Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Eguberri berdea: Ingurugiroak ere maitasuna eskatzen digu

Gure hirietako kale argitsuak zuhaitza, olentzero, ekialdeko izar eta abarrak irudikatzen dituzten bonbilaz beterik ikusteak... Eguberriak badatozela adierazten digu

  Aurki ditugu hemen eta gure artean izango dira Gordoa, San Ildefonso ikastetxeko umeen kantu urduriak, milioiak (bakarren batzuentzat), "garrantzitsuena osasuna izatea da", oroitzapen ederrez beteriko afari amaigabeak, aitaren besarkada aftershave usainekoak eta izeba txikiaren ezpainetako gorriaren arrastodun musuak, turroia berriz ere etxera, kanpai kaotikoak -eztarriko zuloan trabatuta geratzen direnak- hainbat telebistatan emanak, efektudun 2000. urtea, milurteko berria (hori ere batzuentzat bakarrik, beste zenbaitek 2001era arte ez dela iritsiko uste baitu), biharamun ezinbestekoa, bideojokoa -umea fagozitatu eta aita-ama haluzinatzen jartzen dituena- ... eta urtarrileko aldapa, urtean baino urtean aldapa-maila handiagoarekin.

Berriro ere iritsi dira Eguberriak eta jakineko ondorioak: horietako zenbait atseginez hartzen ditugunak eta beste zenbait hain onuragarri ez direnak, ingurugiroarengan duen eragina besteak beste. Egun horietan urtean zehar baino energia gehiago gastatuko da, produktuen kontsumo handiagoa egingo eta, ondorioz, gehitu egingo da hondakinen kopurua ere. Urteko beste edozein garaitan kontsumitzaile batek etxean egunean kilo bat zabor sortzen badu, Eguberrietan biderkatu egiten dira kopuruak eta hondakinak nahas-mahasean pilatuko dira zaborrez beteriko edukiontzien inguruan, larregiko kontsumoaren metafora bihurtuz. CONSUMEReko orrialde hauetatik iradokizun xume batzuk egin nahi dizkizuegu, zuenean Eguberriak apur bat berdeagoak izan daitezen.

Gabonetako sinboloak, arriskuan

Naturako elementuak apaingarri gisa erabiltzea eguberrietako ohiturekin lotu izan da. Gaur egun zuhaitza da -Europaren erdialdeko eta Eskandinaviako ohituretatik ekarria- sinbolo nagusia; urtero milaka etxetan izaten da... eta, jaiak pasa ondoren, milaka zabor-ontzitan. Azken hamarkada hauetan milioika zuhaitz kentzen da naturatik apaingarritarako. Zuhaitz natural bat apaintzeko jendeak azaltzen duen nahiaren eraginez, zuhaitzok berariaz landatu eta kopuru handitan salgai jartzen dira. Espainiako estatuan bakarrik, urteko izei produkzioa milioi erdi aletik gorakoa izango dela kalkulatzen da. Gaur egun ez da basoko zuhaitzik hartzen eta egun hauetarako berariaz hazten dira baina zuhaitz lehorrak zabor-ontzietan pilatzen dira, urteko eginkizuna betetzen dutenean. Gauzak horrela, benetako arazo ekologikoa ez da zuhaitza erostea (horretarakoxe hazten baitira), eguberrien ondoren zuhaitzokin egiten dena baizik. Eguberrietan jarri ohi den beste zenbait landare, goroldioa edo gorostia adibidez, askatasun osoz saltzen da eta horrek larregiko bilketa eragin du, zenbait erkidegotan bilketa eta salmenta debekatuta dagoen arren. Gorostiaren kasuan, fruitudun landareak desagertaraztea bereziki kaltegarria da, espezie horrek orpo arrak eta emeak izaten baititu eta emeek baino ez baitute fruiturik ematen.

Azkenaldian haztegiko gorostia ere saltzen da plazetan. Zalantzak argitu eta kontzientzia lasaitzeko, galde ezazu landarearen jatorriaz. Hainbat herrialdetan eguberriarekin lotura estua du mihurak, arboletako landare parasitoak. Nolanahi ere, oraingoz ez du kritika handirik eragin, hemen ez baita hainbeste erabiltzen.

Eguberri distiratsua versus Eguberri argitsua

Kale eta saltokiak argitzen dituzten argi disdiratsuek ematen diote hasiera Eguberrietako gehiegikeriari. Egun horietan zehar kalea girotzeak eragiten duen energia gastu izugarriaren adibide gisa, aski da Bartzelonako kasua aipatzea.

Kataluniako hiri horretan miloi bat kilowatio baino gehiago kontsumitzen dute eguberrietako instalazioek, ia 40 egunetan 160 orduz piztuta izan ondoren. Eguberrietako argiztapenaren kontua arautuko duen araudi serio eta orokorrik oraindik idatzi ez den arren, bada zenbait alternatiba bideragarri, hainbeste energia ez alferrik gastatzeko: kontsumo txikiko bonbilak; mikrobonbilak; apaingarritasunik galdu gabe argindar kontsumoa heren bat gutxitzen duten moduluak; argiak pizteko ordutegia mugatzea... merkatariek eta tokian tokiko administrazioek horrelako neurriak hartzea lortuko balitz, nabarmen gutxituko litzateke kontsumoa eta teknologia aurreztaileak erabiltzea bultzatuko lukete.

Eta Eguberrien ondoren ...zer?

Festak pasatakoan, apaingarriak jaso eta gordetzeko eta oparien bildukinak eta festetako hondarrak botatzeko garaia iristen da. Gastuaren ospakizunik behinena bihurtu dira Gabonak eta zabor ontzietan eta inguruan pilatzen diren hondakin solido pila handiak izaten dira horren adierazpenik bistakoena. Egun hauetan zehar, bilketa selektiboa egiten duten udalerrietan %20-30 gehitzen da papera eta beira.

Baina enbalaje larregi pilatzeaz gain, gauza alferrikako eta hutsalen kontsumoa ere gehiegizkoa izaten da. Milurteko berria energia aurreztuz eta hondakinak gutxituz hasteko modu ona da botatzekoak gaika sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea. Berriztapena eta birziklajea bultzatzen duen beste ekintza ekologiko bat: aspaldian erabiltzen ez den eta armairu zokoetan edo etxeko edozein bazterretan pilatuta dauden arropa, altzari eta gainerako gauzen garbiketa egitea izango da.

Oraindik egoera onean dauden jostailu eta arropak hirugarren munduko herrialdeetara bidaltzeaz arduratzen da hainbat erakunde. Beste talde batzuek arropa, ordenadoreak, idazteko makinak, altzariak... bildu eta birziklatzen lan egiten dute eta lanpostuak sortzen lagun dezakegu bide horretatik. Zenbait udalerrik, bestalde, hondakinen bilketa selektiborako zerbitzu bereziak eskaintzen dizkiete herritarrei.

Eguberri ekologikoagoen alde

  • Urte berri, asmo berri. Aprobetxa ezazu urte aldaketa eta bidali erabiltzen ez dituzun gauzak. Antolatu zaborrak birziklatzeko, eta ez ahaztu zenbait erakundek gustura hartuko dituela dagoeneko erabiltzen ez dituzun arropa, altzari eta jostailuak.
  • Apaingarrietan, kontsumo txikiko lanparak erabili. Gogoan izan Eguberrietako argiak apaingarria direla eta ez argiztapena.
  • Argien ordez ipini lore, hosto, zuhaitzen adar eta antzekoekin egindako apaingarriak. Etxean eginak badira, askoz hobeto.
  • Birziklatu eta erabili berriz aurreko urteko apaingarriak.
  • Eguberritako zuhaitza erostean, ahal dela sustraiduna aukeratu; festak pasa ondoren bilketa-zentro batera eraman ahal izango duzu birlandatzeko.
  • Ez erabili goroldio eta gorostirik. Desagertzeko arriskuan daude eta horiek biltzea debekatuta dago hainbat erkidegotan. Gainera, gorostiaren fruitua neguko jaki preziatua da -gero eta urriagoa- basoko animalientzat.
  • Senide eta adiskideak zoriontzeko, erabili gizartearekin eta ingurunearekin solidario diren GKEen postalak.
  • Postaletan jarri mezu ekologikoak ("utz nazazu paper-edukiontzi batean").
  • Material iraunkor eta ekologikoz egindako jostailu eta opariak aukeratu.
  • Berritu jostailu zaharrak eta oparitu beste haur batzuei.
  • Hautatu artisauek eginiko opariak. Jai egun hauetan, egin eskuz opariak. Eskulanetan trebea ez bazara, bisitatu Bidezko Merkataritzako denda solidarioak. Aurkituko duzu etxekoen gustuko zerbait.
  • Berrerabili oparitarako papera, edo halakorik ez baduzu, erabili paper birziklatua.
  • Adostu etxeko eta lagunekin oparien trukea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto