Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Alkoholaren eta botiken arteko elkarreragina

Auto bat gidatzea, nolabaiteko arriskua duen lan bat egitea, kirolen bat praktikatzea... arriskua duten ekintzak dira guztiak eta, zenbaitetan, norbera jabetu ez arren, zorigaitzeko amaiera izan dezakete: istripua izan eta hildakoak, elbarriak, zaurituak eta, kasurik onenean, susto hutsa

  Ezbeharrak gure errealitatearen eta eguneroko bizitzaren zati dira eta sarritan kolpe handiagoa eragiten digu hegazkin istripu batean 200 pertsona hil direla jakiteak, eguneroko lanean eta banan-bana bizia galtzen duten pertsonen albisteak baino. Eguneroko horiek ekintza puntualetan izan ohi dira, zuhurgabekeria, abiadura larregia, arretarik eza, akats mekanikoak etab. direla medio. Hala ere, adituen ustez beste arrazoi bat ere bada istripuen jatorria aztertzerakoan bigarren mailan agertu ohi dena: botiken, alkoholaren eta biak batera hartzearen eraginak.

Botiken arteko elkarreragina esaten zaio botika bat beste batekin edo batzuekin hartzearen ondorioz eragina aldatzeari, eta ondorioak onuragarriak edo kaltegarriak izan daitezke. Medikuntzan sarritan konbinatzen dira botikak, batera hartuta ekintza terapeutikoa areagotzeko bidea ematen dutelako. Baina nahasketa ez da beti onuragarria izaten, sendagai batek beste baten xurgapena oztopa baitezake eta horrela bere ahalmen terapeutikoa deuseztu. Eta gehienok ez dugu horren berririk izaten. Baina ondo legoke guztiok zertxobait jakin eta alkohola eta botikak batera hartzearen ondorioz sor daitezkeen eraginak kontuan izatea, batez ere ibilgailuak edo makina arriskutsuak erabili behar baditugu.

Estatistiken arabera, gainera, gure gizartea ez da salbuespena alkoholaren eta botiken kontsumoan. 1993an Espainiako Osasun Inkestak argi utzi zuen inkestatuen %47ak botikaren bat hartu zuela galdeketa egin aurreko bi asteetan, inkestatuen %25ak egunero kontsumitzen zuela alkohola eta ia kasuen %10ean alkohola eta botikak batera hartzen zirela. Kasu guztietan elkarreragin kaltegarria gertatu ez arren, adituen ustez bistakoa da alkoholaren eta botiken konbinazioa maiz gertatzen dela gure gizartean, gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino sarriago eta batez ere, pertsona nagusienen artean.

Eragina, ezberdina botika bakoitzean

Antiinflamatorioak, analgesikoak, lasaigarriak, antsiolitikoak, lo-eragileak, depresio- aurkakoak, hipertentsio-aurkakoak, antihistaminikoak eta antipsikotikoak... herritarren artean gero eta gehiago hartzen diren botikak dira eta horietako zenbaiten eraginak ordu luzez iraun dezake. Adibidez, somnifero, lasaigarri, antsiolitiko eta antzekoek, gauez oheratu aurretik hartzen diren arren, nerbio sistema zentralarengan eragin jaistailea izaten dute hurrengo egunera arte eta, horrenbestez, gutxitu egiten dituzte itzar-egoera, arreta eta erreflexuak. Esan gabe doa egoera horretan auto bat gidatzeak, lan arriskutsuak egiteak edo makinaria arriskutsua erabiltzeak arrisku larria sor dezakeela, egoera konplikatu eta ezusteko baten aurrean erreakzionatzeko gaitasuna oso urrituta izango baita (alkohola hartzeak areagotu eta indartu egin lezake depresiozko eragina).

Baina botika guztiek ez dituzte kontraindikazio berberak alkoholdun edarien aurrean. Adibidez, hanturakontrakoen kasuan, alkoholak areagotu egiten du eragin ulzerogenikoa, eta parazetamolarekin batera (analgesiko gisa oso kontsumitua) hartuz gero, handitu egiten da hepatotoxikotasuna (gibeleko toxikotasuna). Antsiolitiko eta hipnotikoek, benzodiazepina edo meprobramatoek esaterako, areagotu egiten dute nerbio sistemarengan duten eragin depresorea, depresio-kontrakoekin gertatzen den antzeko erreakzioa izaten baitute.

Eta nahasketa hanturakontrako batzuekin egiten bada, erreakzioak oso anitzak izan daitezke; dixoklinarekin, adibidez, gutxitu egiten da mikrobio-aurkako eragina; zefalosporina, metronidazol eta ketokonazol motakoekin, disulfiram efektua lortzen da: azaleko baso-zabalkuntza, izerdia, egarria, burukomina, palpitazioak, goragalea, hipotentsioa, ikusmen lausotua eta sinkopea ezaugarri dituen koadro klinikoa izaten da.

Hala ere, alkohola neurri egokian hartzeak hobetu ere egin dezake zenbait botikaren eragina, hipertentsio arterialaren tratamendurako erabiltzen diren kasuan esaterako.

Informazio ona garantia izaten da beti

Europar Batasuneko Kontseiluaren 1992ko martxoko 92/27/CEE zuzentarauak, gizakien erabilpenerako botiken etiketa eta prospektuetako informazioari buruzkoak, argi eta garbi bereizten du botiken arteko eta alkohol, tabakoa edo elikagaiekiko elkarreragina azaltzen duen atala.

Estatu espainiarrean merkaturatzen diren ia 4.000 botiketatik %12 inguruk ohartarazten du botiken eta alkoholaren arteko elkarreraginaz.

Hala ere, adituek uste dute prospektuko informazioa ez dela aski, kontsumitzaile askok ez baitu irakurri ere egiten edo, irakurtzen dutenean, ez dute behar bezala baloratzen. Ondorioz, botika bat agindu aurretik medikuak gaixoari bere ohiturez galdetzea komeniko litzateke eta alkoholik hartzen badu horren arriskuen berri ematea. Zoritxarrez, osasun sistemak eta kontsultetako masifikazioak ez du kasu askotan neurri hau behar bezala betetzeko aukerarik ematen.

Gure gizartean alkoholdun edariak sarri hartzea, edari horien aurrean dagoen tolerantzia handia eta egunean 40-50 gramo alkohol kontsumitzea "normaltzat" jotzea datu adierazgarriak dira eta eragin larriak izateko arriskua duen arazo baten aurrean gaudela esaten digu eta trafiko zein laneko istripuen prebentziorako kanpainetan ez dela behar adina hitz egiten horri buruz. Hona hemen zenbait aholku:

  • Alkoholak, kontzentrazio txikian izan arren, eragin depresorea dauka nerbio sistemaren baitan: arreta gutxitu, eta erreakzionatzeko azkartasuna eta erreflexuak moteldu egiten ditu.
  • Zenbait botikaren eragina, batez ere nerbio sistema zentralaren lasaigarri diren botiken eragina, ordu askoz luzatzen da eta alkoholdun edariak kontsumitzearekin modu arriskutsuan areagotzen da.
  • Egunero edan ohi baduzu eta medikuak botikaren bat hartzea agindu badizu, elkarreraginari buruz galdetzea komeni zaizu.
  • Hemen aipatutako botikaren bat edo alkoholarekin elkarreragina duen besteren bat hartu beharra baduzu, ez edan.
  • Gidatu beharra baduzu eta lasaigarri, depresio-aurkako, lo-eragile edo nerbio sistemarako beste edozein botika hartzen ari bazara, kontsultatu medikuari izan dezakeen eraginaz eta botikak hartzeko ordurik onena zein izango litzatekeen.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto