Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Zuhaitzak, zaindu beharreko altxorra: Basoak, babesik gabe eta zainketa egoera txarrean

WWF/Adena elkarteak ikerketa garrantzitsu bat abiarazi du berriki estatu mailako basorik onenak eta babes gutxien dutenak zeintzuk diren jakiteko

 

Antzeko beste ekimen baten bidez, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Botanika Unitateak estatuko basoen txosten kartografikoa egin du; bi urte eman ditu lan horretan. Aipatu bi ikerketek oso tresna baliagarria eskaini dute gure basoen babeserako plangintza egiteko, zainketarako lehentasunak ezarriz.

WWF/Adenaren ikerketak, Espainiako basoei buruzko eguneratuenak, babes aldetik dauden hutsuneak eta baso mota ezberdinen zainketa-egoera zehazten ditu. Beste neurri batzuen artean, 205 baso berehala babestea proposatzen du, Habitaten Arteztarauaren Red Natura 2000 delakoan sartuta.

Mediterraneoko basoak

Mediterraneo aldeko basoak mundu mailan garrantzitsu, baliotsu eta arrisku handiena bizi dutenen artean daude. Mediterraneoan dauden 25.000 landare espezieen artean, erdiak endemikoak dira (leku jakin batekoak bakarrik). Portzentaje hori munduko endemikotasun mailarik handiena da, Andeetako gune tropikalekoaren atzetik. Espainia, %19ko flora endemikoarekin, eko-eskualdeko espezie bakarretan munduko bigarren herrialde aberatsena da, Turkiaren atzetik.

Estatu espainiarrak balio ekologiko paregabeko basoak ditu eta horietako zenbaitentzat mehatxu larria da lurzoruaren erabilpen berria, larregizko abelazkuntza, urbanizazio eta turismo kontrolik gabea, kutsadura eta basoen zatikatzea tarteko; eta horri, gainera, suteak erantsi behar zaizkio: urtero basoen azaleraren %1 galtzen da suteen eraginez.

Gaizki zaindutako eta babesik gabeko zuhaitzak

Estatuko basoetan artearen egoera kaskarra aipatu behar da (dauden 5,5 milioi hektareatatik, 260.000 bakarrik kontsidera daitezke kalitate handiko). Baina gainera, gure basoen kontserbazio egoera tamalgarria da: baso mota guztietatik %8k bakarrik du nolabaiteko babesa. Ongi kontserbaturiko azalera-proportzio txikiena dutenak artadiak dira (%5 baino ez daude ongi), eta baita sabinadiak (%7 bakarrik), erretxinetarako pinudiak (%7) eta gaztainadiak (%2) ere.

Andaluziako izei espainar eta ezkametz basoak dira kontserbazio maila ona (%90) duten bakarrak. Kanariar irletan, ez da hutsune nabarmenik antzeman basoen babesari dagokionez babestutako baso sailak %59ra iristen baitira bertan, baina areagotu egin behar litzateke zainketa sabinadietan eta horien kalitatea hobetzeko neurriak hartu. Penitsula mailan babesari dagokionez hutsune larrienak dituzten basoak ameztiak (%2 baino ez daude babestuta), sabinadiak (%2), urkidiak (%2,7), ezkametz basoak (%4), Aleppo pinudiak (%4), karballeirak (%4,2) eta pinugorrizko pinudiak (%4,5) dira.

WWF/Adenaren aburuz, "estatuko gune babestuen sareak kontuan izan behar luke basoen aniztasun handia eta ez beren tipologia bakarrik; horietako bakoitzaren barruan ere, estatuko leku bakoitzeko aniztasun genetiko, faunako eta paisajeari dagokiona ere jaso behar litzateke ".

Habitataren Arteztaraua, biziraupenerako aukera

Hegaztien Arteztarauak (1979) ekarri zuen kontserbaziorako ekimenari jarraituz, Europako Batasunak Habitaten Arteztaraua onartu zuen 1992an. Derrigor bete beharreko arau hauen helburua landare eta abere-espezie guztien eta EBko habitat mota guztien biziraupena bermatzea da. Horren ondorio aipagarrienetako bat Red Natura 2000 da, EB guztia hartuz biziraupen hori bermatu behar duena. Gobernuak behartuta daude Red Natura 2000n sartzeko hautagai diren lekuen zerrendak aurkeztera eta une horretatik aurrera, babes eta kudeaketa egokia izan behar dute. Araudi hori abiaraztea oso atzeraturik dago Europako Batasun guztian. Espainia ere ez da salbuespena.

Arteztarau horrek proposatzen duen babes eta kontserbazio kontzeptua aldendu egiten da gune babestuei buruzko orain arteko terminologiatik eta kontserbazioko joera berrietan integratzen da. Joera berri horiek zeregin estrategikoa ematen diete bertako biztanleei eginkizun horretan eta gune naturalaren kontserbazioarekin bateragarri den erabilera kontrolatua egiteko baimena ematen zaio. Gune babestuaren ideia berri hori primeran egokitzen da mediterraneo ingurura, izan ere inguru horretan berezkoa da giza-biztanleak ingurumen naturalean milaka urtetan zehar txertaturik egotea, dehesetan besteak beste.

205 basok laguntza behar dute berehala

WWF/Adena txostenak gure basoen babeserako presazko neurriak azpimarratzen ditu. Baso motak beren kontserbazio egoeraren arabera sailkatu ahal izan dira (baxua, ertaina eta handia). Erakunde ekologista horrek babesik ez duten 205 baso onenak hautatu ditu eta baso horiek Red Natura 2000ra sartzeko deia egin die administrazioei.

Horien artean, Sierra de Gudar-eko pinudiak (Teruel), Cabrejas-Calatañazor (Soria) inguruko sabinadiak, Pedro Gómez mendilerroko (Cáceres) artadiak edo O Caureleko (Lugo) baso mistoa. WWF/Adena beste txosten batean (Europako Basoen Ebaluaketa izenekoan) Europako herrialdeetako basoen gestioa hartzen da gaitzat eta txosten horren emaitzak ere ez dira batere lasaigarriak. Azterturiko 19 herrialdeetatik, Suitzak eskuratu zuen puntuaziorik onena eta Estoniak txarrena. Espainia 11. lekuan geratu zen. Batez besteko puntuazioa 100etik 52koa izan zen eta, horrenbestez, Europak bere basoak hobeto zaindu behar dituela jasotzen da, ondoen zaintzen duten herrialdeek ere ez baitituzte oso ondo zaintzen: kalifikaziorik onena Suitzak erdietsi zuen, 62 punturekin eta atzetik Finlandia (61) eta Suedia, Austria eta Eslovakia (hirurak ere 57 punturekin) zeuden. Okerrenak, Estoniak, 38 puntu baino ez zituen eskuratu.

Basoen zainketa, beraz, eginkizun da Europa osoan eta herrialde guztiek zeregin ugari dute beren zuhaiztien kudeaketa eta zainketan. Sakoneko tratamendua eskatuko duten arazo ugarien artean, ondorengoak azpimarratzen ditu txostenak: kutsadura, ukitu gabeko baso naturalik eza edo horien urritasuna, babestutako nahikoa baso ez izatea, basoetan pestizida eta herbizida larregi erabiltzea eta egur hilik eza, espezie askorentzat funtsezko habitat dena.

Artea, historiako paisajea

Antzinako garaietatik hasi eta Garai Modernoetara, Iberiar Penintsula baso trinkoz jantzia zen, artadiz batez ere, baina baita artelatz, ezkametz eta bestelako haritzez. Zuhaitz horien azpian estrepak, legeltxorrak, isatsak, gurbitzak, izpiliku mina, etab hazten ziren, eta multzo guztiari mediterraneoko baso izena ematen zitzaion.

Artea, haritzarekin batera, zuhaitz sakratua izan zen mediterraneoan. Zeltek totem bihurtu zuten, Kaërquez edo "zuhaitz eder" deitu zioten, eta gaur egun ere latinezko Quercus izenez izendatzen da zuhaitz mitiko hori. Kondairaren arabera, kultura zelten druidek (zuhaitzetako apaiz eta jakintsuek) arteen inguruan dantzan egiten zuten beren erritualetan. Justizia eta indarraren sinbolo zenez, zuhaitz hori erabiltzen zen greziarren artean ere Jainko eta Gizakien gauzei buruzko ezagutza lortzeko egiten ziren errito eta sineskerietan. Erromatarrek, berriz, Jupiterrekin lotzen zuten artea, konstantziaren eta leialtasunaren sinbolotzat hartzen baitzuten. Eta musulmanen garaiko Espainiako nekazaritza eta basoei buruzko obrarik garrantzitsuenean, Abu-Zacaría sevillarrarenean, honela esaten da: "hainbat motatakoak daude: ezkur luze eta laburrekoak, gozo eta mikatzekoak. Harrizko mendietan, lursail gogor eta bigunetan... berez jaiotzen den basoko arbola da artea eta sendoago egiten da ura dagoen lurretan". Ezkur gozoko artea ere deskribatzen du, ogia egiteko erabil daitekeena.

Mendeetan zehar, zuhaitz hori eredugarri izan da naturaren eta gizakiaren aprobetxamenduaren arteko orekari dagokionez; gosete garaietan oinarrizko jaki izan zen eta kasu askotan familia askoren biziraupenerako bidea ekarri zuen. Historian zehar izan dituen esanahi sinboliko eta kulturazkoak eta aprobetxamendua albora lagata, gure zuhaitzik urtetsu eta ederrenetako bat izan da artea. Tamaina eta adinagatik aipagarri diren arteak aurki daitezke Lecinan, zuhaitzaren izena hartzen duen herrian, edo Rebollarren, biak ere Huescan; "carrasca de Miramón" Sigües-en (Zaragoza) eta "carrasca de Casa Inserte" Mora de Rubielos-en (Teruel). Peracense-tik hurbil, Teruelen, bada arte bat bertakoen esanetan 1.300 urte dituena. Beste arte ikaragarri batzuk Culla (Castelló), Mendazako (Nafarroa) hiru hankakoa, L´Aleixar-eko Mas de Borbókoa (Tarragona), Bizkaiko Garaikoa eta Alcoykoa (Alacant), hiriaren kanpo aldeko masia batean dagoen ehunka urteko artea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto