Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Eraikinak, batzuetan, osasun gutxikoak: Ia ezagutzen ez den kutsadura

Eraikinen barruan (etxean, eskolan, lantokian) hainbat gai kutsagarriren pilaketak gainditu egiten du batzuetan kanpoan neurtzen den kutsadura maila. Egoera horren arriskuez ez gara batzuetan ohartzen, baina arazoa hortxe dago: Estatu Batuetan eta Europan egindako azken azterketen arabera, herrialde industrializatuetako bizilagunek egunaren %90 baino gehiago ematen dute eraikinen baten barruan. Proportzioa handiagoa da bularreko haur, adineko eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen artean eta hiri handietako bizilagunen kasuan ere.

  Gehienetan, industria astuneko kutsadura arriskua enpresako bertako osasun espezialistek kontrolatzen dute. Hala ere, eguneroko bizitzan ez gara ohartzen (eta, beraz, ez diogu duen garrantzirik ematen) etxean, ikastetxeetan edo bulegoetan jasan behar izaten dugun poluzio mailari. Partikula kutsatzaileak ugari izaten dira leku horietan airean eta gugan eragiten dituzten sintomak hotzeriak edo zenbait alergiak eragiten dituztenen antzekoak izaten dira. Barruko kutsadura horren eragile ezagunenez gain (tabakoaren kea, eraikin gaixoaren sindromea eta produktu erregaiak -sukalde, berogailu, galdara edo tximiniak--), badira beste kutsatzaile batzuk ere, pertsonaren osasunerako arriskutsu direnak: animalien ilea, lizunak, hautsetako akaroak eta beste gai biologiko batzuk; aireko beruna eta merkurio-lurruna; asbestoa eta radona, eta konposatu organiko lurrinkorrak (formaldehikoa, izurrilkariak, solbatzaileak eta garbiketarako produktuak).

Etxe barruko kutsaduraren eragile nagusiak

Tabakoaren kea

Kea leku itxietan nonahi zabaltzen denez, erretzaile ez direnek ere nahitaez irentsi behar izaten dute. Tabakoaren kea 4.000 produktu kimiko baino gehiagoz osatutako nahasketa dinamiko eta konplexua da, lurrindurik edo partikulatan (konposatu horietako asko agente toxikoak eta kartzinogenoak izaten dira) agertu ohi dena. Ke hori irensten duenari "bigarren eskuko erretzailea", "erretzaile pasiboa" edo "nahigabeko erretzailea" esaten zaio. Estatu Batuetako Ingurunearen Babeserako Agentziak (EPA) tabakoaren kea gizakientzat kartzinogeno gisa sailkatu du eta erakunde horren esanetan, herrialde hartan erretzen ez duten 3.000 pertsona hiltzen da urtean arrazoi horregatik. Beste txosten batzuen arabera, berriz, tabakismo pasiboak birikako minbizia eragin dezake sekula erre ez duten pertsona heldu osasuntsuetan. Bularreko haur eta hiru urtetik beherakoengan tabako kea arnasteak bikoiztu egiten du neumonia, bronkitis eta bronkiolitisaren eragina.

Baina, nola gutxitu kutsadura hori?

Gune itxiak behar bezala aireztatzeak tabako usaina gutxitu dezakeen arren, osasunarentzako arriskuak ez dira gutxitzen aireztatzeko modu arruntekin, airea garbitzeko sistema eraginkorrenetako zenbaitek, eta baldintza berezietan, desagerraraz ditzakete tabako kearen partikula batzuk. Hala ere, aire-garbitzaile gehienek, bulegoetarako modelo txikienek barne, ez dituzte desegiten iturri horretatik datozen gas egoerako kutsatzaileak; batzuk horretarako diseinatuta dauden arren, ez dira, itxuraz, guztiz eraginkorrak. Konponbide eraginkorrena leku itxietan ez erretzea da, erretzea debekatuta edo gela jakin batzuetarako mugatu eta lokal horiek aparte aireztatzea.

Eraikin gaixoaren sindromea

Eraikin gaixoaren sindromea (EGS) izendapena hirurogeita hamarreko hamarkadan erabili zen lehen aldiz. Leku batean egoten direnek han egoteagatik bizi izaten dituzten sintomen egoera deskribatzen da. Gehienetan, baina ez beti, bulego-eraikina izaten da. Kexurik ohikoenak begietako azkura edo/eta sudur-faringekoa, rinitisa edo sudurretako kongestioa, kontzentratu ezina eta ondoeza izaten dira (gaitz arrunten eta oso erraz kutsatzen direnen antzeko sintomak, beraz). Eraikin bat gaixo dagoela egiaztatzeko funtsezko faktorea da pertsonak han ez dagoenean sintomarik ez izatea. Lokaleko erabiltzaileen proportzio handi batek bertan ondoez handia sentitzen duenean esan ohi da EGS dagoela. Oraindik ez daude garbi EGSren zergatia edo zergatiak. Diseinu txarrak, mantenu eskasak edo aireztatzeko sistema desegokiak osasun aldetik leku desegoki bihur dezakete eraikin bat. Hezetasuna ere faktore negatiboa da (handia bada, areagotu egin dezake kutsadura biologikoa). Beste alderdi kaltegarri batzuk, argiztapen eskasa, ergonomi baldintza txarrak, hotz edo bero handiegia, zarata eta estres psikologikoa dira.

Erregaia darabiltenak (sutegiak, berogailuak, galdarak eta tximiniak)

Giroko tabako keaz gain, bada beste zenbait kutsagarri maila kaltegarria ematen dutenak; besteak beste, matxuratuta dauden edo desegoki erabiltzen diren berogailuek botatzen duten kea: aireztapen txarra duten tximiniak, galdarak, ikatz edo egurrezko berogailuak, ur berogailuak, gas bidezko arropa-lehorgailuak eta gaizki erabiltzen diren edo aireztapen txarra duten giroa berotzeko gas edo kerosenozko makinak. Ibilgailuen emisioa edo garaje batetik hurbil egotea (edo haizagailuetatik hurbil kokaturiko karga-kaia) ere poluzio-iturri izan daitezke. Konbustio iturrietako gas egoerako elementu kutsagarrien barruan "atmosferiko irtenak" daude: karbono monoxidoa (CO), nitrogeno dioxidoa (NO2) eta sufre dioxidoa (SO2). Gure organismoan oxigeno beharrik handiena duten ehunak, -miokardioa, burmuina eta muskuluak- dira horien eraginik handiena jasaten dutenak.

Eta, nola gutxitu kutsadura hori?

Tresnei aldian behin mantenua eta ikuskapena egitea gomendatzen da, zuzenean kanpoan aireztatu behar baita. Tximinien eta egur eta ikatzezko berogailuen kasuan (egur-ikatza ez da sekula barruan erre behar), negua baino lehen garbitu eta ikuskapena egitea komeni izaten da, eta aireztapenerako gailuak ere ahal den guztietan erabili behar dira. Bero-iturri horiek erabili ohi dituzten pertsonek karbono monoxidoaren detektagailuak jartzeko aukera aztertu behar lukete. Nolanahi ere, ez dago detektatzaile guztiz fidagarririk, zenbait pertsonak osasun arazoak izan baititzakete tresna horiek antzematen ez duten karbono monoxido mailarekin ere.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto