Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Fruta exotikoak Eguberrietan: Tropikalak, elikagarriak eta liseritzen errazak

Neguak eta Gabonetako ospakizunek, egun hauetan ohiko diren gozokiez gainera, hamaikatxo fruta exotiko dastatzeko aukera ekartzen digute.

  Kolore biziko, usain bereziko eta itxura askotakoak izaki, urte-sasoi honetan udako tenperatura epel edo beroan bizi diren herrialde tropikaletan dute jatorria fruta horiek. Fruta oraindik heltzeke, umatu gabe, dagoela biltzen da, garraioa ongi pasa eta gure merkatuetara iristean umatze-egoerarik onenean egon dadin. Hemen, fruta exotiko edo tropikal izenarekin komertzializatzen dira.

Fruta exotiko hauek, guztirako pisuaren %80tik %93ra bitartean ura izaki, bitamina, mineral-gatz, elementu fitokimiko (flabonoide eta karotenoideak) eta zuntz (disolbagarria, gehienbat: pektina eta muzilagoak) iturri oparoenak dira. Zuntz horren hartzidura kolon hestean gertatzen da, funtsez, hesteetako bakterioen egintzaren bitartez: horri esker berriztatzen da hesteetako flora. Zuntza arras higroskopikoa (ur asko biltzen du) denez, hesteetatiko pasatzean ere eragin onuragarria du: gorozkien bolumena handitu eta jariakorrago bihurturik, libratzea errazten du zuntz horrek. Horrekin guztiarekin batera, horren agerikoak ez diren ezaugarriak dituzte fruta horiek, hala nola: gehiegizko kolesterol eta gantzak xurgatzea galarazten diote organismoari eta azukreak atxiki egiten dituzte hesteetan, geroago, pitinka-pitinka odoletan askatzeko: horri esker, odoleko glukosa edo gluzemiaren maila beheratzea erdiesten da (ondorio hau bereziki onuragarria dute diabetikoek).

Espezie batetik bestera, aldea; baita kalorietan ere

Karbohidrato soilen (glukosa, sakarosa eta, batik bat, fruktosa) edukierak zehazten du fruta exotikoen energi balorea baina, dena den, proportzioa aldatu egiten da fruta batetik bestera. Azukretan oparoenak txirimoia, mizpira heldua, kakia, mangoa eta anana tropikala ditugu. Fruta horiek mesedegarriak dira ariketa fisiko gogorrak egin behar direnean: bertako azukreak odoletara igarotzen dira zuzenean, liseriketa egin beharrik izateke. Era horretan, organismoa berehala hornitzen dute energiaz.

Mineral-gatzen ekarpena ere handia dutela, potasio eta magnesioa nabarmentzen dira batik bat: gatz hauek nerbio-kinadaren transmisioan eta muskulu-higieran eragin onuragarria dute. Potasioak, bere aldetik, odol-presioa kontrolatzen eta bihotz-erritmo erregularra mantentzen laguntzen du. Amaitzeko, argi dezagun fruta tropikal hauek ia sodiorik ez dutenez, bihotzarentzat arras osasungarri direla. Aguakateak eta kokoak izan ezik, frutok oso proteina eta koipe gutxi dute.

Bitamina-iturri emaroa

Fruta exotiko hauek azido askorbiko edo C bitamina ugari daukate: beraiek dira, hain zuzen ere, bitamina horren bigarren iturri garrantzitsuena, zitrikoen ondotik; halaz ere, ikuspegi horretatik, zitrikoen aurretik kiwia eta guaiaba doaz. Beste aldetik, fruta tropikalek azpimarratzekoa dute azido organikoen eduki handia, hala nola malikoa edo zitrikoa: hauexek ematen diete frutei horren bereizgarria duten ahogozo garratz samarra.

Infekzioen kontra babestuko gaituen inmunologi sistema eraginkor mantentzeko behar-beharrezkoa den C bitaminaren eragina areagotu egiten du azido zitrikoak. Izan ere, bitamina horretan oparo den fruta bakar bat aski dugu egunean aholku dietetikoak bete ditzagun; dena den, gainontzeko bitamina eta mineral-gatzen ekarpena ongi betetzeko, egunean bi edo hiru ale hartzea hobe dela aholkatu ohi dute adituek; noski, fruta exotiko horiez gainera, nutrigarri horiek ugari dituzten bestelako elikagaiak ere (era guztietako barazkiak, jakina) kontsumitzerik baztertu gabe. Fruta tropikalen beste ezaugarri nagusietako bat, karotenoideen (ahalmen antioxidatzailea duten landare-pigmentuak, alegia) eduki handia da.

Nola onurarik handiena lortu

  • Fruta tropikalen nutrizio-ezaugarriak ahalik eta era hoberenean baliatzeko, gordinik kontsumitu behar dira.
  • Zuritzean ez da gehiegi ahalegindu behar, bitamina gehienen metaketa azalaren azpiko alderdian datza eta.
  • Azal eta guzti jaten bada, fruta garbitu egin behar da aurretik, balizko izurrilkarien eta bestelako poluitzaileen hondarrak erabat suntsitzeko.
  • Kontsumitu beharreko alea ebaki edo irabiatzean, aireko oxigenoarekin kontaktuan dagoen frutaren azalera handiagoa denez, bitaminen oxidazioa ere handiagoa izango da. Horrenbestez, kontsumitzeko unean komeni da fruta ebaki edo irabiatzea, ez askoz lehenago.
  • Ez da komeni fruta hauek hozkailuan uztea, umotze-prozesua eten eta zaporea galtzen delako. Giroko tenperaturan hobe mantentzen dira, eguzki-argitatik kanpo, beti ere.

Fruten sekretuak, banan-banan

  • AGUAKATEA. Frutek berez daukaten gozotasuna aguakateak batere ez duenez, agerpen egokia du entsalada, saltsa edo kremen (guakamoleen) osagaitzat. Saturatu gabeko koipetan, E (antioxidatzailea) eta B6 bitaminaren (nerbio-sistemarentzat garrantzi handikoa) iturri oparoa izanik, umotzean hobetu egiten dira aguakatearen nutrizio-bereizgarriak. Ugarien daukan azidoagatik (oleikoa: oliba-olioak duen berbera), kolesterol-maila altua duten pertsonentzat oso interesgarria da baina, beste aletik, koipe askorik ere baduenez, pisu handiegia duten pertsonek oso kontuz eta neurriz kontsumitu behar dute fruta hau. Hezur eta guzti mantentzen badugu, ez da gertatzen aguakatearen koipeen oxidazioa eta, hortaz, fruta ez da belztuko.
  • KOKOA Hezurren mineralizazioan partaide diren gatz ugari (magnesioa, fosforoa eta kaltzioa) dauzkala, fruta koipetsua da baina, aguakateak ez bezala, honen koipe gehientsuak saturatuak dira. Koipe saturatu ugari duten elikagaien ohiko kontsumo handiak odoletan kolesterola areagotu egin dezake. Koko-olioa, merke-merkea denez, opilgintza industrial eta margarinen fabrikazioan erabiltzen da.
  • ANANA TROPIKALA. Fruitua oraindik berde-berde badago ere, mototseko orri-mutur guztiak marroi edo arre agertzen direnean, heldurik dago anana. Azido foliko ugari daukala, liseriketan parte hartzen duten enzimetako baten antzekoa (bromelina) dauka ananak, proteinak liseritzen laguntzen duena: beraz, liseriketa errazteko postre paregabea edo, badaezpada gehiegikeriei aurre egin diezaien urdaila prestatzeko, entsaladetako osagai aparta da anana.
  • PAPAIA. Mamiak laranja kolore bizi-bizia hartzen duenean dago umatua. Itsaskia kide gastronomiko ona du papaiak eta, gainera, bere baitan daukan papaina izeneko enzimak proteina liseritzea errazten du: horregatik erabiltzen dira papaia-hostoak haragia samurtzeko. Zaharrek edo urdaileko arazoak dituztenek elikagai aproposa dute, mamia oso murtxikatze, irenste eta liseritze errazekoa duelako. Irabiaki gisa hartzea atsegin-atsegina da.
  • KAKIA. Melokotoiaren tamainako baia honen azala tomatearenaren antzekoa da. Pure eginik, gaztanbera, iogur eta esnegainaren bidelagun egokia da. Heldutakoan, zuntz solugarriaren iturri oparo dugu kakia.
  • MANGOA. Kolore berdeska, horista edo gorriska eta giltzurrun itxurakoa, laranja kolorekoa du mamia, zaporetsua oso, eta betakaroteno gehien daukana; horrezaz gain E bitamina ere badu: biak dira antioxidatzaileak. Mangoaren berezko zaporea dastatzeko modurik egokiena era naturalean dugu; limoi-tanta batzuek frutaren ahogozoa nabarmenduko dute, nahi izanez gero.
  • KIWIA. Libragarri ahaltsua diren zuntz solugarri eta solugaitz ugari dauka; baita C eta E bitaminak eta azido folikoa (globulo gorriak hel daitezen nahitaezkoa: horren gabeziak anemia ondorioztatzen du). Gizaki heldu baten C bitaminaren premiak beteko ditu egunean kiwi bakar batek.
  • TXIRIMOYA. Orburuaren tankerakoa, barnealdean hazi beltzak ditu txirimoiak. Hau da bitamina-zerrenda zabalena eskaintzen duen fruta exotikoa.
  • GUAIABA. Haziz josia du mamia. Zitrikoek C bitamina ugari dutela entzuna badugu ere, guaiabak bere azalaren azpian bi halako biltzen du.

Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Gainera...

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto