Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Interneten zerbitzariak: lehen milaka pezeta urtean, doan orain

Emaniko zerbitzuak

Nolanahi ere, mahuka du erabiltzaileak egoera hau, aurreko baldintzekin konparatzen badugu, batik bat: konektatzeko aukera hutsa izatearren (konexiorik batere egiten ez bagenuen ere) hileko edo urteko kuota ordaindu behar izaten baikenuen. Hala eta guztiz, eta doakotasuna abantaila den arren, Internet barrenako txango horiek nolako baldintzetan egiten ditugun jakin behar dugu, zehazki jakin ere. Gauzak arrunt ongi ez balihoazkigu (bisitatzen ditugun web orrien arteko nabigazioaren eta konexioaren beraren mantsoagatik, batez ere), akaso ondorioztatuko genuke hobe izango genuela konexioa egiteagatik oraindik ere kobratzen duten (hilean 2.000 pezetatik 3.500era bitarte) enpresetako batekin zerbitzua kontratatu bagenu, horiek nolabaiteko kalitatea bermatzen digute eta. Konexioa mantso doalako edo nahi bezain ona ez delako, web orri bat ikusteko edo Saretik fitxategi bat deskargatzeko denbora asko behar izaten badugu, gure pazientzia agortzeaz gainera, telefonoko faktura ere loditu egingo zaigu, helburua lortzeko (egunkari edo aldizkari elektronikoak irakurtzea, erosketaren bat egitea, mezuak igorri edo jasotzea, beste internauta batzuekin elkarrizketan aritzea, denborapasak gozatzea, etab.) telefonozko minutu gehiago kontsumitu beharko baititugu.

Zerbitzari gehientsuenek 56 kilobyte segunduko abiadura egoki-egokia eskaintzen dutela agintzen badute ere, lan honetan azterturiko denetan lauk bakarrik agertzen dute beren orrietan zein konexio-abiaduratan egingo den sarrera. Areago, RDSI hari baten bitartez konektatzeko aukera desiragarria Red Internauta eta Terra-Teleline zerbitzariek soilik ematen diote erabiltzaileari: sistema horrek, konbentzionalak (analogikoak) baino kalitate eta abiadura handiagoa lortzea eskaintzen dizu.

Internauta kezkatzen duen funtsezko beste kontuetako bat hau da, Interneten sartzeko bere ordenadoreak egiten duen deia, telefonozko dei lokala bezainbeste kostatuko zaion ala ziberkomunikazioa garestiagoa izango den. Nodo lokal baten bitartez edo Infovía Plusen bidez, konexioa zein eratan egingo den, azterturiko hornitzaileen web orrietan agertzen da, zehazturik; halaz ere, Jazzfree, Off Campus Net eta Airtelnet operadorekoetan ez da datu horren berririk agertzen. Horrek, jakina, ez du esan nahi sarrera egiteko sistema horretaz baliatzen ez direnik. Bestela esateko, hiru kasu horietan izan ezik, badakigu Internetekiko konexioan eman ditugun minutuak dei lokalen tarifetan fakturatuko dizkigutela.

Posta-kontuei eta guk diseinaturiko web orrietarako enpresek gordetzen duten espazioari dagokien alderdian ere, aldeak nabarmenak dira: Alehop, Zork eta World Online dira denetan eskuzabalenak. Erabil ditzakegun posta-kontuen kopuruari ez diote mugarik ezarri aurreneko bi zerbitzariek; World Onlinek, bere aldetik, bost posta-kontu desberdinetaraino eskaintzen dizkie bere bezeroei. Euskalnetek lagatzen duen buzoiaren espazioa dugu azpimarratzekoa: 20 megabyteko edukiera, hain zuzen ere. Gure web orrien argitaratze eta ostatuaz ari garela, Jazzfree dugu aukera hoberena (15 megabyteko edukiera) eta ondoren World Online datorkio (10 megabyte). Gainerakoak atzean geratu dira, erabiltzaile bakoitzari 5na megabyte uzten dizkiotelarik.

Aldea, bezeroarenganako arretak adierazi

Bezeroaren asistentzia teknikoko zerbitzua funtsezkoa da, batez ere oraingoan aurreneko aldiz konektatzen saiatu eta mugitzen bagara Interneten. Interneten geure burua kokatu ahal izateko programaren konfigurazioa (behin bakarrik egiten da) lan erraza ez denez, prozesuan gidari izan dezakegun teknikaria eskura edukitzea oso lagungarri gertatzen da. Doako sarrera ematen duten zerbitzarietatik erdiek ez dute aipatzen zerbitzu teknikorik badagoen ere; baten batek (Canal21, Jazzfree, Media Web eta Red Internauta), areago, ez diote ematen erabiltzaileari bezeroaren asistentzia zerbitzuaren berririk. Off Campus Net zerbitzariak asistentzia teknikoa eskaintzen du baina, hori bai, ordaindu beharrekoa. Bere orrietan zerbitzu hau iragartzen duten seietatik (Euskalnet, Airtelnet, Terra-Teleline, Alehop, Uni2 eta World Online) lauren asistentziarako telefono-zenbakiaren hasiera 902 da, hau da, erabiltzaileak kontsulta egiteko beharko duen minutuen kostua probintziarteko deiaren parekoa izango da, aski garestia, beraz. Euskaltelek bakarrik darabil 900 haria (deitzen duen erabiltzaileentzat dohainekoa). Uni2 zerbitzariak ere badu bere 900 zenbakia baina, ardura-zerbitzua bezalaxe, @bono30 delakoaren bitartez sartzen diren ordain-bezeroei soil-soilik eskaintzen die.

Kontratuaren baldintzak

Aztertu ditugun Interneteko doako hornitzaile guztiek, beren web orrian eskatzerakoan bertan ematen dute alta; horietako bik (Zork eta Euskalnet) halaz ere, ez dute jartzen bezeroaren eskura kontratu edo baldintza-plegurik.

Erabiltzailearen eskubide eta betebeharrekoak jasoko lituzkeen kontratu hori ez egoteak, bezeroarengan defentsarik eza sor lezake, zerbitzuarekin zerikusirik duen zeinahi erreklamazio egiteko unean edota bere datu pribatuen balizko salmenta edo argitarapenaren aurrean. Beren web orrietan, Zork eta Euskalnetek ez dute zerbitzua harpidetzeko baldintzen aipamenik egiten. Halaz ere, informazio hori kontratuarekin batera igortzen du Euskaltelek, posta bidez, erabiltzaileak alta eman duenetik egun batzuetara edo, sarri, Interneterako sarrera erabiltzen hasi eta gero ere.

Esandakoa laburbilduz, hornitzaile baten edo bestearen aldera egiteko erabiltzaileak kontuan jaso behar duena, horrek eskaintzen dizkion prestazio-multzoa da: sarrerako abiadura, dei lokalaren bitarteko sarrera, asistentzi zerbitzua, altarekin batera ematen dizkiguten posta-kontuak eta guk egindako web orrientzat jasotzeko beren ordenadoreetan zenbat espazio gorde duten, alegia. Enpresa gehienek posta-kontu bakarra eta 5 - 15 megabyteko edukiera duen web orria ematen dute. Horretan ere, ia denek ordaintzen duen bezeroari baldintza hobeak eskaintzen dizkiote. Horrela bada, "profesional" edota "familiar" markekin adierazita, enpresa gehientsuek (Jazzfree, Airtelnet, Euskaltel, Zork, Canal21, Uni2) pagatzen duten bezeroei zerbitzu osagarri edo erantsiak eskaintzen dizkiete. Txosten honekin batera doan taulan, internautak erabakiak hartzeko lagungarri izan ditzakeen datuak eta iruzkinak azaldu ditugu. Aukera baten edo bestearen alde egitea ez baita kontu samurra.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto