Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Gazteen indarkeria: Ez da arrazoirik gabeko errebelderik

Gazteen indarkeria ez da gure artean beste herrialde batzuetan bezain dramatikoa, baina hemen ere badugu arazoa: duela bi urte 534 ikastetxe publikotan egindako azterketaren arabera, inkestatuen %80 (ikasle eta irakasleak) kezkatuta azaldu zen ikastetxeetako disziplinarik eza eta errespetu faltagatik.

Eta %60k adierazi zuen azken hiru urteetan ikasleen arteko erasoak gertatu direla bere ikastetxean. Holandan 1992an egindako antzeko txosten baten arabera, haurren %25ek adierazi zuen indarkeriazko ekintzak egin zizkietela beste ikasle batzuek (indarkeria sistematikoa, fisikoa, sexu erasoak edo eraso psikologikoak).

  Baina gazteen artean badago hain bistakoa ez den beste indarkeria bat ere, bortxa, beldurra eta sufrimendua eragiten dituena. Horrek indartu besterik ez du egiten menpekotasunean, indarrean eta agresibitatean oinarritutako harreman mota; eta horiek ez dira bat ere balore eraikitzaileak heziketa prozesuan eta gizaki gisa eta izaki sozial gisa hazten bete-betean dauden pertsonentzat. Azalpenik gabeko portaera horien errua telebistari, komikiei, musika mota jakin bati, zinemari eta abarri botatzea da errazena, ("denetik daukate baina..." esanez), medio horiek askotan arinkeriaz edo zenbaitetan goraipamenez jorratzen baitituzte agresibitatea eta indarkeria.

Indarkeria zergatik?

Agresibitatea gizakiaren berezko sena da eta badirudi indarkeria dela (psikologikoa edo fisikoa) nahi duguna lortzeko biderik azkarrena. Inor konbentzitzea zaila da, abilezia dialektikoak eskatzen ditu eta gazteen artean ez dira oso ugariak trebezia horiek. Edozein modutan ere, edozeinek izan dezake erreakzio primitiboren bat, agresibitatezkoa, bere eremua defendatzeko. Eta behin eta berriz errepikatzen direnean, portaera bihurtzen dira erreakzio horiek. Gizakia da indarkeriaren kultura bat eratu duen animalia bakarra eta aurkaria suntsitzeko bitartekoak gero eta espezifiko eta konplexuagoak dira. Horrela, bada, haur eta gazteak indarkeriazko mundu batean jaio eta hazten dira. Eta ez gara gerra eta eraso fisikoez bakarrik ari. Haurrengan gehien sartzen den indarkeria mota bizitza estilo bat da (familia, eskola eta kalea "bustitzen" dituena) eta kontrola eta segurtasuna bihurtzen da balore gorena. Norberaren defentsa eta nork bere eremua defendatzeko arantzazko hesiak jartzea dira horren lekuko. Indarkeriazko jarrerak, azken batean, oso ondo errotzen dira gizarte lehiakor honetan, irtenbide indibidualak aldarrikatu eta pertsonen dimentsio soziala bultzatzea ahaztu egiten baita. Horrela, bada, hipokrita ere bada geuk sortu dugun gizartearen fruitu den zenbait haurrekin izutzea. Ikuspegi soziologiko batetik, beraz, guztion interesaren aurretik norberekoikeria jartzearen ondorio gisa interpreta daitezke haur eta gazteen indarkeriazko jokaerak. Baina, ikuspegi psikologiko batetik, jokaera horiek gertatzen diren une soziala baino urrutiago dute azalpena, gizakiaren erroetaraino jota. Gehienetan, lagun talde batekin eta bat-batean egiten dira bihurrikeriak. Araua urratzen duena garrantzitsu sentitzen da eta lagunek miretsi egiten dutela ikusten du. Eta ekintza bera estimulagarria da: haurrak edo gazteak badaki gurasoek ez dutela bere jokaera ontzat emango, baina horrek emozio pittin bat erantsi baino ez dio egiten. Lagunen onarpena da garrantzitsuena; horixe da saria eta merezi du zigorraren arriskua. Bandalismo eta indarkeria kasu arinak haur eta gazteen garapen normala osatzen dute eta independente, bihurri eta bere lagunen taldeko kide sentitzeko beharretik datoz. Uler dezagun: ekintza horiek eragiten dituzten sentimenduak unibertsalak dira. Gizabanako gisa identifikatzea eta talde bateko kide gisa sendotzea bilatzen dute haurrek. Beste kasu batzuetan, mendekua hartu nahi izaten dute bidegabe jotzen dituzten ekintzen aurrean; ekintza horiek agintaritzagandik datoz: guraso, irakasle, polizia eta abarrengandik. Umearentzat egoerarik bidegabeena "ikusezin" sentiarazten duena da; kontuan hartu ez edo lorpenak aitortzen ez zaizkiela sentitzea. Gutxi balio dutela sentiarazten zaien giroan hazitako haur asko taldeak eskatzen dien edozer egiteko gai dira (familian tolerantzia handiegia dutelako). Taldearen onarpena izateko beharrak portaera antisoziala izatera bultza dezake, nerabezaroan batez ere: orientaziorik ezaren erdian, taldeko kide sentitzea da garrantzitsuena (eta, batzuetan, horixe besterik ez da aukeratzen).

Indarkeria, seinalea besterik ez?

Indarkeriazko ekintzak edalontziari gainezka eragiten dion tanta da; arazoa aurretiazkoa izaten da gehienetan. Batzuetan, haurrak "zeinu" nabarmenak ematen ditu (lapurreta bat, borroka batean zaurituak eragin, gurasoei, ikaskideren bati edo irakasleei eraso eginez) eta arazoa sortzen da, dagoeneko saihets ezina. "Mezuak" erantzuna eskatzen du. Gurasoena ezinbestekoa da, zigorra besterik ez bada ere. Ezer ez egitea baino hobe da. Bihurrialdian dagoen eta jokaera arbuiagarrien bidez komunikatzen den nerabearentzat, esan gabe geratu diren hitzak dira bere ekintzak, egoeraren aurrean duen iritzia. Horregatik, isiltasuna eta ezikusi egitea da txarrena. Ez da arrazoirik gabeko errebelderik eta bere portaeraren atzean sentimenduak adierazteko premia ezkutatzen da: ez da eroso sentitzen eta besteentzat eramangarri edo zoriontsu den bizitzarekin egiten du topo behin eta berriz. Eta, desesperaturik, laguntza eskatzeko edo, gutxienez, arreta erakartzeko seinaleak ematen ditu. Jokaera horiek ez dira haur soziopatikoaren portaerak. Azken horrek zailtasunak izango ditu ona eta txarra, zuzena eta onartezina bereizteko. Gizartearen kontrako izaera kronikoa duenez, ez du bere ekintzen ondorioetatik ikasten. Kasu arraroak dira, baina edozein familiatan gerta daitezke.

Zer egin?

Familiak eta eskolak, agintariek eta gizarteak berak ere, behar den seriotasun eta erantzukizunez heldu behar diote gaiari. Tolerantziaren pedagogia, elkarbizitza baketsua eta errespetua bultzatu behar lituzketen ildoak elkarbizitzaren etikan dute abiapuntua, sozializaziorako hezteko, lankidetza, zentzu intelektuala (gogoetako jokaerak) eta frustraziorako heziketaren bidez. Haur batek 2 edo 3 urte dituenetik, inguruan jarraibide batzuk daudela sentitu eta jakin behar du, bere apeta guztiak betetzea ezinezko dela eta zenbait behar asetzeko ere, itxoin egin beharko duela. Ondasunak beste haur batzuekin banatzen erakutsi beharko diegu; horrek zapuztu egingo ditu sarri, baina hori onartzeko ere hezi egin behar dira. Familiako eta eskolako heziketak sendoa izan behar du: dena ezin da. Ezetza onartzen jakin behar dute eta zergatia galdetzen. Eta ez zaio onartu behar desberdina denari (beste arraza batekoa, itxura berezikoa edo itsusia denari; lotsati, betaurreko edo protesidun, "aulkibero" edo gaizki jantziari) burla egin edo errespeturik ez izatea. Familian eta eskolan, gizarteko balioak landu behar dira, gauzak konpartitzean, pertsonen aniztasunaren errespetuan eta haur eta gazteen behar eta gogoak atzeratzean oinarrituak. Horregatik, ezinbestekoa da eskolak gurasoen babes osoa izatea eta seme-alaben aurrean ez zaie irakasleei arrazoirik kendu behar; irakaslearen erabakiren batekin edo pedagogiarekin bat etorri ez arren. Inork ez luke onartuko, eta gutxiago bereganatuko, prestigio eta sinesgarritasunik gabeko entitate batek proposaturiko balorerik. Eta irakasleei ere, erakundeen aldetik behar adina babes izatea komeniko litzaieke, jarrera antisozialen aurrean hartzen dituzten erabakietan gurasoek eta heziketa arloko agintaritzak babes ditzaten.

Haur eta gazteekin lan egiteko familiak eta eskolak erabil ditzakeen ardatzak:

  • Erantzukizun pertsonala.Indartu beharreko kualitatea da: bakoitza bere ekintzen erantzule osoa izatea da, aitzakiarik gabe eta "errua besteena izan da" esan gabe.
  • Harreman sozialak. Gizarterako egindako izakiak garela ulertarazi behar dute; munduan ez gaude bakarrik eta besteekin ondo konpontzeko beharra dugu.
  • Arauak errespetatu egin behar dira. Norbere askatasunaren ezinbesteko mugarritze gisa onartu behar dira arauak. Familiako kide guztiek ezagutzen, konpartitzen eta errespetatzen dituzte, eta baita eskolak eta lagunek ere.
  • Komunikazioa.Adierazpen pertsonalean eta besteri entzuteko gaitasunean oinarrituta, indarkeriazko jarrerak gelditu egiten ditu. Komunikatzen jakiteak lagundu egingo die espresatzen, sentitzen dutena ulertarazten eta hobetu egiten du beren buruaren estima. Sentitzen duena komunikatzen dakienak nekez joko du indarkeriazko bideetara berea aldarrikatu, ezagutzera eman nahiz edozein egoeraren aurreko gaitzespena adierazteko.

Familia eta eskolaren artean, heziketarako panorama ezarri behar da, honako hauetan oinarritua:

  • Erantzukizun pertsonala. Bakoitza bere ekintzen erantzule da, sistematikoki besteri errua bota gabe.
  • Harreman sozialak. Mundu honetan bakarrik ez gaudela sentiarazi behar digute.
  • Legearen inperioa. Elkarrekin bizi izatea erabaki duten guztiek ezarri, ezagutu eta onartzen dituzten arauen errespetua.
  • Komunikazioa. Norbere espresio eta entzumenaren ariketa zentzuzkoan oinarritua. Besteei ulertzea errazteko eta arazoak hitzez adierazi eta ekintza eta erreakzioa atzeratu ahal izateko.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto