Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Patata frijitu ontziratuak: Zaporetsu bezain kalorikoak

Formatoetan, batetik bestera alde handiak (Los Leones laginaren 40 gramotik Anizvi eta Vicente Vidal markakoen 250 gramoetara) dituztela, ontziratutako patata frijituen zortzi lagin aztertu dira. Prezioan ere dezenteko aldea dago: merkeenak Anizvi (596 pezeta kiloko) dira eta garestienak Los Leones (850 pezeta kiloko). Jakina denez, aperitibo herritartu horren osagaiak xehe bezain urriak dira: patatak, olio edo landare-koipeak eta gatza.

  Azterketatik ateratzen dugun lehen ondorioa hau da: ongi landutako produktua da, arauteria (gatz-eduki eta hezetasun-mailari dagokionez) errespetatzen du eta ongi etiketaturik merkaturatzen da. Adierazi bezala, lagin guzti-guztiek landare-koipeak darabiltzate. Ontziratutako patata frijitu horiek oso kalorikoak izaki (500 kaloriatik gora 100 gramoko), koipe (guztiaren %31tik %39 bitartean, laginen arabera) eta gatz (%0,6tik %1,7ra arte) ugari daukate.

Aperitibo gutiziatsua badira ere, eguneroko dietatik at manten daitezke, zeharo. Hobe neurriz hartzea, pertsona lodiek edo arterietako hipertentsioa nozitzen dutenek. Patata frijitu horien koiperik gehientsuenak osasungarriak (insaturatuak eta poliinsaturatuak) diren arren, Crecs eta Lays laginek agertzen duten gantz saturatuen proportzioa (horrelakoak maiz hartzea arazo kardiobaskularrak maizago nozitzearekin lotzen da) gehiegizkoa da, bi kasuetan ere guztirako gantzaren %40tik gorakoa baita. Nutrizioko adituek, gantzaren agerpena dieta osoaren %30etik gorakoa ez izatea eta, elikagaietan, gantz insaturatu eta poliinsaturatuei dagokiela, gantz saturatuak gutxiago izatea aholkatzen dute.

Pataten ezaugarri fisikoez ari garela, tamainaz handienak El Gallo Rojo izan ziren eta txikienak (1.110 unitate kiloko), Vicente Vidal markakoak. Osoenak Los Leones laginean aurkitu ziren (unitateen %11 bakarrik zegoen hautsirik) eta puskatuenak Lay´s laginean. Azkenean, lagin bakoitzeko patata akastunen (erretakoak, orban berde nahiz beltzik dutenak, gaizki zuritutakoak, etab) kopurua ere kalkulatu zen. Kalitate handienekoak Crecs eta txarrenak El Gallo Rojo izan ziren.

Dastaketan, patata frijituen kalitate organoleptikoaren alderdi kritikotzat ukitu kraskatsua eta zapore sakona jo zituzten dastatzaileek. Bai itxura, bai ukitu eta zapore alorretako kalifikazio onenak Lay's laginak erdietsi zituen, denera 8 puntu bildurik. Vicente Vidal gerturatu bakarrik egin zitzaion, 6 punturekin. Gainerakoek (Anizvi markakoa izan ezik, suspenditu egin baitzuen, 3 punturekin) aprobatu soila irabazi zuten. Akatsik ugarienak gantz gehiegi, zapore makala eta gatzaren biziegia izan ziren. Kalitate-prezio erlaziorik egokiena Vicente Vidal lagina izan zen: merke (656 pezeta kiloko) eta zaporetsu gertatzen dira. Gatz eta gantz saturatu gutxi dute, gainera; batez besteko kalitateaz gainetik agertzen dira (unitate akastun eta puskatuei dagokienez). Zaporeari garrantzi handia ematen baldin bazaio (aperitiboa da hau, ez jakia osatzen duen edo nutrizio-alorreko ezaugarri bereziak agertu behar dituen elikagaia), aukera politena Lay´s da: garesti samarrak izanagatik, zaporetsuenak dira. Baita, izatez, gazienak eta gantz saturatu gehien daukatenak ere, beste aldetik.

Nola egiten diren eta zer daukaten

Elikagaiei buruzko arauterian produktua honela definitzen da: patata oso, garbitu, zuritu, ebaki eta oliba-oliotan nahiz bestelako olio edo landarezko koipe jangarrietan frijituriko elikagaiak dira patata frijituak. Patatak prozesu-lantegira iritsita, ikuzi eta zuritu egiten dira. Ondoren, ebakigailuek lodiera jakin bateko zirrindolatan mozten dituzte; lehortutakoan, zinta baten gainean frijigailura eramaten dira, (ia beti) landarezko oliotan murgildurik friji daitezen. Prozesu orokorra horixe den arren, badira aldakinak: horietako bat, galdarraztatzea da: metodo horri esker, gerora produktuan kolore-aldaketak eragingo lituzketen entzimak neutralizatu egiten dira. Frijigailutik ateratzean patata-xerrei gatza ematen zaie eta, tenperatura egokira iritsiz gero, ontziratzeko prest daude.

Patata frijituek ur gutxi dute (%2 inguru) eta oso energetikoak dira (100 gramoko, 500 eta 700 kaloria bitarte). Patata frijituen %30a - %40a gantza izan daiteke. Frijitzeko landarezko olio edo koipeak erabiltzen direnez, produktuak ez du kolesterolik. Karbohidratoak, eskuarki, produktuaren %50era iristen dira eta patata frijituek dituzten proteina urriak (%6) balio biologiko ertainekoak dira, landarezkoak izaki. Gainerako nutrigarrietatik nabarmentzeko modukoa gatzaren edukia (%0,6tik %1,7ra bitartean, laginen arabera) da. Fosforo eta bestelako mineralak ere aportatzen dituzte. Patata frijitzean, C bitaminaren parte bat alferrik galtzen bada ere, gainerako bitamina hidrosolubleak (agerpen eskasekoak direla kontuan izaki) mantendu egiten dira. Laburbilduz, produktu gazi eta oso energetikoa da hau, berariazko nutrikaririk gabea. Jakin beharreko datua hauxe dugu: ehun gramo patata frijituk lehen plater askok (ore, arroz, barazki, lekale) baino kaloria gehiagoren ekarpena egiten du, gutxiago asetzen du eta, nutrizioaren ikuspegitik, beste horiek baino dezente apalagoak dira. Ohiko dietan, behintzat, patata frijituak ez du jakirik ordezkatu behar.

Patata hautsi eta akastun ugari

Patata-pakete bat irekitzen denean, orbanik gabe eta xigortu-kolore uniformeko xerrak oso-osorik ikustea espero ohi dugu. Ez da beti horrela gertatzen, ordea. Azterketan lagin bakoitzeko pataten tamaina, osotasuna eta kolorearen homogeneotasuna jaso ziren. Handienak El Gallo Rojo izan ziren, ondotik Dora eta Lay's zetozkiela. Txikienak Vicente Vidal eta Anizvi marketako poltsetan hauteman ziren. Dora eta Vicente Vidal laginetako xerren tamainak besteenak baino gorabehera larriagoak agertu zituen. Osotasunari dagokionez, hautsitako unitateak zihoazen %11tik (Los Leones) %46ra (Dora) arte. Lay's eta El Gallo Rojo laginek ere patata hautsi asko agertu zituzten.

Patata-xerren osotasunari dagozkion alde horiek fabrikatzailearen eskumenetik kanpokoak izan daitezke, hala nola garraioa edo saltokian produktuak nozituriko maneiaketa. Ez da beste horrenbeste gertatzen fabrikatzaileari bakarrik eragotz dakizkion akatsekin: erre-orbanak, orban berdeak, beltzuneak, zuriketako akatsak etab. Marka bakoitzeko hiru ontzi aztertu ziren (sei, Los Leones markatik, tamaina txikia kontuan izaki). Crecs dira kalitate hoberenekoak, gainontzekoek baino askoz ere akats gutxiago aurkeztu zituztelako (%8-%15). Portzentajea Pérez eta Vicente Vidal laginetan apala zen (%15-%20). Beste guztietan, aldiz, akatsen kopurua dezente ugariagoa izan zen eta, kasuren batean, marka bereko ontzi batetik bestera alde handiak ere hauteman ziren. Akats gehien zituztenak Lay's (%27-%31) eta Gallo Rojo (%25-%40) izan ziren.

Hezetasun, gatz eta gantza

Azterketa kimikoetara goazela, patata frijituen hezetasuna mugatu egiten du arauteriak, %3tik gorakorik ez baitu baimenduta, baina mugaz dezente beherago dabiltza lagin denak. Gatzaren erabileraz, berriz, gehieneko kopurua %5ekoa da, gai lehorrarekiko. Patatei gatz gehien erantsi dien marka Lay's da: osagaiak azterturik, berriro ere mugaz oso urruti daude osagaiak, lagin horretakoak %1,67ra ozta-ozta iritsi zirelako. Dora, Crecs, El Gallo Rojo eta Los Leones laginetako gatza %1 inguru dabil eta Vicente Vidal, Anizvi eta Pérez markakoek %0,6 - %0,7 baizik ez dute. Araua errespetatzen duten arren, arteria-hipertentsioa nozitzen duten pertsonek kontuan hartu beharreko gatz-kopuruak dira horiek denak.

Produktu honen funtsezko datua gantz-edukia da (eskuzabal banatua, gaurko lagin guztietan). Gantz gutxien duten patata frijituak (%31-%32) Pérez eta Anizvi diren bitartean, koipe-edukiaren beste muturrean (%38-%39) Dora eta El Gallo Rojo daude. Koipe asko da hori, izan, eta gantz-azido poliinsaturatu eta insaturatuez osatua dago, batik bat (saturatuak baino osasungarriagoak, nolanahi ere), lagin gehienetan. Salbuespenak Crecs eta Lays dira: eduki osoaren %40tik gora doa lagin horietako gantz saturatua. Lagin guztietan, ordea, adierazitako koipea eta erabilitakoa bat datoz: landarezko koipe edo olioak, alegia. Denek aitortzen dute "landarezko olioa" dutela, Lay's laginak izan ezik: honek "landarezko olio-koipe edota olioak" dauzkala adierazten baitu. Gantz-azido saturatuak ugariago agertzen dira landarezko koipeetan olioetan baino. Gai honi buruzko datu aberasgarriak aski maiz ikerlan zientifikoak argitara ematen diren arren, gantz saturatuaren kontsumoa murriztea aholkatzen dute adituek: dietako gantz-portzentajeak guztiaren %30a ez gainditzea aholkatzen dute, koipe, olio eta gantzen banaketa hurrengo parametroen araberakoa izaki: saturatuak, %7-%8, monoinsaturatuak, %10-%15, eta poliinsaturatuak, azkenik, %7-%10.

Dastaketa: lagin bat besteetatik nabarmen

Dastaketako parametro behinenak zaporea eta ukitua izan ziren. Izan ere, izaera kraskatsua da patata frijituen kalitate organoleptikoa neurtzeko unean erabiltzen den irizpiderik garrantzizkoenetako. Lay's laginak, 8 punturekin, atal guztietan jaso zuen notarik altuena, bere itxura -tamaina ertaina eta orbanik gabeko urre-kolore polita- gustatu zitzaielako dastatzaileei. Patataren zaporea sakona zen eta gazitasunik nabarmenena, apala bazen ere.

Ukituz, berriz, oso kraskatsuak dira baina gantz gutxi dutela ematen du, ikusi batera. Vicente Vidal laginaren itxurak ere oso balorazio ona jaso zuen, tamaina ertain eta xigortu kolore erakargarriagatik. Zaporez ere, nabarmentzeko modukoak Pérez eta Vicente Vidal. Gazi-zaporea apaltzat jo zuten mahaikideek Vicente Vidal eta Anizvi laginetan. Ukituaz ari garela, patata kraskatsuenak Los Leones laginakoak izan ziren; ondotik Pérez, El Gallo Rojo eta Lay's zetozkien. Gantzaren agerpenari dagokionez, El Gallo Rojo eta Los Leones gantzatsu xamarrak gertatu ziren bitartean, Anizviren bereizgarria zeharo kontrakoa izan zen. Gehien gustatu zen ukitua Lay's laginarena izan zen, Pérez, Vicente Vidal eta El Gallo Rojo ere atseginak gertatu ziren arren.

Etiketa, ongi

Ontzian adierazitako pisu garbia zuten lagin guztiek; areago, baten batek pisu handixeagoa zuen. Etiketari goazkiola, lagin guztietan zuzena zen, bai erabilitako koipe edo olioaren jatorria (landarezkoa, denetan) aipatzean, bai fabrikatzaileak bete beharreko arau guztiei dagokienez ere (osagaien zerrenda, lote eta kontsumitzea komeni den data eta kontsumitzailearentzat interesgarri diren bestelako informazioak emateaz).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto