Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Javier Echevarría, filosofoa eta ikertzailea: "Etxeko iraultzak mundua etxera sartu du teknologia berrien bitartez"

 Javier Echevarríak, filosofo, zibernetikako aditu eta Zientzia Ikerketetako Kontseilu Gorenaren Filosofia Institutuko ikertzaileak, teknologiako bitarteko berrien agerpenak, telefono edo telebistarekin hasi eta ordenadore pertsonalak edo internetek etxeko bizitzan izan duten eragina aztertzen du elkarrizketa honetan. Berriki "Los señores del aire: Telépolis y el tercer entorno" izeneko bere azken liburua argitaratu duen nafar honen ustez, informazioaren teknologia horiek "hil edo biziko garrantzia" hartu dute etxeko eremuan.

Kontsumoko gure gizarte honetan zientziaren eta teknologiaren arloko aurrerapenek XX. mendearen azken heren honetan etxeetan benetako iraultza egiten ari direla diozu. Zertan datza aldaketa handi hori?

Etxeetan beste era bateko azpiegitura teknologikoa jartzen ari gara, batez ere elektronikoa eta digitala eta etxe bakoitza planetako edozein bazterrekin lotzeko aukera eman du horrek. Telebistaren bidez, ordezkaritza publikoko eremu bihurtzen dira etxeak; eta telefonoarekin eta telematikarekin, elkarreragite sozialeko gune. Teknologia berriekin gune sozial berri bat jaio da, hirugarren ingurunea, ingurune natural eta urbanoarengandik oso ondo bereizten dena. Etxea hirugarren ingurune horretara irekitzen duten leiho eta ateak dira tramankulu elektronikoak. Telefonoak, telebistak, telediruak, ordenadore pertsonalak, Internetek eta abarrek osatzen duten baliabide teknologikoen multzo horri tele-etxea esaten diot nik. Familietan tele-etxea sartzeak aldaketa sakona eragiten du eguneroko bizitzan, benetako etxeko iraultza, pribatu eta publikoaren arteko hesia hautsi eta errepresentazio digitalen eta tramankulu teknologikoen bitartez mundua etxean sartzen duena.

Iraultza teknologikoa urratsez urrats sortuko zen, noski. Filosofo baten iritziz, zer esanahi izan zuen telefonoa agertzeak?

Tresna horri esker, etxetik irten gabe bizitza publikoa izateko modua lortu zen lehen aldiz. Maiteminduen artean elkarrizketak izan, familiartekoak zoriondu, laneko hitzorduak edo isilpeko hitzorduak ere ezar zitezkeen... Telefonoak askatasun eremu ugari ireki zuen etxeetan.

Eta zer diozu irratiaz eta telebistaz?

Horien bitartez iritzi publikoa sortu zen etxeetan -aurrez ateneoetan, kafetegietan, lantegietako biltzarretan, elizan... sortzen zen-, irrati eta telebista bidez ematen den informazioa etxeko eremuan kontsumitzeko produzitzen baita. Etxean politikoak jarduten dute, kirolariek jokatu, artistek kantatu eta dantzan egin, intelektualek eztabaidatu eta militarrek borrokan egiten dute. Gainera, merkataritzako jardueraren zati handi bat etxeetatik pasatzen da, bertan iragartzen baitira produktuak eta erosteko erabakiak hartzen. Azken batean, bizitza publikoak etxeko tamaina hartzen du: dagoeneko ez dago kalera irten beharrik zer gertatzen den jakiteko.

Kontsumitzaileak gero eta aukera handiagoa du plastikozko diruarekin erosteko. Hori ere "tele-etxea" deitzen duzunaren barruan dago?

Jakina. Telediruak edo diru elektronikoak garai bateko adreilua, itsulapikoa, koltxoia edo kutxa gotorra ordezkatu du. Banketxeko txartelekin munduko edozein bazterretatik eskura daitezke norbere altxorrak eta ordenadore baten pantailatik etxeko ekonomia guztiaren gestioa egin daiteke: erosi, saldu, transferitu... Diru elektronikoa, zenbaki huts bihurtu eta argiaren abiaduran, ziztu bizian munduko bazter batetik bestera mugitzen dena agertu izanak txanponaren egiazko iraultza ekarri du eta horrek etxeetan ere izan du eragina.

Zer aldaketa eragiten du sare telematikoak eta Internetek?

Sare telematikoei esker aldaketarik sakonena eta esperantzagarriena ari da gertatzen gizabanakoen askatasunen ikuspuntutik. Planeta mailako erlazioko sistema berri hori, gaur egun Internet sarea da horren puntako, bete betean sartu da bulegoetan ezezik, baita etxeetan ere. Egitura horizontal eta interaktiboa izanik, transferitu den guztiaren memoria ere gordetzen du eta aipatu etxeko iraultza lortzen ari den maila gorenaren ordezkari da.

Egia da multimedia teknologiak, informazioa eraldatzeaz gain gutako bakoitzaren memoria ere aldatu egiten duela?

Neurri batean bai, etxeko iraultza ez baita komunikazioen arlokoa bakarrik. Bideotekak, diskete informatikoak eta CD multimediak ere gustuak, zaletasunak eta etxeko gertaerak gogora ekartzeko beste modu bat dira; garai batean ahozko oroitzapena edo gehienez ere idatzizkoa baino ez zen geratzen horietaz. Argazkia erdibideko pausoa izan zen. Gaur egun, memoria hori izugarri handitu da eta norbere bizitzaren edo familiako bizitzaren askoz ere datu gehiago eta alderdi gehiago gordetzeko aukera dago. Garai bateko oroitzapen kutxa ikusentzunezko bitartekoetan jasotzen eta disko konpaktuaren formatoan gordetzen hasi gara eta bertan, gauzak, pertsonak, bizipenak, bidaiak, familiako ospakizunak eta korrespondentzia pribatua biltzen dira. Beraz, familiaren memoria erabat aldatzen ari da.

Hirugarren ingurunea deitzen duzun horretan, etxeko esparruko aldaketarik handiena merkataritzako jardueran gertatu dena izan da?

Merkatuak indarrez hartu ditu etxeak. Historian sekula ez da antzekorik gertatu, ezta etxeak produkzio eta kontsumoko funtsezko unitate ekonomiko ziren garaietan ere. Gaur egun, produkzio-jardueraren gero eta zati handiagoa dago etxean kontsumitzera bideratua. Saltzaileen benetako "erakusleihoak" etxeko eremurako diseinatzen hasi dira eta kontsumoari dagokionez, kontsumoaren beraren aurretik irudi eta marken kontsumoa egiten da, telepublizitatearen bidez, etxeetan.

Zer diozu merkataritza elektronikoaz?

Azken hamarkada hauetan betiko denda eta merkatuetatik hiperretara pasa gara. Lokalaren tamaina handia eta eskaintzen diren salgaien aniztasuna da merkataritza mota horren ezaugarria. Baina gune komertzial berri bat ere sortu da, Internet, tamaina handiagoa eskaintzen duena (mundu mailako eta mugaz gaindiko sarea) eta ingurune txiki-txiki batean (etxeko ordenadorearen pantailan) tamaina handiko merkatua eskaintzen duena. Internetek merkataritza modu berria dakar: telemerkatua edo urrutiko merkataritza. Enpresa saltzailea kontinente batean egon daiteke, saltzaileak beste batean, saltokia beste kontinente batean, salgaia laugarren kontinentean eta eroslea bosgarrenean eta ez da beharrezkoa guztiek aldi berean jardutea ere. Horrenbestez, Web orrialdea da merkataritza telematikoaren fatxada, saltzailearen helburuen eta bezeroen gustuen arabera diseinatua.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto