Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Labe-garbikariak: Eraginkortasunak badu prezioa

Aerosolean salgai aurkezten diren lau labe-garbikari aztertu dira: Noxon, Mr. Forza, Express eta Chevy Four

 Prezio batetik bestera dagoen desmaila izugarria da: Mr. Forza eta Noxon litroko mila pezetatik gora kostatzen diren bitartean, merkeenak (Chevy Four) 398 pezeta besterik ez du balio.

Azterketako emaitzak erkatu ondoren, prezioen arteko alde hori, hein batean bederen, justifikaturik agertzen da, zikina suntsitzeko eraginkorrena baita garestienetako bat; dena den, laurak ere onargarritzat jo ditzakegu, oro har. Aerosolean salgai aurkezten diren lau labe-garbikari aztertu dira: Noxon, Mr. Forza, Express eta Chevy Four. Prezio batetik bestera dagoen desmaila izugarria da: Mr.

Forza eta Noxon litroko mila pezetatik gora kostatzen diren bitartean, merkeenak (Chevy Four) 398 pezeta besterik ez du balio. Azterketako emaitzak erkatu ondoren, prezioen arteko alde hori, hein batean bederen, justifikaturik agertzen da, zikina suntsitzeko eraginkorrena baita garestienetako bat; dena den, laurak ere onargarritzat jo ditzakegu, oro har. Gogoan izan behar dugu labe-garbikari hauek produktu arriskutsuak direla, bai duten osakeragatik (narritagarri eta korrosiboa) baita komertzializatzen diren eragatik ere: aerosol ontzian, arras formula suharbera dutelarik (butano, isobutano eta propanoak osaturiko gas propulsatzailea darabilte eta).

Produktua oker baliatzeak duen arriskuetako bat gure etxeko tresna elektriko batzuetan kalteak sortzea dela gogoratu behar dugu: bere burua garbitzen duten labeetan ez dira produktuok aplikatu behar, adibidez, labearen barneko pareten azalera esmalte mikroporotsuaz estalita baitaude; esmalte horrek koipe-proiekzioak irentsi, koipe-tanten lodiera txikitu eta, errekuntza bidez, koipea desagertzea laguntzen du. Horrelako azaleretan labe-garbikari hauetako bat aplikatuko bagenu, poroek produktua irentsi eta, labea pizteko unean, kiratsak jarioko litzaizkioke tresnari. Lau labe-garbikarien eraginkortasuna eta prezioa baloratu ondoren, Noxon (1.090 pezeta litroko) da kalitate-prezio erlaziorik hoberena duena, bera baita eraginkorrena, inondik inora. Aukera erakargarrietako bat produktu merkeena da: Chevy Four (398 pezeta baizik ez, litroko) kalitate onargarriko labe-garbikaria da (segurtasuneko tapoirik ez duen bakarra bada ere), produktua aplikatu ondoren ordu mordoa -gure proban, zortzi ordu- pasatzen uzteke, ikazturiko koipe edo gantzen orbanak garbitu nahi ez badira, behintzat.

Nola garbitzen duten

Labe, parrila, intsertu-kristal eta barbakoak garbitzeko aholkatzen direlarik, berotan ipini eta egosi edo txigorturiko elikagaien hondarrez zikinduriko azalerak ikuztea du helburu produktu hauen osakerak. Horrelako zikinkeria suntsitu ahal izateko akzio kimiko bortitza gertatzea beharrezkoa denez, alkalinotasun handiko gaiek osatu ohi dute produktuen formula: gai horiek koipeekin erreakzionatu egiten dute, uretan solugarri diren gatz bihurtuz, era horretan errazkiago desagertzen direlako. Eragile alkalinoez gainera, produktuaren eraginkortasuna areagotzen duten eta, zikinean barrena, eragile aktiboaren barneratzea errazten duten disolbakariak (glikolak edo glikol-eterak, adibidez) ere osagai dituzte formulek. Era berean, tratatzen diren azalerak bustitzeko eta aparra sortzeko tentsoaktibo anionikoak eta, osagaiak suspentsioan mantentzeko, tentsoaktibo ez-ionikoak eransten zaizkio osaketari; beste aldetik, produktuan dautzan eragile alkalinoen kopurua eta produktua azalerari itsasteko arduradun diren eragile lodikarien (goma edo polimero sintetikoak) kopurua konpentsatu egiten da. Honelako labe-garbikari hauen formula konplexuak korrosio-inhibitzaileak dauzka (ontzi metalikoetan saltzen direnean, bertan kalterik eragin ez dezaten), eta eragile bahitzaileak, azkenik, eragile alkalinoa egonkor mantentzeko.

Zikinean eraginkor

Horrelako labe-garbikari bat ona dela esan daiteke baldin eta, labeetan sarrien dauden zikin motak (ikatz bihurturiko koipe eta azukreak) garbitzeko unean eraginkortasunez erantzuten badu, produktua aplikatu eta beratzen utzi ondoren, denbora-tarte batez -30 minutu eta 8 ordu, hauek dira ohikoenak eta produktu hauetako argibideek aholkatzen dituztenak-. Bai ikazturiko azukrearen kasuan, bai koipe-arrastoetan ere, Noxon laginak erakutsi ditu emaitza hoberenak: %100eko eraginkortasuna agertu zuen produktua aplikatu zenetik 30 minutura eta 8 ordutara azukrezko zikinkeria desagertzean eta beste horrenbeste, berriz, aplikaziotik 8 ordutara koipe-arrastoak ikuztean; produktua eman eta handik ordu erdira, aldiz, zikinaren %73a bakarrik garbitzea erdietsi zuen. Emaitza egoki-egokiak dira. Noxon produktua alkalinotasun handikoa da eta glikol nahiz tentsoaktibo anionikorik ez duen arren, garbitzeko garaian emaitza onenak lortzen ditu. Eraginkortasunaren ikuspegitik, Noxon markakoari ondotik Mr. Forza darraikio. Honek ere emaitza onak erdietsi zituen arren, ez ziren aurrekoarenak bezain nabarmenak: 30 minututara, azukrea suntsitzeko ahalmen ahulagoa agertu zuen (%80ko eraginkortasuna) eta 8 ordutara ere ahulxeago jokatu zuen (%93koa); koipearekin, berriz, motelago aritu zen (%73ko eraginkortasuna). Eginkizunak apalago bete zituen Chevy Four laginak (merkeena, litroko 398 pezeta baizik ez, hau da, bi hoberenetako edozeinen erdipreziotik behera): azukrezko zikina garbitzean Mr. Forza laginak bezalatsuko emaitzak agertu bazituen ere, eraginkortasuna dezente jaitsi zen koipea suntsitzean, aplikatu ondorengo 30 minutuko proban batik bat, %33a bakarrik kendu baitzuen. Express (625 pezeta litroko) da denetan ahulena, bi eretako zikinen aurrean. Badauzka glikol eta tentsoaktibo anionikoak, baina alkalinotasun apal-apala izateak, hondarrak ezabatzeko erantzule diren gaiak behar bezainbestekoak ez direla erakusten du. Eraginkortasun nabarmenena, oro har, produktua aplikatu eta handik zortzi ordutara azukre-hondarrak garbitzean lortu zen; emaitza urrienak, aldiz, labe-garbikaria eman eta handik ordu erdira koipe-arrastoak suntsitzean. Horrelako zikinkeria garbitzean, 30 minutu pasata, Express eta Chevy Four laginek %27 eta %33ko eraginkortasuna erakutsi zuten bitartean, Noxon eta Mr. Forza markakoak %73raino iritsi ziren. Horrenbestez, bertatik ondorioztatu zen bezala, bai azukre- bai koipe-hondarrak suntsitzeko, emaitza hobeak erdiesten dira labe-garbikaria aplikatu eta zortzi orduko beraldia egin dadin itxaron ondoren. Labe-garbikarien itxura fisikoaz ari garela, Noxon laginak apar arin, egongaitz samar, hondar koloreko eta usain onekoa ateratzen du; Mr. Forza, Express eta Chevy Four laginena, aldiz, egonkor, zuri eta usain onekoa da.

Labe-garbikariek daukatena

Garbiketa eraginkorra izango bada, labe-garbikariak materia aktiboa eduki behar du. Lau labe-garbikariek, materia aktiboaren antzeko kontzentrazioa dute: 100 mililitroko 1,03 eta 1,06 gramo bitartekoa. Denek materia-kopuru berdintsua baldin badaukate, garbitzeko unean nabarmentzen den batetik besterako aldea formulen beste osagaietan bilatu behar da. Elikagai-hondarren suntsiketan zuzenean esku hartzen duten oinarrizko gaien kontzentrazioa adierazten du alkalinotasunak. Funtsezko gai horiek labe-garbikari eta antzeko produktuek oso pH basikoa izatea baldintzatzen dute, garbikarien eginkizuna zuzen burutuko dela bermatuz. Alderdi hori, bestetik, arriskutsua da erabiltzailearentzat: produktuok eragile korrosibo edota narritagarriak dituztenez, larruazal edo nolabaiteko azalerak ukitzeak kalteak eragin ditzakete. Arriskua arinagoa izan dadin, gai alkalinoak nahasteko bidea bila dezake fabrikatzaileak, garbitzean produktuak eraginkortasunik galtzeke, dena den. Alkalinotasun handia eta pH faktorea apal samarra baldin bada, produktuaren agresibitatea ahultzen saiatzen dira ekoizleak, garbitzeko unean eraginkortasun-galerarik nozitzeke, nolanahi ere. Lagin guztiek 13ko pH faktorea agertzen dutenez, garbikari denen agresibitatea antzekoa da. Alkalinotasunari dagokionez, Chevy Four da handienekoa, ondotik Noxon eta Mr. Forza datozkiola, oso balio berdintsuez. Chevy Four laginaren basikotasun garaiaren zergatia, formulan bai baina etiketan agertzen ez den etanolaminari egotzi behar zaio; halaz ere, hiru lagin alkalinoenek sosa kaustikoa daukatela aitortzen dute etiketan. Alkalinotasun apalenekoa Express da: honen etiketak "alkali" bakarrik adierazten du, gainerako xehetasunik eman gabe. Eraginkortasuna areagotzea laguntzen duten gaien artean, disolbatzaileak eta hezatzaileak daude: tratatu diren azaleretan, produktuaren emaitza iraunarazi egiten dute hauek. Chevy Four (honelako gaiak %8,6koa daukala) eta Express (%4,2) propilen glikola dute; Noxon eta Mr. Forza laginetan, aldiz, ez da glikolik atzeman. Zikinkeriaren suntsiketa hobetzeko helburuz, tentsoaktiboak baliatzen dira. Chevy Four eta Noxon markakoek tentsoakibo anionikorik ez darabilten bitartean, Express eta Mr. Forza laginen formulek horrelakoak agertzen dituzte, %2,2 eta %0,4an.

Labe-garbikariok non ez diren erabili behar

Gai alkalino ugari dauzkatenez, labe-garbikari hauek ez dira aplikatu behar azalera pintatu edo bernizatuetan, ez eta aluminiozkoetan ere. Katalisizko sistemak darabiltzaten edo bere burua garbitzen duten labeetan ere ez da komeni labe-garbikari hauek erabiltzea: horrelako labeetako barne-paretak, koipe-proiekzioak irentsi, koipe-tantoen tamaina txikitu eta, errekuntzaren bitartez, koipea desagertzea laguntzen duen esmalte mikroporotsuaz estalita baitaude. Labe-garbikaririk erabiliko bagenu, mikroporoetan sartu egingo litzateke eta, labea pizten dugun hurrengoan, kiratsak jarioko litzaizkioke labeari. Labea hotz dagoela, belaki heze batez garbitzea aholkatzen dute fabrikatzaile gehientsuek. Pirolisi sistema duten labeetan ere ez da zertan honelako labe-garbikariak baliatu, biziki tenperatura altuan dihardutelako (500º C): bero hori aski da, elikagaien hondarrak ikatz bihurturik, labea garbi uzteko.

Kalitatea eta prezioa

Lau labe-garbikariak aerosolean ontziraturik agertzen dira, eduki garbia 300 eta 500 mililitro bitartekoa izaki. Neurri horiek gramotan honela adieraz daitezke: 306 gramo (Mr. Forza), 398 gramo (Noxon), 400 gramo (Express) eta 483 gramo (Chevy Four). Produktua aplikatu denetik 30 minutura zein 8 ordutara, ikazturiko koipe eta azukre-hondar edo arrastoak garbitzean emaitzarik hoberenak Noxon (1.090 pezeta litroko, hots, garestienetako bat) laginarekin erdietsi dira: horrela bada, azterketa honetako kalitate-prezio erlaziorik egokiena da horixe. Ez dauka glikolik, ez tentsoaktibo anionikorik; materia eragilearen kopuru zein pH faktorez, gainerako laginen parean dabilen arren, alkalinotasuna aski handia duenez, eraginkortasun handia erakusten du lanean. Mr. Forza (garestiena izaki, 1.190 pezeta litroko) ere ona da, baina ez Noxon bezain egokia, produktua aplikatu eta 8 orduz beratzen utzi ondoren, azukre- zein koipe-hondarrak garbitzean marka horrek bezalako eraginkortasunik agertu ez duelako. Bi merkeenetan, preziorik txikienekoa, Chevy Four (398 pezeta litroko) hobea da bestea baino. Izan ere, prestazio zuzenak eskaintzen dituelarik, erosteko unean aukera polita bihurtzen da lagin hori ere.

Arriskutsuak dira eta, erne ibili

Lau labe-garbikariek iragartzen dutenez, oso formula suharbera daukate, butano-isobutano-propano gasen nahastea baliatzen dutelako propultsatzaile gisa. Chevy Four eta Express laginek, horrez gainera, osaketa narritagarria dela jakinarazten dute; Noxon eta Mr. Forza markakoek, azkenik, osagai korrosiboak dauzkatela gaztigatzen dute etiketan. Noxon, Express eta Mr. Forza laginek segurtasuneko tapoia duten bitartean, Chevy Four laginak (aztertutako labe-garbikaririk merkeena) horrelakorik ez du agertzen.

Denek adierazten dute lote-zenbakia (Express laginekoa ia ezin irakurrizkoa gertatu zitzaigun arren), eduki garbia, erabiltzeko modua edo argibideak, fabrikatzailearen izena eta helbidea. Bestetik, Chevy Four laginaren etiketak erakusten duen publizitate edo informazioa frantses hutsean dago. Batetik, aerosola eta, bestetik, denek daukaten osakera direla medio, ontzietan adierazten diren neurriak irakurri behar ditugu. Horietako batzuk (Mr. Forza eta Chevy Four laginetan nekez irakur daitezkeenak, letra-tamaina txiki-txikia baita), hurrengo hauek dira: "Oso-oso harbera. Presioz ontziratua.

Gorde eguzki-argitatik eta ez utzi 50º C baino tenperatura handiagotan. Ez zulatu ontzia, ez sutara bota, ezta edukia agortu ondoren ere. Ez lurrindu garretara edo izekitzen ari den zerbaitetara. Eduki era guztietako su-iturrietatik urrun. Ez erre. Istripurik gertatzekotan, kontsulta ezazu informazio toxikologikoaz arduratzen den osasun-zerbitzuan. Eduki giltzapean, haurren eskueratik at. Ez arnastu produktu hauen lurruna. Ez irentsi. Erredurak eragiten ditu. Arnasbideak narritatzen ditu. Begiak eta larruazala narritatzen ditu. Ez ukitu begiekin edo larruazalarekin. Istripurik edo ongiezik gertatuko balitzaizu, jo berehala sendagilearengana, ontzi eta guzti, ahal izanez gero. Larruazal edo begiekin ukitzen baduzu, garbitu itzazu berehala ur ugarirekin eta zoaz berehala sendagilearengana". Fabrikatzaileak emaniko argibideen arabera baliatzea da produktu hauek erabiltzaileari eman diezaioketen aholkurik hoberena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto