Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Interneten zerbitzariak: lehen milaka pezeta urtean, doan orain

Merkatu berria

Interneten sartu ahal izateko, oso arestira arte, gure ordenadorea eta sarea konektatuko zituen enpresari ordaindu egin behar izaten zitzaion. Horrez gainera, gure txango ziberrespazialak irauten zuen bitartean, telefonozko konexioa ere ordaindu egin behar izaten genuen (ordaindu egin behar izaten dugu, alegia, horretan ez baita deus aldatu). Aurrena, banketxeak izan ziren Internerako doako sarrera eskaini zutenak, ondoren kolegio ofizialak (abokatuak, merkatu-eragileak, botikariak, injineruak, etab.) etorri zitzaizkien. Telefoniako enpresa operadoreak agertzeaz batera, Interneteko hornitzaileen merkatua telefono-harien erabiltzaileengana (hau da, edonorena, kasik) ere hedatu zen.

Horixe izan da jauzi handia, Sareko erabiltzaileen kopuruak egun batetik bestera izugarri ugaltzea ekarri duena: 2000 urtean Estatu espainoleko erabiltzaileak lau milioi izango direla kalkulatzen da, hau da, Txina osoan bezainbeste eta Frantzian baino gehiago. Gaur egun, bere ordenadorea Internetera konektatua duen herritarra Sareak eskaintzen dizkion aukera guztiez baliatu ahal izango da, konekxioak irauten duen denboran telefono-hariaren erabilera baizik ordaindu gabe. Alehop, Canal 21, Terra-Teleline eta World on Line dira, sartzearren batere ordaintzeke, internautari ziberrespazioan aritzeko aukera ematen dioten atari berrietako batzuk. Bankuetan (Argentaria, Santander, Banco Guipuzcoano, Bankinter, BBV, Openbank edo Unicaja-k, adibidez, Interneterako sarrera dohain eskaintzen dute egun); bezeroentzako zerbitzu osagarritzat aurkezten da aukera hori. Telefono-operadoreak ere agertu dira eszenatokian: Airtel, Retevisión, Euskaltel, Telefónica (Teleline) eta Uni2-k, besteak beste, denek dituzte beren doako sarrerak. Enpresa multzo batek, hortaz, beren atarien bitartez, Interneterako ateak dohainik zabaldu dituzte: horietan barrena, era askotako kontu interesgarrietako milaka orritara irits gaitezke aurrerantzean.

Doakoak ote? Bai, baina...

Oraintsu arte erabiltzaileari diru-mordoska kostatzen zitzaion zerbitzua gaur egun dohainik eskaintzea... zeren truk egin dezakete enpresa horiek, zer erdiesten dute, ordainetan? Arrazoia, ezinbestez, marketina da, telefono-kontsumoa eta erabiltzaileari zuzeneko publizitatea egitea. Interneteko doako zerbitzari horietako askotxok, bere buruaren edo besteren publizitatea internautari helarazteko eskubidea dute bermatua, bai atari edo hasierako orrian barrena (bertatik igaro behar baita, nahitaez), bai nabigatzailearen (Netscape edo Internet Explorer) bidez publizitate-mezuak txertatuz. Hortik datorkie atarietako bezeroak ugaltzeko interesa: hortik sartuko da denetan bezero erabiltzailea Sarean. Zenbat eta bezero gehiago, orduan eta publizitate bitarteko diru-sarrera handiagoak. Doako sarrerak, ordea, enpresa horiek duten merkatu-alorreko helburu garrantzitsua betetzen du orobat: balizko bezeroak kaptatzea, harrapatzea, alegia. Honela egin dute gogoeta: erabiltzailea gure doako zerbitzuak baliaturik ase edo pozik baldin badago, gerora, ordaindu beharrekoak ere berarekin kontratatzea errazago izango dugu. Hau da, bezeroari ezarritako amua izan da hasierako "beita" hau, enpresak eskainiko dizkion ordaindu beharreko zerbitzuak errazago irents ditzan. Dohaineko alta emateko garaian -eta ez alferrik-, galdategi luze-luze batean, aisialdian nolako zaletasunak bete nahi genituzkeen adierazi edota gure maila kulturalaren berri eman dezagun proposatzen digute.

Kontua, ordea, ez da bakarrik bezero berriekin harremanetan sartzea eta, gerora, iragarkiak ezartzen dituztenen diru-sarrerak jasoko dituen publizitatea sartzea. Negozioak baditu bestelako alderdiak ere: adibidez, telefonozko operadoreen bitarteko konexioei (interkonexioei) esker ere enpresa horiek jasotzen dute dirutza polita. Zertan datza, ostera, Telefónicari horrenbeste diru kosta dakiokeen interkonexioen afera hori? Egin dezagun kontu Tolosatik Elkora egiten dugula telefonozko dei bat. Deiaren sorburua Telefonicaren sarean dago eta bertan segitzen du, Estatu Batuetara iritsi arte; une horretan, deiak amerikar operadore baten gestioa behar du, Elkoko telefonoa erdietsiko badugu. Deia egitearren tarifa Telefónicak erabiltzaileari kobratu eta, geroago, amerikar operadoreari ordainduko dio, sare-zati hori baliatzeagatik. Estatu espainolean telefonia-enpresa berriak sartutakoan eta sektorea partzialki liberatu ondoren, Telekomunikabideen Merkatuaren Batzordeak monopolio-erregimeneko komunikazioentzat diseinatu zuen panorama dezente aldatua dago. Telefono-operadorearen lizentziaren jabeek (Jazztel, Retevisión, Airtel, Euskaltel) telefonoak jartzen hasteko bidea zabalik dute eta, honezkero, bertako abonatuak era guztietako deiak jasotzen hasi daitezke, baina berauek deiak egiteko Telefonicaren sarea bakarrik balia dezakete oraingoz (salbuespena dugu Euskadiko Autonomi Erkidegoan, Herri-Administrazioak Euskaltelen sarean zuzeneko sarrera baitu, dagoeneko). Era horretan, Telefónicak operadore berriei ordaindu beharko die horretako bakoitzak daukan sare-zatiagatik, internautak horietan nabigatzen duenean. Esate baterako, Airtel, Retevisión, Euskaltel edota Jazzfree operadoreen Interneterako doako sarrera erabiltzeko, horietako bakoitzaren jabegoko sareari dagokion telefono-zenbakia markatu beharra dago. Operadore horien sarea inbaditzearren eta operadore berriei zein operadore nagusiari Telekomunikabideen Merkatuko Batzordeak ezarritako baldintzei esker, Telefónicak zerbitzu bat bere zuzeneko arerioei ordaindu beharko die; baina, are larriagoa, zerbitzu hori operadore horiek dohain ematen ari dira. Telefono-operadorearen lizentzia edukitzeari esker, horrenbestez (bere telefonoak edukitzeko gauza ez bada ere) enpresa horiek interkonexioagatik kobratu egiten dute. Euskaltelek baliatu zuen formula hori estreinakoz, eta geroztik etorri dira bide beretik gainontzeko guztiak, baita Estatu espainoleko mugez haratagokoak ere: BT, America Online, Dell, Freeserve, etab.

Denbora-tarte horretan, Euskaltelek 40.000 bezerotik gora erdietsi ditu Interneteko doako zerbitzurako: hau erabiltzeagatik 050 zeharkako sarrerako abonatuek ez dute deus ordaindu behar eta. Gastuetako batzuk -hementxe ezkutatzen da "katramila"- Telefónicak ordaintzen dizkie gainontzeko operadoreei, interkonexioa ezartzearren. Airtel eta enpresa horrek atari duen Navegalia, izan dira gurdian igo diren azkenetako batzuk. Urte honen bukaerarako, miloi erdi bat erabiltzaile izatea espero du telefonia mugikorreko enpresa horrek. Aurreikuspenak betetzen baldin badira, Telefónicako diru-kutxetatik sarrera ederrak jasoko lituzke 2000. urtetik aurrera. Hitz gutxitan, deia amaitzeagatik interkonexioak kobratzeak, publizitateagatiko diru-sarrerek, marketin-alorreko estrategien baliabideek eta beste era askotako sarrerek (asistentzia teknikoagatik kobratzea, adibidez), denek batera, erraz azal diezagukete dohaineko sarreren zergati ekonomikoa. Ez da ahantzi behar, beste aldetik, Interneten erabilera areagotzeak, oro har, telefono-kontsumoaren hazkuntza eta, horrenbestez, telefoniako operadoreen enpresa-mozkinen ugaltzea ondorioztatzen duenik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto