Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Solasaren artea: Asko hitz egin arren, gutxi esaten dugu

Gutxitan ikusten ditugun edo harremanetarako zailen iruditzen zaizkigun senitarteko horiengana bereziki.

  Badirudi urtero egun hauetan bi astez zoriontsu izateko eta mundu guztiarekin ondo konpontzeko obligazioa berritzen dugula, edo gutxienez, horren itxura egiten dugula. Familia eta lagunarterako hartu ohi dugu batez ere hobetzeko asmoa. Izan ere, ia guztiok jabetzen gara giza harremanen arloan badugula zer ikasi eta zer hobeturik.

Eraginkorrago eta hobeto komunikatzeko gogoeta batzuk jaso ditugu orrialde hauetan, gure solaskideari entzuten eta bere lekuan jartzen ikasteko. Gai hau ez da huskeria: norbaitek entzuteko beharra duten pertsonaz beterik daude psikologo eta psikiatren kontsultak. Giza harremanetako adituen arabera, bakardadea izango da herrialde garatuenetan datorren milurtekoko arazo sozialik larrienetako bat.

Komunikatzea, sormenezko ekintza

Gaur egungo gure bizimoduak areagotu egiten du besteengandik isolaturik geratzeko arriskua. Horregatik dugu hain beharrezko komunikazioa hobetzea, solasaldiaren plazerra aldarrikatzea eta gure bizipen, iritzi eta sentimentuak besteekin aurrez aurre jartzeko interesa gehitzea. Hasieratik abiatuta, komunikazioa sormenezko ekintza bat da eta bertako arrakasta neurtzeko ez da aski esaten ari garena besteak ulertzea; bere mezua guri helaraztea ere garrantzitsua da. Gizakien arteko interakzioan, komunikazioan oinarritzen da elkarbizitza, eta atsedena edo janaria bezain ezinbesteko dugu bizi izateko. Komunikazioan egiten da pertsona gizaki oso eta horren bidez gauzatzen da sozializazioa.

Komunikazioa bidea da, besteekiko elkarrizketaren bidez geure buruarekin topo egiteko modua. Hitzak liluragarriak dira, zalantzarik gabe, eta lexiko aberatsa izatea eta zehaztasunez eta ahalik eta askatasunik handienarekin erabiltzea komeni zaigu. Hala ere, hitzez ezin izaten da sekula mezu osoa eraiki, "hitzak hasiera besterik ez dira; hitzen atzean giza harremanak eraikitzeko oinarria dago. Gorputza da mezua" (La comunicación no verbal. Flora Davis. Alianza Ed.). Hizketaz kanpoko komunikazioa (itxura fisikoa, jarrera, keinuak, gorputza ukitzea eta aurpegiaren espresioa, batez ere begirada eta ahoa), eta paramintzaira (ahotsaren tonua, bolumena eta tinbrea, kadentzia, inflexioak eta isiluneak) aipatzen dituzte adituek. Zenbait adituk dioenez, solaskidearekiko harremanean %55 gorputzaren espesioaren baitan izaten da, %38 paramintzairaren mende eta %7ko garrantzia baino ez dute izaten hitzek. Egia esan, baieztapen hori ez da hain erradikala: gure esperientziarik iniziaziozkoenak hitzik gabekoak dira ezinbestean. Haur jaioberriek ez dute hitz egiten, baina etengabe ikasten dute. Hitz egiteko gaitasuna gero etortzen da. Baina, egiari zor, hitza ordezkaezina da. Hitzek, ahotsak eta keinuek multzo bereiztezina osatzen dute solasaldian eta, beraz, baita giza harremanetan ere. Birdwhistell-ek dio "gorputzaren mintzaira eta hitzezkoa bestearen araberakoak izaten dira. Bi horietako batek ere ez digu, bakarrik hartuta, pertsonak esaten duenaren esanahi osoarik emango". Horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua gurekin hitz egiten duena aurrez aurre ikustea eta zenbait gairi buruz ez zaigu telefonoz aritzea gustatzen.

Espresio askatasuna

Espainiako Konstituzioak hiritarren eskubide gisa aitortzen du espresio askatasuna. Baina, askatasun osoz komunikatzen ote gara? Ukimenari uko egiteaz gain (gero eta gutxiago ukitzen dugu elkar), keinuak murriztu edo gure begiradaren espresioa kontrolatu egiten dugu zenbait solaskideren aurrean: hitzezko informazioarekin ere hala egin ohi dugu. Adierazkortasunean galtzen duguna geure burua babesten irabazten dugula pentsatzen dugu agian, oharkabean. Planteamendu horren emaitza, negargarria ezezik, gure garai hauetan paradigmatikoa ere bada: gehienetan, asko hitz egin eta oso gutxi esaten dugu. Eta horrela, ia konturatu ere egin gabe, adierazpen maila ikaragarri pobreetara eta komunikazio modu oinarrizkoenetara iristen gara; horrela, eduki gatazkatsu, sakon edo konplexuak landu eta adierazi nahi ditugunean, beldurrak eta zalantzak menderatu ohi gaitu: nahi dudana zehatz-mehatz esaten asmatuko ote dut?

Beldur hori ez da kasualitatezkoa. Sentimendu, emozio, konplexu edo jiteei buruz hitz egitea psikologikoki biluztearen pareko jo ohi dugu. Beldur diogu inoren aurrean irekitzeari; sakon ezagutzen gaituztenean ahulago garen ustea izaten dugu. Guztiok gara ahul, modu batera edo bestera, baina ahulezia eta mugak ere gure pertsonalitatearen zati dira eta horrekin ere bizi egin behar dugu, kosta ahala kosta besteen aurrean ezkutatzen saiatu gabe. Izan ere, kontua ez da gure arazoak eta beldurrak zabaltzen jardutea, heldutasunez aurre egitea baizik, eta horretaz ere hitz egitea. Askatasunez eta "esango dutenaren" eta "pentsatuko dutenaren" beldurrik gabe hitz egiten duenak ezagutu ohi du ondoen bere burua eta den bezalakoxea onartzen du. Eta inork ez du bere buruaren itxura hoberik ematen eta kanpoko erasoen aurrean sendoago azaltzen bere burua ezagutu eta den bezalakoa izatea onartzen duenak baino.

Mintzatzea: beharra eta artea

  • Ohar gaitezen gure izateko eta bizi izateko modua, gure inguruan sortzen dugun elkarbizitza mota, geure erantzukizuna dela erabat.
  • Hitz egin dezagun geure buruaz eta geuregandik hasita. Utz ditzagun albora estereotipoak eta elkarrizketa hutsalak. Gestiona ditzagun era positiboan gure muga eta beldurrak. Gehienok atsegin dugu jende natural eta egiazalea, perfektuak eta miresgarriak izan ez arren.
  • Konparti ditzagun iritzi, sentimendu eta emozioak ingurukoekin. Hain isilak izan beharrean, azal diezaiegun besteei zer uste, behar edo nahi dugun.
  • Erreparatu arnasari, ahotsaren tonu eta gorabeherei: gure emozioen berri ematen digute eta mezua ondo ematen laguntzen dute. Kontuan izan ditzagun gure gorputzaren mugimenduak eta aurpegiaren espresioak ere.
  • Begira diezaiogun aurpegira aurrean dugun solaskideari, geuk hitz egiten dugunean, zein entzuten gaudenean. Erabili irriparra besteari onarpena eta hurbiltasuna adierazteko, eta ez itxura egiteko edo bestearen aurrean atsegin izateko bakarrik.
  • Entzun dezagun egiaz. Besteak senti dezala garrantzitsua dela guretzat. Entzuten dakiena eta solaskidearen sentimenduez interesa azaltzen duena maiteago izaten dute guztiek. Eta haren mezuak arreta eta maitasun handiagoz entzuten dira.
  • Onar ditzagun iritzi ezberdinak ere, bat etorri ez arren eta egin dezagun gogoeta horien gainean.
  • Ken ditzagun komunikazioa oztopatzen duten trabak: salaketak, eskakizunak, epaiak, aurreiritziak, orokortze eta estereotipoak, negatibotasunak eta isilune gaiztoak.
  • Ikas dezagun besteak gure aurrean zer leku izan eta zein muga jarri nahi duen, erasotua senti ez dadin.
  • Bila ditzagun goxotasuna eta adeitasuna gure solasaldietan. Horretan nekagarri izateko beldurrak ez gaitzala atzera bota: gehienetan ez da hala izaten eta.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto