Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Erromerozko eta laranjondo-lorezko ezti lorebakarrak: Azukreak baino kaloria gutxiago izaki, nutrizioz aberatsagoa da eztia

Rosmarinus edo erromerozko lau ezti-lagin (Anae, Floresta, Luna de Miel eta El Quexigal) eta Citrus edo laranjondo-lorezko hiru (Anae, Hijas del Sol eta El Quexigal) aztertu dira. Ontzien eduki garbia 500 gramokoa zen denetan, Hijas del Sol-ekoa izan ezik (1.000 gramokoa).

  El Quexigal izan da produkturik garestiena (1.290 eta 1.238 pezeta kiloko, erromerozko eta laranjondo-lorezko eztietan). Gainontzeko laginen prezioak 635 pezetatik (Hijas del Sol) 880 pezetara (Luna de Miel) doa, kiloko beti ere. Argi dezagun: eztia lorebakarrekoa -azterturiko zazpi laginetako etiketek dioten bezala- izateak ez du esan nahi polenaren %100a lore-mota berekoa denik, erleek batez ere lore horretan xurgatu dutela baizik.

Eztia elikagai energetikoa da, funtsez, azukre-eduki handikoa baita (fruktosa eta glukosa, gehienbat) baina azukre arruntak edo sakarosak baino ekarpen kaloriko urriagoa du (%25 txikiagoa). Bestetik, odoletako glukosa hobeto kontrolatzea ahalbideratzen duenez, glukosa onartzeko edo intsulina jariatzeko arazoak nozitzen dituztenek alternatiba polita dute eztia. Gogora dezagun, era berean, produktu honen indar edulkoratzailea azukrearena baino biziagoa dela edari hotz edo garratzak gozatzeko unean; edari beroen kasuan, ordea, ahalmen hori ahulagoa du besteek baino. Aztertu diren lagin guztien egoera mikrobiologikoa zuzena zen eta garraztasun-balioak arauaren araberakoak (balio altuak, ordea, produktuaren hartzidura handiaren adierazgarri ziratekeen).

Beste alde batetik, Hijas del Sol (laranjondo-lorezko eztia) laginaren freskotasuna ez zen legeriak xedatutakoaren arabera, honek onartzen duen hidroximetilfurfural (HMF) gaiaren gehieneko kontzentrazioa gainditzen zuelako esandako laginak: horrek adierazten du eztia aspaldi ontziratu zela. Azterketa berak erakutsi zuenez, lagin horrek eta Luna de Miel (erromerozkoa) eztiek ez dutela agertzen alor komertzialean ezti lorebakarrekoentzat xedaturik dagoen gutxieneko polen-edukia. Estatu espainoleko arauteriak, argitu dezagun, ezti lorebakarreko hauei dagokiela, ez du gutxieneko polen-kopururik. Hautemaniko beste irregulartasun bat, oraino: Hijas del Sol laginak 1.000 gramoko pisu garbia adierazten duen arren, 953 gramo besterik ez zeukan ontziak: era horretan, arauak baimenduriko akats-tartea (30 g.) gainditua zuen.

Azukre ugari, bitamina eta mineral urri

Loreetako nektar eta landareen bestelako exudazioetan oin harturik, erleek landuriko produktu natural azukreduna da eztia, definizioz. Azterturiko laginetan, %70etik %80ra bitartean fruktosa, glukosa, sakarosa eta maltosaz osaturiko nahastea da; bertan, fruktosa (%38tik %43ra arte) eta glukosa (%32tik %37ra bitarte) dira osagai nagusiak. Maltosa nekez heltzen da guztiaren %1era, batenaz beste, eta lagin bakar bat ez da iristen legeak onarturiko sakarosa-kontzentrazio altuenera (%5a). El Quexigal (laranjondo-lorezkoa) eta Floresta (erromerozkoa) laginek dute sakarosa edo azukre arruntaren portzentaiarik garaiena: %3,9 eta %2,1. El Quexigal (erromerozkoa) eta Hijas del Sol markakoek, aitzitik, ez dute sakarosarik. Eman dezagun beste datu garrantzitsu bat: aztertu diren lagin guztietan ur-kopurua (produktu osoaren %16 eta %18 bitartekoa) legeak onarturiko gehieneko edukiaren (%20) azpitik dago. Ur-kopuru handi hori dela bide, eztiaren balio energetikoa azukre konbentzionalarena baino txikiagoa da: honen hezetasun-gradua %0,5ekoa izaki, 100 gramoko 400 kaloriako ekarpena du eta, beraz, eztiarena 300 baino ez da, 100 gramoko. Nutrizioaren ikuspegitik ari garela eta gainontzeko gaiei dagokienez, esan dezagun eztiak proteina (%0,5) zein gantz (%0,2) gutxi daukala eta kolesterolaren arrastorik ez. Azukreak ez bezala, eztiak bitamina eta mineral batzuk ditu (gutxi-gutxi, dena dela): B1, B2, B6, burdina, potasioa, magnesioa eta fosforoa. Fluorra bakarrik nabarmentzen da produktu honetan (100 miligramo 100 gramoko). Eztia, jakina denez, garrazki edo azido-kopuru handia izateari esker, ezaugarri antimikrobiano interesgarriez horniturik dago. Aztertutako ezti-lagin guztietatik bakar batek ez du legeak ezarritako garraztasun-maila (40 meq kiloko) gainditzen. Garraztasun-balio handiak, produktuaren balizko hartziduraren adierazgarri izan zitezkeen.

Egoera mikrobiologikoa eta freskotasuna

Aerobio mesofiloak, E. coli, enterobakterioak, salmonella, lizun eta legamiak bilatu dira laboratorioko saioetan. Emaitza onak erdietsi ziren (horrelako germenik ez baitzen aurkitu) E. coli, enterobakterio eta salmonellaren kasuetan. Aerobio mesofilo, lizun eta legamien kopuruak, berriz, arauak baimendutako gehienekoez beherakoak izan ziren.

Esan dezagun, horrenbestez, aztertu diren lagin guztien egoera mikrobiologikoa zuzena dela. Eztiaren freskotasun-maila ezagutzeko, bi parametrotatik abiatu gaitezke: hidroximetilfurfural (HMF) gaiaren kontzentraziotik eta aktibitate diastasikotik, hain zuzen. Ezti bildu berrietan, HMFren kontzentrazioa hutsaren hurrengoa da, sustantzia hau gerora bakarrik eratzen delako, hexosazko (glukosa) molekulen berezko deshidratazioaren ondorioz. Hijas del Sol lagina da alor honetan legeak xedaturikoa betetzen ez duen bakarra, kiloko 57 miligramoko kontzentrazioa agertzen baitzuen. Gogoan izan dezagun, arauak onarturiko gehieneko kopurua 40 miligramokoa dela, kiloko. Horrek gauza bakarra adierazten digu: ezti horrek ontzian denbora gehiago eman duela besteek baino; gainerako seien HMFren kontzentrazioa 11tik 19ra bitarte mg/kg zebilen. Diastasaren (eztiaren desnaturalizazioak aurrera egin ahala, endakatuz doan enzima naturala da hau) inguruan esan dezagun, legeriak ezarritako gutxienekoa gure azterketako lagin guztiek gainditu dutenez, zuzenak direla.

Lorearen polena, izaeraren adierazle

Eztia lorebakarrekoa izateak -aztertu diren laginetako etiketek adierazten duten moduan- ez du esan nahi polen guzti-guztia lore-mota bakar eta beretik ekarri denik, erleek batik bat horrelako loreetatik xurgatu dutela baizik. Lurralde zabal batean dauden landareak mota bakarrekoak ez direla ahantzi gabe, lore zenbaitek -erromeroa eta laranjondo-lorea, besteak beste- polen urria daukate. Bestelako hitzetan adierazteko, erromerozko eta laranjondo-lorezko eztiak nekez izan dezake lore horietako polen askorik, nahiz eta erleek horietatik batez ere xurgatu balute ere.

Polen-espektroari eginiko azterketak erakutsi duen bezala, Floresta eta Anae laginek dute erromero-polen gehien (%27 eta %23), El Quexigal (%14) eta Luna de Miel (%9) markakoen frango gainetik. Laranjondo-lorezko eztietan, berriz, El Quexigal laginak dauka laranjondo-loreko polenaren %52a; Anaek, %31, eta Hijas del Solek, azkenik, %0,5a. Estatu espainoleko arauteriak lorebakarreko eztiek izan behar duten gutxieneko polen-kopururik zehazki xedatzen ez duelarik, hurrengoa baizik ez dio: "Eztiak ohiko polen-kopuru arrunta izango du, filtrazioa egin ondoren ere produktuaren baitan geratu beharko duena". Ofizialak ez diren bestelako arauketa batzuek, aldiz, gutxieneko balio zenbait xedatzen dituzte.

Gurean, Euskal Labela duen erromerozko eztiak gutxienez %20 eduki behar du eta, kanpo aldean, Jatorrizko izendapeneko Alcarriako Eztiak erromero-polena ere izan behar du: %15a, behintzat. Legezko araurik ezean, ezti lorebakarreko hauen purutasuna balioztatzeko era bakarra, merkatuan onarturik ohi dauden gutxieneko polen-kopuruak aintzat hartzea da, hots, erromerozkoak, %10-%15 eta laranjondo-lorezkoak %5-%20 izatea ontzat ematea. Portzentaia hauen arabera, Luna de Miel (%9ko erromero-polena duela) eta Hijas del Sol (%0,5eko laranjondo-loreen polena duela), bereziki, ez dira merkatuko gutxieneko portzentaia horietara iristen, baina horrek ez die eragozten etiketan lorebakarreko eztitzat agertzerik.

Dastaketan, ñabardurak egin behar

Zazpi ezti-laginek pasa behar izan zuten CONSUMEReko ohiko dastatzaileek osaturiko epai-mahaiaren kontrola: dastatzaile horiek ez produktu horretako espezialistak dira, ez produktu hori dastatzeko bereziki prestatu edo trebatuak zeuden; horrenbestez, beren irizpide eta zaletasun pertsonalen arabera jardun zuten, El Quexigal (erromerokoa eta laranjondo-lorezkoa) laginei puntuaziorik apalena ematean ere, kolore hori eta zapore garratz xamarrekoak izatearren. Kontsultatu ditugun eztizale espezialisten esanetan, horiexek dira, hain zuzen ere, erromerozko eta laranjondo-lorezko eztiek berariaz dituzten bereizgarrietako bi. Hau da, mahaia produktu honetan aditu edo jardunak diren pertsonek osatu balute, dastaketaren emaitzek seguru aski El Quexigal jarrera hoberenetako batean utziko zuketen, horrelako eztien ezaugarriak zorrozki betetzen baititu. Era beretsuan eta ikuspegi beretik, gainontzeko laginek ez zituzteken agertuko erromero eta laranjondo-lorezko ezti lorebakarrekoen ezaugarri bereizgarriak.

Ñabardura garrantzitsu hori eginik, esan dezagun dastatzaileen zaletasunak, erromerozko eztiari dagokionez, Floresta, Anae eta Luna de Miel aldera erori zirenez, horietako bakoitzak seina puntu jaso zituela. Florestaren ezaugarri nabarmenak izan ziren zaporea (denetan gozoena), xigortu kolorea eta ia erabateko gardentasuna, jariakortasun ertaina eta ahoan lakartasun apala. Anae laginak ere antzeko emaitzak jaso zituen, denetan kolore xigortuena, opakotasun eta jariakortasun ertainak, ahoan lakartasun apala eta zapore gozo bizi-bizia erakutsi zituelako. Luna de Miel izan zen laginik opakoen eta lodiena, nahiz gozotasunez apalena gertatu zen; ahoan agertu zuen lakartasuna ere ez zen izan dastatzaileen gustukoa, gehiegizkotzat jo zuten eta. El Quexigal laginak, 3 puntu bakarrik erdietsi zituela, kolore hori bizi-bizia, gardentasun eta jariakortasun handia, usain motela eta zapore garratz samarra (gainerako laginek baino pittin bat biziagoa) izan zituen bereizgarri.

Lagin honen ukitua gustatu zitzaien dastatzaileei, ahoan leunena gertatu baitzen. Laranjondo-lorezko eztietan gehien gustatu zena Hijas del Sol (7 puntu) izan zen: kolore xigortua, gardentasun eta opakotasun ertainekoa, zapore gozo bizi-bizia, garraztasun apala eta ahoan leun-leuna. Anaek sei puntu lortu zituen: denetan horiena izateaz gainera, hagitz garden eta arras lodi, usain ez oso bizia, ahoan leuna eta, azterturiko ezti denetan, garraztasun apalekoena izan zelako. El Quexigal ez zen 5 puntutik gora igo: hori-hori eta mehea izaki, aztertutako denetan lakarrena izan zen; zapore gozo bizi-bizia zuen, garratz-puntu batekin.

Etiketa: Hijas del Sol, arauz kanpoko pisuduna

Azterturiko ezti denen etiketek ipini beharreko datu guztiak agertzen dituzte: izena, eduki garbia, muga-data, fabrikatzailearen izen-helbideak eta lotearen zenbakia. Salbuespen bakarra Hijas del Sol izan dugu: ontziak 1.000 gramo ezti daukala adierazten badu ere, 953 gramo (47 gramo gutxiago, alegia, baina arauteriak xedatua duenez, beherako tarterik handiena 30 gramokoa da) besterik ez baitzeukan. Gainontzekoek, arauaren araberako pisua dute, tarteak tarte. Beste atal batean, El Quexigal (bi laginetan, erromero eta laranjondo-lorezkoan) eta Hijas del Sol laginetakoek izan ezik, produktua mantentzeko argibideak ematen dituzte etiketek: "Ez eduki eguzkitan edo toki beroegian. Gorde leku fresko-freskoan, ilunpetan". Produktua kristalizatuz gero zer egin behar den ere adierazten dute Anae (erromero eta laranjondo-lorezkoak), Hijas del Sol eta Floresta laginek. Azkenik, Florestak bakarrik eskaintzen du informazio nutrizionala, beti ere interesgarria.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto