Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gazta urtua xerratan: Elikagarriak, kaloria ugarikoak

  Xerratan merkaturatzen gazta urtuaren sei lagin aztertu dira oraingoan: La Lechera, Hochland, Lonchetas, Reny Picot, Tranchettes eta El Caserío. Denak ere, ontziratzeko unean 300 gramoko pisuan agertzen dira, ontzi bakoitzean 16 xerra daudela, banan-banan bildurik. Kiloko, 656 pezetatik (Hochland) 800 pezetaraino (Reny Picot) doaz prezioak.

Xerratan merkaturatzen gazta urtuaren sei lagin aztertu dira oraingoan: La Lechera, Hochland, Lonchetas, Reny Picot, Tranchettes eta El Caserío. Denak ere, ontziratzeko unean 300 gramoko pisuan agertzen dira, ontzi bakoitzean 16 xerra daudela, banan-banan bildurik. Kiloko, 656 pezetatik (Hochland) 800 pezetaraino (Reny Picot) doaz prezioak. Xerratako gazta hori, izan ere, gazta urtua da. Gazta-mota bakarra edo gehiago birrindu edota nahasketa, urtuketa eta emultsioz moldatzen da, emultsionatzaileak, esnea eta esnekiak eta bestelako elikagaiak erantsiz edo erantsi gabe. Energi ekarle handiak dira (275 kaloria inguru 100 gramoko), gantz-edukia altua (%20 inguru) eta proteina-maila ertaina (%13-%18, hau da, gazta onduena baino dezente apalagoa) direla medio. Esneki gehientsuak bezala, gazta-xerra hauek ere kaltzio-iturri hobezina dira. A, D eta E multzoetako bitaminen ekarpena ere nabarmena du.

Kontsumitzaile batzuek, halaz ere, gazta hauetatik ez dute asko kontsumitu behar, kaloria ugari izateaz gainera, gatz eta kolesterol asko ere badutelako. Beste aldetik, azterturiko lagin guztiak egoera mikrobiologiko egokian zeuden (beraz, kontsumitzeko modukoak dira den-denak) eta etiketa zuzen eta ongi osatua zeukaten. Laboratorioko azterketan irregulartasun bakarra hauteman da: La Lechera eta Lonchetas laginen estraktu lehorrarekiko (ura suntsitu ondoren geratzen dena) gantz-gaiaren portzentajea, gazta gantzatsuei buruzko arauak xedatuta duena baino zertxobait apalagoa zen. La Lechera eta Lonchetas markako laginak, beraz, "erdigantzatsuak" lirateke, horren arabera.

Arauak xedatuak dituen gainontzeko parametroak (guztirako estraktu lehorra eta laktosa) zuzen daude sei laginetan. Kontserbakariari (azido sorbikoa) dagokionez, azterturiko gazta guztiek sartu dute bere formulan, onarturiko kopuruen azpitik, beti ere. Dastaketan El Caserío eta La Lechera nabarmendu ziren, 7na punturekin, ondotik Hochland eta Tranchettes (6na puntuz) zetozkiela. Kalifikazio okerreneko lagina (3 puntu baino ez) Reny Picot izan zen, esne-zapore motela eta ia krematsua ez zelako. Lonchetas laginak aprobatua lortu zuen. Kalitate-prezioa erlaziorik egokiena Hochland da, azterturiko xerratako gaztarik merkeena (656 pezeta kiloko) izaki, horren nutrizio-osakera zuzena delako, legeriak xedatutakoa goitik beheraino betetzen duelako eta dastaketan emaitza polita erdietsi zuelako. Hori baino garestixeago baina zaporetsuago ere bai, El Caserío eta Tranchettes aukera politak dira.

Adierazi bezala, "gantzatsu" izatera ez dira iristen bi lagin

Sei laginek "zabaltzeko gazta urtu gantzatsua" izendatu dute bere burua. Legeriak xedatua duen bezala, horrelako produktua izan dadin, bere guztirako estraktu lehorrak (hezetasuna suntsituz gero, bertan geratzen dena, alegia) %40 baino handiagoa eta %50 baino apalagoa izan behar du. Azterturiko lagin guztiak, zabaltzeko gazta urtuak dira, azterketaren ondoriozko emaitzak %45etik %48ra bitartean baitaude.

Gazta hori "gantzatsua" izan dadin, ordea, guztirako estraktu lehorrarekiko gantz-gaiaren (GG/GEL) portzentajeak %45 eta %60 artean egon behar du: gure laboratorioko probetan hautemaniko balioek adierazten dutenez, beraz, lau laginek bakarrik betetzen dute parametro hori. Salbuespena, La Lechera eta Lonchetas marketako laginak dira, %44 eta %43ko GG/GEL agertu zutelarik: beraz, biei "erdigantzatsu" kategoria komertziala dagokie, ez "gantzatsu", etiketan agertzen duten bezala.

Guztirako gantza kontuan izaki, sei laginek daukate %21 eta %23 bitarteko kopurua. Honelako gazten gantz-edukia Mantxako gazta, bolakoa, Emmental, eta antzekoena baino dezente apalagoa da eta gantz-mota saturatua da, batik bat (erdia baino gehiago) eta monointsaturatua. Kolesterolari dagokionez, xerratan agertzen diren gazta hauen (bibliografiako datua) 100 gramoko 95 bat miligramo da kolesterol, hau da, oso kopuru handia, esneak -100 gramoko- duen 14 miligramoren aldean. Gogoan izan bezate -eta murriz bezate gazta hauen kontsumoa- kolesterola zaintzeko ahaleginak eta bi egiten dituztenek.

Nutrizioz ongi, baina gatz eta kaloria gehitxokoak

Elikagai hau proteikoa da, guztirako edukiaren %13 eta eta %18 bitarte proteina aportatzen baitu. Gehien daukana Lonchetas da eta gutxien duena, berriz, Tranchettes. Denetan ere, balio bioplogiko garaiko proteinak dira, esnea baitute sorburu. Edukiz, Burgos motako gaztaren antzera dabiltza, Mantxakoa eta antzeko beste gazta onduen azpitik, hauen edukia %35 ingurukoa baita.

Bestetik, karbohidratoak elikagaiaren guztirako pisuaren %4 eta %7an dabiltza, hau da, gazta onduek baino gehiago dituzte, hauek laktosa (esnearen karbohidrato nagusia) galdu baitute, heltze-prozesuan zehar. Gazta urtuen laktosa-edukia, gaztaz bestelako osagaiak (gurina, esnegaina, esnea hautsetan, etab) gaztagintzan eransteko erreferentzia eta mugatzat hartzen dira. Gazta urtuen laktosak ez du %6 baino gehiago izan behar. Aztertutako laginik maila horretaraino iristen ez denez, denak zuzen daude atal horretan, behintzat.

Karbohidratoen edukiaren apala frogaturik, produktu honen kaloria ugarien zergatia beste elementu zenbaitetan bilatu behar, gantza eta proteinetan, adibidez. Gazta hauen kalori kopuruak ez du alde nabarmenik agertzen, lagin batetik bestera: produktuaren ehun gramoko 265 eta 282 kaloria izaten du. Beraz, kalorien kopurua kontrolpean mantendu nahi dutenek gazta-xerra hauen kontsumoa murriztu behar dute. Beste horrenbeste egin beharko dute hipertentsioa nozitzen dutenek, gazta hauek gaziak direlako: sodioaren edukia %1etik (Tranchettes) %2ra bitartean (La Lechera) dabil. "Fabrikatzeko era onen" arabera gatza eranstea onartua du legeriak.

Kaltzio-iturri agorgaitza

Gainerako esnekiek bezala, gazta hauek ere kaltzio asko dute. Mineral horrek, jakina denez, hezurren egituraketa eta garapenean berealdiko eginkizuna betetzeaz gainera, osteoporosiaren prebentzioan ezinbestekoa dugu. Laginek agertu zituzten kaltzio-kopuruak, horrelako gaztagintzan erabilitako gazta eta esnekien araberakoa da. Dena den, seietan nabarmena La Lechera izan zen, kaltzio gehien berak aportatzen baitu: 492 zati milioiko; beste muturrean, aldiz, Tranchetes geratu zen, 305 besterik ez zuela.

Eragiketa matematiko erraz bat eginik laster jakingo dugu horrelako bi xerra gaztak (36 bat gramo), baso erdi bat esnek (120 ml) aportatzen duen kaltzio kopuruaren parekoa ematen digula. Nolanahi ere, Espainiako gazta mantxatar onduak, kaltzioaz ari garela, xerratan plazaratzen diren gazta hauek baino bi eta hiru bider gehiago dauka. Gogoan hartzekoak dira gazta horien fosforo, potasio eta sodio-edukiak: hauek ere, goian aipatu bezala, gaztagintzan baliaturiko gaien araberakoak ohi dira. Beste alde batetik, A, D eta E multzoetako bitamina ugari eta, dezente hein txikiagoan, B1, B2, B6 eta B12 bitaminak aportatzen ditu.

Kontserbakariak, arauaren araberakoak

Etiketan aitortzen dutenez, kontserbakaritzat lagin guztiek erabili dute azido sorbikoa (E-200, E-202). Kopuruak, legeak onarturiko gehienekoaren (2.000 z.m.) azpitik beti ere, 1300 eta 1790 zati milioiko bitartean daude. Etiketetan aipatzen diren beste aditiboetako batzuk dira gatz urtugarriak eta egonkortzaileak (E-330 azido zitrikoa, E-331 zitrato sodikoa, E-339 sodio-fosfatoa, E-450 difosfatoak, E-452 polifosfatoak etab). Gatz urtugarrien eginkizuna, gaztak sakabanaturik dauzkan proteinak ordenuan antolatzea da: horri esker, gantzaren eta beste osagaien banaketa homogeneoki egiten da. Egonkortzaileek, bere aldetik, elikagaiaren egoera fisiko-kimikoa bere horretan mantentzea ahalbideratzen dute. Aditibo horiek guztiak, noski, legeak onarturik daude.

Beste alderdi batetik, laboratorioko teknika egokiak erabiliz, mikrobiologoek sei laginetan bilatu dituzte E. coli, salmonella, listeria, S. areus, eta guztirako koliformeak. Lagin bakar batean ere ez zen salmonella ez listeriarik (germen patogenoak) atzeman; bestetik, E. coli, S. areus, eta guztirako koliformeen zenbaketa, arauak baimendutakoa baino txikiagoa izan zen, denetan. Horrenbestez, lagin guztiak egoera higieniko-sanitario onean daude eta kontsumitzeko egokiak dira. Xerratako gazta horiek egoera aproposean iraun dezaten hotzetan mantendu behar dira.

Etiketak, ongi

Lagin guztiek etiketak zuzen agertzen dituzte, derrigorrez adierazi beharreko datu denak jasotzen dituztelarik: izena, eduki garbia ontziratzean, ale-kopurua, guztirako estraktu lehorrarekiko gantz-gaiaren portzentajea, lote-zenbakia, kontsumitzeko data egokia, osagaien zerrenda, mantentzeko baldintzak eta fabrikatzailearen izen eta helbidea. Etiketan adierazi behar den eduki garbia, produktuak ontziratzean agertzen duena da. Lagin guztiek adierazten duten pisu garbia 300 gramo da. Pisu hori eta laboratorioan egiaztatua erkatzean, alde txikiren bat hauteman zen. Adibidez, Lonchettas laginaren egiazko pisua handiagoa zen adierazitakoa baino, beste marka guztietakoek adierazitakoa baino txikixeago zen bitartean (2 eta 6 gramo bitartekoa, laginen arabera). Gazta guztiak zuzen zeuden, beraz, onarturiko tolerantzia bakar batek ere ez baitzuen gainditu. Hochland, La Lechera, Reny Picot, El Caserío eta Tranchettes laginen etiketan, produktu horren nutrizioari buruzko informazio-taula ezarri dute eta, esan behar, bertako datuak eta CONSUMERekeginiko azterketaren ondoriozkoak bat datoz, oro har.

Dastaketan, lau ongi

Xerratan banandurik datozen gazta horien dastaketan, produktuaren kolorea, malgutasuna, zaporea eta ahoko ukitua baloratu dira. Azkeneko bi hauek izan ziren laginen azken kalifikazioan eragin zuzenena izan zuten bi parametroak. Dastatzaileek, aho-sabaiari egokiro (ez hertsiegi, ez atxiki gabe) itsasten diren zapore sakoneko gazta krematsuen aldeko zaletasuna agertu zuten. Koloreari ez zitzaion berebiziko garrantzia eman: hobe zuen laginak, mahaikideen iritziz, lagina malgua izaki, zelofanezko zorro indibiduala irekitzean, xerra ez haustea.

El Caserio eta La Lechera, biak ere 7na puntuz, izan ziren kalifikazio hoberena jaso zutenak. Hochland eta Tranchettes laginek 6na puntu lortu zuten. Lonchetas apalago geratu zen, 5 punturekin: zapore motel samarraren eta esne-gustu urriaren ondorio izan zen aprobatu doi hori; bestetik, gazta ez zen oso krematsua, ez oso itsaskorra eta, egitura behar bezain malgua ez zenez, xerrak erraz hausten ziren. Denetan gutxien gustatu zen lagina Reny Picot izan zen, 3 puntu besterik eraman ez zituelarik. Lagin horren zaporeak lortu zuen balorazio txarrena, esne-gustu urrikoa izaki, gazta-zaporea ere eskas agertzen zuelako.

Ahoan ez zen behar bezain krematsu gertatzen, gainera. CONSUMEReko dastatzaileei azkenean beste zerbait eskatu zitzaien: xerra bakoitzak daukan zelofanezko bildukitik ateratzean, lagin bakoitzeko xerrak zenbat pusketatan hausten ziren gogoan izan zezaten. Ondorioa bitxia izan zen: gazta krematsuak izan ziren (Tranchettes, El Caserío eta Hochland) hauskorrenak. Dastatzaileen %65, xerrak ez haustearen alde azaldu zen bitartean, gainontzekoek ez zioten garrantzirik eman alderdi horri.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto