Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nork ez du sekula ezer entzun Lurraren berotzeaz eta horren efektuez? Adituek diotenez, mende hasieratik 0,5 gradu zentigradu gehitu da tenperatura, atmosferara etengabe gasak isurtzearen ondorioz; horrek negutegi efektua eragiten du, dagoeneko hain ezagun egin dena: eguzkiaren erradiazio infragorria giroan atxikita geratzen da eta lurrazala eta atmosferaren beheko zatia berotzea eragiten du.
Gizakion eguneroko hainbat jarduera, erregai fosilak -ikatza, petrolio eta gasa esaterako- erretzea eta basoak suntsitzea bihurtu dira atmosferara karbono dioxidoa (CO2), negutegi efektuaren sorrerarako gasik arriskutsuena, botatzearen arrazoi nagusiak. Adituen esanetan, energia-produkzioak eragiten du gainera, mundu osoan, erregai fosilen kontsumorik handiena; herrialde batzuetatik besteetara desberdintasun nabarmenak dauden arren, jakina. Adibidez, iparramerikar batek bere kontsumo maila handiaren eraginez urtean bost tona CO2 airera botatzea eragiten badu, europar baten eta japoniar baten erregistroak bi eta hiru tona artekoak dira, hurrenez-hurren; txinatar batena, berriz, 0,6 tonakoa izango da eta indiar batena 0,2 tona CO2koa. Halaber, neurketa horiek diotenez, atmosferan dagoen karbono dioxidoaren %90 baino gehiagok Europa eta Estatu Batuetan du sorburu.
Duela urte gutxi frogatu ahal izan zenez, deforestazioa da atmosferara karbono dioxidoa eta metanoa isurtzerakoan eraginik handiena duen arrazoietako bat eta egoera gero eta larriagoa da oihan tropilak abiada handian desagertuz doazelako (lehen antzeko zerbait gertatu zen herrialde garatuetako baso epelekin ere). Landare-materiaz osatutako masa handi horiek duten eginkizun funtsezkoan datza arazoaren muina, atmosferako CO2 kopuruak orekatu egiten baitituzte, karbonoarentzat hustubide funtzioa egiten dutelako.
Greenpeace erakundearen azken txostenaren arabera, Lurrak 11,2 milioi hektarea baso birjina galtzen ditu urtean, hau da, Andaluziak eta Valentziako Erkidegoak batera osatzen dutena adina. Planetako jatorrizko basoen %22 bakarrik dagoela bizirik ohartarazten da txostenean eta oraindik hondamen erritmoa berreskurapenekoa baino askoz ere handiagoa dela: iturri horren arabera, bi segundutik behin futbol zelai baten pareko baso-saila galtzen da.
Basoek mehatxupean jarraitzen dute. Egur-industriak, ekazaritzaren hedapenak, euri azidoak... eragin negatiboa dute CO2 soberakina xurgatzeko basoek duten gaitasunean. Eta munduan gaur egun dauden baso-sailak CO2aren gero eta pilatze handiagoa gelditzeko gauza izan ez badira, itxura guztien arabera egoera larriagotu egingo da etorkizunean, baso-masa etengabe hondatzen ari baita, arazoa gutxitzeko nabarmen gehitu behar lukeen arren.
Negutegi efektuan eragin negatiboa izan duten beste faktore negatibo batzuk hauek dira: metanoa (nekazaritzak, basozaintza intentsiboak eta deforestazioak erraztu egiten dute gas horren igorpena) ikatz meategiak, gasoduktoetako gas ihesak, eta klorofluorokarbonatu (CFC) eta eratorriak, batez ere industriatik datozenak.
Espezialisten ustez, joerak orain arte bezala jarraitzen badu, 2030 eta 2050 urteen artean bi halakotu egingo da atmosferan negutegi gasen kopurua, pasa den mendearen erdi aldearekin konparatuz. Eta klimatologoek diotenez, horren eraginez Lurra batezbeste 1,5 eta 4,5 gradu zentigradu gehituko da, lekuen arabera. Tropikoan, adibidez, berotzea arina izango den arren, aldaketa handiak izango omen dira euriteen kopuru eta maiztasunean.
Arlo horretan, Aldaketa Klimatikoei buruzko Gorbernuarteko Paneleko (AKGP) zientzilariek azaldu dutenez, arazoari berehala konponbidea jartzen ez bazaio, klimaren aldaketa azkar eta jarraia izango du Lurrak, berotze orokorra ezaugarri nagusi dela. Berez, egoerarik onenean kalkulatzen den planetako tenperaturaren gehitzerik txikienak, 1,5 eta 2 gradu bitartekoak, aditu hauen ustez itsasoaren maila igotzea ekarriko luke eta ondorioz, itsas ertzeko hainbat ekosistema desagertzea. Gainera, ur gezaren erreserbek eragin handia izango lukete, arrantza-ereduak aldatu egingo lirateke eta hainbat gaixotasun gehitu. Azken batean, munduko biztanle guztiek nozituko lituzkete ondorio negatibo horiek, batez ere baliabide naturalen urritasunagatik ahulen diren lurraldeetan.
| GASA | ITURRI NAGUSIAK | BEROTZEAN DUTEN ERAGINA |
|---|---|---|
| Karbono dioxidoa (CO2) | * Erregai fosilak erretzea(77%) * Deforestazioa (23%) | 55% |
| Klorofluoruro karbonoak (CFC) eta antzeko gasak (HFC eta HCFC) | * Hainbat industri erabilera: hozkailuak, apardun aerosolak, solbatzaileak... * Nekazaritza intentsiboa | 24% |
| Metano (CH4) | * Ikatz meategiak * Gas ihesak * Deforestazioa * Berotze orokorraren eraginez landare Eta zoruen arnasa | 15% |
| Oxido Nitroso | * Nekazaritza eta basozaintza intentsiboa * Biomasa eta erregai fosilak erretzea * Ongarrien erabilpena | 6% |
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa