Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Eguberrietan mahai oparo baten inguruan senitartekoak biltzea oso ohitura sustraitua da gure artean
Itsaskiak, moluskuak izan -ostrak, txirlak, muskuiluak- edo krustazeoak izan -otarrainak, zigalak, langostinoak, lanpernak-, osasun-egoera kaskarrean dauden uretan erraz kutsatu daitezke eta, horrela, baliteke kontsumitzeagan gorabehera gastrointestinal larriak eragitea, gordinik jaten baditu, batez ere. Osasunaren zaintzarako sistemak (bai Estatu espainolekoa, bai EBko gainontzeko herrialdeetakoak) moluskuetan birusik ba ote dagoen kontrolatzerik ez du; baina birus horiexek dira (eta ez bakarrik bakterioak: salmonella, adibidez) moluskuen kontsumoari dagozkion intoxikazio gehientsuenen eragileak.
Almeja- edo ostra-mordo bat, arauak xedaturiko irizpideen arabera, zorrozki araztu baldin badute ere, baliteke kontsumitzaileari gastroenteritisa sor diezaiokeen birusik edukitzea. Legeriak onartua baitu moluskuen arazketa-probek ez dutela bermatzen produktuan birusik izango ez denik. Moluskuak irenstearren intoxikaziorik ez nozitzeko kontsumitzaileak eskura daukan neurri bakarra, gordinik ez jatea da: behar bezalako tenperaturaz eta denboran itsaski hauek egosteak, uretatik datozen birus horien eta beste zeinahi mikroorganismo patogenoren kaltegarritasuna indargabetzen baitu. Egun horietan almeja eta ostra gordinak kontsumitzea -gastroenteritis ugari sortarazteaz gainera- birus bidezko hepatitisen kausa izan omen liteke. Gogora dezagun, beste aldetik, intoxikazio-arriskua ez dela erabat suntsitzen itsaskia egositakoan, animalia horien mamia azkar asko hondatzen baita. Arriskua baztertzeko modurik egokiena, itsaskia egosi eta berehala hoztea izaten da. Egositako itsaskia giroko tenperaturaraino bakarrik epeltzen bada, oso litekeena da produktua hondatzea edo, areago, haragi hori usteltzen duten gaiek kontsumitzaileagan alergia antzeko sintomak agertaraztea ere.
Animali gantzek -landare-koipeek baino A eta D bitamina gehiago baldin badute ere- kaloria eta kolesterol oparo dute eta ez dira liseritzen errazak. Hegaztiak eta haragi xehetuaz osaturiko produktuak, toxiinfekzio askotxo sortarazi duen salmonellosiaren iturburu izan daitezke, behar bezain ongi maneatzen ez badira. Ahogozo apartekoa den arren, bildots, axuri edo arkumeak gantz ugari daukanez, pertsona lodiek, hipertentsoek eta arterioesklerosisa nozitzen dutenek neurriz jan behar dute. Faisaiak, ahateak eta eperrak, besteak beste, purina daukate (hau da, azido urikoaren funtsezko osagaia) eta gota, artritisa edota hezueria jasaten dutenentzat ez dira batere aproposak (horien erraiak, batez ere).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa