Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Igerian egitean gorputzeko ia muskulu guztiek parte hartzen dute. Beraz, egin daitekeen kirolik on eta osoenetakoa da
Paregabea da sistema kardio-baskular eta arnasa aparatuarentzat, giharren indar eta erresistentziarentzat, artikulazioen malgutasuna areagotu egiten du, gorputza tonifikatu eta lasaitu egiten da eta, gainera, pisua galtzen laguntzen du.
Horrela, igeriketa oso egokia eta mesedegarria da hartu beharreko neurriak hartuz gero, batez ere mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat, uretan gorputza arindu egiten dela baitirudi. Edozein kirol egiten hasi aurretik, -eta igeriketa ez da salbuespena- medikuari kontsultatu eta azterketa egitea gomendatzen da, igerilariak bere ahalegina norainokoa izan daitekeen neur dezan.
Tenperatura desberdina izaten da gorputz atalaren arabera: izterrondoan, galtzarbeetan eta ahoan 36,5 gradukoa izaten da eta uzkian, berriz, 37 gradura iristen da. Hala ere, tenperatura desberdina izan ohi da pertsona batetik bestera eta adinaren arabera. Azaleko tenperatura ere aldatu egiten da kanpoko faktoreen arabera, odol-presio eta izerdia kontuan izanda. Interesgarri litzateke hirugarren adineko pertsonak ibiltzen diren igerilekuetarako uraren tenperatura egokia zein den eta giroko tenperaturak erabiltzaile horiengan zein eragin izango duen jakitea. 4 eta 18 gradu bitarteko tenperatura oso hotza da, 29 eta 38 gradu artekoa epela eta 38tik 42ra beroa. Uraren tenperatura zenbat eta altuagoa, igerilariaren deshidratazioa ere handiagoa izango da, aktibitate gutxi egiten dela iruditu arren. Uretan ariketa egiteko tenperaturarik egokiena 32 eta 34 gradu izango da neguan eta bi gradu gutxiago udan, baina urte guztian zehar tenperatura bera izatea ere gerta liteke. Balore horietatik kanpo, jaitsi egingo da kirolariaren errendimendua eta ez da igerian egiteko giro egokirik lortuko. Giroko tenperaturak ere badu eragina eta uraren tenperaturarekin bat ez badator, kirol onuragarri hori egiteko zaletasuna gal dezake kirolariak. Horregatik, igerilekuko instalazioetako tenperaturak 30 gradu ingurukoa izan behar du. Tenperatura egokiak huts egingo balu, hirugarren adineko ikasleak igarri egingo lioke eta baliteke gaixotzea ere.
Arnasa funtsezkoa da. Ahotik hartu eta urpean ere ahotik botatzea komeni dela jakin behar du igerilariak. Sudurretik hartuz gero, ur-partikulak geratzen dira sudur-zuloetan eta sentsazio desatsegina izateaz gain, arnasaren erritmoa aldatu eta eztula eragin dezakete. Hala ere, ez da gomendagarria ikasleak arnasa ahotik sakon hartzea, hiperbentilazioa gerta bailiteke eta ondorioz, zorabioak sortu. Horregatik, igerilariak arnasa normal hartzea komeni da, beti egiten duen moduan.
Igerilariak nondik nora dabilen edo urpean zer egiten duen ikusten ez badu, arazoak izan ditzake: flotazio-bidea aldatzea, tentsio desegokiak, beldurrak... Ikasleak begietan arazoak baldin baditu, adibidez begiak erretzen bazaizkio, urperako betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da. Begien inguruan neoprenoa duten betaurreko anatomikoak izaten dira egokienak.
Uretan hasteko lehen ariketa beldurra galtzeko flotaketa-ariketak egitea izaten da, kasu askotan pertsona ez baitzen aspaldian uretan ibiliko. Sakontasun sentsaziora egokitzea: garrantzitsua da hasieran murgiltzeko ariketak lantzea. Igerilaria seguruago sentitzen denean, gainerako teknikak ere landu ahal izango dira igerilekuan. Crawl: koordinaketa handiak garatzeko aukera ematen du, igerilariarentzat oso mesedegarri den jarrera hidrodinamikoan. Bizkar-igeriketa: crawl erakoaren osagarri diren koordinaketak lantzen ditu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa