Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haur programazioa: Kalitate tekniko kaskarra eta arreta gutxi hedatzen diren baloreen inguruan

Ez dago ia egiazko programarik

  Ohikoena ez dira telebistako saioak, programa "zakuak" baizik (Tele 5eko Club Disney, Antena 3eko Megatrix, eta TVEko TPH), barruan hainbat eduki desberdin biltzen dituztenak (marrazki bizidunetako sailak, irudi errealekoak, lehiaketak, musika emanaldiak...) , kalitate aldetik oso desberdinak, bata besteari erantsita baina jarraipenik gabeak eta inolako ezaugarri bateratu eta bateratzailerik gabeak. Programetan bertan ez da izaten egitura bateraturik, ez eta forma eta eduki aldetik intentzio jakinik, programari nortasuna eta sendotasuna emango dionik; horregatik, ez dira benetako programak. Programa horiek "zaku" hutsak dira, mila modutako produktuen amalgama, ausaz programatuak eta irizpide ekonomiko eta pragmatikoetan oinarrituta gidatuak, benetan haurrentzat interesgarri izango diren emisioak prestatzera bideratuak baino. Programa horietako askotan, aurkezleek ez dute iragartzen haurrek jarraian ikusiko dutena.

Seguru asko ez baitute jakin ere egingo, programak aste guztirako, plato bakarrean, egun bakar batean eta presaka grabatzen baitira. Arreta eta aurreikuspen urria eta programa erakargarri, ongi egindako eta ikusle txikienen berariazko ezaugarriak errespetatzen dituztenik ez izateak, badirudi nabarmen uzten duela telebista kateen haurrenganako interesik eza eta beste hutsune bat ere uzten dute argi: telebista kateek ez dutela haur psikologia eta pedagogikoako aditurik programazio hori prestatzeko. Labur esanda, erruz dira kalitate eskaseko telesail eta programak, ikusle gaztetxoenak eta beren eskubide eta berezitasunak kontuan izan gabe paketeka erosiak. Eta urri dira gustu ona, sormena, asmamena eta sentsibilitatea ere. Bereziki, programak falta dira, benetako programak (batez ere kateak berak sortuak, ia ez baita horrelakorik).

Ikerketaren emaitzak

Ikerketak bi atal ditu: alde batetik, programen interesa eta kalitate tekniko-artistikoa eta, beste aldetik, baloreei dagokiena, telebista kate hauek bultzatzen dituzten baloreak (elkartasuna, askatasuna, berdintasuna, ingurugiroaren errespetua, tolerantzia...) eta kontrabaloreak (indarkeria, sexismoa, desberdina denaren bazterketa edo kontsumismoa tribializatu edo bultzatzea). Eta ponderazio egokia egin ondoren, kate bakoitzak eskaintzen duen haur programazioaren balorazio orokorrera iritsi da. Erabilitako metodologiari buruzko informazio gehiago: www.consumer-revista.com 11 kateen batez bestekoa ez da aprobatura iristen; lau katek (Canal 33, La 2, Canal 9 eta TVE1 kateek) bakarrik gainditu dute azterketa eta bat ere ez da 7 puntu lortzera iritsi. Suspenditu dutenen artean, haurrentzako programaziorik txarrena dutenak Tele 5, Antena 3 eta Tele Madrid dira, ordena horretan. Atzetik Canal Sur eta TVG. Hobetoxeago, baina erdipurdi eta aprobatura iritsi gabe, Canal Puls eta ETB1 daude.

Xehetasunetara etorrita, haurrentzako programazioak hedatzen dituen baloreei begiratuta, Canal 33 (Kataluniakoa), Canal 9 (valentziarra), La 2 eta TVE 1 kateek aprobatua erdietsi dute. Atal honetan, programaziorik txarrenak Tele 5, Antena 3 eta TVG (Galiziakoa) kateetakoak dira, suspentso borobilarekin. Aprobatutik urruti geratu dira Telemadrid, Canal Plus eta ETB1 ere, eta Canal Sur kateko programazioa hobexeago jo daiteke, azterketa gainditu ez duen arren. Programaka, zabaltzen dituzten balore sozialen aldetik programarik onenak El Conciertazo eta Peque Prix (biak TVE1 katean), eta TPH Club (La 2) eta Club Super 3 Canal 33koa dira.

Interesari eta kalitate tekniko zein artistikoari dagokionez (gidoia, produkzioa, errealizazioa, erabiltzen den hizkera...), hobexeagoak dira, baina etsigarriak hala ere: 11 kateetatik bostek suspentsoa atera dute. Eta notarik onena ere "ongi" soila da. TVE1 eta Canal 9 valentziarra dira ranking-eko buruan, eta oso hurbiletik Canal 33, Canal Plus eta ETB1. Beste muturrean, kalitate eta interesei dagokienez programa txarrenak Canal Sur, Telemadrid eta Tele 5n ikusi ditugu. Antena 3 eta TVGk ere suspentsoa atera dute, aurreko kateek baino balorazio hobea izan duten arren. Kalitatea osagai funtsezkoa da edozein haur programatan, izan ere irizpide horrek haurrengan ikusentzunezko eta kulturazko produktuen kontsumitzaile gisa ohitura onak sortzen laguntzen du. Edo, alderantziz.

Balorazioko irizpide zorrotzak

Ikerketa hau egiteko, oso irizpide zorrotzak erabiliz, oso kontuan izan da pertsonak 4 eta 12 urte bitarteko garai horretan bizi duen etaparen garrantzia, bere intelektoa eta sozializaziorako gaitasuna garatzen ari baita haurra. Horrenbestez, ezin dugu albora laga edo arinkeriaz hartu telebistak pertsonaren bizitzako lehen urteetan duen eragina, telebistak haurrengan duen egiazko garrantzia zalantzan jartzea ere komeni izan arren. Horregatik, haur programen zuzendariek eta, beraz, telebista kateetako zuzendariek duten erantzukizun berbera dute guraso eta hezitzaileek ere; izan ere, guraso eta hezitzaileek haurrei lagundu egin behar diete telebistako programak aukeratzen, ahalik eta irizpide arrazional eta autonomoenarekin. .

Bistakoa da, beraz, komunikabideetako arduradunak haurrak konkistatu beharreko audientzia huts gisa eta produktu komertzialen kontsumitzaile gisa baino ikusten ez badituzte, guraso eta hezitzaileek bikoiztu egin beharko dutela beren ahalegina seme-alaba eta ikasleak telebista kontsumoan orientatzeko eta programak aukeratzen lagundu, beren kalitatea antzeman eta jasotzen dituzten mezuak era aske eta arrazional batean interpretatzeko.

Programa interesgarrienak

Programa "edukiontzi" edo "zakuetan", gomendagarrienen artean Club Super 3 (Canal 33) etaTPH Club (TVE1 eta TVE2) dira.Club Super 3 (Canal 33) da azterturiko guztien artean onena. Gustu hobez egina da, publizitateari arreta handiagoa jartzen zaio (ongi bereizten da telesail eta aurkezpenetatik) eta haurren munduko produktu, filme eta abarrak baino ez dira ematen. Aurkezpenak elektronikoak dira, nahikoa efektistak, ongi landuak eta modernoak: eremu birtual batean sartzen den inpresioa eragiten diote ikusleari. Club Super 3 programaren gauzarik onena adinen ordena eta kategoria argi eta ongi ezarrita edukitzea da. Eta kalitatezko produktu eta telesailak dituela. Gainera, askoz balore gehiago hedatzen du kontrabaloreak baino (atal honetan 10 puntutik 8 eskuratu zituen eta TPH ez zen 6 puntura iritsi) eta gorren hizkuntza ere nahiko sarri erabiltzen da. Hala ere, Club Super 3 programan ikuslearekiko interaktibotasun eskasak eta hizkera pobreak merezi du txalorik gutxien.

TPH programak material ugari eta anitza (eta irregularra) du bere baitan eta nota ona merezi du. TPH (La 2) programaren gauzarik onena Super ñ da, panpina bera eta bilatzen edo asmatzen dituen hitzak. Hizkuntzaz kezkatu egiten dela, azken batean. Telesail batzuk, klasikoak batez ere, kalitatezkoak dira. Eta Barrio Sésamo txalogarria da orokorrean. Bestalde, TPHk arreta berezia eskaintzen die haurrik txikienei. Eta, edukiontzi horretan, ugariago dira baloreak kontrabaloreak baino. Hobetzeko modukoen artean, TPH (La 2) programan, telesailen irregulartasuna aipa daiteke, batzuk kalitate kaskarrekoak baitira; baita gidoia, elkarrizketak eta aurkezpenak ere. TPH (TVE1) programak duen gauzarik onena, bestalde, haur txikienei zuzenduriko produktuak dira, La 2 katean baino gutxiago diren arren, eta Cuentilares saila eta telesailen bat. Eta txarrena, La 2 kateko TPHrako esandakoaz gain, indarkeriazko programa japoniar larregi eta eduki eta publizitateen nahasketa.

El Conciertazo (TVE1) oso programa ona izango zen (hau benetako haur programa dela esan daiteke) aurkezlearen irudia gehiago zaindu izan balitz, izan ere aurkezleak ez daki haurrei zer tratamendu eman behar zaien. Gaitasun intelektual urriko pertsonekin ari balitz bezala hitz egiten du, larregi dramatizatuz, esageratuz eta giro sineztezinak sortuz. Haurrek egunero ikusten dituzte helduentzako programak eta ohitu egin dira horietako hizkerara, ahozko zein idatzizkora. El Conciertazo programak ez ditu aprobetxatzen horrek profesional on bati ematen dizkion abantailak. Aurkezlea albora utzita, programa oso ongi planteaturik dago eta musika kultuaren mundua irekitzen die haurrei.

Edukiontzi edo "zakuekin" jarraituz, El Club Megatrix (Antena 3), El Club Disney (Tele 5) eta La Banda del Sur (Canal Sur) dira txarrenak. El Club Disney Tele 5en haur eta gazteentzako programazioaren oinarria da. Animazioaren munduko klasikoak ditu, Micky Mouse esaterako. Disney telesailek kalitate onartua eskaintzen dute, bereziki Donald edo Micky klasikoek. Baina aurkezpenak aurkezle gazte ezjakinek egiten dituzte, haurrez inguratuta, publizitate ugari nahastuta eta katearen promoak nagusi direla - gaueko programazioa, batzuetan desegokia indarkeriazko irudiak edo oso erotikoak eskaintzen dituelako- eta Disney produktuak: jostailuak, jokoak, era askotako salgaiak, bideoak. Aurkezleen hizkera oso pobrea da, konbentzionala eta topikoz eta esanahirik gabeko esalmoldez betea. Baina edukiak dira txarrena (horiek artean Pokemon, marrazki bizidunetako telesail bat, haurrak larregi aztoratzen dituena eta gurasoenganako ezinikusia ere sor dezakeena), produkzio japoniarreko telesail larregi, indarkeria izugarri eta oso kalitate tekniko kaskarrekoak.

Antena 3eko Club Megatrix. Tele 5ekoagatik esan den guztia errepika liteke, baina ez du Disneyrik. Aurkezleak eta aurkezpenak Disneykoak baino are kaskarragoak dira. Anabasa ikaragarria da. Adinen bereizketa oso gaizki egiten denez, haur batek, bere adinerako den programazioa ikusiko badu beste adin guztietarakoa ikusi behar izaten du. Edukiontzi honen barruan aurki dezakegu marrazki bizidunetako telesailik onenetako bat, Pesadillas, eta irudi errealeko onenetakoa: Pippi Calzaslargas. Gauzarik txarrena, El Megalote, oso lehiaketa txarra, batez ere hizkera aldetik. Power Ranger ere alderdirik txarrenen artean aipatu behar, indarkeria handia eta kalitate tekniko penagarria baitu.

La Banda del Sur, Canal Sur katekoa. Beste edukiontzi batzuk bezala, oso gaizki egituraturiko gidoiak ditu, elkarrizketa ezin txarragoak, grazia eta zorroztasunik gabeko inprobisazioak, aktore-aurkezle gaizki zuzenduak... Jantziak eta dekoratua pobreak dira eta asko antzematen da bitartekorik eza. Teleserie larregi eta publizitate asko dago. Nahasmena da nagusi. Gauzarik onena Los Teletubies direlakoak dira, eskolaurreko umeentzat. Eta txarrena, indarkeriazko eta kalitate txarreko telesail japoniar gehiegi dituela.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto