Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ignasi Carreras, Intermoneko zuzendari orokorra: "Bazterketa eta pobrezia eragin duena aldatu nahi du solidaritateak"

 Ignasi Carreras Intermoneko Zuzendari Okorrorra da. Hirugarren Munduko herrialdeen garapen eta lankidetzarako GKEa da Intermon, Oxfam International munduko garapenerako erakunde nagusieneko kide. Ignasi Carrerasek 20 urte baino gehiago darama solidaritatearen munduan.

Bere sorlekuan, Bartzelonan hasi zen gai horietan lanean, talde baztertuei laguntzen. 1988an sartu zen Intermonen eta 1995etik, erakunde horretako Zuzendari Orokorra da. Hegoaldeko herrialdeetan pobrezia desagerraraztea du helburu Intermonek, beren kabuz garapena lor dezaten bitartekoak emanez. Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek 150.000 bazkide eta kolaboratzaile baino gehiago ditu Estatuan eta 600 proiektu abian Afrika, Amerika eta Indiako 35 herrialdetan. Carrerasen hitzetan, elkartasunak "pertsona motibatuak, prestatuak eta denbora disponibilitate handia dutenak behar ditu". Industri ingeniari honentzat "beharrezkoa da solidaritatearen gestioko profesional egitea eraginkortasunari eta emaitzen hobekuntzari loturik joatea ".

Hirugarren Munduarekin solidarioago ote gara gure artean bizi diren baztertuekin baino?

Egunero solidario izatea da zailena, baina egia da gaur egun pertsonak motibatuago daudela beste herrialde batzuetako egoera dramatikoak babesteko bere herrikoetarako baino. Duela 15 urte, lan hauetan ari ginen gehienok bertako pobreziaren aurka borroka egiten zuten erakundeetan ari ginen. Gaur egun hobetu egin da koiuntura ekonomikoa eta jendeak behar handiagoa ikusten du kanpoan, batzuetan hala ez izan arren. Lehorteek Afrikan, batez ere Etiopian eta Somalian eragindako krisi larrien ondorioz eta komunikabideen laguntzari esker sortu zen Hirugarren Munduan ziharduten GKEen boom hori. Hala ere, pertsona solidarioak koherente izan behar du bere jarreretan, hemen eta han.

Nola baloratzen ditu Intermonek mundu-merkataritzari buruz Seattle-en (Estatu Batuetan) hartutako erabakiak?

Mundu globalizatu batean gaude, ekonomia aldetik batez ere. Hori berez ez da ez txarra ez ona; pertsonei mesede edo kalte egiten dien ikusi behar. Gure ustez globalizazioak herrialde pobreei kalte egiten die, baina hori ez dugu guk bakarrik esaten; Bill Clintonek ere esan du Davos-eko bilkuran. Globalizazioak handitu egiten du herrialdeen arteko desoreka eta merkataritzan gero eta desberdintasun handiagoa sortzen da Hirugarren Munduko herrialdeentzat. Herrialde industrializatuek garai ekonomiko onetan joera hori bideratu ez badute, nekez lortuko dute garai okerragoetan. Seattle-en gertatu zen herrialde aberatsek proposaturiko zenbait gaik ez zuela aurrera egin. Herrialde pobreen ahotsak entzun egin ahal izan ziren eta horrekin gustura gaude. Seattle-n Boliviako goi-lautadako nekazariek zein Angolako errefuxiatuek azaldu zituzten beren arazoak. Gure ustez, Mundu Merkataritzako Erakunde baten beharra dago; bestela oihaneko legera itzuliko ginateke. Erakunde horrek noren zerbitzuan egon behar duen da kontua: asko dutenei lagundu behar dien ala garapen bidetan diren herrialdeen eta herrialdeekiko merkataritza bultzatu behar duen.

Baina, zer egin daiteke Hirugarren Munduarentzat hain kaltegarri den joera hori apurtzeko?

Gobernuei eta nazioarteko erakundeei presioa egiten saiatzen gara gu, merkataritza gero eta bidezkoagoa izan dadin, erraza ez dela badakigun arren. Baina, zer egin daiteke gaur egun oraindik 125 milioi haur eskolara joaten ez badira eta 250 milioik irakurtzen eta idazten ikasi aurretik eskola utziko dutela jakinda? Eta hori guztia 900 milioi alfabetatu gaberekin bizi izanda. Pertsona horiek ez dute Interneterako edo gaur egungo munduak eskaintzen dituen beste aukera batzuetarako sarbiderik izango. Gero eta mundu globalizatuago hau hobetzeko inbertitzen ez badugu, mundu zatituagoa sortzen ari gara.

Zenbateraino laguntzen die gizarteak GKEei?

Asko aurreratu da azken hamar urteotan. Adibidez, guk 150.000 bazkide eta ohiko kolaboratzaile baino gehiago ditugu gaur egun. Lehen, jendeak oso ondo erantzuten zuen larrialdiko egoeren aurrean, baina gero ez zen ohiko kolaboratzaile bihurtzen. Hala ere, Espainiako kasua Europako beste herrialde batzuekin konparatuz gero, azpitik dagoela ikusiko dugu, bai boluntario iraunkorretan eta baita herritar bakoitzeko jasotzen den diru laguntzan ere, urteko hazkundea beste herrialde batzuetakoa baino handiagoa den arren. Bestela esanda, askoz beranduago hasi ginelako gaude azpitik. Duela 20 urte, trantsizio demokratikoan geunden bete-betean eta bestelako arazoak genituen. Koiuntura hark moteldu egin zuen GKEen bultzada. Gaur egungo kolaborazioari dagokionez, hunkitu egiten gara Ertamerikako hondamenen aurrean laguntza gehien eman duen herrialdea Espainia izan dela esatean, baina ahaztu egiten zaigu gure teleberriei eta poltsikoei oharkabean pasa zaizkiela beste batzuk, Indiako Orishakoa esaterako. Hurbilen sentitzen dugunari laguntzen diogu gehien. Baina, azken batean, gustura egon behar dugu: Espainiako gizarteak gero eta gehiago parte hartzen du nazioarteko lankidetzako gaietan.

Zer harreman izan behar dute Administrazioek eta GKEek?

Lehenik eta behin, administrazioek funtziona dezatela nahi dugu herritarrok eta alderdi politikoek herritar horiei interesatzen zaizkien eta eragiten dieten gaiak bultza ditzatela. GKEek gizarte zibileko osagai garrantzitsua izan behar dute eta bere jarduerak egiten dituzten bitartean, Administrazio eta alderdi politikoei ere beren jarduerak pertsonak errespetatuz burutzea exigitu behar diete.

GKEk ordezkatu egiten ote dituzte alderdi politikoak, gizarte osoa ordezkatzeko eginkizunean?

GKEek eta alderdi politikoek bakoitzak beren jarduera eremua dute, gauza askotan elkarlanean jardun arren. Baina nik argi daukat: alderdi politikoek jendearen mesederako ekimenak bideratuko badituzte horren atzean botoa eman baino gehiago egingo duen gizarte zibil bat behar da, egiten denaren berri izan eta erantzukizunak eskatuko dituena. Adibidez, guk kritikatu egiten dugu Espainiako gobernuak Micht hurakanaren ondoren Ertamerikari laguntzeko izan zuen moduagatik. Laguntza hartan kreditu gehiegi zegoen (guztiaren bi heren) eta horrek kanpo zor handiagoa eragin du. Gainera, laguntza hori ez da beharrik handiena dutenengana bideratu, Espainiako enpresa esportatzaileek interesak dituzten lekuetara baizik. Horren ondorioz, Micht hurakanarena gertatu eta urtebetera laguntzaren %4 baino ez zen exekutatu eta ez beharrik handiena zuten lekuetan, gainera.

CONSUMERek GKEei buruz egin zuen inkestaren arabera, lau herritarretatik baten ustez erakunde horiek eurentzat hartzen dute gestionatzen duten diruaren zati bat. Nola froga liteke GKEen zintzotasuna?

Beti galdetu izan diot neure buruari hori ez ote den GKEei ez laguntzeko aitzakia; baina jo dezagun ez dela. GKEek ibilbide luzea egin dute laguntza eta lankidetzan eta eskandalu kopurua txiki-txikia izan da. Intermonek eta beste erakunde batzuek hainbeste lankide izateak esan nahi du konfiantza dutela gure lanean eta dirua ongi aprobetxatzen dela ikusteko behar adina informazio jasotzen dutela. Zehazkiago esanda, 1986tik kanpoko enpresa batek egiten digu urtero auditoria. Gainera, dirua ematen diguten erakunde publikoek ere egin diezagukete auditoria eta, garrantzitsuena, hilero jasotzen dugu laguntzaileen ekarpena eta hori desagertu egingo litzateke zerbaiten susmoa balute. Jendearen konfiantzaren menpe gaude erabat. Hori urteen buruan lortzen da, baina astebetean gal daiteke. Egia da eta jabetzen gara GKE baten inguruko eskandaluak eragina duela gainerako GKEen irudian.

Zer egin behar litzateke herrialde garatuetan herrialde pobreetako umeen lanari buruz?

Oso gai labankorra eta matizagarria da. Ume batzuek eskolara joan eta gero gurasoei laguntzen diete nekazaritzako lanetan jardunez diru gehiago lortzen; gai hori oraingoz ez da lehentasunezkoa guretzat. Benetako lakra beste bat da, hain zuzen ere haurraren lanak bere etorkizuneko bizitza (osasuna, heziketa, familiarekin bizi izatea) hipotekatzea. 100 milioi ume baino gehiago bizi da lanaren eraginez erabat baldintza gogorretan. Horixe salatu genuen guk, adibidez, iaz mundu mailan antolatu genuen Umeen Lanaren aurkako Martxaren bidez. Haurren esplotazioaren formarik bortitzenak amaigabeko kontua dira: familiek, pobrezia gorrienean bizi direnez, edozein diru iturriren premia dute eta seme-alabek egoera penagarrietan lan egitea onartzen dute, inolako heziketarik jaso gabe. Seme-alaben heziketari uko egitean, horiek ezin izango dute sekula pobreziatik irten eta, zoritxarrez, zikloa errepikatu egingo da.

Eta nola hautsi zirkulu hori?

Egoera hobetzeko, Intermonen bi alderditan jartzen dugu indar berezia: alde batetik, bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua (jendeak izan dezala duintasunez bizi izateko adinako soldata eta guk produktu horiek bidezko baldintzetan eginda jasotzekoa); eta beste aldetik, heziketa. Herrialde aberatsek heziketan inbertitu behar dute kanpo zorraren kondonazioaren dirua eta behartsuek partida handiagoak bideratu behar lituzkete, heziketan adibidez eta gutxiago beste batzuetan, armetan esaterako. Hori lortzen badugu, askoz jende gehiagoren eskura izango da heziketa eta bizi-baldintza duinak. Gainera, herrialde aberatsen neurri protekzionistak ekidin beharra dago, garapen bidean diren herrialdeek beren produktuak gure merkatuetan sartu ahal izan ditzaten. Alderdi horretatik, bada kopuru beldurgarri bat: hirugarren munduko herrialdeak merkataritzako neurri protekzionisten eraginez irabazi gabe geratzen diren dirua, herrialde aberatsek herrialde horien garapenerako bideratzen duten laguntza baino 14 bider handiagoa da. Datu horrek gogoeta eragin behar liguke.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto