Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Fobiak: hegazkina hartzeko, leku itxietan egoteko, kalera irteteko... beldurrak: Beldur zentzugabe eta kontrolaezina gaindi daiteke

Angustia flotatzaileak eta fobia erreakzioak

  Zentzuzko beldur bat fobia bihur liteke ikaskuntzaren edo kulturaren eta gizartearen eraginez. Arratoi edo sugeenganako fobia, adibidez, badirudi belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela. Zenbait fobia ezarri egiten da pertsona helduarengan, txikitan gurasoek edo lagunek ia arriskurik gabeko egoeren aurrean beldurtu zutelako. Angustiaren adierazpen landua izaten dira fobiak. Badira "angustia flotatzaileak" ere; beldurra jitoan egoten da eta hainbat egoera eta baldintzaren aurrean nolabaiteko beldurra sentitzen da. Fobia erreakzioetan estimulu jakin baten aurrean baino ez da fobia iratzartzen. Egia esan, "fobiaren eragilea" angustia latentearen agerpena baino ez da. Gizakiak aitzakia hori behar du bere angustia kanporatzeko. Horrela, bada, fobien atzean ere -ametsen kasuan bezala- ageriko zentzua eta esanahi latentea izaten dira. Erreakzioa proportziorik gabea izaten da beti azaleko eragilearekin konparatuz gero, baina ezkutuko arrazoia zein den jakiten denean, argi geratzen da bazela angustiatzeko arrazoirik. Fobietan ere, psikologiako gainerako gaietan bezala, hainbat interpretazio izaten da fobia eragiten duen zergatiaz eta horiek konpontzeko metodo terapeutikoez. Psikologo konduktistentzat sintomak eta jokaera ikasiak baino ez dira fobiak. Psikoanalistek, berriz, fobia icebergaren punta baino ez dela esaten dute, arazo sakonago eta inkontzienteago baten ageriko zatia. Teoria horiek gora-behera, fobia duenak berekin ditu beti angustia eta sufrimendua ere.

Fobia espazialak

Interesgarriagoa da fobiak eragiten dituzten egoera motak aztertzea ezagutzen diren fobia mota kontaezinak deskribatzea baino. Fobia espaziala izaten da ohikoena eta bi era kontrajarritan agertu ohi da: irteteko beldurra edo kaleek eragindako angustia, hau da, gune irekietara irteteko beldurra (agorafobia). Eta bigarrenik, alderantzizkoa: leku itxiei beldurra izatea (klaustrofobia). Klaustrofobiarik ohikoena igogailuetan, bulegoetan, jatetxeetan, elizan edo tuneletan harrapaturik geratzeko beldurra izaten da. Beldur hori duenak ekidin egiten ditu lekuok, baina horietakoren batean sartu beharra baldin badu, irteera eta larrialdiko irteera-bideak bilatuko ditu sartu orduko. Lekuari buruzko fobietan hainbat aldagai izaten da: Bertigo fobikoa edo mendiak eragindako beldurra, igogailuetakoa edo solairu altuetakoa. Iluntasunari beldurra izatea, iluna mehatxuzko lekutzat hartzen delako, autobusean, hegazkinean, trenean edo autoan bidaiak egiteko beldurra. Jendetzaren aurreko beldurra eta, horren barruan, jendearen aurrean hitz egin edo agertzeko beldurra.

Fobia sozialak

Beste fobia mota gizarte ingurunearekin dago erlazionaturik. Kasu honetan, hurkoarekin edo animaliekin banaka edo taldean harremanak izateak eragiten du beldur ikaragarria. Kategoria horretan sartzen dira lotsaz gorritzeko fobia, zenbait pertsonari aurpegira begiratzekoa, besteren aurrean idazteko fobia ("eskribauaren sindromea" izenez ezagutzen dena, bezeroen aurrean agiriak betetzen dituzten funtzionarioek jasaten dutena). Edo kutsatzeko beldurra, gizartetik isolatzeko edo egunean zehar behin eta berriz eskuak garbitzeko ohituraren bidez agertzen dena; edo barandak edo heldulekuak ukitzeko, komun publikoak erabiltzeko, taberna edo jatetxeetan sartzeko beldurra, hori guztia pertsona gaixoen edo gauza kutsagarrien germenak harrapatzeko beldurrak eraginda. Animalia handienganako fobiak ere izaten dira, txakurrenganako fobia esaterako, edo animalia txikiek eragindakoak, intsektu, armiarma, sagu eta antzekoena.

Fobiak dituztenek zer egiten duten

  Eguneroko bizitzan bi jokaera mota erakusten dituzte: egoerak ekiditea eta beren burua lasaitzea. Lehenengoan, pertsonak saihestu egiten ditu fobia eragiten dioten egoerak eta horren eraginez, ihes egiteko hainbat modu erakusten du, sentitzen duen angustiaren arabera. Zenbaitek ez du etxetik irten ere egiten, kalea edo beldur izugarri hori eragiten dioten egoera nahiz pertsonekin topo egin beharrik ez izateko. Beste zenbaitek, berriz, aurrez erabakitako ibilbideak erabiltzen ditu beti: beti autobus linea bera hartu edo zenbait garraio bide, auzo edo eginkizun albora lagatzen dituzte. Beste batzuek "aurrera ihes" egiten dute, arazoa konpontzeko erabaki desesperatuak hartuz, baina nekez lortzen dute ezer konpontzerik. Joera lasaigarriarekin, berriz, beren burua lasaitu eta fobia gainditzea lortu nahi izaten da. Egoerak jasaten lagunduko dieten lagunak bilatzen dituzte edo "objektu salbatzaileak" aukeratzen dituzte, talismanak, kutunak eta maskotak. Pertsonak badaki ez dagoela inolako erlaziorik "objektu salbatzailearen" eta harengandik espero duen babes edo zortearen artean, baina lasaiago sentitzen da hura erabilita. Leku seguruetara ere jotzen da, norbere etxera, edo bertako leku jakin batera. Adituek luzaroan aztertu dute izaera fobikorik edo fobiak jasateko predisposiziorik ba ote dagoen. Gutxienez badakigu bi jokaera pertsonal mota daudela, fobien agerpenarekin harremana dutenak: etengabeko alerta egoera (mundua arriskuz eta mehatxuz beterik dagoela sumatzen du fobia jasaten duenak eta, beraz, adi egon eta defentsarako jarreran izaten da etengabe); eta bestetik, ihesa, inhibiziora eramaten duen jarrera pasiboaren bidez, edo "aurrera ihes" egiteko planteamendu aktiboen bitartez, portaera oldarkorretan babestuta, edo beti lanpetuta egonez, modu konpultsioz aktibitatean ezkutatuta.

Fobiak senda daitezke

Fobia guztiek dute tratamendua, intentsitatearen eta gizakiak dituen konplikazio psikopatologikoen arabera modu batekoa edo bestekoa izan arren. Fobia txikiei norberak bakarrik egin diezaieke aurre, baina zenbait baldintza bete behar da:

  • Sendatu nahi izatea. Sendatzeko prest izatea. Zenbaitek, egoerei aurre egin beharrik ez izateko erabiltzen du fobia eta ez du fobia gainditzeko borondate errealik, konpromiso pertsonalik erakusten.
  • Entrenamendua hasteko egun bat finkatu.
  • Behar den denbora eta gogoetarekin, gainditu beharreko egoeren zerrenda osatu. Eta hartu beharreko neurriak norberak erabaki.
  • Norbere burua egoera fobikoari aurre egiten irudikatu.
  • Fobia eragiten diguten egoerei poliki-poliki aurre egin behar diegula jabetu.
  • Lorpenak baloratu, txikiak izan arren, eta helburuak lortzeko lanari gogotik ekin. Eta lortuaz doazen heinean, lan gogor hori dagokion moduan saritu.

Fobiak konplikatuagoak direnean, profesional gaituen esku jartzea komeni izaten da. Orduan hiru tratamendu mota izaten dira, batera erabiltzekoak batzuetan:

  • Botiken bidez, izu-ikara krisi akutuak bizi direnean bereziki.
  • Jokamolde tratamenduen bidez; desentikortze sistematikoaren bitartez, erlaxaziorako metodoak erabiliz (sofrologiak ongi funtzionatu ohi du), fobia sorrarazten dion egoeraren aurrean jartzen da pertsona, erabat gainditzea lortu arte.
  • Hegazkin konpainiek metodo horixe erabiltzen dute bezeroei hegan egiteko fobia gainditzen laguntzeko.
  • Psikoterapiaren bitartez, angustia fobikoa eragiten duten mekanismoetan sakondu eta horrela fobia sendatzea lortzen da.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto