Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haurren jolas-parke publikoak: Segurtasunean akats larregi

Jolasa harremanetarako bide naturala da umeen artean

Helduek ere badute zeregina

  Haurrek jolas parke batean gustura jolas egin eta ahalik eta arrisku gutxien izan dezaten, ez dira jolaserako aparatuen kalitatea eta zainketa egoera edo kokatuta daudeneko gunearen egokitasuna bakarrik kontuan izan behar. Funtsezkoa da haur horiek guraso eta irakasleen aldetik jasotzen duten heziketa ere. Pertsona heldu batek haur bat parkera eramaten badu, argi izan behar du material onenak eta diseinurik egoki, ergonomiko eta seguruenak dituen guneak ere mugak dituela. Beste hitz batzuekin esanda, istripuak ez direla tresnen akats edo mugengatik bakarrik gertatzen. Sarritan, haurren ustekabeko ekintzek eragiten dituzte istripuak eta ekintza horiek ez dira beti aparatuaren diseinuan aurreikusita egoten.

Haurrek beren kabuz jolasak probatzeko beharra izaten dute; aholkuekin ez dute aski. Hori dela eta, umeek arrisku gutxiago izan dezaten, gurasoek ulertarazi egin behar diete, ahalik eta modurik didaktiko eta atseginenean gainera, zein arrisku dagoen, bistakoak ez diren arriskuak batez ere. Komenigarria da, beraz, haurrekin batera jolas egin eta bakarrik moldatzen erakustea. Elkar errespetatzen eta inori bultzarik ez egiten irakatsi beharko zaie, batez ere leku altuetan dabiltzanean. Txirristetan, adibidez, aurrekoa beheraino jaitsi arte jaisten ez hastera ohitu behar lukete haurrek.

Mugimenduan dauden aparatuetara larregi ez hurbitzen erakutsi behar zaie, batez ere zabuetara, kolpe askoren eragile baitira. Halaber, laban egitea ekiditen ikastea komeni da; zer zapaltzen duten begiratu eta igotzeko egituretan ondo helduta ibiltzea. Beste arreta neurri garrantzitsu bat ere bada, parke hauetan gutxi zaintzen dena; haur nagusienek txikienak ahulago direla ohartu behar lukete eta errespetatu eta aurrean hartu gabe ibiltzen ikasi. Beste ohitura on bat, gizalegezkoa: jolas guneetan antzematen diren segurtasun eta zainketako akatsen berri agintariei ematea. Eta, jakina, dagokion konponketa eskatu.

Araudirik ez

Zoritxarrez, ez dago estatuan haurren parkeetako aparatu eta instalazioek segurtasun eta kalitate aldetik nolakoak izan behar duten xedatzen duen araudirik. Hori dela eta, Europako araudietan oinarritu da CONSUMER (Elkarteko EN 1176 eta 1177, eta DIN-7926 alemaniarrean) eta adituen aholkularitza erabili da aparatuen egoeraren ebaluaziorako irizpideak ezartzeko.

Sarritan, jolaserako aparatuetan antzemaniko ekipamendu akatsek araudi horietan dute erreferentzia. Adibidez, zabu edo ziburuek 60 graduko makurdura lortzen dutenean, lurrerainoko altuerak ez du 2 metro baino handiagoa izan behar. Txirristetan, berriz, erorketa libreko altuera metro bat edo gehiagokoa bada, eskaileran eta goiko aldean eskubanda izan beharko da. 2 metrotik gorakoa bada, gainera, nolabaiteko babesa izango du goian. Txirristaren luzeran berriz, lurrerainoko altuerak 25 eta 35 zentimetro bitartekoa izan beharko du. Din-danek, ostera, sistemaren bat izan beharko dute lurra jotzean kolpeak moteltzeko.

Gainera, aparatua jarrita dagoen lekuko zoru motaren arabera desberdina izango da erorketa libreko gehienezko altuera (zenbait eta gogorragoa, orduan eta altuera txikiagoa onartuko da). Zentzu horretan, 10 zabutik baten altuera handiegia zen zoru mota horretarako. Din-danen artean, %23 eta gainera, aparatu hauen beste %23 batean akatsak antzeman ziren neurrien aldetik; ondorioz, tresna mota honetan %46 ez da zuzena Europa mailako gomendioen arabera. Txirristen artean, %21ek altuera libre handiegia zuen. Beste txirrista askotan akatsak aurkitu ziren neurrien aldetik eta banaka batzuetan zorua ez zen egokiena. Laburbilduz, txirristen %38k ez du errespetatzen Europako araudia. Eta joko anitzetarako edo multzoko egituretan %17k ez du araua betetzen. Haurren jolas-parkeetako segurtasunean funtsezko alderdia aparatuok kokatzen direneko zorua da.

Pabimentu sintetiko, kautxuzko edo antzekoa izaten da seguru eta gomendagarriena (haurra eroriz gero, kolpea ondoen moteltzen duena delako), jartzerakoan garestiena den arren. Txostenean argi geratu da agintariak hasi direla adituen aholkuei jaramon egiten: jolas parkeen %40 kautxu edo beste gai sistetikoren baten gainean dago. %37an zorua hondarrezkoa da, istripuen kasuan interesgarria, baina higiene aldetik arazoak sortzen dituena. Gainera, hondarra trinkotu egin daiteke eta zoru gogorra gertatu eroriz gero. Baina oraindik ere aparatu larregi dago zoru arriskutsuen gainean, hormigoian (%11) eta harrizko adokinetan (%5). Maiztasun txikiagoarekin, hartxintxarra, belarra edo egur-zatiak (onargarriagoak) %3,5, %3 eta %4tan daudela, hurrenez hurren.

Bestalde, jolaserako tresnetako materialik ohikoena metala da, horien %86k metalezko zatiak baititu. Mugikari eta zabuak metalezkoak izaten dira gehienak. Gailuen %67tan zurezko zatiak daude. Jolas anitzetarako egiturek baliatzen dute gehien material mota hori. PVCa ez da hain ohikoa: tresnen %46an bakarrik agertzen da eta arruntagoa da multijokoetan. Adituen iritziz metalezkoen ordez egurrezko edo plastikozkoak jartzea komeniko litzateke.

Haur parkeak nola hobetu

Jolas guneei buruzko Europako EN arauak indarrean sartzen direnean, erantsi egin behar lirateke Espainiako araudietara ere. Ordura arte, aldi baterako neurriak hartu behar lirateke haurren jolaserako guneak normalizatzeko arau teknikoak onar daitezen, elementu horien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko. Horrela, udaletako teknikariek jakingo lukete nola jokatu. Hona hemen zenbait ekimen interesgarri:

  • Trafikoa: jolas guneak autoen ibilbideetatik babestu, bitarteko natural (landare-hesi) edo artifizialen (horma edo hesi) bidez bereiztuta. Edo, hori baino hobeto, parke berriak autoen ibilbidetik aldenduta jartzea.
  • Haur ezinduak: erabiltzaile horientzat parkeetarako sarbidea hobetzea.
  • Azalera gogor eta segurtasun gutxikoak (hormigoi edo harrizkoak) kendu eta horren ordez kolpe eta erorketak motelduko dituztenak jarri (kautxua, material sintetikoa). Hondarrezkoa bada (material onargarria baita), etengabe betetzea eta berritzea eskatzen du.
  • Aparatuetako metalezko elementuen ordez zurezko eta plastikozkoak jarri.
  • Gune horien kontserbazioa eta higienea hobetu. Arriskuak sortzen dituzten ekipoak berehala konpondu edo aldatu. Behar adinako maiztasunezko ikuskapena egitea da neurririk egokiena.
  • Informazio gehiago: karteletan iragarri, istripurik izanez gero laguntza emango luketen hurbileneko osasun zentroak, eta instalazioen matxura eta akatsak non jakinarazi behar diren.
  • Erabiltzaileen adinaren arabera, jolasak edo parkeko gunean bereiztu.
  • Guraso eta umeak gune hauen erabiltzearen ondorioz sortzen diren arriskuez ohartarazi.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto