Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Mantxako gazta: Denak arauaren araberakoak izaki, merkeenetako bat gertatu zen dastaketan onena

Mantxatar arrazako ardiaren esnez, eskulangintzaz nahiz metodo industrialez egiten den produktu estra-gantzatsua da Mantxako gazta

  Mantxako jatorria dutela, ardi esnez bakarrik eginiko sei gazta mantxatar ondu aztertu dira oraingoan: Coquen, Villacenteno, Don Bernardo, Casa de Campo, Madara eta Maese Miguel. Prezio batetik bestera alde handiak daude: kiloko 1.890 pezetatik (Maese Miguel) 2.928 pezeta bitartean (Casa de Campo).

Azterketatik ateratako ondorio nagusia, Mantxako Gaztaren Jatorri-Izenaren Kontseilu Arauemaileak xedaturiko araua denek betetzen dutela egiaztatzea izan da. Nabarmentzekoa, era berean, nutrizioaren ikuspegitik, elkarren oso berdintsuak diren gazta ondu hauek interesgarriak direla frogatzea, dauzkaten balio biologiko handiko proteinen ugaria (produktu osoaren %36 inguru), bitamina-ekarpen ona eta (produktu osoaren erdia gainditzen duten gantzengatik) energia-balio altua direla medio. Azterturiko gazta hauen beste bereizgarri bat, mineralen ekarpena dugu: kaltzioa -gaztaren edukia esnearena baino zazpi aldiz handiagoa baita- eta fosforoa.

Beste aldetik, laktosa metabolizatu ezin dezakeelako esnerik hartzen ez duenak aukera polita du gazta (jogurra bezala), gaztagien hartziduran laktosa suntsitu egiten delako. Halaz ere, produktu honen gantz saturatu ugaria dela bide, kolesterol altua edo (odoletan gantz-gai gehiegi, tartean kolesterola bera ere) hiperlipemia nozitzen duten pertsonek honelako gazta neurri-neurriz kontsumi dezakete.

Pertsona obesoek ere ez dute batere gomendagarri gazta ondu hauek hartzea, ekarpen kalorikoa benetan altua dutelako: batez beste, 430 kaloria 100 gramoko, txokolate esnedunaren parekoa, ia. Dastaketan, emaitzak onartzeko modukoak izan ziren: Don Bernardo bakarrik ez zen aprobaturaino iritsi, bere usaina eta zaporea biziegi zirelako. Coquen (7 puntu), Maese Miguel, Villacento eta Madara (hirurok, seina puntu) izan ziren mahaikideei gehien gustatu zitzaizkienak; kalitate-prezio erlaziorik onena bila dabilenak, berriz, aurreko hiru marketako bat aukeratu beharko du, Madara (2.790 pezeta kiloko) baino askoz ere merkeagoak direlako. Casa de Campo markakoak, gazta garestiena izaki (2.928 pezeta kiloko) dastaketan aprobatu doi-doia baizik ez zuen jaso.

Nutrizio-azterketa

Esne naturala, esnegaina, gurinaren gazura edo horiek nahasirik koagulatu ondoren, gazuraren bereizketaz erdiesten den produktu heldua da gazta. Elikagai horren nutrizio-balioa faktore askoren araberakoa izango da: lantzeko erak, lehengaiak eta ontzeak baldintzaturik egongo da, hain zuzen ere: prozesu honetan hainbat hartzidura (laktikoa barne) jasanik, masa bihurtuko da produktua: horrek pisu galera ere ondorioztatuko dio, ontzeak aurrera egin ahala. Ur edo hezetasun guztia suntsitu ondoren geratzen denak, estraktu lehorrak hain zuzen, adierazten du gaztaren ontze-egoera: estraktu lehorra zenbat eta handiagoa izan, orduan eta onduago dago gazta.

Mantxako gazta onduei dagokienez, arauak xedatzen duen gutxieneko estraktu lehorra %55ekoa da. Atal horretan, sei laginek agertu dituzte balio zuzenak: %62tik (Madara) %73ra (Casa de Campo) arteko estraktu lehorra, alegia. Gazta eginez gero, saltokian zein bezeroaren etxean, kontsumitu gabe zenbat eta denbora luzeagoa eman, hainbat eta hezetasun-galera handiagoa nozitu eta, horrenbestez, gihar-estraktu lehor gehiago izango duela izan behar dugu gogoan. Hemen aipatzen ditugun datuak, Estatu espainoleko zenbait merkatalgunetan erositako laginei dagozkie. Gazta hauen gantza eta proteina-edukia dira produktuaren balio energetiko handiaren zergati behinena. Ura suntsitu ondoren, gantza (estraktu lehorrarekiko) %51tik %56ra bitartean ohi dago, beti ere arauak xedatua duen %50 horren gainetik. Gantz hori saturatua (batik bat) eta monoinsaturatua (hein txikiagoan) da: beraz, kolesterol edo hiperlipemia jasaten dutenek honelako gazta onduen kontsumoa dezente murriztu behar dute. Proteinei dagokiela, arauak finkatzen duen gutxieneko edukia %30ekoa da eta marka guztiek gainditzen dute kopuru hori, batetik bestera alde nabarmentzekorik ez dagoen arren: estraktu lehorrarekiko, %36tik %38ra doaz kopuruak.

Proteinok ardi-esnea sorburu dutela, balio biologiko handikoak dira, funtsezko aminoazido ugari dauzkatelako. Energia-ekarpen nagusiak gantza eta proteinak izaki, karbohidrato edo azukreak bigarren mailan baizik ez dira agertzen: hauen edukiak, %1etik %4ra arte dabiltza, estraktu lehorrarekiko. Gazta hauen ekarpen kalorikoa ere, obesoek eta pisua zaintzen dutenek, oro har, kontuan izan beharreko alderdia da, txokolate esnedunaren paretsukoak baitira gaztaren balioak, 393 kilokaloriatik (Madara) 476 kilokaloria bitartean (Casa de Campo) baitabiltza. Gaztak hezetasunik galdu ahala, nutrikariak (gantzak, proteinak, etab.) bildu eta kaloria-ekarpenak ere gora egiten du. Mineralez ari garela, kaltzioa eta fosforoa ditugu nabarmentzekoak: 100 gramo txokolate esnedunek dauzkan kopuruak baino lau eta bi aldiz gehiago, hurrenez hurren. Kaltzio gehien daukaten laginak Casa de Campo eta Maese Miguel (10.408 zati milioiko eta 11.822 zati milioiko) dira; Coquen laginak aurrekoen erdia baino gehixeago besterik ez du agertzen.

Honelako gaztaren 100 gramoren kaltzio-ekarpena, batez beste, esnearena baino zazpi bider handiagoa da, kasik: produktu honen 40 edo 50 gramok, eguneko aholkatzen den kopuruaren erdia betetzen du. Mineral hau hartzea ezinbestekoa da, haurtzaro eta gaztaroan bereziki, hezurrak behar bezain ongi osatzeko eta osteoporosia bezalako gaitzei aurre egiteko. Fosforoa dela eta, laginetan aurkituriko kopuruak ere azpimarratzekoak dira: 4.601 zati milioiko (Maese Miguel) du oparoenak eta 6.130 z/m (Don Bernardo) urrienak. Mantxako gaztaren beste mineral-ekarpen garrantzizkoak potasio eta sodioarenak ditugu: beraz, hipertentsio (arterietako tentsio altua) alorreko arazorik nozitzen duenak, gazta onduon ordez, freskoak kontsumitu beharko lituzke. Gatzaren (sodio-kloruroa) edukia ere aldatu egiten da, batetik bestera: %1,8tik (Casa de Campo) %2,3ra bitartean (Villacenteno eta Don Bernardo), hau da, onartzen den gehienekoa.

Gazta guztiak, ardi-esnez bakarrik eginak

Lagin guzti-guztietan laborategiko teknikariek hurrengo kontserbakariak bilatu zituzten: etil parabena, propil parabena, azido benzoikoa (E-210), azido sorbikoa (E-200), parabenak E-214 eta E-215 eta nitratoak. Azido sorbikoa Coquen (15 zm), Don Bernardo (27 zm) eta Casa de Campo (26 zm) laginetan bakarrik aurkitu zen. Dena den, kopuru ñimiño horiek ez dautza bertan fabrikatzaileak erantsi egin dituelako (debekatuta dago horrela jardutea), gai horiek gaztagintzan baliaturiko gazurak berez dituelako baizik. Beraz, legearen ikuspegitik ez dago arau-urratzerik eta, azterturiko aditiboei dagokienez, lagin guztiak arauaren araberakotzat jo ditzakegu, adierarik zorrotzenean. Gazta hauek lehengai duten esnearen jatorria dela eta, ardi-esnearekin soil-soilik eginda daude lagin guztiak, azterturiko sei Mantxako gazta onduen etiketek adierazten duten bezalaxe. Lagin guztiek agertzen dituzte etiketan nahitaez ipini beharreko datuak: fabrikatzailearen izen eta helbidea, produktuaren izena, gantzaren portzentaia estraktu lehorrarekiko, osagaiak, lote-zenbakia eta kontsumitzeko muga-epea, "Mantxako gazta" jatorri izendapenaren adierazleaz gainera.

Dastaketan onena, merkeetako bat

Gaztaren itxura (begien presentzia), usain eta zaporearen sakontasun edo bizitasuna (min eta gazitasuna) eta ukitua (malgutasuna eta ahoko ukitua) balioztatu zituzten dastatzaileek, laginen zapore eta usaina bereziki lehenetsita: ez batak, ez besteak, ez zuen biziegi gertatu behar. Ukitu gogorregiak ere ez zuen kalifikazio onik jaso mahaikideen aldetik.

Osoko balorazio altuena Coquen markakoak lortu zuen (7 puntu), itxura, zapore eta ukituz gehien gustatu zen gazta gertatu zelako: mintasun apaleko ahogozokoa izanik, gazitasun eta zaporearen sakontasunari ertaina iritzi zitzaien. Beste aldetik, lagin huraxe izan zen malguena (gogortasun ertaina) eta begien kopurua eta tamaina ere atsegina izan zitzaien dastaketa puntuatu zutenei. Madara, Villacenteno eta Maese Miguel laginek 6na puntu eraman zituzten. Madara laginaren usaina (ez oso bizia), itxura eta ukitua (malgutasun apalekoa baitzen) izan ziren mahaikideen gustukoenak, baina gazta minegi gertatu zitzaizkien eta zaporea biziegi zuen, inondik ere. Villacenteno laginaren zapore ertain eta mintasun gabea, malgutasun apala eta gogortasun ertaina gustatu zitzaien.

Maese Miguel markakoaren mina, berriz, motela zen, zaporez gexala, usain apalekoa, gogortasun txikienekoa eta begi gutxien zituena. Casa de Campo laginak bost puntu jaso zituen. Begi gehien zituen marka izanik ere, horrek ez zion kalterik eragin itxuraren puntuazioa emateko unean. Zaporea, oso bizia ez gertatzeaz gainera, min eta gazitasun apalenekoa izan zen. Ukitua, malgua, ahoan ahul samarra gertatzen zen, usainari erdipareko zeritzoten bitartean. Gutxien gustatu zena Don Bernardo (4 puntu) izan zen, usain eta min izaterainoko zapore biziegiak agertu zituelako. Ahoan ere, sendo edo gogorregi gertatu zen.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto