Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gizakiak betidanik eman izan dio urari garrantzi handia; horrela, materiaren sorrerari buruzko lehen teorien arabera, gorputzen sorrerarako elementu funtsezkoetakoa da, sua, lurra eta airearekin batera.
Lurreko ur erreserbak antzeko mailetan daude ordutik: une honetako ur-erreserbak munduko biztanle guztien artean banatuko bagenitu, bakoitzari 300 mila milioi litro egokituko litzaiguke. Baina, zoritxarrez, ur horren %97 gazia da eta gainerakotik %95 egoera solidoan dago, izotz eran.
Ur eskasia ia arazo orokorra da Lurrean, oraindik denbora asko ez dela lurralderik idor eta lehorrena zela uste zen arren. Denbora pasa ahala, herrialde garatuek gero eta menpekotasun handiagoa erakusten dute urarekiko. Baina, ulertzea zail den arren, gizarterik aurreratuenek gero eta gutxiago baloratzen dute elementu hori eta sarritan, ondasun urri hori alperrik xahutzen da. Europa mendebaldeko herritar batek zuzenean bere etxean eta zeharka zerbitzuetan, industrian eta nekazaritzan, urtean 500 metro kubiko ur baino gehiago gastatzen du; Estatu Batuetako biztanle batek, berriz, 1.000 metro kubiko pasa gastatzen du. Aitzitik, garapen bidean den herrialdetako landa-inguruetako kontsumoa 15 metro kubiko ingurukoa da pertsonako urtean. Horrez gain, industriaren ur kontsumoa ere gero eta handiago dela esan behar: paper tonako, 80 eta 1.000 metro kubiko bitartean; altzairu tonako, berriz, 60 eta 300 metro kubiko bitartean eta milioika metro kubiko urtean zentral nuklearren hozte-sisteman.
Uraren urritasuna eta banaketaren desberdintasunak neurri teknologiko orokorrak eskatzen ditu eta horretarako nazioarteko erakunderen bat beharko litzateke (gaur egun ez dagoena), adibidez itsasoko ura gatzgabetzeko eskala handiko proiektu bat kudeatuko lukeena, lurralderik idorrenetako kosta aldeko herrigunean urez hornitzeko. Politika orokor batek bultzatu egingo luke prezipitazioen erritmoa eta bolumena bitarteko kimikoen bidez eragitea, beharrezko den lekuan. Edo izeberg-ak ura edangarri bihurtzeko lantegietaraino eramatea eta ibaiak itsasoratzen diren lekuan ura hobeto probetxatzeko moduak ere azter litezke; eta batez ere, lurpeko uren ustiakuntza eraginkorra nola egin, hondakinak filtratzearen ondorioz ur horiek kutsatzea ekiditeko moduarekin batera. Azken batean, mundu mailako edo herrialde askotarako ekimenak bideratzea, lurreko ur-baliabideak kontrolatu eta bultzatuko dituen nazioarteko erakunde bat sortzea eskatzen duena.
Ur kutsatutzat hartzen da funtzio jakin batean (nekazaritzan, industrian edo herri mailakoan) erabili ezin dena, gai kimikoak, suspentsiokoak edo organismo bizidunak edo hildakoak dituelako, nahiz tenperatura altuegia edo erradioazio motaren bat duelako. Hala ere, uraren edangarritasun-irizpidea eman behar zaion erabilpenaren araberakoa izaten da batez ere. Nekazaritzan erabiliko den urak ez du industriarakoak adinako kalitaterik behar izaten, eta industriarakoak ere ez gizakien kontsumorakoak behar duen kalitaterik. Esan dezagun, bestalde, araztegi konbentzional batek ezin duela edozein ur mota tratatu eta edangarri bihurtu. Zianuroa, kromoa eta beruna kentzeko, adibidez, prozesu bereziak behar izaten dira eta oso arriskutsua da gai horiek zuzenean ur emarira isurtzea. Kasu horietan konponbide bakarra dago: gune kutsatutik datorren ur-hornidura aldi baterako eten eta sustantzia kutsagarria urak berak eraman arte itxoitea.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa