Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Depresioa: Gaixotasun arrunta, lehenbailehen diagnostikatu beharrekoa

Psikiatren esanetan, XX. mendeko buruko gaixotasun nagusia da depresioa eta XXI mendeko garrantzitsuena izango da

 

Familiako medikuaren kontsultara joaten direnen %5-%10 inguruk gaitz hori duela kalkulatzen da. Depresioak garrantzi handia du gizartean, duen eragina medio, gaixoen bizitza kalitatean eragiten duen kaltea eta osasun arloan sortzen dituen gastu ikaragarriak tarteko. Eta beste gastu bat erantsi behar zaio: eragiten duen hilkortasunak sortzen dituen zeharkako gastuak, gaixoen produkzio gaitasuna gutxitzen duelako eta laneko absentismoa gehitzen duelako.

Depresioa nahastu egiten da tristura eta malenkoniarekin, eta beste hainbeste gertatzen da estresarekin eta antsietatearekin ere, antzeko sintomak izaten dituztelako. Baina ez dira gauza bera eta tratamendua ere desberdina da.

Depresioak ez du sexurik bereizten, baina eragin handiagoa du emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Emakumezkoen %20 inguruk neurri handiago edo txikiagoan depresioa izaten duela uste da; gizonezkoen artean, berriz, kopurua ez da %9ra iristen. Baina gure gizartean haziz doan arazoa da eta horixe da kezkagarriena: azken hamarkadan hiru aldiz biderkatu da depresio kontrakoen kontsumoa eta antsiolitikoena, lau bider.

Sarritan, depresioaren diagnostikoa ez da zuzen egiten anbulatorioan, kasurik gehienetan gaixoak azaltzen dituen sintomak ez baitira oso zehatzak. Nahiz eta lehen sintomak agertu bezain pronto diagnostikoa egitea funtsezkoa den, depresioa larriagotu egiten da eta okerragoa dena, kroniko bihurtzeko arriskua dago. Eta horren ondorioz, tratamendua zailago eta ondorioak larriago bihurtzen dira.

Hasteko, tristura

Normalean, tristura izaten da hasierako sintoma; egunak joan ahala, sakonago eta biziago bihurtzen da malenkonia eta gogorik eza. Eta eguneroko jardun, gizarteko bizitza, irakurketa, zaletasun eta lanerako interesik eza azaltzen dira. Halaber, pertsonak egiten dituen eguneroko lanetan eta irakurketan kontzentratzeko arazoak agertzen dira; proiektuak albora uzten dira eta "ez dut ezertarako balio", "ezer ez du merezi" eta antzekoak sentitzen ditu pertsonak. Loak gorabeherak izaten ditu, arratsaldearen amaieran logura handia eta goizaldean logurarik eza agertzen dira eta askotan angustia eta antsietatea horrekin batera. Itxuraz arrazoirik izan ez arren, negargura eta beste sintoma pila bat ager daitezke: itomena, sabeleko ondoeza, izerdiak, ikarak, zorabioa, ahoko lehorra, buruko mina. Koadroa bat batean desagertzen ez bada eta farmakologikoki edo psikologikoki tratatzen ez bada, autoestimaren galera sortzen da eta kasurik larrienetan suizidio saiakerak ere gerta daitezke. Itxuraz inolako arrazoirik izan gabe ere ager daiteke depresioa, arazorik ez duten, ustez zoriontsu diren eta ongi bizi diren pertsonen artean. Beste batzuetan, gertaera edo egoera jakin batek eragin dezake: pertsona maiteren batean heriotzak, lan arazoek, dibortzioak; depresio erreaktiboa deitu ohi zaio, zorigaitzeko gertaera baten ondorio gisa sortzen baita. Gehienetan, azken depresio mota hori berez desagertzen da eragin duen egoera aldatzen denean, baina baliteke kroniko bihurtzea ere.

Adi sintomen aurrean

Funtsezkoa da depresioari lehen sintometan antz ematea, medikuarengana joan, diagnostiko zuzena egin eta terapia ahalik eta azkarren hasteko. Batzuetan, depresio purua, arruntena, gaixotasun bipolarrarekin ere nahas daiteke, aldartean bat-bateko aldaketa bortitzak eta justifikazio gabeak sortzen dituena. Garuneko substantzia kimiko batzuen desorekak sortzen duen gaixotasun horrek, gorabehera handiak eragiten ditu eta euforia egoeratik depresiora pasa daiteke gaixoa bat batean. Gaitz bipolarra ez da behar bezala diagnostikatzen eta estatuko bizilagunen %2ri eragiten dio ia. Depresio mota berezi bat erditzearen ondorengoa da, erditu ondorengo hilabetean agertu ohi dena. Haurra izan duten emakumeen %8-%15ek izaten du. Sintomak larriak izatera ere irits daitezke eta pertsonaren arlo guztiei eragiten die, haurtxoarekiko harremana barne. Estatistiken arabera, erditu ondorengo depresioen %10 bakarrik tratatzen da eta kezkagarriagoa dena, mota honetako depresioen %20-30 inguru kroniko bihurtzen da. Kontuz, beraz, behar besteko arretarik jasotzen ez duten erditu osteko "depre" horiekin.

Depresio guztiak tratatu behar dira

Gaur egun botika ugari eta eraginkorrak daude depresioaren kontra eta substantzia zerrenda zabala biltzen dute. Depresio-kontrakoak neurotransmisoreengan jarduten duten botikak izaten dira, serotonina, normadrenalina, dopmina eta antzeko substantziak, neuronek euren artean komunikatzeko erabiltzen dituztenak. Botikarik erabilienetako bat fluoxetina da, serotonina gehitzea eragin, eta aldarte-egoera eta bizitza-energia erregulatzen dituena. Ez du berehalako eraginik izaten eta hartzen hasten denetik, 3 eta 4 hilabete behar izaten dira eraginak antzematen hasteko. Tratamendua medikuaren kontrolpean egin behar da beti. Kasu batzuetan, familiako medikuak tratamendua jarri eta erantzun onik ez dagoenean edo gaixoak bere buruaz beste egiteko asmoa agertzen badu edo depresioak pertsona ezgaitu egiten badu, edo pertsona arteko zailtasunak daudelako psikoterapia ezinbestekoa bada, psikiatrarengana bidali behar da gaixoa. Psikoterapien aukera ere hortxe dago: terapeuta, psikiatra, psikoanalista edo psikologo bat buru duen taldetik hasi eta banakako terapietaraino, psikoanalisia zein terapia konduktista edo gestalta aukeran.

Gaixoarekin hainbat hilabetez lan egitea eskatzen du depresioaren tratamenduak. Kasu arin batek 3 eta 6 hilabete bitarte iraun dezake; kasu larriagoek 6 hilabetetik 9ra bitarte eta kasurik larrienetan, sintomek eta tratamenduak luzeago jo dezakete eta beharrezko izan daiteke ospitaleratzea edo terapia gogorragoak ere, botika bat baino gehiago aldi berean emanez. Kasurik larrien edo luzeenetan, beharrezko izan daiteke terapia elektrokonbultsiboa (TEC); prozedura hori ez da asko erabiltzen eta anestesia orokorrarekin 3-4 segundoko deskarga laburrak ematen dira hainbat saiotan. Arrakasta %85 ingurukoa den arren, gutxi erabiltzen da teknika hori. Zorionez, kasurik gehienetan nahikoa izaten dira medikuaren laguntza eta botikak; baina horretarako ezinbestekoa da gaitza lehenbailehen identifikatu eta tratamendua berehala hastea.

Diagnostic and Stadistical Manual of Mental Disorders delakoaren arabera, "depresio larria" duela esan ahal izateko gutxienez ondorengo sintometatik bost izan beharko ditu gaixoak, bi aste edo gehiagoz. Ia egunero eta egun osoan zehar gogo-aldartez deprimituta egotea izango da sintometako bat. Hauexek dira zaindu beharreko sintomak:

  • Gogo-aldarte deprimitua
  • Ekintzetarako interesa edo gogoa nabarmen gutxitzea
  • Pisua edo/eta jateko gogoa galtzea
  • Intsomnioa edo hipersomnia
  • Atzerapen psikomotorea edo azaldura
  • Gutxi balio duela edo errudun sentitzea
  • Kontzentratzeko gaitasuna galtzea
  • Behin eta berriz heriotza eta suizidioa buruan izatea


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto