Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Zentroek, guztira, lor litzaketen 10 puntu horiekiko, egoitza publiko batek 9,9 erdietsi izanak adierazten digu, bai txosten honetan gogoan izaniko ezaugarriak eta prestazioak, bai aplikatu den puntuazio-sistema bera ere, errealistak eta sektorearen ahalbideen araberakoak direla. Bestela esatearren, egoitza batek gauzak ondo egiten baditu, CONSUMERek ezarritako azterketa gainditu eta, areago, nota ona ere atera dezakeela: aztertutako zentroen %40k 8 puntutik gora jaso du.
Ikus dezagun orain nolakoa den aldizkari honen ia espektatiba guztiak asebete dituen zentro hori. Hasteko, informazio-orritxoak, zentroaren zerbitzu eta instalazioen azalpen zehatza erakusten du; bestetik, egoitzaren filosofia eta jokamoldea osatzen duten printzipioak jakinarazten dizkio irakurleari: "Berariazko egoera pertsonalak laguntza berezi eta profesionalizatua eskatzen duenean, adineko pertsona ororentzat alternatibazko etxebizitza da egoitza publikoa. Ez da ospitalea, ezta hotela ere, bizitokia baizik".
Hiriko erdigunean dago kokatua, garraiobide egokiz hornitua; bisitariak bertan du parkina eta zaharrak, aldiz, erabili eta gozatzeko lorategi zaindua. Eraikina egin berria denez, 1993 urtean inauguratu zen. Bere egoerak ez du akatsik, aparta da, bai garbitasun eta mantenimenduari, bai gelen argitasun eta zabaltasunari dagokionez ere. Oztopo arkitektonikorik ez egoteari esker, erabiltzaileak mugikortasun zabala du. Gela guztiek daukate komun, lababo eta dutxaz osaturiko bainugela eta, zeinahi larrialdi gertatzekotan, kontroldegi batean konektaturik dagoen dei-aparailu berezia dute, gau eta egun funtzionatzen duena. Erabiltzaileak egunero du prentsa eta liburutegi zerbitzua. Errehabilitazioa egiteko aretoa eta ileapaindegia, podologia eta psikologi arreta zerbitzuak ditu. Hilero berritzen den atsedenezko ekinaldien buletina dago nahi duenaren eskura, zentroko iragarkitegietan. Egoiliar guztien urteak ospatzen dira jaikizun soil batez. Bertako kaperan egunero ematen da meza. Kultu eta iritzien askatasuna errespetatzen dute eta kaperau baten zerbitzua eskaintzen diote bezeroari. Kafetegia daukan arren, egoiliarrak bere gelan har ditzake bisitariak. Bai zaharrak, bai senideek ere, denek esku har dezaten moduko organoak daude: familiartekoei, hain zuzen, gomit egiten zaie, egoitzaren bizitzan parte har dezaten. Era guztietako erreklamazio eta kexuak egin daitezke idarokizun-buzoian.
Zaharren ardura duen sendagilea geriatra da eta pertsonal-plantila hobezina da, kasik: zuzeneko asistentziako zaindari bakoitzaren kontura bi egoiliar daude eta bertan dagoen eguneko zentroan beste profesional-plantila batek dihardu. Gela guztien %84 indibidualak dira eta gainerakoak, bikoitzak. Egoiliarrak berak apain dezake bere gela altzari eta gauza pertsonalekin (telebista, besaulkia, etab.) dagoen espaziora egokitzeko modukoak badira. Ohe guztiak artikulatuak dira eta gelan gauzak gordetzeko giltzak dauzkate zaharrek. Zentroak sukaldea dauka eta egoiliar bakoitzari -sendagile internista baten aholkularitzaz- komeni zaion dieta eskaintzen zaio, otordua aukeratzea ere badagoelarik. Segurtasunari dagokionez, zentroak ez omen du akatsik: badago larrialdi-plan eratua, sute-kasuetan egin behar duenaz jabeturik dago pertsonala, dagoeneko lau sute-simulakro egin dira, eta gelek badituzte suteak atzemateko sistema eta larrialdiko argiak. Egoiliarrak hilean 120.982 pezeta ordaindu behar ditu. Modurik ez baldin badu, urteko bere diru-sarreren hamabiren hiru laurdenak pagatu behar ditu, zentroari zor diona aitortzeaz gainera (zorra onartzea). Gastu pertsonaletarako urtean zaharrak gutxienez 180.000 pezeta izango dituela bermatu beharra dago.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa