Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Organoak ematea: Elkartasunezko egintza batzuentzat, bigarren aukera besteentzat

Organoak eman eta transplantatzea

Organoak ematea elkartasunezko ariketa da: horren bitartez, norbaitek organorik beste norbaiti ematea erabaki badu, premian dagoen beste pertsona bati laguntza eman ahal izango dio (hil ondoren, noski). Transplantea, berriz, emaileari erauzitako organoa hartzailearengan ezartzea da. Bi transplante mota bereiziko ditugu hemen: organoena (giltzurruna, gibela, birikak, area, bihotza, hezurrak, hesteak, etb.) eta ehunena (hezur-muina, zelula endokrinoak, kornea, larruazal edota hezur-tendoien ehuna). Bestetik, alotransplantea gertatzen da organoa espezie bereko beste izaki batengandik hartu denean, autotransplantea izaki bera emaile eta hartzaile denean eta xenotransplantea, azkenik, organoak beste espezie bateko animalia batengandik baldin badatoz.

Transplanteetan maizen gertatzen den arazo larrienetako bat, hartzaileak organo berriari errefus egitea denez, funts-funtsezkoa da errefusaren mekanismoak zehazki kontrolatzea. Helburu horrekin aztertzen dira emaile eta hartzailearen histokonpatibilitate-sistemak, ahalik eta bata bestearekin elkartzeko aproposen gerta daitezen. Errefus-erreakzioa murrizten laguntzen duten botika inmunosuntsitzaileak (ziklosporina, kortikoideak) ere erabiltzen dira gaur egun.

Organoen emaile, gizartearen onegile

Emailearen ezaugarriak ez dira aspaldiko berberak. Duela urte batzuk emaile guztien %80 trafiko-istripua jasaniko gazteak ziren bitartean, egun ugariago dira garuneko hemorragia edo infartuz hildako 40 edo 50 urteko pertsonak, Transplanteen Erakunde Nazional espainiarrak (ONT) adierazi duenez. Organoak emateko baldintza aproposetan ospitaleetan hiltzen diren pertsonak dira horiek baina, horrelakoetan ere, ehunetik bakar batek betetzen ditu organoak emateko baldintza guztiak: besteak beste, infekzio-gaixotasunik edo neoplasiarik (minbizia) ez nozitzea, alegia.

Baliozko emaileen proportzio urri-urri horrek argi eta garbi erakusten du baliorik izan dezaketen hilotza guztiei giza probetxua ateratzeko garrantzi berebizikoa; baita, noski, transplante bat edo gehiago egin ahal izateko organoak eman ditzaketen hildako pertsonen senitartekoekin adostasunera iristeko premia ere.

Oraindik orain eginiko inkesta batetik ondorioztatzen denez, berariazko agiridun espainiar emaileen erdiek organoak besterenganako elkartasunagatik eskaintzen dituzte. Hilez gero, organo horiek ezertarako balioko ez dietela onartua dute eta, eskuzabaltasunari esker, beste pertsona batzuek bizirik segitu ahal izango dutela dakusate, gainera. Borondatezko emaile horien %38k elkarrekikotasunez dihardu: bihar-etzi bera ere besteren organoen hartzaile bihur daiteke eta. Beste zenbaitek, zorroztasun handiz, organoak emateak osasun-sistema publikoari diru-aurrezkia eragiten diola uste du. Giltzurrunen kasuan, esate baterako, diru-kutxa publikoen ikuspegitik, transplantea askozaz ere merkeago gertatzen da hemodialisia baino.

Emaile-agiria

Bizirik dagoela emaileak betetzen duen dokumentu horretan, hil ondoren transplanteak egiteko baliozkoak gerta litezkeen bere organo eta ehunak erauz diezazkioten borondatea aldarrikatzen du. Esan gabe doa agiri hori betetzea ez dela nahitaezko baldintza emaile bihurtzeko, Estatu espainoleko hiritar guzti-guztiak baitira emaile, berez. Adinez heldu diren pertsonek eska dezakete emaile-agiria, baina hau indargabetu egiten da pertsona horrek hala adierazten duenean (dokumentua hautsi eta bere familiartekoei nahi berria jakinaraziz), agiria edukitzeak ez baitu izaera loteslea. Kasu guzti-guztietan hildako pertsonak nolako borondatea zuen senideekin kontsultatu ondoren, hauei onespena eskatzen zaie; hildako emailearen berariazko borondatearen kontra espreski familia ateratzea bakan-bakanetan baizik ez da jazotzen. Emaile-agiria doakoa da eta erakunde publiko (Osasun-Kontseilaritza, ospitalearteko transplante-koordinakunde, ospitale erabiltzaileen informazio zerbitzuak, osasun-zentro eta goian aipaturiko Transplanteen Erakunde Nazional espainiarrean) zein pribatuetan, hala nola giltzurruneko gaixoen elkarteetan, gibel-, bihotz edo birika-transplantatuenetan etab., eskura daiteke.

Hartzailea: amaigabeko itxaronaldia

Funtzionatzeari utzi dion organoa daukan gaixo larria izan ohi da hartzailea. Dagokion itxaron-zerrendan (giltzurruna, gibela, bihotza... hartzeko) sartzen da ezin eztabaidatuzko argudio baten baldintzapean: transplantea egin ondoren, haren bizi-kalitatea ikaragarri hobetuko da, inondik inora. Zenbaitetan, ebakuntza kirurgikoak espero den onura baino arrisku larriagorik sortarazten du (kontuan har dezagun dialisian ari diren gaixo batzuek bihotza ere gaizki dutenez, egoera horretan anestesiak sekulako arriskua duela). Organoa aldatzea agintzen duen patologiaz gainera beste gaixotasun larririk duten pertsonei ere ez zaie transplantea egiterik aholkatzen, horien bizi-kalitateak nekez egingo baitu hobera. Kasuan kasuko gorabehera guztiak aztertzen dituzte beti sendagileek, nolanahi ere.

ONT erakundeak emaniko datuen arabera, transplanteak egiteko itxaron-zerrenda laburrenak Estatu espainolak ditu. Zerrenda horretan, transplante-bidez organoak hartzeko zain dauden eskatzaile guztien izena eta izan beharreko informazioa agertzen dira: horrela, organo baliagarririk eskuratu bezain laster, espezialistek ezbairik gabe aukeratuko dute zein den pertsona egokiena transplantean organoa jasotzeko. Emaniko organo edo ehuna eta pertsona hartzailearen arteko bateragarritasuna faktore bat baino gehiagok baldintzatuko dute: odol-multzoa, neurri antropometrikoak, inmunologi arazo konplexuak eta, giltzurrunaren kasuan, esaterako, hainbat antigeno (hau da, organismoan sartuz gero, inmuno-erreakzioak sortarazten dituzten gaiak). Itxaronaldia ere aldatu egiten da, hartu beharreko organo edo ehuna zein den. Bihotzeko gaixoak batenaz beste pare bat hilabete itxaron behar izaten du; gibelaren transplantea egiteko, berriz, gaitzak jota dagoenak hiru eta erdi. Luze diruditen arren, epe horiek herrialde gehienetakoen erdi parean daude: EEBBetan (organoen emate-tasa garaienetako bat izaki) bihotza transplantatzeko batez beste zazpi hilabete eta gibelarena egiteko zortzi hilabete itxaron behar izaten du gaixoak. Europako herrialde askotan ere, antzeko itxaronaldiak bete behar izaten dira. Estatu espainiarrean bakarrik laburtu dira itxoin-zerrendak: horregatik, organoak emateari dagozkion kontuetan, espainiarrak munduko altruistenak direla diote, mundu zabaleko emate-proportziorik altuenaz harro egon daitezkeelarik: ia 34, milioi biztanleko. Erkidego autonomiko izenekoetan EAE eta Kantabria nabarmentzen dira, 34 horren ordez 50 inguruan baitabiltza. Ondotik Madril, Katalunia eta Valentziako Erkidegoa datozkiela (35 emaitza baino gehiago). Organo nagusien transplanteei goazkiela, Espainiak indize hauek ematen ditu: milioi biztanleko beti, 46 giltzurrun-transplante; gibel (20) eta bihotzari (8) buruzko zifrak apalagoak dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto