Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Organoak ematea: Elkartasunezko egintza batzuentzat, bigarren aukera besteentzat

Espainiako Transplanteen Erakunde Nazionala

Osasun eta Kontsumo Ministerioko organismo den Transplanteen Erakunde Nazional (ONT) horren eginkizuna, era guztietako ehun, hezur-muin eta organoen emate eta transplantea erraztu eta koordinatzea da. Sortu zenez (1989) geroztik, ia ehun mila laguni egin zaie organo edo ehunen baten transplantea. Osasun-Sistema osoaren zerbitzu-agentzia gisa dihardu: transplantatzeko moduko organo eta ehunen erabilgarritasuna etengabe gora ekartzen ahalegindu ezezik, transplantegintza gidatu behar duten berdintasun-printzipio etikoen eta ezagutza teknikoen arabera, eragiketen banaketa egokiena egingo dela bermatu ere egiten du. ONT erakundearen helburu eta itxaropenetako bat aurten organo-emateak %15ean gehitzea da. Erkidego autonomiko batzuetan, transplanteen kudeaketa ere unitate autonomikoen kontukoa den arren, ONTk funtsezko betekizuna du informazioaren koordinazioan eta, zenbaitetan, emaniko organoen kudeaketan bertan ere. Esate baterako, Valentzia edo Sorian transplantatzeko moduko gibel bat baldin badute baina "zero larrialdi egoeran" -egun pare batean hil litekeena- dagoen gaixoa Caceresen baldin bada, transplanteari buruzko erabaki egokienak har daitezen beharrezkoa den informazioaren joan-etorria ONT horrek koordinatzen du.

Legea eta emaitzak

Ikuspegi juridikotik, beste norbaiten mesedetarako organo bat ematea justifikaturik dagoenez, zientziaren aurrerakuntza lagundu eta organoen diru bidezko trafikoa zein gehiegikeriazko esperimentuak egitea galarazi egiten du arauteriak. Transplanteei buruzko 1979ko Legeak planteatzen zituen funtsezko lau kontuak hurrengo Errege Dekretuak zehaztu zituen:

  • Erauzketaren helburua terapeutikoa izango da nolanahi ere.
  • Organoak ematea, beti, doako eta isilpeko ariketa da. Gizarte-sektore batzuek nozitzen dituzten premia ekonomikoek (herrialde txiroenetan ez oso minoritarioak, gainera) eta organoak saltzeraino irits litezkeen eskrupulurik gabeko artekarien ustezko irabazi-nahiak eraginik, legegileek argi eta garbi utzi behar izan zuten organoak dohain eman behar direla, hainbat alderdi nabarmenduz: gizakia kontratu-gai izaterik debekatzea, merkatuak halako prezioan edo, are eta okerrago, diru gehien ordainduko duenari giza organoak eskaintzeari ateak itxita. Sal-erosketa hori gizabidez kontrakoa litzateke, noski, eta diskriminatzailea, gainera: organoak Interneten enkantean jarriko balira, adibidez, nori egin lekioke transplanterik? aberatsenei bakarrik ote? Errege Dekretu berriak organoen trafikoa galarazi eta bi kontu seko debekatzen du: organoen aldez edo moldezko publizitatea eta, organoa ematearren, zeinahi eratako ordainketa edo saririk ematea (8. art.). Emaitza beti isilpean egingo da, eta bizirik edo hilik dagoen emailea eta senitartea anonimoak izango dira.
  • Bizirik dagoen emaileak (hezur-muin eta giltzurrunen transplanteetan, esaterako) onespena adieraziko du, askatasunez eta bere buruaren jabe izanik; adinez heldua izango da eta erabakiak izango dituen ondorioak jakinaraziko zaizkio, aldez aurretik. Organoa edo ehuna erauztea eta bizirik segitzea bateragarriak izango dira eta horren funtzioa organismoak egokiro eta segurantziaz orekatu ahal izango du. Errege Dekretu horrek ekarritako azken berritasuna: organo horren emaitza Erregistro Zibileko epailearen aurrean sinatuko du emaileak, hurrengo 24 orduetan iritziz aldatu ahal izango delarik. Dena den, hildakoen emaitzei lehentasuna emango zaie, bizirik dauden emaileen aurretik.
  • Hildakoen emaitzei dagokienez, hildakoa emailetzat hartzen da, bizirik zegoela hil ondoren organoen erauzketaren kontra azaldu ez baldin bazen behintzat. Hiritar gehientsuenek ezezagun duten irizpide horren ondorez -ustezko onarpena-, hain zuzen, agertu da Estatu espainola organoen transplante-kontuetan Europan aitzindari. Balizko emaitzei buruz, hildakoak bere borondatea hitzez edo idatziz utzi ez badu, elkartasun printzipioak erabateko lehentasuna duenez, onespena emandakotzat jotzen da. Teorian bederen, senideek ezin uka, ezin baimen dezakete emaitza, horien eskumenetik kanpokoa delako erabaki hori. Legearen letra eta izpirituari jarraiki, zendutakoaren borondatea ikertu behar dute sendagileek: hil aurretik gai horretaz zerbait esan ote zuen galdegin behar dio tratatu zuen pertsonalari eta, areago, bere gauza pertsonalen artean arakatu egingo du, kontu honi buruzko jarreraren berririk agertzen ote den egiaztatzeko. Adiera horretantxe egin beharko litzaieke senitartekoei kontsulta, hau da, zendutako ahaideak esan zuenaz, ez besterik. Legearen arabera, organoa emateari senideak ezin liezaioke uko egin. Are gutxiago idatzizko onespena baldin badago. Dena den, uko egiteko modu soil bat hauxe da: familiako kide batek, edozeinek, hildakoak ez zuela emaile izan nahi edo sinaturiko agirian azaltzen den jarrera ezeztatu nahi zuela berrestea. Ohikoa, nolanahi ere, senitartekoen borondatea nagusitzea da.

Garun-heriotza eta bihotz-gelditzea

Errege Dekretu horrek ekarritako beste berritasun bati esker, bihotza gelditzeagatik gertaturiko heriotzaren kasuan ere organoak erauzi ahal izango dira; lehenago, ordea, transplante-prozesuari hasiera ematea entzefalo-heriotza jazotakoan bakarrik zegoen baimendurik.

Legeak zehaztua duen bezala, zeinahi garun-erantzunik, berezko arnasketarik eta erreflexu zefalikorik ez izatea da entzefalo-heriotza. Hori berresteko, bidezko proba medikoak egin behar izaten dira eta, gainera, transplante-lanik egiten ez duten hiru sendagilek egiaztatu behar dute: neurozirujauak, neurologoak eta heriotza gertatu den ospitale-unitateko arduradunak, objektibotasuna ahalik eta zorrozkien bermatzeko.

Senitartekoek zendutakoaren organoak ematean ezartzen duten arrazoietako bat, erauzteko unean pertsonak izan dezakeen sufrimendua da, entzefalo-heriotzaren kontzeptua ez baitago oraindik ere oso argi. Pertsona bati bihotza geratzea eta behin betiko hilik geratzea elkartzen ohituak garen arren, pertsona hori hil ondoren odol-zirkulazioa organismoan mantentzeko aukera eta heriotza kontzeptua uztargaitzagoak dira. Bihotza eta arnasketa geratzeagatiko jazoriko heriotza-kasuetan, epailearen baimena erdiesteko bete beharreko prozedura jasotzen duen aipaturiko Errege Dekretuko 10.5 artikulua aplikatzen da. Epaitegiari jakinarazi ondoren, organoen zaintza bermatu behar du sendagileak: era horretan harik eta azkarrago jardun daiteke.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto