Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Adopzioa: Ez da maitasun kontu hutsa

Orain dela urte gutxi, azken aukera gisa jotzen zen eta ia erabaki traumatikoa izaten zen seme-alabarik izan ezin zuten bikoteentzat

  Denbora pasa ahala, garapen bidean diren herrialdeekiko solidaritatea dela eta, zenbait konbentzionalismo gainditu ondoren, gizartean gero eta hobeto ikusten da haurrak adoptatzea, oraindik ere familian sartzen den haur berriari eta bere jatorriari buruz hainbat mito eta aurreiritzi izan arren. Garai batean nolabaiteko zuhurtziaz jokatzen zen seme edo alaba adoptatuarekin eta sarritan ezkutatu egiten zitzaion haurrari bere jatorria, bere neba-arreba edo lagunengandik ezberdina zela eta adoptatua zela. Gurasoen jokaera hori ez zen bat ere egokia, baina bi arrazoirengatik egingo zuten, seguru asko. Alde batetik, seme adoptatuari "seme-alaba desberdin" batek izan ditzakeen integrazio arazoak ebitatzeagatik. Bestetik, dena esan behar bada, haur adoptatuak etorkizunean bere jaiotzazko familia bilatu eta ezagutu eta haiekin bizi izatera joan nahi izateko arriskurik ez izatea. Zorionez desagertuz doaz garai batean adopzio prozesuak oztopatzen zituzten aurreiritziak. Dagoeneko ez da ia inor harritzen (hiri handietan behintzat) hemengo haur eta aita-amekin ume beltz, asiatar edo hegoamerikarrak ikusita. Adopzioa normalizatzeko prozesu horretan garrantzitsu izan dira gaiaren inguruko arautze handiagoa, erakunde publikoek eskuduntza bereganatzea eta bestalde, adin txikikoak babesteko lege-marko berria.

Adopzioa karitate?

Duela zenbait hamarkada haurren tratu txar eta abandonuarentzako irtenbide gisa ulertzen zen adopzioa; horren arabera, laguntzarako marko altruista bat eratu zen, adopzioa abandonaturik zeuden haurrekiko karitate ekintza kontsideratzen zuena, sistema horren bidez familia batek seme-alabatzat hartzen baitzuen egoera tamalgarrian bizi zen gaztetxoa. Baina gaur egun seme-alabak izateko esperientzia gozatzeko bide gisa ulertzen eta sentitzen da adopzioa; biologikoki sortu ezin izan dugun seme edo alaba hazteko aukera gisa. Hori dela eta, adopzioaren inguruan gizatasun gehiagoz, kontzienteki eta erantzukizunez jokatzen da, haur bat izateko benetako gogoari erantzunez, haurragatik beragatik. Horrela, haur adoptatua protagonista bihurtzen da, etxean hartzen duen bikoteari guraso izateko aukera amestua ematen baitio. Azken urteotan ikaragarri ugaritu dira adopzio eskaerak eta hainbat urte ere itxoin behar izaten da, askotan, haur bat adopzioan hartu ahal izateko.

Har dezagun gogoetarako astia

Kasu askotan, lehen haurra izateko bide luzean azken aukera izaten da adopzioa. Familian gorabehera emozionalik sor ez dadin, komenigarri izaten da haurrak izateko bide naturala eta alternatiba berria aldi berean ez bizi izatea. Denbora pixka bat hartu behar da; ezinbestekoa da hori errealitate berriari gogotsu aurre egiteko. Gogorra izaten da aitatasun eta amatasun biologikoa ezinezko dela eta gure seme edo alabak ez duela gure antzik izango onartzea; gertatzen zaigunaren berri ingurukoei eman beharko diegula ulertzeko ere, denbora behar da, barne gatazka konpondu, frustrazioa desagertu eta errealitatea atseginez eta traumarik gabe onartzeko. Positiboki mentalizatu garenean baino ez dugu geure baitan garatu ahal izango haur bat adoptatzeko urrats garrantzitsuak eskatzen duen egoera afektiboa. Adopzioaren zain dauden pertsonek prozesua antsietatez bizi izaten dute gehienetan, bukatuta ikusi arte. Haurra izendatu arteko itxaronaldia modu positiboan eta pazientzia handiz hartu behar da.

Zergatik da hain zaila haurra adoptatzea?

Betiko galdera da, guztiok baitakigu harrera etxe askotan daudela adopzioan emateko haurrak. Estatu espainolean haurra adoptatu ahal izateko ezinbestekoa da haurraren filiazioa ezaguna izatea, guraso biologikoek adopzioarako baimena ematea edo gurasoei guraso-agintea kentzea edo kentzeko bidean izatea. Kasu horietan baino ezin da haurra adoptatu. Horregatik, harrera-etxeetan haurrak egon badauden arren, bi egoera gertatzen dira horietan: kasu batzuetan haurrek badute familia, baina haurra babesik gabe uzten duten egoerak konpontzeko erakundeen laguntza jasotzen ari dira eta haurrarentzat askoz onuragarriagoa da denboraldi jakin baterako familia "hezitzaile" batean bizi izatea zentro batean egotea baino. Edo, bigarren kasuan, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztela eta haurrak adoptatzeko egoeran egon arren eskaera egiten dutenek ez dituzte betetzen behar jakin horiei egoki erantzun ahal izateko baldintzak (gai hauetan erabakitzen dutenen iritziz).

Haurrak atzerritarrak direnean

Atzerriko adopzioen eskaera ere ikaragarri handitu da. Adopzio hauek ezaugarri bereziak dituzte, lege tramitazioa, haurraren jatorria, egoeraren zergatia edo familia berrian integratu eta egokitzeari dagokionez. Latinoamerika, Erdi eta Ekialdeko Europa, Vietnam, Jugoslavia, Rwanda eta Burundin egiten da adopzio gehien. Ezinbestekoa da haurraren herrialdeko ingurune geografiko, sozial, ekonomiko eta kulturala ezagutzea, lagungarri izango baita etorkizuneko seme edo alaba ulertzeko, kultura aniztasuna errespetatzeko eta seme-alabek noizbait ezagutu nahi izango dituzten sustraiekiko harremana ez galtzeko. Horrela, bada, apurka-apurka kontuan izan beharko dira haurrak bere jatorrizko identitatea ezagutzeko behar izango dituen baldintzak. Adopziozko familiak lehen faseetan izaten duen bilakaera oso garrantzitsua da haurraren integrazio egokirako, hasierako pauso horietan hasten baita txikia bere familia berrira egokitzen eta orduan sortzen baita guraso berrien eta adopziozko seme-alaben arteko lotura afektiboa. Horregatik, formazio ikastaroak ematen dira, aita eta ama berriek seme-alaba adoptatuen heziketarako behar den prestakuntza izan dezaten, beti ere haurraren bizitza-proiektuarekiko errespetu sakonean oinarrituta eta gogoeta eragingo duen partaidetzazko metodoa erabiliz. Ikastaro hauek ez dira "guraso perfektu bihurtzeko" ikasgai magistrala; bidea erraztea eta gurasoek dituzten zalantza eta kezkak argitzea baino ez da helburua.

Adopziozko guraso ona izateko

Adopzioaren aurreko etapak ere funtsezkoak diren arren, eta adopzioa arrakastatsua izan dadin gurasoen prestakuntza komenigarri izanagatik, seme edo alaba berriarenganako jarrera da faktorerik garrantzitsuena. Adopzioan eta haurraren integrazioan eragin handiena duten faktoreak gurasoen gaitasuna, haurraren adina eta haurrak txiki-txikitan izan dituen esperientziak izaten dira. Bestalde, haurraren nortasunaren garapenean ere hiru faktore garrantzitsu izango dira: lehenik, jasotzen duen zainketa eta arreta, haurra familia berrian seguru eta integraturik sentitzea. Bat-batekotasunak ere badu eragina; adopzioari buruz hitz egiterakoan familian sortu den konfiantza giroak eta lasaitasunak, alegia. Eta azkenik, haurraren jatorriari eta haurtzaroari buruzko informazioa, gurasoek haurrari apurka-apurka eta adinaren eta gaitasunaren arabera jakinarazi beharko diotena. Gainera interesgarri litzateke guraso berriak bi gauza sinesturik egotea: guraso izatea funtzio kulturala dela, hau da, haurra sabelean eramateak ez duela ama egiten. Semea edo alaba izatean ikasten dela guraso-rola. Eta, beraz, maitasuna ez duela antzekotasun genetikoak sortzen, tratuak, elkarbizitzak eta elkarrenganako zerak baizik. Eta, bigarren mailan, esan beharra dago adopzioak ez duela psikopatologia berezirik sortzen, ez seme-alabengan ez gurasoengan: haur adoptatua zoriontsu eta integraturik bizi daiteke familia berrian eta guraso eta anai-arrebek ere inolako arazorik gabe onar dezakete egoera berria.

Adopzioetako zailtasunak

Haurraren jatorriari buruzko informazioa gaizki erabiltzetik edo gurasoek haurrak izateko ezintasuna onartzen ez dutelako edo bestelako famili egoeretatik sor daitezke zailtasunak. Zenbait familiatan neurririk gabeko beldurra izaten da haur adoptatua galtzeko edo baita haurrari mugak jartzeko edo bere jatorriaz hitz egiteko ere. Adopziozko gurasoei kezkarik gehien eragiten dien kontua umeari bere jatorriaz hitz egitea izaten da, lehen egunak, hilabeteak edo urteak non eta nola eman zituen jakinaraztea eta bereziki, bere familiari buruz hitz egitea.

Guraso asko izuturik bizi izaten da etorkizunean haurrak benetako gurasoen berri jakin edo haiekin harremanetan jarri nahi izango ote duen kezkatuta, seme edo alaba galtzeko beldur izaten baitira. Garrantzitsua da haurrari garbi esatea ez zela adopziozko amaren umetokian sortu, baina izan zuela umetoki bat. Eta beste edozein gizaki bezala sortu zela. Beste guraso batzuen esku uzteko arrazoiari buruz, ez da komeni haurrari abandonatu egin zuten ideia transmititzerik, erantzukizunez eta arretaz entregatu zutela baizik, bere burua mesprezagarri jo ez dezan. Errespetagarri direla eta beren benetako gurasoak ere errespetagarri zirela jakin beharra izaten dute haur adoptatuek eta behar den guztian errepikatu behar zaie hori. Horregatik, haurra jasotzen den unean familiari buruzko espedientea eskuratzea komeni izaten da, beharrezko denean datu guztiak eskura eduki ahal izateko. Haurraren identitatea errespetatzeak jatorrizko izena errespetatzea esan nahi du. Txikikeria dirudi, baina garrantzitsua da.

Zenbait adituren ustez, haurrari txiki-txikitan eman behar zaio bere jatorriaren berri, horrela ideia hori eta adoptatua izatea modu positiboan onartzeko aukera izango baitu. Beste zenbaiten ustez, ordea, txikitan berri hori jasotzeak haurra nahastu egin dezake, egoera ezingo bailuke ulertu. Dena dela, aditu guztiek esaten dute haurrak gurasoen ahotik jakin behar duela adopzioaren berri. Horrek lagundu egiten du adopzioari buruzko mezua baikorra izaten eta haurrak konfiantza izango du gurasoengan. Haurrak, nahita edo nahi gabe, adopzioaren berri beste norbaiten bitartez jakiten badu, gurasoengana gorrotoa eta mesfidantza senti lezake, eta adopzioa gauza negatibo eta lotsagarritzat hartu, isilpean gorde baita. Haurrak dena jakin nahi izango du bere adopzioaz eta gurasoek bultzatu egin behar dute prozesu hori. Gurasoek zintzo hitz egiten badute, ez da hainbeste zailtasun sortuko.

Nerabeek edo hain txikiak ez diren haurrek, beren identitateagatik borroka egin beharreko garai bat bizi behar izango dute adoptatuak direlako; eta familia horretan, lagunartean eta munduan zer leku duten galdetuko diote beren buruari. Horregatik, ulertzekoa da guraso biologikoei buruzko interes handia izatea. Baina horrek ez du esan nahi ordezko gurasoak baztertu egiten dituztenik. Guraso berriek argi azaldu behar diete egiazko gurasoen berri jakiteko gogoa ulergarria eta naturala dela eta gero gogo hori ase egin beharko dute. Kontu handiz eta asko hitz eginez, baina eman egin beharko zaie familia biologikoari buruzko informazioa. Haurrak izan ditzaketen gurasoek bezala, adopziozko gurasoek ere espazio bat sortzen dute seme edo alabarentzat, desio batzuk dituzte harekiko, nola hezi nahi duten pentsatzen dute eta haurra hezteko moduan aldaketak egiten dituzte, beharren arabera. Haurrari argi ikustarazi behar zaio bera bezala, gurasoak ere adoptatuak direla. Bat egiten duten bi alde garela: haurrari esker guraso den aita edo ama bat da alde bata; eta seme-alaba beste aldea, gu guraso gaituelako baita hura seme edo alaba.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto