Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Edozein finantza erakunderen kontu korronte edo aurrezki-libretan baten kontratuaren aurrean jartzeko asmo baduzu, hobe duzu hiru aldetatik ongi prestaturik joatea: Lehenik eta behin, hizkiak handitzeko lenteak eta pazientzia hartu, kontratuaren baldintza orokorrak eta partikularrak (ordainduko dizuten interes-tasa, gastuak, komisioak eta "zenbaki gorrien" tasa, ...) irakurri eta ulertu nahi badituzu. Jantzi zaitez lege arloko ezagupenez ere, baldin eta edozeinentzat ulertezin den hizkera horretan idatzitako klausulak ulertu nahi badituzu. Eta, azkenik, matematika eta finantzetako zure ezagupen guztiak baliatu beharko dituzu banku eta kutxek kalkuluak egiterakoan ezartzen dituzten formula bihurriak (eta beren aplikazioa) ulertzeko. Arazoa bistakoa da (kontsumitzaileak kontratu bat sinatzen du baldintzak ulertu gabe, saiatu arren ezin izango baititu ulertu, eta banku eta aurrezki kutxek zuzen jokatzen dutela sinestea beste biderik ez du) eta konponbidea entitateek berek jarri beharko dute: gauzak argiago azaldu, idazkera errazagoa eta gardentasun handiagoa (anbiguotasun gutxiago) baliatu esaldi batzuetan. Eta ez da asko eskatzea; kontratu horiek (beti atxikimenduzkoak, "hartu edo utzi", baina kontsumitzaileak ez du bere aldetik ezer jartzeko aukerarik) duela hamarkada bat Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legeak ezarri zituen irizpideetara egokitzea besterik ez. CONSUMERek ondorio hauek atera ditu 22 kontratuak aztertu ondoren: lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago entitateek interes-tasa eta komisioen zenbatekoa aldatzeko hartzen duten eskubidea ez dela abusuzkoa, hala iruditu arren. Halaxe ezartzen du Kontrataziorako Baldintza Orokorren Legeak. Aldaketaren berri erabiltzaileari garaiz jakinarazteko obligazioa besterik ez du entitateak, interesatuak hala nahi badu kontratua bertan behera utz dezan.
Baina litekeena da kontratu horietako edozeinek abusuzko klausulak edukitzea, zorpekoetarako UTBa legezko gehienezkoa baino handiagoa izatea (22 entitateetatik lautan hala gertatu da), edo banku eta kutxarik gehienek egiten dutena, erabiltzailearen zorrak entitateko beste kontu batean erabiltzaileak dituen diruekin konpentsatzea, gainerako titularrak nor diren kontuan eduki gabe.
Kontu korronte edo aurrezki-libreta baten bizitza luzean zehar ez da inolako arazorik sortuko gehienetan eta gauzak ondo joango dira. Baina erabiltzaileak, adibidez, egunen batean bere kontuko dirua baino gehiagoko txeke batzuk sinatzen baditu, edo bere jabetzako kontu batean zorpekoa izan edo entitate berean beste norbaitekin kontu zenbaki bat badu eta pertsona hori "zenbaki gorritan" badago, edo txeke-taloitegia lapurtu edo galtzea gertatu eta bankuko bulegoko langileari ahoz jakinarazi, baina idatziz oharra bidaltza ahazten bazaio, ... arazoak sor daitezke: txeke bat galtzen badu, behar bezala zaindu ez duelako izango da (banku edo kutxaren iritziz) eta zabarkeria (eta horren eragin negatiboak) bezeroari berari leporatuko dizkiote, erabiltzaileak galera jakinarazi aurretik lapurrak hain trakets imitaturiko sinadura egiaztatu ez zuen langileari egotzi beharrean. Azterturiko 22 entitateetatik gehienek ez dute kontratuetan bere gain hartzen aurrezki-libreta edo taloitegia galtzearen jakinarazpenaren aurrean inolako erantzukizunik, truke eta txekeari buruzko legeak txeke faltsutuen aurrean erantzukizuna lehenik finantza erakundearena dela dioen arren. Eta kasuren batean, zure kontuan zorpekoa baldin badago, agian anaiari barkamena eskatu beharrean izango zara, elkarrekin irekita zenuten kontutik saldoa konpentsatu dutelako.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa