arauek xedatutako markak adierazten. Moulinex eta Rowenta laginen motorea eta barne-osagai batzuk, zurgaturiko hauts eta zikinkeriatik hobeto babestuak daude beste hainbat markatako zurgagailuak baino. Bestetik, Rowenta lagineko motoreak bakarrik darama CE seinalea. Elkargarritasun elektromagnetikoa neurtzeko probak aparailuen "zarata" elektrikoak legezko maila ez duela gainditzen egiaztatzeko egiten dira. Maila hori baino indartsuagoa balitz, sarera konektaturik beste aparailu batzuen (sentikorrenak: irratiak, adibidez) funtzionamendua interferentzia gogaikarrien eraginik gerta liteke. Alderdi horretan lau laginek bakarrik erakutsi dute asetzeko moduko jarduera: Samsumg, Moulinex, Rowenta eta Ufesak, alegia.

Bermea eman eta kontsumitzailea informatzea

Samsung, Moulinex, Rowenta eta Panasonic laginek 12 hilabeteko bermealdia ematen dute, bai zurgagailuarentzat, bai osagarrientzat ere. Taurus, Solac eta Ufesa marketako zurgagailuena 36 hilabetekoa da (urtebeteko bermealdi osoa eta beste bi osagarriak ordezkatzeko, eskulana eta tokialdaketen gastuak erabiltzailearen konturakoak izaki). Bosch laginaren bermeak ez du tokirik bezeroaren helbidea, ez eta saltzailearen zigilua ezartzeko.

Gidaliburuak osorik daude eta ulerkorrak dira. Samsung eta Rowenta laginenak errazago gertatzen dira, diagrama eta irudiak erakusten dituztelako. Kontsumitzaileari eman beharreko informazioa (etiketa, erabiltzeko eta mantentzeko argibideak) eta bermea arauaren araberakoak dira. Irregulartasunik ere atzeman da, dena den: Samsung, Bosch eta Rowenta laginen ezaugarri-plakak ez dira ezabagaitzak, garbikariekin igurtzi ondoren, bertako ikur eta hitzak ezabatu egiten baitira. Bosch markakoak beste bi arazo ere agertu ditu: berme-agiria osagabea da, alemanez bakarrik idatzia, eta aparailuaren asistentzia teknikoko zerbitzuez ez du inongo informaziorik ematen. Moulinex lagineko ikurretako batek ez ditu betetzen neurri normalizatuak. Horrenbestez, Taurus, Solac, Ufesa eta Panasonic laginek bakarrik dituzte arauaren araberako etiketa eta markak.

Aukeran, zein?

Hamar mila pezetaren truk eskura dezakegu zurgagailu bat (Taurus, Panasonic), baina badira ia 17.000 pezetakoak ere (Bosch). Alde handi horrek ba ote du funtsezko arrazoirik? Azterketa honetako datuak balioztatuz, baldin eta osagarri gehien dauzkan eta gehien zurgatzen duen aparailua erosi nahi badugu bakarrik merezi du garestiena hautatzea. Halaz ere, Moulinex (12.460 pezeta) dugu kalitate-prezio erlaziorik egokiena eta Samsung (11.566 pezeta) ere aukera polita da. Energiaren kontsumoaz ari garela (taulako zenbakiak gehieneko potentziari dagozkio, muturra libre utzita), jarduera merkeenekoak Taurus (16 pezeta orduko, martxan dagoela), Moulinex eta Bosch dira eta elektra indar gehien darabiltenak, aitzitik, Rowenta eta Solac (22 pezeta orduko).

Zurgatzeko eraginkortasuna: modeloaren eta lurzoruaren araberakoa

Zurgagailu hauen potentzia nominala 1100 eta 1150 watt bitartekoa da eta gehieneko potentzia 1300 - 1350 inguruan dabil. Taurus eta Panasonic laginek izan ezik, zurgagailuek potentzia erregulatzeko aukera ematen dute. Hurrupatze-gaitasuna (baldintzatzen duen arren, ez du zehazten zurgatze-eraginkortasuna) aldatu egiten da 16 Kpa (Panasonic) eta 25 (Rowenta) artean.

Zurgatze-eraginkortasunean eragin handia du tresnak nolako lurzoru-motan diharduen. Zortzi zurgagailuen jarduna lurzoru lauan, artekatuan eta moketan aztertu zen, hiru motatako zikinkeriaren aurrean: hautsa, ileak eta ogi-apurrak. Osotasuneko eraginkortasunean alde handia hautematen da, %88tik (Ufesa) %94ra arte (Moulinex) dabilelako. Xehetasun handiagoz, lurzoru lauan emaitzak berdintsuak izan ziren, asetzeko modukoak; lurzoru artekatuan eta moketan, berriz, desmaila handiak sumatu ziren aparailu batetik bestera. Lurzoru artekatuan, Panasonic, Solac, Bosch eta Ufesa markakoek eraginkortasun urriagoa agertu zuten, %83 eta %86 bitarteko emaitzak lortuz. Moketan areagotu egin ziren aldeak: Ufesa, Taurus, Solac eta Rowenta eraginkortasun apalenekoak (%81 - %83) izan ziren bitartean, Bosch eta, batez ere, Moulinex (%95) garbiketa bikaina egin zuten. Funtsezko eginkizun hori hobekien betetzen dutenak Moulinex (batez beste, %94ko eraginkortasunez) eta Bosch (%92) dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto