Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zure afera revista.consumer.es aldizkarian konpon dezagun nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Bistan denez, aldizkari honetatik interesgarrien jotzen ditugun kontsultak bakarrik argitaratuko ditugu
1998ko abenduan ordenadore eramangarri bat erosi nuen. Hilabete beranduago arazoak izan nituen bateriarekin, 15 minutu baino lehen agortu egiten baitzen eta horren eraginez, CD-ROMaren softwarea galdu egin zen. Garantian zegoenez, saltzailearengana jo nuen lehenik, konpondu ezin zuenez, markaren Asistentzia Zerbitzura ondoren. Hilabete eta erdi pasa ondoren, itxita zegoela jakinarazi zidaten. Azkenik, piezak ordainduta ere ezingo zidatela ordenadorea konpondu esan zidaten dendan, marka horren Departamentu Teknikoa zerbitzuz kanpo zegoelako. Dirua berreskuratzeko edo ordenadorea konpontzeko modurik dagoen jakin nahi nuke.
Kontsumitzailearen Defentsarako Lege Orokorreko 11. artikuluaren arabera, garantia indarrean dagoen artean akatsen konponketa dohainik jasotzeko eskubidea du erabiltzaileak eta konponketarekin gustura geratu ezean, prezioa itzultzea edo produktu berdin-berdin batekin aldatzea eska dezake bezeroak. Aipatutako ordenadore eramangarriak gutxienez sei hilabeteko legezko garantia izan behar du eta erantzukizuna markaren fabrikatzaile titularrarena eta saltzailearena da (jurisprudentziaren arabera biak solidarioki, salbuespenak salbuespen). Legezko garantia horrez gain, baliteke ordenadoreak garantia komertzial luzeagoa ere izatea. Hala ere, kasu honetan erabiltzailearen aldeko bi arrazoibide juridiko daude (garantiaren bidetik eta kontratua ez betetzearen aldetik) fabrikatzaileari edo/eta saltzaileari dirua itzultzea eta izandako kalte eta galerak ordaintzea eskatzeko.
Garantiari dagokionez, epea arazo izan daiteke (dagoeneko pasa dira aipatu sei hilabeteak); kontratua ez betetzeari dagokionez, hamabost urteko epea aurreikusten du Legeak erreklamazioa egiteko; baina ez da komeni denbora pasatzen uztea. Saltzaileari edo fabrikatzaileari dirua itzultzeko eskaera Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulego baten bidez egin daiteke, idatziz beti, (doakoa da eta erreklamazioa fede-emailea izaten da) edo abokatu baten bitartez bestela. Dena dela, kasu hau nola joan den ikusita, baliteke azkenean konponbidea epaitegien bidetik etortzea, saltzailearen edo/eta fabrikatzailearen aurka demanda jarrita.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa